2026-06-10
Blog Page 1110

Merkataritza eta saltegi handietako langileak, Santa Closekoekin batera, igande eta jaiegunetan ez zabaltzearen alde

LABeko langileek, merkataritza eta saltegi handietakoek, gaurko eguerdian antzeztu dute Carlos III.enean igande eta jaiegunetan lan egin behar izateak berekin dakarren eskubide galera.

Haien aurrean, kontsumitzaile norberekoi bat, haren erosketa orgatik eta langileak oinperatzen dituzten kateetatik tiraka, eros dezakeelako harro agertzen da.

Metro gutxi batzuetara, Santa Close, mikroa eskutan daukala, kontsumitzaileak kontzientziatu nahian dabil, dendetan sartuz, horien arduradunei eskatzen die aurrerantzean jaiegunetan zabal ez ditzaten.

LABeko langileek inguru hartan “igande eta jaiegunetan zabaltzerik ez” dioten panfletoak banatu dituzte. Hau guztia Gabon kanta tristeak jotzen dituen saxofonista batek girotzen du.

Santa Closen aburuz, kontsumitzaileok ez gaitezke pertsona hauek jasan ohi duten esplotazioaren arduradun egin, halako egunetan erosiz, horretarako inolako premiarik ez daukagunean. Urteak egun asko ditu eta ordutegia oso zabala da. Negozio hauetako arduradunek ez dezakete bidegabeko zabaltze ordutegia erabil sektoreko langileen eskubideak urratzeko. Santa Closek agindu du lanean iraungo duela, aurrerantzean, igande eta jaiegunetan zabal ez dadin.

SANTA CLOSE jai egun eta igandetan irekitzearen kontra

 

 

 

Sinadura bilketa pentsio duinen alde

Gasteizen pentsio duinen alde aurketutako Herri Ekimen Legegileari EAJ, PP eta PSOEk parlamentuko eta gizarteko bidea itxi ostean, Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak sinadura bilketa bat iragarri du. Modu honetan alderdi politiko hauek ukatzen dutena Euskal Herritarrek aldarrikatzen dutena dela erakutsi nahi dute: Pentsio duinak, 1.080€/hileko gutxieneko pentsioa eta gure pentsioen kudeaketa osoa Euskal Herrian.


Pentsio duinen aldeko Herri Ekimen Legegilea

Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak 

AHAL DELAKO ETA BEHAR DITUGULAKO. PENTSIO DUINAK, 1080 E./ HILEKO MADRILGO GOBERNUAN KONFINTZARIK EZ DUGULAKO, GURE PENTSIOEN KUDEAKETA OSOA EUSKAL HERRIAN

2015eko azaroaren 23an Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformek Gasteizko Legebiltzarraren eskuetan utzi genuen HEL ( Herri Ekimen Legegilea) bat. Helburua zen eta da legezko eta arrazoiz betetako bideari ekin gure arteko hainbat pentsio 1.080 eurotaraino hornitu daitezen eta horrela pentsiodun guztiek diru sarrera duina izan dezaten. Halaber, eskatzen genuen gauza zedila Euskal Erakunde Publiko bat gure pentsioen, Babes Sozialaren eta Mendekotasunaren kudeaketa osoa egiteko.

Eskaria arrazoiz betea dago. 2011z gero gure pentsioek mila murrizketa jasan dituzte eta etorkizunean %0,25ko hazkundetik ez dira pasako, KPIa edozein dela ere. Are gehiago,Kutxa Bakarraren erreserba funtsak epe berean %50 jaitsi dira, eta inork ez du horren arrazoirik eman. Ez dago gardentasunik, ez dago arrazoi argirik horren aurrean eta gu ziur gaude horren egiazko kausa ez dela “krisia”. Horra zergatik ez garen Madrilez fio eta hurbileko kudeaketa osoa nahi dugun.

