2026-05-06
Blog Page 1156

LABek proposamen zehatzak egin ditu udal langileen kontrako erasoak saihesteko

Aurreko ostiralean, hilaren 8an, Errekaldeko Udal bulegoan udal langile baten kontrako eraso saiakerari buruz Bilboko Udaleko LAB sindikatuak zera adierazi nahi du: Ez da lehenengo aldia, horrelako gertakizunak iaz ere gertatu ziren Udal Bulego honetan eta LABek langileei elkartasuna adierazteaz gain honelako egoerak saihesteko neurriak bilatu behar zirela adierazi zien arduradunei.

Zentzu honetan LABek proposamen zehatzak egin zituen, besteak beste, kontratazioa handitzea ordezkapenak egiteko eta erabiltzaileak denbora gehiegi itxaroten egon ez daitezen; une problematikoetan udaltzaingoaren presentzia ziurtatzea erronda programatuekin edo Lan Arriskuen Prebentzioaren Komiteak Udal Bulego honen egoera aztertu eta behar diren neurriak hartzea langileen segurtasuna bermatzeko, kanpoko indarkeriaren aurkako protokoloa martxan jarriz.

Ez da lehenengo aldia ere udalak honelako gertaeren aurrean oso jarrera motela eta leuna hartzen duela. LABek ez du batere egoki ikusten udalaren jarrera langileen segurtasuna bermatzeko orduan ezta erasoen ostean eman beharreko babesa eta laguntzaren aurrean ere. Bada garaia udalak bere langileak behar bezala zaindu eta babesteko

 

 

 

Hezkuntza sistema eta curriculumak bertan eztabaida ditzagun eskatzen dio LABek Hezkuntza Sailari

0

Egun hauetan bada gai bat EAEko ikastetxeetan ahoz-aho dabilena: Hirugarren mailako ikasleek egin beharreko proba. LABek argi ikusten du hezkuntza sistemaren ebaluazio eta jarraipena beharrezkoa dela. Hala ere, hezkuntza sistemaren ebaluazio eta jarraipen hau egiterako garaian euskal hezkuntza komunitatearen baitan eman beharreko eztabaida eta adostasunen ondorioz egituratu beharrekoa litzateke.

Ikasturte honetan EAEko ikastetxeetako 4. mailan ebaluazio diagnostikoa burutu da jada. Zertara dator hortaz, 3. mailan ere azterketa bat pasaraztea gure seme-alabei? Erantzuna oso sinplea da: LOMCEk horrela esaten duelako.

“Ez du ikaslearen ibilbideari begirako eraginik izango”, “ez du EAEtik kanpoko inork kudeatuko”, “EAEn ezarritako aldagai eta edukien arabera egingo dira”, … eta horrelakoak entzun ditugu Hezkuntza Sailetik aferari garrantzia kentze aldera. Dagoeneko, ebaluazio diagnostiko bat egina badago zertara dator bigarren hau?

Guzti honek gauza bat uzten du oso argi: Euskal Herrian, ez Iparraldean, ez Hegoaldean, EAEn zein Nafarroan, ez dugula hezkuntza sistema propiorik. Ez dugu lege marko propiorik eta hortaz, Madrilek ezartzen dituen parametroetan sartu beharra izaten dugu hezkuntzan ere. Estatutismoaren mugak agerian.
LABek une honetan Hezkuntza Sailari egiten dion eskaera garbia da: Euskal Herrian eztabaidatu eta erabaki dezagun Euskal Herrirako egokiena izango den hezkuntza sistema eta curriculumak.

Azkenik, gure babesa eta laguntza eskeini nahi diegu 3.mailako froga hau inposatu zaien familia eta eskola guztiei.


 

 

 

LABek Nafarroako Arartekoari: “Zeinek du autoritate gehiago ikasleen hezkuntzari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak ala gurasoek?”

0

Atzo LAB, Nafarroako Arartekoarekin bildu zen LOMCEren 3. mailako proben harira ikastetxetako tutoreekiko sindikatuak duen kezka azaltzera. Bileran idatzi bat eman zion LABek Arartekoari, bertan galdera zehatz bat luzatu zioten: "Zeinek du autoritate gehiago ikasleen hezkuntzari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak ala gurasoek?".

