2026-07-02
Blog Page 1140

LAB 40 urtez Gipuzkoan lan eskubideen defentsan eta Euskal Herri libre baten alde

0


Pasadan ostiralean LABeko 250 delegatu inguru elkartu ziren Donostian sindikatuak Gipuzkoan 40 urte bete dituela ospatu eta enpresetan egunero langileon eta Euskal Herriaren eskubideak defendatzen lanean ari diren delegatuei merezi duten aitortza eskaintzeko. Ekitaldian urte guzti hauetan Gipuzkoan LABen ondoan lanean izan diren kideak omendu ziren.

Ekitaldia hasi aurretik, bakearen eta konponbidearen alde sindikatuak egindako apustuan berretsiz eta Estatu espainolak darabilen politika errepresiboaren amaiera eskatuz, 250 delegatuek Rafa Diez, LABeko idazkari nagusi ohiaren eta euskal preso politikoen kaleratzea eskatu zuten.

Jarraian, Arritxu Iribar irrati esataria aurkezle moduan, txalaparta soinuarekin osatutako Internazionalarekin eman zitzaion ekitaldiari hasiera. Internazionalari lagunduz, Giuseppe Pellizza da Volpedo margolariaren "Laugarren Estatua" margolanari eta LABek prekarietatearen aurka pasadan urtean hasitako ZureESKUbideak kanpainari keinu egiten zion marrazki bat aurkeztu zen.

Aurkezleak seguidan LABek Gipuzkoan egindako ibilbidea azaldu zuen, sindikatuak langileon eskubideen defentsan eskualdez eskualde egindako lanak emandako fruituak aipatuz. Lan hori irudikatzeko bideo bat proiektatu zen, non grafiko ezberdinen bitartez Gipuzkoan izandako goranzko bilakera, berdintasunean emandako pausoak eta eskualde guztietan HHSS lortutako emaitzak azaldu ziren. Horrez gain azken urteetan probintzian egindako mobilizio eta ekimen ezberdinen irudiak ikusteko aukera izan zen; enpleguaren defentsan, herrialdeko hitzarmenen alde, zerbitzu publikoak aldarrikatuz, euskararen alde, pribatizazioen aurka…

Eskualdeetan egindako lanari merezi duen garrantzia eman zitzaion ekitaldian. Oholtza gainera eskualdeko kide ezberdinak igo ziren eta bertan egiten den lana eta lan horretan enpresetan diren delegatuek duten garrantzia goraipatu zuten.

Trumoi burrunbek atzean utzi zituzten txalo hotsak. Gibelaldek egindako azken adierazpenak entzun eta gero, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia oholtza gainera igo zen. Ezer baino lehen, pasadan asteko gertakarien azterketa egiteko tartea hartu zuen. Hain zuzen, Adegiren Presidentearen ahotan entzundakoak, zeinak “ez dira anekdota bat: Patronalaren gehiegikeriak eta instituzioen babesa” agerian utzi baitute Etxaideren hitzetan. “Politikak patronalaren egoitzetan erabakitzen” direla. eta “gobernuak euren aginduak betetzen” dituztela salatu zuen. Egoera honen aurrean garai “berri” bat irekitzearen beharra aldarrikatu zuen, ezinezkoa izango dena lan munduaren egoera aldatzeko oinarriak jartzen ez diren bitartean.

LABek aspaldi jarri zituen bere proposamenak mahai gainean. “Hitzartzea, negoziatzea, akordioak… ez dira sekulan izan eta ez dira izango hitz arrotzak LABen jardueran” eta beraz ez dio “beldur” mahai baten bueltan patronalarekin esertzeari. Honela, Etxaidek, sindikatuaren posizioa justifikatzeko patronalaren inmobilismoaren beharrik ez dela esan zuen eta beste behin “arazoa ez gara gu” adierazi zuen.

Egungo egoeraren azterketa egiteaz gain atzera begiratzeko tartea hartu zuen LABeko idazkari nagusiak. Bere interbentzioan, LAB sindikatuaren sorreran eta garapenean Gipuzkoak izan duen garrantzia goraipatu zuen. “Azken 40 urte hauetan langileen eskubideen defentsan ibili gara buru belarri eta hau ezinezkoa izango zen sindikatua egiten duten pertsona guzti horiek gabe”. Sindikatuak izen abizenak dituela esan zuen eta guztiak esatea eta gogora ekartzea ezinezkoa dela. Hala ere aipatu zuen badaudela batzuk, “gehienok ezagutu ditugunak eta guztion ahotan egon direnak momentu batean edo bestean”. Horiek omenduz aitortu nahi izan zuen LABek egindako borroka guztia.