EAJk hauteskunde erreklamo gisa Gernikako Estatutuan aurreikusitako eskumen ekonomikoak erabili ditu, baina praktikan Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialistarekin elkartuta Madrileko Legeak txintxo-txintxo betetzen ditu hemen. Ados jarri dira Pentsiodunen Plataformek Legebiltzarrean aurkeztutako HELari parlamentuko eta gizarteko bidea galerazteko. Hau da, herritarroi ukatu egin digute pentsio duinak eskatu ahal izatea eta parlamentuan milaka hiritarren eskaria eztabaidatzea.

Pentsiodunen Plataformontzat demokraziaren eta gizartearen aurkako erabakia da, eta ez gara besoak tolestuta geratuko. Badakigu bide neketsua dela baina arrazoiz beteta gaude eta pentsio duinak eta haien hurbileko kudeaketa lortu arte jarraituko dugu. Dagoeneko argi dagoena zera da, alderdi horiek gezurretan ari direla haien lehentasuna pertsonak direla esaten dutenean. 2016ko lehen orduetatik hasita sinadura bilketa zabal bati ekingo diogu aipatu alderdiek ukatu digutena bultzatzeko. Ez da Legegilea izango baina bai zeharo legezkoa.

AURRERA: PENTSIO DUINAK, 1080 E./HILEKO ETA HURBILEKO KUDEAKETA

Euskal Herria, 2015eko abendua
 

 

 

Mendekotasun egoeran daudenen arreta soziosanitarioaz arduratzen direnen lanbide-egiaztapen epea luzatu behar da

LABetik Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzearekin batera mendekotasun egoeran daudenen arreta soziosanitarioaz arduratzen direnen lanbide-egiaztapenaren erregistroaren epearen luzapena eskatzen dugu. 2008ko Autonomiaren eta Menpekotasunerako Arretaren Sistemaren Lurralde Kontseiluaren osoko bilkuran autonomiarako eta menpekotasunari arretarako sistemaren zentro eta zerbitzuen kalitatea bermatzearren Egiaztatzeko Irizpide Komunen Akordioa onartu zen. Akordio horretan zaintzaile, gerokultore eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen kategoria profesionalek gaitasun profesionala egiaztatu eta eskakizunak behar dituztela jasotzen da, profesional horiek gaitasun profesionalaren egiaztagiria eskuratzeko epea 2015eko abenduaren 31n amaitzen delarik. 

2015eko azaroaren 16an BOEn argitaratu zen Zerbitzu Sozialetako eta Berdintasunaren Estatu-idazkaritzaren ebazpena, non Zerbitzu Sozialetako eta Berdintasun Batzordearen Akordioa jasotzen den. Haren bidez, Zerbitzu Sozialetako eta Autonomia eta Mendekotasunaren Arretako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren Akordioa argitaratu zen, zeinak, neurri batean, aldatzen duen 2008ko azaroaren 27ko Akordioa, Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren zentroak eta zerbitzuak egiaztatzeaz.

Akordio honetan hainbat neurri jasotzen dira, aldez aurretik iragarri zirenak. Neurriok behin-behinekoak dira, prozesua luzatu besterik egiten ez dutenak; prozesua antolatu eta behar beste aurrekontuaz hornitu izan balitz, aspaldi amaituko zela. 
Honako neurriez ari gara:

• 55 urte baino gehiago bete dutenei “ezohiko gaikuntza
• Epearen luzapena: Egonkortasuna berma dadin sektorean” ziurtagiria eska liteke 2017ko abenduaren 31z geroztik
• Sarrera berriko kontratazioak lanbide prestakuntza izan behar dute

Neurri hauek aplikatzeko akreditazio prozesuan parte hartu ez duten langileak Lanbiden erregistratu beharko Abenduaren 31 baino lehen. Erregistratzen ez badira, urtarrilaren 1ean kaleratuak izateko arriskua dute. 