LABek Francisco Javier Eneriz Olaechea, Nafarroako Arartekoari helarazitako gutuna
LAB SINDIKATUAK NAFARROAKO IRAKASLE EZ UNIBERTSITARIOEN PERTSONAL BATZORDEAN DAUKAN ORDEZKARITZAZ BALIATUTA ETA ORDEZKATZEN DITUEN IRAKASLEEN IZENEAN GALDERA BAT PLANTEATZEN DIO NAFARROAKO ARARTEKOARI

GAIA: Egun hauetan Nafarroako eskoletan hirugarren mailako ikasleek egin beharreko proba dela eta, guraso batzuek bere seme-alabek proba hau ez egitea erabaki dute eta hala jakinarazi diote bai jendarteari zein eskolari (zuzendaritza taldeei eta tutoreei).

LAB Sindikatuak eskola horietako 3. mailako tutore horiekiko duen kezka azaldu nahi dio eta ahal den neurrian egoera honen aurrean zer egin behar duten argitu.

Zuzendari eta tutore hauek bi agindu kontrajarrien aurrean daude:

– Batetik, Hezkuntza Departamentuak agindu argi bat bidali die zuzendaritza taldeei: “3. mailako ikasle guztiek egin behar dute proba hau, bai ala bai, gaur ez bada bihar, edo bestela etzi… Zuzendaritza taldeek hala jakinarazi diete tutoreei.
– Bestetik, gurasoek argi utzi diete ez dutela nahi euren seme-alabek proba hau egitea.

Hau izanen da tutore eta zuzendari hauek buruan duten galdera: Zein da nik jarraitu behar dudan agindua? Zeinek du autoritate gehiago nire ikasleen hezkuntzari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak ala gurasoek?

Egoera zaila benetan. Hau ikusita LAB sindikatuak arartekoarengana jotzen du galdera honen gaineko argibideen bila.

LAB sindikatuaren aburuz jokoan dagoena ez da legalitatea, eskubideak baizik. Gurasoen eskubideak eta irakasleen eskubideak.

Legea aplikatzea ez da nahikoa. Administrazioak badu legea betearazteko tresna (agindua betetzen ez duenari diziplinazko espediente bat irekitzeko aukera du). Gurasoek ez dute horrelako tresna legalik, baina argi dago irakasle eta gurasoen artean egon beharreko konfiantza apurtuko dela eta hori ez dela ona heziketa prozesurako.
Argi egon daitekeen bakarra zera da: haurraren interesa gainerako interesen aurrean jarri behar dela, Haurren Eskubideen Aitorpenak 2. printzipioan jasotzen duen moduan. Zeinek du helburu printzipio hori, gurasoek edo administrazioak?

IRAKASLEA BABESIK GABE ETA NORAEZEAN GELDITZEN DA, posible al daiteke kontzientzia-eragozpenari heltzea?
Nazio Batuen Giza Eskubideen Deklarazioak aitortzen du eta Espainiar Estatuaren Konstituzioak eskubide hori jasotzen du (10.2 eta 16.1 artikuluak), baina ez dago argi eta ez da zehazten noiz eta zein terminoetan dagoen eskubide hori.

Badira Espainiar Estatuan onartuta izan diren kasuak, hona hemen batzuk:

• Medikuei abortuak ez praktikatzeko.
• Borroka luze baten ondorioz, soldadutza ez egiteko.
• Funtzionarioei sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak ez egiteko.
• Hezkuntzan beloa eramaten zuten emakumeak ikasgelan ez onartzeko.

Bada Hezkuntzan kasu zehatz bat non ez den onartu, “educación para la ciudadanía” delako ikasgairi buruz. Bada epai bat kontzientzia-eragozpenaren aurka, baina atea irekita uzten die gurasoei programaren aurka egiteko, baita liburuen aurka ere. Modu apal batean bada ere, gurasoen eskubidea aitortzen du.

Beraz, badirudi posible dela Estatuaren, gurasoen eta irakasleen interesen eta eskubideen arteko oreka bat lortzea.

