2025-12-17
Blog Page 1107

“Gipuzkoarako garapen ereduan lan harremanen eguneratzea” jardunaldia uztailaren 2an

0

Uztailaren 2an Antxon Lafont, Adrian Zelaia eta Ainhoa Etxaidek lan harremanen egoera, garapen ereduarekin duen lotura eta alternatibak aztertuko dituzte LABek "Gipuzkoarako garapen ereduan lan harremanen eguneratzea" lelopean antolaturiko jardunaldian. Donostiako Kursaalean izango da goizeko 10:00etatik 13:00etara. 

Datorren ostegunean LAB sindikatuak antolatuta Gipuzkoako garapen eredua eta lan harremanak aztertzeko jardunaldia burutuko da Donostiako Kursaalen. Jardunaldian Adrian Zelaia (EkaiCenter), Antxon Lafont (Baionako Merkataritza Ganberako presidente ohia, CESeko lehendakari ohia eta enpresaria) eta Ainhoa Etxaidek (LABeko Idazkari Nagusia) parte hartuko dute. Zelaiak lan harremanak eta garapen ekonomikoa izango du aztergai, Lafontek lan harremanak eguneratzeko aukerak eta Etxaidek "denontzako" garapenaren mesedetan lan harremanak duten garrantzia azalduko du. "Gipuzkoarako garapen ereduan lan harremanen eguneratzea" jardunaldiari goizeko 10:00etan emango zaio hasiera.
 

 

 

Azken urteotako murrizketen ondorioz irakasleen lan baldintzak okertu eta hezkuntzaren kalitatea jaitsi da

0

Hasieratik, salatu genuen aurtengo oposaketari hauteskunde kutsua zeriola. Alde batetik, ez du irakaslegoaren behin-behinekotasun egoera (%25 inguru) hobetuko. Azken bi urteetan 1000 irakasle inguruk erretiroa hartu duela ikusirik, 275 plaza aterata behin-behinekotasuna areagotu egingo da.

Are larriagoa iruditzen zaigu, arazo honi aurre egiteko Hezkuntza sailak epe ertainera begirako inolako planifikazio eta aurreikuspenik ez izatea eta urtez urte inprobisazioz jokatzea. Irtenbide gisa, gainera, sindikatuon eta langileen erabateko aurkakotasuna eragiten duen finkapen prozesuan sakondu nahi du iaz esleitutako urte osoko plazen %50a finkatuz (2014-15 ikasturtean %25a izanik).

Salatu genuen baita ere, zerrendak urtero ez irekitzearen ondorioz oposaketa gainditzea bilakatu dela ordezkoen zerrendetan sartzeko bide bakarra, eta horren ondorioz, plaza lortzeko inolako aukera eduki barik, milaka irakaslek oposaketa prozesu gogorra pasatu beharko dutela ordezkogai izateko (gerora, agortutako zerrenda batzuk ireki behar izan dituzte). Ikasturte honetan ere ordezkoen zerrenden kudeaketa okerrak dakartzan ondorioak pairatu ditugu (ordezkorik ez espezialitate batzuetan, Haur Hezkuntzan izena emandakoak birbaremaziotik kanpo, …).

Horrez gain adierazi genuen, oposaketa bat aurrera eramatea dakartzan gastuak ez direla proportzionalak aurten ateratzen ziren plaza kopuruarekin. Aurkezten den hautagai kopuruaren araberakoa baita gastua (BEC alokatu, epaimahaikideen ordezkoak, dietak, …) eta ez lanpostu kopuruaren araberakoa. Kontuan hartu behar da 5.000tik gora izen emate izan direla (besteak beste zerrendak ez irekitzeagatik). Hezkuntza Sailetik gastua ez handitzeko kudeaketa zorrotza egingo zutela aitortu ziguten.