Eusko Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak prozedura hau oso era kaskarrean egin dute, langilen artean zalantzak eta beldurrak zabaldu dituztelarik. Gaur da eguna, ia zazpi urte eta gero, eta bi gobernuen gaitasun ezagatik egoera oso antzekoan aurkitzen gara. Plaza nahikorik egon ez denez langile asko prozesutik kanpo gelditu dira (4.000 EAEko kasuan) eta prozesuan sartzea lortu dutenek ezin izan dute amaitu Lanbidek eta Nafar Gobernuko Hezkuntza Sailak konpetentziak gainditzeko kurtsorik antolatu ez dutelako. Gainera, lanpostua galtzeko beldurrez, langile ugarik erakunde pribatuetara jo behar izan dute euren poltsikoetatik milaka euro gastatuz. 

Egoera honen aurrean LABek eskatzen du:

• Informazioa eta gardentasuna prozedura osoan zehar.
• Esparru honetako langileen lanaren efizientzia eta kalitatea kontuan izanik, ebaluatzeko orduan haiek metatutako esperientzairen balioa aitor dezatela.
• Lan kualifikazioa era planifikatuan egin dezatela, hurbileko zentruen eta pertsonalgo publikoaren bidez, eta berma dezatela enpresek formakuntza ikastaroetan parte hartzea ahalbidetuko dutela, langileentzat gaineko kosturik eragin gabe. 
• Eusko Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak, martxan jarritako prozedura birbideratzeko behar diren neurriak har ditzatela eta Eusko Jaurlaritzaren kasuen erregistroaren epearen luzapena egiteko. 
 

 

 

Arabako Gizartegintzaren greba-deialdia bertan behera geratu da

Arabako Gizartegintzaren greba-deialdia bertan behera geratu zen pasadan abenduaren 22an sektoreko AISA patronalak langileen eskaerak lehenbailehen betetzeko erakutsitako konpromezuari erantzunez. Urtarrilaren erdira arteko epea du patronalak hitzarmen kolektiboa betetzeko, bete ezean mobilizazioak bultzatuko ditugu berriro ere.

ELA, CCOO, ESK, LAB eta UGTren oharra
ARABAKO GIZARTEGINTZAREN GREBA-DEIALDIA BERTAN BEHERA

"Atzo, abenduak 22, izandako langileen batzarren ostean, ELA, CCOO, ESK, LAB eta UGT sindikatuok erabaki dugu lanuzteak egiteko deialdia bertan behera uztea. Izan ere, hurrengo egunetan lanuzteak egiteko deia eginda zegoen: Gabon Gauean, Eguberri egunean, Gabon Zaharrean eta Urte Berrian.

Grebarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, joan den astean egindako bilerara joan ziren, AISA sektoreko patronalaz gain, Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko ordezkariak. Han, aipaturiko ordezkariek hitzeman zuten diruz hornitzea berehala enpresak eta elkarteak, 2015eko atzerakinak ordaintzeko, hitzarmenaren arabera, eta baita datorren urteko lansariak egokitzea ere. AISAk bere erabakia agertu zuen egokitzapen hori lehenbailehen egiteko, urtarrilaren hasieran beranduenik. Enpresek berek berretsi dute konpromiso hori, eta haietako batzuk hasi dira dagokiena betetzen.

Hitzarmen Kolektiboaren lanbide-kategoriak sailkatzeko arazo larria dela-eta (benetan gauzatzen diren eginkizunak baino beheragokoak baitira), administrazioek adierazi digute sailkapen hori berraztertzen hasi direla, eta 2016. urtearen barruan ebatziko dela.

Egoera hobetu denez, langileek ─batzarrean─ eta sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok egokitzat jo dugu epe bat ematea, urtarrilaren erdira arte, hitzarmen kolektiboaren betetze-maila begiratzeko. Ordurako ez badira ez-betetzeak zuzendu, mobilizazioak berriro bultzatzeko erabaki irmoa dugu.

Sailkapenari dagokionez, arretaz begiratu behar dugu ea eginkizunak eta erantzukizunak bat datozen kategoriekin. Horregatik, ez dugu bazter uzten berariazko mobilizazioak egitea, egokitzapen hori lortze aldera, beti ere hasi omen duten berrazterketaren emaitzak ikusi eta gero.