Hau dena azalduta zera eskatzen diogu Nafarroako Arartekoari: Gai honen gaineko hausnarketa bat egin dezala eta ataka honetan dauden irakasle eta zuzendariei argibideak ematea bere lana lasaitasun osoz eta inoren eskubideak zapaldu gabe egin dezaten.

Hau da galdera:
Zeinek du autoritate gehiago ikasleen hezkuntzari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak ala gurasoek?

Iruñean, 2015ko maiatzaren 7an.

LAB IRAKASKUNTZA
 

 

 

 

LAB Osakidetzako mahai sektorialetik altxatu da

0

Atzo goizean izan zen Osakidetzako mahai sektorialaren harira, Osakidetzako zuzendaritzak ez duela negoziazio erreala burutzeko inolako asmorik deritzo LABek. Zentzu honetan bilera fartsa bat izan dela salatu nahi dugu, hauteskundeak baino lehen EPE ez-nahiko eta propagandistakoa nola edo hala aurrera atera nahian. Ez dute negoziazio kolektiborik errespetatzen, LAB mespretxatzen dute eta milaka eta milaka EPEgaiei burla egiten diete. Guzti honengatik LABek negoziazio mahaitik altxatzea erabaki du.

Atzo goizerako deituta zegoen Osakidetzako mahai sektorialeko gai ordenak puntu bakarra jasotzen zuen: EPEen Oinarri Orokorrak, Espezifikoak eta plazen gaineko irizpideak. Honez gain LABek lotsagarri deritzo honako deiladiari eta kanpoan protesta egin kontzentrazio burutuko du “Negoziazio erreal baten alde…borrokan tinko!” lemapean. Deialdia lotsagarria da honako arrazoirengatik:

• Osakidetzak modu kontzientean muzin egin die LABek aurreko bileran planteaturiko gutxienekoei: deialdia bi asteko epearekin konbokatu eta jorratzeko proposamenak idatziz pasatu. Beraz, argi dago Osakidetzako Zuzendaritzaren borondate falta oinarrizko baldintzarik ere betetzeko.
• Bi greba egun eta gero, Osakidetzak soilik puntu bat ipintzen du mahai gainean, sindikatuon aldarrikapenekin zerikusirik ez daukana: EPEaren Oinarri Orokor zein Espezifikoak. Lehenengo eta behin, hitz egin beharko dugu plaza kopuruari buruz (3000tik abiaturik eta kategoria guztientzat). Gero, eragile ezberdinen artean eztabaida demokratikoa burutu beharko genuke EPE eta kontratazio sistema desastrosoa behin betikoz aldatzeko.

LABek, negoziatzeko prestasun osoa du, baina osakidetzako zuzendaritzak konfrontazioaren bidea aukeratu du. Orain arte bezala LABek arduraz jokatuko du, eta batasun sindikalari eutsiz, osakidetzako langileen ondoan izango da. Azpimarratu nahi dugu ere osakidetzako zuzendaritza eta PNV-k, aurrean izango gaituztela uneoro. Borroka garaia da Osakidetzan eta LAB prest dago.
 

 

 

STEF IBERIAko langileak borrokan la baldintza duinen alde

0

STEF Iberiako langileak, lan baldintza duinen alde, egunero elkarretaratzeak egiten ari dira enpresaren aurrean Zornotzako Kortederra auzoan eguerdiko 13tatik 15arte. STEFeko zuzendaritza beraien aurrekontuak langileak kaleratuz eta besteak presionatuz egokitu nahi ditu.

Horreri aurre egiteko, batzorde komite honek lan etenaldiak konbokatuko ditu goizeko eta arratsaldeko txandetan datorreen ostegunetik, maiatzak 13tik aurrera, Enpresak idatziz, benetako lan baldintza duinen aldeko konpromezua hartzen ez badu.

Enpresa Batzordeak "egoera aldatzeko garaia" dela dio eta lan baldintzen aldeko apustuaren ordua dela adierazi du.
 

 

 

Eragile sozial eta sindikalon Aurrezki-Kutxa eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektuaren kritika

Kutxabank Publikoa Euskal Kutxen pribatizazioaren aurkako plataforma osatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok berretsi egiten dugu euskal kutxak likidatu eta banku bat sortzea, zeinaren jabegoa akziodun pribatuen esku geratuko baiten, euskal jendarteari egindako iruzurra dela.