Sindikatuaren jarduera politikoa ere aipagai izan zuen Idazkari Nagusiak. LAB sindikatu independentista den heinean eta langileen zapalkuntza gainditzeko proiektu politiko berri baten beharra dugulako “egoera politikoan eragin nahi” duela aldarrikatu zuen. Borroka horretan LABen norbait erreferente izan bada, dudarik gabe hori Rafa Diez idazkari nagusi ohia da, eta zentzu honetan Etxaidek bere lana goraipatu eta bere askatzea exijitu zuen.

Ekitaldiari amaiera 40 urtez LABeko kide izan direnei omenaldia eginez eman zitzaion.

 

 

 


Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena indarrean dago, ADEGIk porrot egin du

0


Epaitegi Gorenak emandako sententziak Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena indarrean jarraitzen duela esaten du. Ebazpenak ez du, inolaz ere, hitzarmena indargabetu, ez baitu honi buruz ezer erabaki. Are gehiago, sententziak esaten du inork ez duela auzitan jarri hitzarmena mantendu behar denik. Beraz, jada enpresariek hitzarmena aplikatzen duten lekuetan, aplikatzen jarraitu beharko dute. 

Sententzia honek, berriro ere, agerian uzten du ADEGIren estrategiak porrot egin duela. Adegik sententzia hau erabili nahi izan du sektoreko langileen lan baldintzak prekarizatzeko eta bilatzen duen desarauketa errazteko. Eta ez du lortu.

Negoziazio kolektiboak bizi duen blokeoaren irtenbidea ez da epaitegitik etorriko. Izan ere, egun ez dago inongo oztoporik beste hitzarmena berri bat negoziatzeko. Hau ez bada gauzatu, orain arte ADEGIk erakutsitako akordioa erdiesteko borondate ezagatik izan da. Sententzia honen ostean, ez dauka inongo aitzakiarik. Langileen prekarizazioaren bidean jarraitzen badute, orain arte egin duten moduan, LAB aurrean izango dute.

LABek Gipuzkoako metaleko langile guztientzat hitzarmen duina aldarrikatzen eta defendatzen jarraituko du. Norabide honetan, enpresetan sektoreko hitzarmena defendatzen jarraituko dugu eta datozen asteetan hainbat dinamika martxan jarriko ditugu.

LANGILEEI OHARRA
Enpresari batek, sententzia honetan oinarrituta, lan baldintza okerragoak ezarri nahi izatekotan, ezingo du egin. Beraz, gertatuko balitz, erabaki hauen komunikazioa jaso eta 20 eguneko epean, gehienez, salatu behar dira epaitegian, kontratazio berrien kasuan ere.

 

 

Guibelalderen dimisioa eskatu dugu gaur ADEGI aurrean

Ernai Gazte Antolakundearekin batera ADEGI aurrean elkarretaratu gara Pello Gibelaldek pasadan ostiralean egindako adierazpenak salatzeko. Nahiz eta barkamena eskatu, ez zaigu nahiko iruditzen, besteak beste barkamena formetan izandako akatsagatik bakarrik eskatu duelako. Gazteen errealitatea langabezia edota prekarietatea da. Errealitatea hau izanda, lotsagarri iruditzen zaigu gazteei bizi duten egoera larriaren arduradun egitea, Guibelaldek egin moduan.

Horregatik LABetik Guibelalderen dimisioa eskatzen dugu eta honekin batera instituzioei ADEGIren jarrera salatu dezala eskatzen dugu. Pasadan asteleheneko agerraldian genion bezala, Guibelalde jaunaren hitzak atzean babes legala eta instituzionala duelako ematen dira. Nahiz eta badiren batzuk esan duenaren aurrean kexu azaldu direnik, Toña eta Denis Itxaso, badira hainbat ahots esanguratsu ixilik geratu direnak eta hori ez da onargarria. Behar izan duten guztietan Adegiren atzetik joan dira babesa emanez, Arantxa Tapia, Markel Olano edota Urkullu Lehendari bera ere, eta oraingoan ere, ixilik geratuz, berbera egiten ari dira. Bide honetan, LABek instituzioei Batzar Nagusietan Gibelalderen hitzak gaitzetsiak izan daitezela eskatuko du.