Edonola ere, eta eskubiderik ez galtzeko, sindikatu sinatzaileok gomendatzen diegu sektoreko langile guztiei erreklamazioak aurkeztea, jasotzeke dauden diru-kopuruengatik, lanbide-sailkapen desegokitik datozen diferentziak ere barne.

Azkenik ez dugu aukera galdu nahi gure lana egiteko ditugun baldintzak jendaurrean salatzeko. Lanuzte-egunetarako ezarri ziren gutxieneko zerbitzuetan lan egin behar zuten langileen kopurua urte osoko igande eta jai-egunetan lan egin behar duen berdina da. Kontuan hartzen badugu gutxieneko zerbitzuak pertsona artatuen gutxieneko baldintzak ziurtatzeko bestekoak direla, erraz atera daitekeen ondorioa zera da: urte osoan muturreko egoera batean gaudela, tentsio larriak jasaten. Horregatik, plantilla handitzeko eskatzen dugu; eta nolanahi ere, erabat ukaezina iruditzen zaigu edozein arrazoi dela-eta laneratzerik ez duten langileak puntu-puntuan ordeztea.

Gasteiz, 2015eko abenduaren 23a"
 

 

 


Gipuzkoako Aberastasun Handien gaineko zergaren errefoma lobby enpresarialaren interesak asetzera dator

Aberastasun Handien gaineko Zergaren Erreforma aurrera atera zen abenduaren 24ean EAJ, PP eta PSEren botoekin, horrela lobby enpresarialaren exijentziak asetuz (Adegi eta Circulo de Empresarios Vascos) eta Eusko Jaurlaritzako zaintzaileenak. Hemendik aurrera, jarduera ekonomikoa garatzeko erabilitako ondasunak eta zenbait enpresa-partizipazio, zergatik guztiz kanpo geratzen dira eta euren jabeek ez dute euren aberastasun pertsonalaren parte denik deklaratu behar izango.

Argitu beharra dago zerga honek ez dakarrela enpresentzako karga bat, izaera pertsonaleko zerga baita, zergadun aberatsenek pilatutako aberastasunetik eratorritako gaitasun ekonomikoa zergapetzen duena.

Hori dela eta, onartutako exentzioak ez daude pentsatuta ekonomia suspertzeko, ezta enpresen sorrera ere, gutxiengo pribilegiatu bati mesede egiteko baino, bere karga fiskala murriztua ikusiko duena zerga bidezko diru-bilketaren kaltetan.

Zehazki, 8.059 zerga ordaintzailek aurkeztu dute deklarazioa aurten. Kolektibo hau Gipuzkoako jendartearen %1 aberatsenak osatzen du, eta deklaratutako ondarearen %42a orain salbuetsita geratu diren ondasunek osatzen dute.

Diru-bilketan duen eragin negatibotik aparte, bestelako ondorioak ere baditu onartutako neurriak:

– Ekitate txikiagoa duen zerga konfiguratzen da, ondarearen parte diren ondasun guztien orokortasuna zergapetzen ez delako.
– Zergak sistemari ematen dion progresibitatea txikitu egiten da.
– Iruzur fiskalari aurre egiteko oso erabilgarria den informazioaren galera garrantzitsua ematen da.

 

 

 


Segurtasun arazo larriak daude ETBko platoetan

0

Atzo “Gu ta gutarrak” programan lehiakide batek istripua eduki zuen. Ez da batere harrigarria, LAB aspalditik ohartarazten ari baita eta zuzendaritzak ez duelako konponbiderik jartzeko asmorik.

Lan Osasun batzordeko bilera guztietan LABeko kideek lehiaketak egiteko garaian egoten diren arazoen eta arriskuen berri ematen dituzte. Azken oharpena pasa den astean bertan eman zen “Gu ta gutarrak” lehiaketan probak egiteko prozeduraz: erabiltzen den materiala ez dela egokia segurtasunaren aldetik ere; platoak ez daudela prestatuta horrelako muntaietarako; edota langileek ez dutela halako estruktura arriskugarriak muntatzeko behar den prestakuntza minimoa. Harrigarria da orain arte istripu gehiagorik gertatu ez izana, edo atzokoa bera larriagoa ez izana.