Salatu dugunez, prozesu hau babesten duten alderdi politikoek ez dute eman arrazoi bat ere euskal ekonomiaren eta herritarren aldekoa izango litzatekeela justifikatzeko. 
Alternatiba bideragarriak proposatu ditugu, baita exijitu ere ordezkatzen dugun gehiengo sozial eta sindikala aintzat har dezatela, gure herriari funtsezko tresna baten gaineko kontrol publiko eta soziala kendu baino lehenago: Funtsezkoa, diogu, enpresa txiki eta ertainentzako eta pertsonentzako kreditua errazteko. Horrela izan ohi da beste herrialde europar batzutan. 

Beti oztopo bera izan dugu aurrez-aurre: EAJ, PP eta PSEren erabakia. Hauen xedea da banku handien eskariak betetzea eta akziodun pribatuen esku jartzea Euskal Kutxen gordailupean dauden milaka milioi euro. 

EAJk, PPk eta PSEk zorrotz jarraitzen diote markatutako bide-orriari: Estatuko Kutxen legea erreformatu dute; Kutxak likidatu eta Fundazio bihurtu dituzte, eta maiatzeko hauteskundeak igarotzeko zain daude, desinbertsioari eta akzioen salmentari ekiteko.

Orain, Kutxak-Kutxabanken pribatizazioa atzeraezina izan dadin, Euskal Kutxen Legea aldatzeko prozesua hasi dute: horretarako aurkeztu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxa eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektua.

Behean sinatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok lege-aurreproiektua erretira dezatela eskatzen dugu, honako arrazoiengatik:

EAEren arau-eremuan Euskal Kutxen likidazio-egiaztagiria besterik ez da. Hauek banku-fundazio bihurtu dituzte, eta beren banku-negozioa Kutxabanki eskualdatu diote; horrela Lege honen eremutik kanpo geratu dira. 

Ez gaude ados Legearen xedearekin. Lehen artikuluko lehen puntuaren ondorioz etorkizuneko euskal kutxak sortzeko eta garatzeko aukerak zeharo murrizten dira, onartu egiten baitira 26/2013 Legean ezarritako mugak. 

Halaber, salatu egin behar dugu artikulu horren beraren bigarren puntuan banku-fundazioen eredu antidemokratikoa betikotu egiten dela. Ez dira saiatu ere egin patronatu horiek Kutxentzat ezarritako osaera eta funzionamendu bera izan dezaten. 

Aurreproiektu honek ez duenez gaia aipatzen, 15 lagunen esku uzten du fundazioko patronatuaren esku dauden Kutxabankeko akzioak noiz eta nola saldu. Hauxe da kapital pribatuak akzioak eros ditzan inolako eragozpenik izan ez dadin. 

Gobernuak aurreproiektu hau guk ordezkatzan dugun gehiengo sozial eta sindikalarekin bat ere kontraste, negoziazio eta adostasunik gabe egin du, eta honi buruz plazaratu izan ditugun alternatibak baztertu egiten ditu. 

Gobernu-organoak osatzeko proposatu diren aldaketei gehiegi erreparatu gabe ere, erabat gaitzesten dugu aginte mailan herri-erakundeek duten presentzia galera, eta bezeroei dagozkien postuen %50 “ezarle handientzako” gorde nahi izatea.

Hau ez da euskal ekonomiak, ez enpresa txiki eta ertainek, ezta pertsonok behar dugun Legea; aitzitik, testuak estaldura formala ematen dio herritarren baliabideetan egin den harrapaketari, betiere akziodun pribatuen mesederako. 

Berriro diogu, gaur premiazkoa eta ezinbestekoa da:

– Banku-fundazioen esku dauden Kutxabankeko akzioak herri-erakunde sortzaileei itzultzea. 
– Fundazioak, administrazio-kontseilua eta Kutxabankeko akziodunen batzarra kudeatzeko, gestio-marko demokratikoa taxutzea.
– Benetako Kutxen Lege bat egitea, haien izaera publiko eta soziala hobetzearren, muga bakarra euskal herritar eta erakundeen erabakiak izango direlarik. 
– Euskal finantza-sistema publikoa eraikitzeko beharrezko diren ekimen politiko eta instituzionalak erabakitzea, euskal enpresa txiki eta ertainen eta pertsonen beharrizanak asetzeko aukera emango duena. 
– Honako aurreproiektua berretsi eta antzeko erabakiak hartu aurretik herritarrei kontsulta egitea, balizko alternatiba guztiak aztertzea eta erakunde sozial zein sindikatuen iritzia aintzat hartzea. 