Gazteek Euskal Herrian etorkizuna izatea merezi dute eta hori posible da beste norabide bat hartzen bada. LABek ez du amore emango saiakera horretan.
 

 

 

LABek Euskal Estatuaren beharra aldarrikatu du MSF 70. urteurrenean

0

LAB Munduko Sindikatuen Federazioaren (MSF) 70. urteurrena gogoratzeko Brasilen egin diren ekitaldietan izan da. Ekitaldiak Brasilgo Sao Paolo hirian egin dira 3 egunean zehar eta Brasilgo langileen Zentralak (CTB) antolatuak izan dira.

Prestakuntza dirua, liberatuen nominak ordaintzeko

Prestakuntza sistema publikoa premiazkoa da kalitatea, eraginkortasuna eta gardentasuna bermatzeko

ELA sindikatuak azaldu duenez, ustez prestakuntzara eta enpleguaren sustapenera bideratutako funts publikoak UGT eta CCOOen egiturako liberatuen nominak ordaintzeko erabili da. Informazio hau baieztatuz gero, langileriari eta oro har nafar herritargoari egindako iruzura litzateke. 

Izan ere, azken hogei urteetan UPNk emandako dirutza justifikatzeko, UGT eta CCOOek behin eta berriz esan dute diru publikoa jasotzen zutela zerbitzu publiko bat ematen zutelako. Alabaina, argitaratutako datuek lantokietan nahiz kalean bolo-bolo darabilena baieztatu dute: diru publikoaren zati bat UGT eta CCOOen egitura korporatiboak loditzeko erabili dela. Nafarroako Kutxaren dieten aferan bezala, agian legala izan bada; ziurtzat jo daiteke, alta, ez dela zilegia. 

Jakina, UPNren mesedeek bere ordaina izan dute, UGT eta CCOOek UPN eta Patronalaren politikari men egin baitiote. 20 urte hauetan zehar, Erregimenaren eskutik jasotako diru eta prebendak hazi diren bitartean, nafar langileriaren lan eta bizi baldintzak okertu egin dira. Arrazoi honengatik, kontzertazio soziala delakoaren eztabaidarekiko LABen jarrera berresten dugu: afera ez datza egungo eredura baztertutako sindikatuak gehitzea, ezta eredu horretan “erreformak” egitea ere; aitzitik, lan harremanetarako eredu berria eraiki beharra dago nafar langileriak pairatzen duen esplotazio eta prekarietateari aurre egiteko. 95eko eredua, bere prebenda eta ustelkeriekin, iragana da; eraiki dezagun bada, eragile guztien artean, etorkizunari begirako eredu berria.

Norabide horretan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko hitzarmen guztiak berrikustea premiazkoa da, Gobernu berriak planteatu duen bezala. Baina gainera, Nafarroan lanbide heziketako ikastetxe publikoetan oinarritutako prestakuntza sistema publiko bat garatzea ezinbestekoa deritzogu, horixe baita kalitate, eraginkortasun eta gardentasunaren bermea.

Halaber, UGT eta CCOOek langileriari azalpenak eman eta dagokien ardura bere egitea ezinbestekoa da. Aukera berdintasuna sustatzeko diru publikoarekin liberatuen soldatak ordaintzea, diskriminazioa pairatzen duten emakume langileekiko iraingarria da. “Enpleguaren egonkortasuna” sustatzeko diru publikoarekin liberatuen soldatak ordaintzea, prekarietatea pairatzen duten langileekiko adar jotzea. Izan ere, Nafarroan diskriminazioa eta prekarietatea hedatu diren bitartean ustez haiei aurre egiteko dirua bereganatu baitute UGT eta CCOOek.
 

 

 

Aski da! Lan istripu gehiagorik ez

0


Fumbarriko Enpresa Komiteak deituta ordubeteko lanuztea eta konzentzazioa egin dute gaur langileek enpresan lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatzeko. "Fumbarrin lan istripu gehiagorik ez! Gure Lan osasunaren alde!" lemapean ehundaka langile, gazte eta herritar elkarti dira enpresa aurrean.