ETBko segurtasuneko, eta Miramongo arduradunek ez dute arazoa konpontzeko inolako asmorik adierazi, baizik eta ez-ikusiarena egin harik eta arazo bat eman arte. LABek zalantza du postu horiek betetzeko beharrezkoak diren eskakizunak betetzen ote dituzten arduradun guztiek.

ETBko LABek istripua eduki zuen lehiakideari gure elkartasuna adierazi nahi diogu alde batetik. Bestetik, berriro ez gertatzeko neurriak jartzeko exijitzen diogu ETBko Zuzendaritzari. Azkenik, LABek halakorik gertatzen ez jarraitzeko bere esku dauden neurri guztiak hartuko dituela jakinarazi nahi du.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan gastu sozialak gero eta pisu txikiagoa du


Eragile sozial desberdinek deituta 2016ko aurrekontuak antisozialak direla salatu dugu gaur Gasteizen. Eusko Jaurlaritzaren 2016rako aurrekontuetan ez dago egoera aldatzeko inolako asmorik, eta alternatibaren bidea jorratu beharrean, jendarteari bizkarra ematen dio. Ez diote etorkizunari begiratzen, eredu sozial eta ekonomiko sendo bat eraikitzeko aukera baztertzen ari dira, herritar zein ordezkari sozial eta sindikalak alde batera utziz.

• EAJk ez du interesik murrizketa sozialei buelta emateko.
Gastu publikoa mugatzeko bere konpromisoa berresten du egungo gobernuak, eta jarraipena ematen dio prestazio sozialen eta oinarrizko zerbitzu publikoen kontra Patxi Lopezen legegintzaldian hasitako higatze estrategiari. Azken batean, exekutibo jeltzalearen planteamendua indarrean dauden aurrekontuak luzatzea bezala da, maniobrarako tarte txikia uzten duelako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko, gure jendarteak dituen gero eta beharrizan handiagoei aurre egiteko edo suspertze ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko.

• Gastu sozialak gero eta pisu txikiagoa aurrekontuan. Hala ere, 2016an murrizketa nabarmena emango da gastu sozialetara bideratutako aurrekontuan. Zehazki, 2015ean gastuen aurrekontu osoaren %68,6 zegoen gastu sozialera bideratuta, datorren urterako portzentaia hau %67,6ra jaitsiko delarik. Gastu sozialak 2015eko aurrekontuetan zuen pisu berdinari eusteko bakarrik, beharrezkoa izango zen 108 milioi gehiago inbertitzea eduki sozialeko programetan.

• Gastu soziala gure jendartearen egungo eta etorkizuneko beharren kontrako norantzan ari da garatzen. Aurrekontuen izaera sozialaren eta “pertsonekiko konpromisoaren” aurretik beste lehentasun batzuk daude, hala nola, zorra ordaintzea edo AHTko lanak, inbertsio errealetarako dauden baliabideen %69a pilatzen dutenak.
 

 

 

Lanuzteak gaur Bizkaiko elikagai merkataritzan hitzarmen duinaren alde

0


Patronalak elikagai merkataritzan blokeorako duen jarrera eta negoziaziorako jokaera zurruna salatzen ari gara gaur mahaian parte hartzen dugun lau sindikatuok. Horretarako paroak deitu eta konzentrazioa burutu dugu Cebek patronalaren aurrean. 

Paronalaren helburua aintzinatasun kontzeptua aldatzea da, eta era berean, sektoreko langileon eros-ahalmenaren kontura beraien etekinak handitzea.

Jarrera honen aurrean ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok paroak deitu ditugu gaur, bi ordu saltokiak zabaltzerakoan eta beste bi ordutakoak ixterakoan.

