2026-01-25
Blog Page 1114

Adinekoen eta pentsiodunen gizarte-baliabideen gida

LAB Sindikatuaren Pentsiodunen arloak egiten duen ekintza sindikalean oinarrituz eta Gizarte-Baliabideen Gida honen bidez, informatu nahi ditugu, nahi izango luketen Adineko pertsona eta Pentsiodunak, esparruetan eta gai ezberdinetan dauzkagun bitartekoez. Egun eskuragarri dauzkagun baliabideez ari gara, baina hala ere, esan, hauek guztiz eznahikoak ditugula adineko eta pentsiodun askoren minimo duin eta txukunak bermatzeko. Hortaz, gida honen bidez informatu nahi izateaz gain, erakundeei gizarte eskubideak eta eskubide ekonomikoak eskatzen jarraitzearen beharraz kontzientziatu nahi ditugu adineko pertsona guztiak. 

{edocs}http://www.lab.eus/materiala/argazkiak/Arloak/helduEtaPentsiodunak/15_06_23Gida/adinekoenEtaPentsiodunenGida.pdf,190,305,link{/edocs}Euskaraz

{edocs}http://www.lab.eus/materiala/argazkiak/Arloak/helduEtaPentsiodunak/15_06_23Gida/guiaPersonasmayoresYPensionistas.pdf,190,305,link{/edocs}Castellano

 

 
 

Uda garaian ere osasungintza arloan atzerapausorik ez dugu onartuko

Osasun alorrean hizkuntza-eskubideen urraketa etengabea da. Egoera hori okertu egiten da nabarmen hainbat momentutan, zerbitzuen berrantolaketak edota langileen ordezkapenak euskara kontutan hartu gabe egiten direnean, adibidez. Uda garaian arazo horiek handitu egiten dira. Aurten, egoera hori errepikatu ez dadin, prebentzio lana egin dezaten eskatu diogu Osakidetzari zein Osasunbideari hainbat eragilek: Kontseiluaren baitan biltzen den osasungintza lantaldeko (Behatokia, EHE, OEE, Topagunea eta UEMA) kideekin batera, LAB sindikatuak, Medikuntzako Asanbladak eta Berdin elkarteak.

Herritarrek osasun asistentzia euskaraz jasotzerako orduan dituzten arazoak jakinarazteko bidea errazteko asmoz formularioa sortu da, www.euskarazbizinahidut.eus webgunean.

Hizkuntzen normalizazio prozesuetan Osakidetza edo Osasunbidea bezalako zerbitzuen euskalduntzearen garrantzia handia da. Alde batetik, egunero milaka herritarrek erabiltzen duten oinarrizko zerbitzua delako eta bestetik, bertan milaka langilek lan egiten dutelako. Gainera, herritarren ikuspegitik osasun asistentzia oinarrizko eskubidea dela ere gogoratu behar dugu. Bestetik, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak honakoak esaten dituela ere gogoratu behar dugu: 1) “Hizkuntza komunitate bateko edozein kidek eskubidea du bere hizkuntzan erlazionatzeko eta harrera izateko hizkuntza hori berezkotzat duen lurraldean bere baitan dauden botere publikoen eta administrazio-dibisioen aldetik…” 2) Pertsona orok du eskubidea lan edo lanbide jarduerak lurraldearen hizkuntza propioan garatzeko.

Aitzitik, gaur egun, osasun alorrean hizkuntza-eskubideen urraketa etengabea da. Horrela egiaztatzen du urtez urte Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egiten duen urteko txostenak, zeinak osasun alorra beltzune izendatzen duen urterik urte. Eta guk, euskaldunon osasunerako eskubidea, euskaldun gisa errespetatua izan dadin nahi dugu.

Hutsuneak osasun alorraren arlo desberdinetan ematen badira ere, langileen kontratazioei egin nahi diegu erreferentzia oraingoan. Izan ere, langile elbidunen kontratazioan hutsune handia dago oraindik. Hutsune hau, gainera, are gehiago okertzen da ordezkapenen kasuan, izan ere, urte osoan zehar eta udaran bereziki ordezkapenetan ez dira hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen. Izan ere, ordezkatzen den lanpostuko eta berau kokaturiko zerbitzuaren euskalduntze mailan atzerapausoak ematen dira sarritan.