Eragile sozialak: AHT Gelditu Elkarlana –Berri-Otxoak – Bilboko Auzo-Elkarteen Federazioa – Denok lan – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – Ezker Gogoa – IRPH Stop – Kontsumitzaile Elkarteak (EKE, UCE, EKA, EHKB, OCUV) – Kutxabank publikoa bilgunea – M15 – REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – STOP desahucios Gasteiz – STOP deshaucios Gipuzkoa.
Sindikatuak: EHNE (primer sector) – HIRU (transportistas autónomos) – ELA – LAB – ESK – STEEILAS – CNT
 

 

 

Euskal Herri internazionalista baten bidean elkarlanak bilatzeko bildu gara Askapena eta LAB

0

Pasa den apirilaren 25ean Zarautzen, nazioartekoarekin batera, Euskal Herriko 80 eragile politiko, sozial eta sindikalen elkartasuna jaso zuen Askapenak. Babes hau guztia, Askapenari eta auziperatuei eskainitakoa baino askoz gehiago denaren ustetan Askapenak eragileekin Euskal Herri internazionalista baten bidean elkarlanak bilatzeko bilera ronda berri bat abiatzea erabaki du. Bilera errondari hasiera gaur eman dio LAB sindikatuarekin.

2010ean elkartasun internazionalistaren aurkako sarekadaren ondoren, Espainiako fiskalak Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vázquez eta Gabi Basañez auziperatuei 6 urteko espetxe zigorra eta Askapenaren ilegalizazio eskaera egin du. LAB sindikatua auzipetuei elkartasuna eskaintzeko, borroka internazionalistarekiko bere konpromisoa berresteko eta Euskal Herri internazionalista baten bidean elkarlanak bilatzeko Askapenako kideekin elkartu da gaur Bilbon.
 

 

 

ADEGIk eta LARESek Gipuzkoako Egoitzetako herrialdeko hitzarmena suntsitzea bilatzen dute

Asteartean LARESek Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena ez duela sinatuko jakin genuen. Sektoreko delegatuekin batera LABek patronalaren erabakia herrialdeko hitzarmena suntsitzea bilatzen duen estrategiaren barruan kokatu du eta honi aurre egiteko mobilizazioaren beharra aldarrikatu du. Honela eta herrialdeko hitzarmenaren defentsan, ekimen ezberdinak iragarri ditu. Maiatzaren 15ean ADEGIren aurrean izango dira eta egoitzetan langile eta erabiltzaileen elkartasuna jasotzeko sinadura bilketa eramango dute aurrera. Enpresetan berriz mozioak sartuko dituzte herrialdeko hitzaremen defentsan.

Otsailak 5ean Gipuzkoako Foru Aldundiak, helduen egoitzetako mahai negoziatzailean zegoen blokeoa ikusita eta hitzarmena berritzeko asmoarekin, mahaian parte hartzen dugun sindikatuei bere proposamena aurkeztu zigun. Aldundiak egun berean ere, proposamena ADEGI eta LARES Patronalei aurkeztu zien.

Proposamen hau, Sindikatuen partetik oso ondo baloratua izan zen eta horrela jakinarazi genien Patronalei Martxoaren 13an burutu zen bileran.

ADEGI eta LARESEk proposamenaren inguruan egin zuten balorazioa beste bat izan zen, alde batetik, tarifak ez nahikoak zirela bertan agertzen ziren edukiei aurre egiteko, eta bestetik, beraiek eskatutako bermeak ez zirela proposamenean agertzen. Hala ere, patronalek beste bilera baterako deia egingo zutela esan ziguten, gaurkoz eman ez den deialdia.