LAB sindikatutik mobilizazio eta paro hauek deitzearen helburua argia da. Ez dugu edonolako hitzarmen bat nahi, duintasuna nahi dugu langile bezala eta sektoreko langile guztientzat oinarri diren lan-baldintzak exijitzen ditugu. Ez dugu lan-esku merkea, malgua eta prekarioa izaten jarraitu nahi. Patronalak onartezinak diren proposamenak egiten dizkigu eta honen kontra borrokan jarraitzeko asmoa dugu.

Bestalde, salatu nahi dugu, gaurko paroei begira patronalak izan duen jarrera. Alde batetik, langileak atzera botatzeko asmoarekin, paroak egiteko arrazoirik ez dagoela ziurtatzen zuten zirkularrak bidali dituzte. Bestalde, paroak egin dituzten langileen lan-postuak betetzen saiatu dira, langile batzuen ordutegiak aldatuz edo zabalduz, lan zentroak aldatuz. Denda batzutan, enkargatuak edo arduradunak jarri dituzte ez dagozkien lan-postuak kubritzen. Argi dugu jokaera horiek greba eskubidea urratzen dutela eta dagozkien salaketak jarriko ditugu Lan Ikuskaritzan.
 

ARGAZKIAK


 

 

Abenduaren 23an denok Gasteizera aurrekontu solidarioagoen alde


Eusko Jaurlaritzaren 2016rako aurrekontuetan ez dago egoera aldatzeko inolako asmorik eta hori salatuko dugu. Aurrekontuen momentua aproposa da bide berri bat hartzeko, baina beste behin ere PNVk guztiz kontrakoa egin du. Alternatibaren bidea jorratu beharrean, denoi bizkar eman digu. 

Eta galdera bat datorkigu burura, nori eta zeri begira egindako aurrekontuak dira? Argi dago ez dietela arazo sozialei begiratzen, ez baitago erabaki politiko bakar bat ere arazo horiei kontra egiteko gaitasuna duenik. Ez diote etorkizunari begiratzen ere, eredu sozial eta ekonomiko sendo bat eraikitzeko aukera baztertzen baitu; hau gutxi balitz, gainera, herritar zein ordezkari sozial eta sindikalei ere ez digute begiratzen. Ikusi besterik ez dago: 

• EAJk ez du interesik murrizketa sozialei buelta emateko. Gastu publikoa mugatzeko bere konpromisoa berresten du egungo gobernuak, eta jarraipena ematen dio prestazio sozialen eta oinarrizko zerbitzu publikoen kontra Patxi Lopezen legegintzaldian hasitako higatze estrategiari. Azken batean, exekutibo jeltzalearen planteamendua indarrean dauden aurrekontuak luzatzea bezala da, maniobrarako tarte txikia uzten duelako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko, gure jendarteak dituen gero eta beharrizan handiagoei aurre egiteko edo suspertze ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko. 

• Gastu sozialak gero eta pisu txikiagoa aurrekontuan. Hala ere, 2016an murrizketa nabarmena emango da gastu sozialetara bideratutako aurrekontuan. Zehazki, 2015ean gastuen aurrekontu osoaren %68,6 zegoen gastu sozialera bideratuta, datorren urterako portzentaia hau %67,6ra jaitsiko delarik. Gastu sozialak 2015eko aurrekontuetan zuen pisu berdinari eusteko bakarrik, beharrezkoa izango zen 108 milioi gehiago inbertitzea eduki sozialeko programetan. 

• Gastu soziala gure jendartearen egungo eta etorkizuneko beharren kontrako norantzan ari da garatzen. Aurrekontuen izaera sozialaren eta “pertsonekiko konpromisoaren” aurretik beste lehentasun batzuk daude, hala nola, zorra ordaintzea edo AHTko lanak, inbertsio errealetarako dauden baliabideen %69a pilatzen dutenak. 

Aurrekontu horik salatzeko, LAB sindikatuak bere militantziari dei egiten dio hurrengo abenduaren 23an, Gasteizen, Ama Zuriaren Plazan, goizeko 10,30etan, eragile sozial desberdinek antolatutako konzentrazioan parte hartzeko.