Administrazioak, kasu honetan Osakidetzak eta Osasunbideak, hartu behar dituzte dagozkien neurriak herritar eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen, ezin baitugu ahaztu administrazioei dagokiela eskubideak bermatzea, baita hizkuntza-eskubideak ere. Ildo honetan, aipatu nahi dugu aukera bat galdu duela Osakidetzak euskalduntzerako 2. plangintzaldian eta ez zuelako kontuan hartu aurrekoak eman zituen ondorioak eta berriz ere, beste urte batzuetan egoera hau luza dadin eragiten ari da. Hori agerian geratu zitzaigun 2014ko udan.

Iaz, hainbat osasun zerbitzuetan gertatu ziren arazoei irtenbide partzialak eman zizkien Osakidetzak, beti ere herritarrek eta hainbat herritako eragile eta instituzioek elkarlanean egindako presioak eraginda. Baina argi esan nahi diegu ezin dugula denbora gehiagoz egoera hau onartu eta aurten horrelakorik ez gertatzea espero dugula; alegia, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea espero dugu. Ez dugu onartuko, iaz gertatu zen moduan azaleko konponbideak ematea, erroko aldaketa behar dira benetan hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen. Era berean, ez da onargarria leku batean sortutako hutsunea betetzeko beste batean hutsunea eragitea, beti ere langile elebidunak zigortuz, Arrasaten egiten asmoa duen moduan.

Aurretik esan izan dugun moduan, Osakidetzaren eta Osasunbidearen euskalduntze prozesuek ongi antolatutakoak izan behar dira, plangintzatuak eta baliabidez hornitutakoak. Besteak beste, zerbitzuen antolaketan neurriak hartu, langileria euskalduntzeko egitasmoak abiatu eta lana euskaraz egin ahal izateko bitartekoak ezarri behar dira. Bestalde, gauden garaian egonda, ez da onargarria, oraindik ere euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz emateko gaitasunik gabekoak kontratatzeko bidea zabalik egotea. Osakidetzaren kasuan, benetako euskalduntzea baldin bada helburua, jadanik neurri estrategiko horiek hartu behar dira.

Osasungintza euskalduntzeko bide horretan, eremu euskaldunak, UEMAk ordezkatzen dituen udalerriak, lehentasunezkoak izan beharko lukete, bereziki hauskorrak diren herriak direlako eta bertako errealitate soziolinguistikoari kaltea eragin diezaiokeelako. Horretaz gain, Osakidetzako unitate eta zerbitzu guztietan, kontratazio ebentuala egitean honakoa bermatuko da: zerbitzu edo unitateetako normalizazio egoeran atzerapausorik ez ematea inongo kasutan.

Osasun alorrean oso ezaguna da prebentzioa. Eta osasungintzako arduradunek aski ongi dakite prebentzioa beti dela egokiagoa zaintza aringarriak baino. Hortaz, euren eguneroko jardunean erabiltzen duten oinarri horietako bat euskalduntzean aplikatzea eskatzen diegu. Osasun zerbitzuak euskalduntzeko lanak hezkuntza prozesutik bertatik hasi behar du. Izan ere, une honetan ikasle euskaldunek zailtasun handiak dituzte euren ikasketak euskaraz egin ahal izateko; zailtasun hauek gainera, formazio prozesuan aurrera egin ahala handitu egiten dira. Formazio euskaraz bermatzearekin zerbitzuak euskaraz eman ahal izatea eta pertsona horiek euskaraz lan egin ahal izatea bermatuko litzateke; erabiltzaile zein langileen hizkuntza-eskubideak bermatuz. Ondoren, prebentzio-lanari eutsiz kontratazio politikek epe onargarri batean osasungintza euskalduna bermatuko dituzten profesionalak, herritar eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatuz horrela, kontratatzea bermatu behar dute.