Apirilak 20ean, LAB, ELA, CCOO eta UGT Sindikatuak Gizarte Zerbitzuetako diputatuak deituta bilera burutu genuen. Aldundiak, ADEGI eta LARES Patronalekin denbora honetan zehar izan dituen kontaktuen inguruan informazioa jasotzeko.

Kasu honetan, ADEGI eta LARES Patronalek ondorengoa esan zuten, Aldundiak proposatutako tarifak nahikoak direla proposamenean agertzen diren eduki ekonomikoei aurre egiteko eta sindikatuei bilera deialdia egingo zutela, gaur egun eman ez dena.

Gure ustekabea aste honetako asteartean, LARES-ek Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena ez dutela sinatuko jakin dugunean izan da. ADEGIri bilera ofiziala eskatu genion arren ez dugu berririk jaso.

Esan beharra dago, Patronalek negoziazio prozesuan zehar ez dutela, akordioa lortzeko bidean inongo proposamenik mahai gainean jarri.

ZE JOKU DARAMATE ADEGI ETA LARES PATRONALEK?

ZERGATIK PATRONALEK EZ DUTE HERRIALDEKO HITZARMENA SINATZEN, ETA PATRONAL HORIETAKO BAZKIDEEK (BIHARKO GIPUZKOA) ENPRESA MAILAKO AURREAKORDIOAK SINATZEN HASI DIRA?

BI EREMUETAN BALDINTZAK ETA BERMEAK BERDINAK BALDIN BADIRA, ZERGATIK EZ DUTE HERRIALDEKO HITZARMENA SINATZEN?

ENPRESA HITZARMENETAN BALIO DUENA, ZERGATIK EZ DU HERRIALDEKOAN BALIO?

ORAINGO HONETAN ZEIN DA PATRONALEN AITZAKIA, SEKTOREKO LANGILEAK HERRIALDEKO HITZRAMENIK GABE UZTEKO?

Negoziazio honetan, aurrekoan bezala, Gipuzkoako Aldundiak hartutako jarrera positiboa haintzat hartzekoa da. Iniziatiba hartuz erreformaren aurrean babesten eta lan baldintzen hobetzea dakarren hitzarmen sektorial bat ahalbideratzen duen proposamena aurkeztu du.

Patronalaren jarrera salagarria da ordea, batez ere ADEGirena, zeinak negoziazio koletiboa sustsitzeko hautua egin duen. Lan harremanen desarautze eta indibidualizioren apustua egin dute (enpresa kultura berria Negoziazio Kolektibo gabeko eskenatoki baterako) eta bide horretan eta batez ere hitzarmen sektorialak, gainditu beharreko bilakatu dira haientzat.

Hitzarmen hau blokeatzearen arrazoia ez da sektorera begira hartzen den erabaki bat, Diputazioak hitzarmen sektorial duin bat adosteko aukera ematen dienean ere, ADEGIren alde politiko enpresarialari begiratzen dion erabaki baten aurrean gaude. Negoziazio kolektiboa ahal den gehien ahuldu, horretarako lehenik hitzarmen sektorialak desagerraraziz.

Jarrera hau bat dator lan erreformaren helburuarekin. Negoziazio Kolektiboa enpresetara bakarri mugatu honela langileok ahulduz, banatuz eta patronalari botere guzia emanez.

Adegiren bazkideak direnak ere hitzarmenak sinatzen ari dira egoitzetan, argi geratzen delarik ez dutela Adegi beraren jarrerarekin bat egiten. Honela, bazkide guztiei dei egiten diegu ADEGItik irten daitezen.

Sektore hau, feminizatua, prekarietatea gehien pairatzen duenen artean da. 2005 urtean (2005-2008), lehen hitzarmen sektoriala sinatu zen, hura pauso oso garrantzitsua izan zen sektoreko langile guztien lan baldintzat bateratze eta duintze aldera. Asko dago hobetzeko, baina LABek ez du utziko lortutakoa ezerezean geratzea, ez dugu desarautze nahiean laguntzarik emango. Patronalak negoziazio honetan hitzarmenik gabeko eta desarautze gehiagoko eskenatoki berri baten sustraiak jarri nahian da.

Argi esan nahi dugu ELAk daraman estrategiarekin ez gatozela bat. Grebak unilateralki deitu ditu eta deialdi hauek egoitzetako akordioak bultzatzeko tresna bezala erabiltzen ari dira.