Egoera hau jasangaitza izanik Funbarriko LABeko kideek enpresarekin bilera urgente bat eskatzeko asmoa erakutsi dute. LABek zuzendaritzari lan eta segurtasunari dagokion plangintza prebentibo integral bat osatzeko lan egutegi bat eskatuko dio, lan istripuak zein gaixotasun profesionalak ekiditeko bidean enpresa eta komitearen arteko elkarlana eta langile guztien partehartzea bermatuko duena.
 

 

 

LABek Gibelalderen dimisioa eskatzen du

0

Krisiak gazteak larriki kolpatzen ditu. Enpleguko azken datuek erakusten duten moduan langabeziak gora egin du gazteen artean, %5 hain zuzen ere. Hori horrela, Adegiko presidente Pello Gibelaldek egin berri dituen adierazpenak ezin dira larriagoak izan. Honelako adierazpenen aurrean LAB sindikatuak ezin du beste alde batera begiratu. Horregatik gaur Gibelalde jaunaren dimisioa eskatu eta ekimen berriak iragarri ditugu. Datorren ostegunean Adegiren aurrean mobilizatuko gara.

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari Nagusiak, izan du Adegik ostiralean egin zituen adierazpenen aurrean sindikatuaren iritzia emateko ardura. Hasteko gogorarazi du langabezi datuak atera berritan Adegik bere irakurketa plazaratu zuela eta hauetan, ohiko moduan, “ez dagoela tarterik ez pobrezia ez prekaerietatearentzat, ez langileriaren egoera larriarentzat”. Are gehiago, gazteek bizi duten egoera buruzko galdera egiten zaionean “Adegik bere benetako aurpegia erakusten du eta bere politikak zein diren agerian geratzen dira”. 

Honen aurrean argi eta garbi utzi du adierazpen hauek “onartezinak” direla. Gibelalderen estiloa eta politika langileak iraintzea eta pobreziaren eta prekarietatearen ardura gure gain jartzea da. Gipuzkoan arazoa langileak gara, langileak eta gure eskubideak. Langileak eta langileon ordezkariak garen sindikatuak. Beraz “ez gaude bakarrik aho bero baten aurrean, hau da Adegiren jarrera, eta hitz hauen atzean politika zehatz bat dago”.

Horrez gain Etxaidek “Adegik diskurtso hau babes instituzionala duelako egin dezakela” zehaztu du. Instituzio eta gobernuen aldetik horrelako jarrera salatuak izango balira patronalak ez luke bere burua hain sendo ikusiko eta hori behin eta berriro ikusi dugu Gipuzkoan.

“Hau ez da irain bat soilik gazteei begira, hau iraingarria da langabezian dauden familia guztientzat” gehitu du LABeko Idazkari Nagusiak. Iraila amaieran Hego Euskal Herrian 197.000 pertsona zeuden langabezian eta enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda; eta erdia baino gehiago (%54,5) emakumezkoak dira. Langabezian daudenen erdiak baina gehiagok ez dauka inongo babesik. “Gibelalde jaunak benetan uste du etxe horietan gazteei dena ematen zaiela eta eroso bizi direla?” galdera jarri du mahai gainean. Iraingarria da hilabete bukaerara ezin iritsi ibiltzen diren guzti horiekiko. 

Iniziatiba zehatzak
Ez gaude horrelako gauzak normalak direla onartzeko prest, eta ondorioz sindikatuak hainbat erabaki hartu ditu. Ezer baino lehen Gibelalderen dimisioa eskatzen du LABek. Horrez gain, sindikatuak patronalarekiko hartu ditugun erabakiak berresten ditugu eta “horrelako adierazpenak egiten jarraitzen duten bitartean harremanak ezingo direla normalizatu” azpimarratu du Etxaidek. Zentzu honetan bertan behera geratzen da Adegirekin egin beharreko zen bilera. Era berean urriaren 15ean Confebaskekin hitzartutako bilera ere bertan behera geratuko litzateke adierazpen hauen aurrean ezer esan ezean. 

Instituzioei dagokionean, Batzar Nagusietan Gibelalderen hitzak gaitzetsiak izan daitezela eskatuko du sindikatuak. Etxaidek eskaera zuzena egin die: “Esan dezatela Gipuzkoako instituzioak ea hitz hauek benetan onargarriak diren eta zer egingo duten honelako adierazpenen aurrean”. Eskaera formal bat egingo dio LABek ere Enplegu sailburuari bere jarrera azaldu dezan.