Amaitzeko, herritar eta langileei dei egin nahi diegu euren osasun asistentzia euskaraz jaso edota lanean euskaraz aritzeko zailtasun edo oztopoak baldin badituzte, euren kasua jakinarazi dezaten. Horretarako gure webguneetan formulario bat betetzeko lotura izango dute, informazioa guri helarazi, behar diren bitartekoak har ditzagun. Formulario honekin osasun zerbitzuetako langile zein erabiltzaileei ordezkapen masiboen garaian euren kexak egiteko bidea erraztu nahi diegu. Izan ere, ohikoa denez, hauen kudeaketa Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egingo du, horrela dagokion kasuetan. Gure helburua osasun etxeetan gertatzen diren egoeren berri modu azkarrean jasotzea da.
 

 

5 delegatu gehiago lortu ditu LABek Lanbideko hauteskunde sindikaletan

Lanbideko azken hauteskundetako emaitzek LAB 4 ordezkari izatetik 9 izatera pasa dute. Ordezkari gehiago aukeratzen ziren hauteskunde hauetan LAB izan da gorakada handiena izan duen sindikatua. Lanbideko LABek emaitza hauek asanbladaren iritziarekin bat datorren ekintza sindikalaren saria dela adierazi du. Emaitzek utzitako argazki orekatuaren aurrean eta hauteskunde kanpainako tensioak gainditzeko nahiarekin, LABek langileen eskubideen defentsan eta enplegu publikoaren alde batasun sindikala berrindartzeko deia egin du.

LANBIDE: 2015eko hauteskunde sindikalen balorazioa

 

 

 

Gipuzkoako Laboralak “LABekin bat”

LAB sindikatua Gipuzkoako Laboraletako hauteskunde sindikaletan 4 delegatu lortuta lehen indarra izan da. LABetik gure alde egin duten langile guztiei eskerrak ematearekin batera langileon eskubideen defentsan jarraitzeko konpromezua berritsi nahi dugu.
 

 

 

La Palmako langileak borrokan jarraituko dute enpresa ixteko erabakiaren aurrean

0

Calzados La Palmak kontratu guztien desagertzea ekarriko duen enpresaren likidazio prozesuaren hasieraren berri eman die langileei. Langileak mobilizatzen jarraitzen dute zuzendaritzak hartutako neurriak eta hauek dakartzaten eragin lazgarriak salatzeko. Bihar, hilak 24, eta ekainaren 27an elkarretaratzeak deitu dituzte Correo kaleko 3. zenbakian. "
 

 

 

Euskara Zure Eskubidea. Actívate por el Euskara

Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak dioen bezala: “Hizkuntza komunitate orok du bere lurraldean hizkuntza modu ofizialean erabiltzeko eskubidea. Hizkuntza komunitate orok du eskubidea bere lurraldean bere hizkuntzaren erabilera ezartzeko jarduera sozioekonomiko orotan. Pertsona orok du lan edo lanbide jarduerak lurraldearen hizkuntza propioan garatzeko eskubidea”.

Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da, euskal herritarrok hizkuntza komunitate bat osatzen dugu. Langileok herritarrak gara eta lan mundura sartzen garenean, lantokiko lau pareten artean egonda ere, ez ditugu dagozkigun hizkuntz eskubideak galtzen.

Zentzu honetan, langileok hizkuntz eskubide propioak ditugu eta bada garaia, gainontzeko lan eskubideekin egiten dugun bezala, hauek ere defendatzeko eta borrokatzeko:

• Langileok euskara ezagutzeko eskubidea dugu: Euskararen ezagutza bermatzeko irakaskuntza oinarrizko eskubidea da (edozein delarik pertsonaren adina). Pertsona batek, langile batek, euskara ez jakiteak ez du euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duen eskubidea ezabatzen. Beraz, bestelako prestakuntzaren kasuan bezala, langileok euskara ikasteko eskubidea dugu gure lanaldiaren barnean eta doan.
• Langileok gure lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eskubidea dugu: Horretarako, baliabide guztiak eskura eduki behar ditugu: kontsultarako dokumentuak eta liburuak, formularioak, baliabide informatikoak, tresnak eta produktuak.
• Langileok gure lan harremanak euskaraz burutzeko eskubidea dugu: Harreman sozioekonomikoak diren neurrian, langile-enpresa, langileon arteko edota bestelako subjektuekiko lan harremana (kontratuak, nominak, oharrak, barne-komunikazioak, negoziaketak, hitzarmenak, bilkurak…) euskaraz burutzeko eskubidea dugu.

Gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta egun gure lan jarduna euskaraz burutzeko eskubidea ez dugu bermaturik. Euskaraz bizi nahi badugu, euskaraz lan egiteko askatasuna izan behar dugu. Lan mundua euskalduntzea ezinbestekoa da, Euskal Herria euskaldunduko bada. 

Langileok, lan munduan subjektu eta eragile garen neurrian, lan munduaren euskalduntzearen aldeko borrokan gure erantzunkizunari heldu eta subjektu aktiboak bilakatu behar dugu! Lantokia ere euskararen normalizazioaren aldeko borroka esparrua da. Normalizazioan eta euskaraz bizitzeko ahaleginean denok dugu gure eginkizuna.

Langileok gara, inor baino hobe, lan munduan euskarak bizi duen egoeraren jakitun, gure lan jarduera euskaraz burutzeko topatzen ditugun zailtasun eta oztopoen lekuko. Hortaz, gure hizkuntza eskubideen urraketak agerian uzteko garaia da. Bestelako eskubide urraketak salatzen ditugun bezala, lan eremuan langileon hizkuntz eskubideak etengabe urratuak direla salatzeko “Euskara zure eskubidea – actívate por el euskara” kanpaina jarri dugu martxan Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin elkarlanean. Gure egunerokoan topatzen ditugun hizkuntza urraketa zein euskaraz lan egiteko oztopoak ikustarazi eta hauek gainditzeko urratsak eman daitezen exigitzea guri dagokigu. 

Badakizu, zure lantokian zure hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari badira ozen salatu !! Zure kexak helarazteko erabili behatokiaren telefonoa zein buzoia, edo jarri zaitez zure lantokiko LABeko delegatuekin harremanetan.

EUSKARAZ BIZI ETA LAN EGIN NAHI DUGU!!

EUSKARA GURE EUSKUBIDEA!!
 

 

Ezagutu zure lan baldintzak eta soldatak. Zure eskubideak aldarrikatu

KONTRATAZIOA:
• Zure kontratuaren kopia edukitzeko eskubidea duzu.
• Lanean aste bat eman ondoren komeni da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusira joatea, ea enpresak benetan erregistratu gaituen ikusteko. Lan bizitza- ren agiria eska ezazu.
• Froga sasoian egonik ere Gizarte Segurantzan kotizatu behar da.
• Askotan kontratu bi edo gehiago kateatzen dira denboran eta lan harreman mugagabea bihurtzen da formalki. Jo ezazu sindikatura edozein zalantza argitzeko.

KALERATZEAK ETA KONTRATU BUKAERAK:
• Kaleratzea idatziz adierazi behar dizute. Ahoz eginez gero, lekuko bat izan, langileak ez duela lanpostua bere kabuz utzi egiaztatzeko. Kaleratze gutunean ageri den data gutuna ematen zaigun egunekoa izan behar da, eta kaleratzearen edo kontratu bukaeraren arrazoia jaso behar du.
• Finikitoa. Dokumentu hau sinatzean langileak uko egiten dio enpresari erreklamatzeko aukerari eta lansarien edo bestelako gaien gaineko edozer ordaindutzat joko da. Sinatu aurretik egin kontsulta sindikatuan, edo sinatzekotan, EZ NAGO ADOS esapidea gehitu.
• Langabezi-prestazioa tramitatzeko enpresak “Enpresaren Egiaztagiria” eman behar dizu.