ELAk dio sektoreko hitzarmenak defendatzen dituela, baina praktikan haien defentsari uko egin fio, borroka egin gabe patronalak nahi duen eskenatokiari oniritzia eman dio, sektore guztia arautuko duen hitzarmenari uko eginez.

LABek bat egiten du patronalaren jarreraren aurrean mobilizatu beharra dagoelaren ideiarekin, ari gara eta jarraituko dugu. Honela, sindikatuak aurrera eramango dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi die langileei.
 

 

 

Kezkagarria da babes mailaren etengabeko ahultzea langabeziaren aurrean

Langabeziagatik jasotzen diren prestazio sistemaren babes maila neurtzeko, baita pobrezia eta bazterketa egoerak sahiesteko, normalean estaldura tasa kalkulatzen dugu. Ratio honek langabezia egoeran egoteagatik prestazioak jasotzen dituzten langabetuen proportzioa neurtzen du.

Hala ere, erabiltzen den estaldura tasaren definizioa akats kontzeptual batetik partitzen da: prestazioak jasotzen dituzten pertsonen kopuru osoa neurtutako langabeziarekin zatitzen da, baina kontutan hartu gabe prestazio hauek jasotzen dituzten kolektibo batzuk erregistratutako parotik kanpo daudela.

Hau da adibidez lanaldi partzialean ari direnen eta langabezi prestazioa jasotzen dutenen kasua, edo suspentsio edo lanaldi murrizketa dakarren EEE bat sufritzen duten pertsonena.

Arrazoi honengatik, eta estaldura tasa justuago bat eta logikoago bat izateko, Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan informazioa jasotzea beharrezkoa izan da. Erraztutako datuen arabera, langabetu bezala erregistratutako pertsonen %34,7ak baino ez zuen langabezia prestaziorik jaso martxoan (prestazioen estadistika langabeziarekiko hilabete bateko atzerapenarekin argitaratzen da). Honek esan nahi du inolako prestaziorik jasotzen ez duten langabeen kopurua normalean erabiltzen duguna baino altuagoa dela; gaur egun 143.500 pertsona baino gehiago dira egoera honetan.

 
 

Langabezia perstazioa jasotzen dutenen kopurua Hego Euskal Herrian

2015eko martxoa
Gizonak
Emakumeak
Orotara
Jasotzaileak (SEPE)
92.603

Langabezian dauden jasotzaileak

39.639
36.688
76.327
Neurtutako langabezia
103.577
116.255
219.832

Ajustatutako estaldura tasa

38,3%
31,6%
34,7%

Iturria: LABek egina Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta SEPEren datuekin

Azaleratu behar dugu ere sistema honek ematen duen babes maila gizon eta emakumeei dagokionean. Hain zuzen ere, langabezian dauden emakumeen estaldura tasa gizonezkoena baina apalagoa da: %31,6 lehenarentzat eta %38,· bigarrenaren kasuan.

Halaber, oso kezkagarria da babes mailaren etengabeko ahultzea langabeziaren aurrean, ez soilik babesa jasotzen duen populakuntzaren portzentaiari dagokionean, baita ere bere diru-kantitateari dagokioean. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herrian ikusi dugu estaldura tasak behera egin duela, urtarrilean 36,8koa zen eta gaur %34,7koa; era berean jasotzen den prestazioaren kantitateak %2,1 egin du behera.

Garapen hau faktore ezberdinen ondorioa da: prekaritatea eta behinbehinekotasunaren igoera, baina batez ere langabezi estruktural eta iraupen luzeko langabeziaren igoera eta prestazioen murrizketa PPren gobernuak inposatutako erabakieak tarteko.

Azken finean, errealitateak agerian uzten du babes mekanismoak ez direla nahikoa langabeziaren aurrean, kantitae zein luzapenari dagokionean.

Egoera honen aurrean, LABen ustez birbanaketa politikak eta babes soziala indartzea atzeraezina da pobrezia mailaren azpitik inor gera ez dadin eta honela bazterketa egoeran geratzen diren eta geroz eta gehiago diren horien egoerarekin amaitzeko.