Amaitzeko mobilizatu egingo gara eta hitzordua jarrita dago. Datorren ostegunean Adegiren aurrean salaketa ekimen bat egingo dugu Ernai gazte altolakundearekin batera. Gazteek Euskal Herrian etorkizuna izatea merezi dute eta hori posible da beste norabide bat hartzen bada. LABek ez du amore emango saiakera horretan.
 

“Nuestros jóvenes viven una vida muy cómoda, en unas familias en las que les damos de todo. No tienen hambre y tienen lo suficiente como para no hacer esfuerzos. El primer problema lo tenemos en nuestras casas, no echemos las culpas a los demás
Tenemos problemas para enviar gente valida a China o India para 3 o 4 años y luego nos quejamos de que aquí no tenemos cabida. La única suerte que tenemos es cuando se casan con chicos del propio país, que ya no les preocupa venir. Y dicho sea de paso, en esos países hay chicas monísmas. Y chicos también”

(Pello Guibelalde, Presidente de ADEGI)
 

 

LABek Urkulluri MERCEDESeko langile zein azpikontraten eskubideak defenda ditzala eskatzen dio

0

Gaur Urkullu lehendakaria eta Mercedeseko nagusiak bildu dira Alemanian. Honen aurrean MERCEDESeko LABeko sail sindikalak, EAEko herrritarren ordezkari instituzionala den neurrian, langileon eskubideak defenda ditzala eskatzen dio lehendakariari. Enpresariei berriro mesede egin beharrean euskal langileon enplegua eta eskubideak aktiboki defendatu ditzala eskatzen diote. 

MERCEDESen zehazki, sail sindikalak beharrezkotzat jotzen du gaurko bileran mahai gainean enpresan eta bai azpikontratetan ematen den prekarietatearen aurkako neurriak jartzea. Momentu honetan Urkulluren Gobernuaren menpe dagoen Lan Ikuskaritzak Mercedes-en ematen den prekarietatearen inguruko salaketa trasmitatzen ari denez, sail sindikalak uste du bilera hau aukera paregabea dela diskriminazio hauei irtenbidea bilatzeko.
 

 

 

Langabeziak gogorki kolpatzen du euskal gazteria

Enplegu Ministerioak argitaratu berri dituen datuen arabera, iraila amaieran Hego Euskal Herrian 196.665 pertsona zeuden langabezian eta enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda; eta erdia baino gehiago (%54,5) emakumezkoak dira.

Enplegu Ministerioak argitaratu berri dituen datuen arabera, iraila amaieran Hego Euskal Herrian 196.665 pertsona zeuden langabezian eta enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda; eta erdia baino gehiago (%54,5) emakumezkoak dira.

Orokorrean begiratuz langabeziak lau hamarreneko beherakada izan du aurreko hilabetearekin alderatzen badugu; hala ere euskal gazteentzat egoerak okerrera egin du. Iraila amaieran 748 gazte geihago zeuden langabezian, hau da %5,4eko igoera izan du. Hain zuzen, gazteen kolektiboa da krisiaren ondorioak eta azken urteetan ezarritako politikak gehien pairatzen dituena.

Kontratazioari dagokionean, irailean sinatu ziren kontratuen %93a aldi baterako kontratuak izan ziren. Honek agerian uzten du lan prekarietatea empresa kulturaren osagai estrukturala bilakatu dela, eta bere eragina geroz eta larriagoa da atzeralditik ateratzeko formula gisa erabiltzen baita.

Amaitzeko, oso kezkagarria da langabezia babesa piskanaka piskanaka ahultzen joatea. Hain zuzen, gaur egun langabezian dauden hiru pertsonatik bakar batek soilik jasotzen ditu prestazioak.

 

Lanabezia prestazio hartzaileak Hego Euskal Herrian

2015eko abuztua
Gizonak
Emakumeak
Totala
Hartzaileak (SEPE)
89.159
Langabezian dauden hartzaileak
33.284
33.388
66.672
Erregistratutako langabezia
90.244
107.292
197.536
Prestaziorik gabeko langabetuak
56.960
73.904
130.864
Estaldura tasa doitua
36,9%
31,1%
33,8%

Iturria: LABek egina Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta SEPE datuekin.