ERREKLAMAZIOAK EGITEKO EPEAK:
• Kaleratzeak,kontrato bukaera, zigorrak, lanbaldintzen aldaketa, oporren egutegia, lekualdatzeak, uztartze-eskubideak: jakinarazpenetik 20 egun baliodun (jaiegunak kontatu gabe).
• Langabezia tramitatzea: 15 egun
• Soldatak: urtebete

AHOLKUAK:
• Gorde nomina guztiak; batez ere azken urtekoak, izan ere, azken 12 hilabeteetako kantitateak bakarrik erreklama daitezke.
• Lanaldi murrizketa edo zaintzarako eszendetzia kasuetarako diru-laguntzak daude. Informa zaitez!
• Zure hitzarmena ezagutu. Bertan urtean lan egin beharreko orduak jasotzen dira, opor egunak, jai egunak, soldata, lan osasunaren inguruko eskubideak…

 



 
 

LABek baldintza sozial eta laboral duinen aldeko eta hitzarmen autonomikoaren aldeko apustua egiten du anbulantzien sektorean

0

EAEko anbulantzien sektoreko sindikatuok ostiralean Gasteizko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean parte hartu genuen, sektorearen egoera zein den eta nolako lan balditzetan lan egiten dugun azalerazteko. LABentzat sektore hau oinarrizkoa da gizartearentzat, eta publikoa eta administrazioko pertsonalarekin eskainia izan beharko litzateke, baina hau horrela ez den bitartean, sektoreko langileen lan baldintza duinak eta zerbitzuaren beraren kalitatea bera bermatu beharko litzateke.

Ez da bidezkoa Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hau azpikontratatutako enpresei uztea eslepeinetan agertzen diren baldintzak ez betetzen. Bai zerbitzua ematen den baldintzetan, zein giza baliabide zein materialetan, ezta enpresei onar diezaiela lan erreformaren bitartez eslepeinetan aurkeztu diren lan hitzarmenak ez betetzea eta prekarietatea zabaltzea.

Duela urtebete Osasun eta Kontsumo Batzordeak, osasun garraioa arautzeko erdibideko zuzenketa onartu zuen. Bertan, Osasun Sailari eskatzen zitzaion eslepeinetako baldintza pleguetan jasotako irizpide eta baldintza guztien jarraipen zorrotza egin zezan, eta horiek betetzen ez diren kasuetan berehalako neurriak hartzea. Honetaz aparte, sektoreko hitzarmen autonomikao sustatzen laguntzea eskatzen zitzaion. Halaber, aipaturiko hitzarmena indarrean sartzen ez den bitartean, lan baldintza duinak eta zerbitzuaren eraginkortasuna bermatzeko bitartekoak ezar zitzala, lehen urrats gisa, lan erreforma eta derrigorrezko arbitrajea ez aplikatzeko eta enpresei ultraaktibitatea indarrean mantetzeko exijituz.

Zoritxarrez Admnistrazioak gizarte osoarentzat kalitateko zerbitzua eta lan baldintza duinak bermatu ordez, etekin ekonomikoa gailentzen du interes tekniko eta laboralen gainetik (puntuen %53 atal ekonomikoei ematen dizkio), edo uzten du prezioa % 18aren behetik botatzea esleitutako prezioetan lehiatu diren enpreseei, lehia – ausartegiaren mugan. Beherakada hau zerbitzuaren kalitate eta lan baldintzetara eramanez.

Egoera hau aldatzeko eta kalitateko zerbitzua zein lan baldintzak bermatzeko LABek zerbitzu hau emateko diru publikoa esku pribatuetan jartzen duen Administrazioari, patronalaren papera betez eskatzen dio inplida dadila sektore honi irtenbide bat emateko, beste sektoreetan egiten duen legez (jantokietan, kudeaketa zuzenean, Osakidetzako garbiketan…), enpreseei exijituz ez dezatela lan erreforma aldebakarrez inposatu, eta eslepeinetan agertzen dena bete dezatela exijituz. Era berean, enpresei lan hitzarmen autonomikoa lortzeko bidean pausu eraginkorrak ematen lagun diezaien, enpresa guztietan lan baldintzat orokortzeko eta erregulatzeko EAEn lan egin ahal izateko. Aldiz, egoera hau ematen ez den bitartean, datozen baldintza-agirietan klausula sozialak sar ditzatela, honakoak bermatuz: enplegua, subrogazioa, gaur egun diren lan hitzarmenak, aldebakarreko deskuelgea ez onartzea, ordezkapenak, lan baldintza duinak eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea.

 

 

 

 

Euskal Herriak hezkuntzan ere bide propioa egin behar du

0

LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean adostasunak eraiki eta horren araberako marko normatiboa osatzeko determinazioa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez- urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude.Gure bide propioa egiteko aukera ezin hobea dugu eta bide hau prest dagoen ororekin konpartitzeko prestutasuna dugu gainera. Ez dezagun aukera hau galdu.

Hilabete mugituak bizitzen ari gara gure herrian hezkuntzari dagokionez. Azken urteetako erasorik bortitzena jasaten ari gara LOMCE legea medio. Behin eta berriz errepikatu dugun moduan, aipatutako legeak PPen izaera zentralista, liberal , atzerakoi… asetzea du helburu. Ezin uka Hego Euskal Herrian honen eragina. Nafarroan Iribas sailburuak egindako aplikazio literaletik hasi eta EAEn Cristina Uriartek HEZIBERRI egitasmoaren aterkipean inposatu dituen dekretu curricularretara. Modu batean edo bestean aplikazio hori mozorrotzen saiatzen ari den bitartean, hezkuntza komunitateak argi adierazi du ez duela mozorrorik onartuko, ez duela iruzurrik onartuko. Horren adibide dugu, azken asteetan hezkuntza komunitateak LHko 3. mailako frogei egindako plantoak. 

Une erabakigarrian gaude urteetako inposizioei stop esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak gure herrian hartzeko, bertan erabakitzeko.Izan ere, adostasunak bilatzeko tenorean gaude. Ezezkotik baiezkora saltoa eman behar dugu eta horretarako denon artean Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren gainean eztabaida egin eta adostasunak bildu behar ditugu. Gure hezkuntza sistemak azken hamarkadetan hainbat gabezi garatu ditu eta horiei buelta eman behar zaie epe motzean.

Gauzak horrela, burujabetzaren bidea hartu behar dugula uste osoa dugu, gure bide propioa. Bide honetan, LABek historikoki aldarrikatu duen bezala, gure herriak marko normatibo propioa behar duela argi dugu. Horregatik, lehentasunez, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean eztabaida ireki, adostasunak eraiki eta horren araberako hezkuntza lege berriak osatzea premiazkoa da.

Eta gure ustez adostasun horiek eta horren araberako legeek, gutxienez, hiru oinarri hauek barnebildu beharko lituzkete:

1. Curriculum eta ebaluazio sistema propioa. Euskal Herritik eta Euskal Herrirako egindako marko pedagogikoa. Euskal kulturaren transmisioa eta eraberritzea bermatuko duena. Era berean eta aurrekoarekin loturik, gure herriaren errealitatera eta beharretara egokitutako ebaluazio sistema propioa.

2. Euskaldun eleanitzak sortzeko planteamendua. Euskaraz eta gazteleraz, ahoz nahiz idatziz modu zuzen eta egokian adierazteko gaitasuna bermatuko duena. Eta hirugarrengo hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak garatzen lagunduko duen hizkuntzen planteamendu integrala.

3. Euskal publikotasunaren definizio berria. Titularitateaz gaindi,diru publikoz hornituko den ikastetxe oro, euskal herritar gisa ditugun hezkuntza eskubideak bermatuko ditu. Beti ere, berdintasun, gardentasuna eta parte hartze irizpideek gidatuta. Guztiontzat irekia, denon ongizateari begiratzen diona eta guztiontzat aukera berdintasuna bermatzen duena.

ZER egitearekin batera NOLA egiten dugun ere garrantzi berezia du. Horrela, LABen ustez,honako ezaugarriak bete beharko lituzke eztabaida eta legea osatzeko prozesuak: • Prozesua hezkuntza eragile eta alderdi guztien parte hartzearekin gauzatu behar da.

• Elkarlanean denon adostasunak bilatu beharko ditu.

• Legearen osaketak, ezinbestean, orain arte egindako lana kontutan hartu beharko du.

LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean adostasunak eraiki eta horren araberako marko normatiboa osatzeko determinazioa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez- urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude.Gure bide propioa egiteko aukera ezin hobea dugu eta bide hau prest dagoen ororekin konpartitzeko prestutasuna dugu gainera. Ez dezagun aukera hau galdu.