Orain jakin dugu, aurreko ikasturteetan programazioen zuzenketak egiteko epaimahaikideak aurretik liberatzen bazituzten, aurten azterketa teorikoarekin batera liberatu dituztela. Kudeaketa zorrotzak, beraz, murrizketa esan nahi du. Gastua murrizteko epaimahaikideak egun gutxiago liberatuko dituzte, dagoeneko zalantzazko objetibotasuna duen hautaketa prozesuan are berme gutxiago emanez. Lehen izenik gabeko programazioa aldez aurretik irakurri eta zuzentzen zen eta ondoren, ahozko defentsarekin osatzen zen nota. Oraingoan, nota zuzenean era presentzialean egindako ahozkoarekin ezarriko da.

Azken urteotan hartutako erabakien eta murrizketen ondorioz irakasleen lan baldintzak okertu eta hezkuntzaren kalitatea jaitsi da (ratioak, soldata izozteak, ordezkapenak, jubilazioa, …). Oposaketa hauek aurrera atera dituzte nola edo hala, irudi horri buelta emateko eta itxura baikorragoa saltzeko. Baina, saiakerak saiakera errealitatea ondo ezagutzen dugu. Oraingoan, dirua aurrezteko oposaketaren objetibotasuna eta sinesgarritasuna kolokan ipini dute.
 

 

 

EHGAMek LAB sindikatua Urrezko Hirukiarekin saritu du

Atzo izan zen Sexu askapenaren egunaren harira Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak urteroko Urrezko hirukia sariak eta Trapuzko espartina zigor edo salaketa izendapenak banatu zituen. Urrezko Hirukia LAB eta STEILAS sindikatuok jaso genuen, STEILASek "Genero eta aniztasun sexualerako Gida" argitaratzeagatik eta LABek Lantokietako bazterkeria eta jazarpen homofobikoaren aurkako protokoloagatik.
 

 

SEA patronalak gaur eginiko Batzar Orokorraren aurrean, LABek langabezia eta prekarietatea salatu ditu

SEA patronalak Gasteizen eginiko Batzar Orokorraren aurrean elkarretaratzea egin dute LABeko kideek. Bertan adierazi duten moduan, arrakala soziala gero eta handiagoa da, eta langileon soldatek gero eta eros ahalmen txikiagoa dute. Egoera honetan eragin zuzena du patronalaren jarrerak.

LABetik patronalaren asmoak salatzen ditugu: ez du borondaterik negoziazio kolektiboak bizi duen blokeo egoera gainditzeko, ez du proposamenik egiten horretarako. Kontrakoa, negoziazio kolektiboa erabili nahi dute prekarizazio prozesuan sakontzeko.

Lan mundua dagoen bezala egonda, oraindik ere patronalak Madrilera begira jarraitzea onartezina da. Madrilgo eredua inportatzea ez da herri honek behar duen irtenbidea. Onartezina da CONFEBASKek soldata gaineko Madrilgo akordioa hona ekarri nahi izatea; bere asmoak gauzatzeko alfonbra gorria nahi du, baina LABek ez du hori inondik inora onartuko. Hori gutxi balitz, urrunago doa SEA, CONFEBASKen planteamendua motzegi geratzen zaio, gehiago nahi du.

LABek gaur, beste behin, Euskal Herriari begirako lan mundua aldarrikatzen du. Eta gure eremuari begiratu behar zaio proposamenak egiterakoan ere.

Negoziazio kolektiboan sinesten dugu eta bizi duen egoera desblokeatu nahi dugu. Gure erabaki sindikalekin prekarietateri aurre egitera goaz. Uste dugu hitzarmenak tresna baliagarriak direla prekarietateari aurre egiteko, baina horretarako benetako borondatea behar da, gaur gaurkoz SEAren aldetik ikusten ez duguna.

LABetik egoera desblokeatzeko proposamen orokor bat egingo dugu. Euskal esparrua sendotu eta lan mundua berrantolatzeko beharra aldarrikatzen dugu. Patronalari, SEAri, dei egiten diogu jarrera aldatu eta negoziazio kolektiboaren alde, hitzarmen duinen alde, urratsak ematen hasteko.
 

 

 

Perikori herri omenaldia egingo zaio igandean Barakaldon


Hutsune ordezkaezina utzi digu Periko Solabarriak. Langile borrokalari eta langileen eskubideen defendatzaile nekaezina zen. Euskal herri euskalduna, sozialista eta burujabea helburu, duintasunak eta etengabeko lanak ezaugarritzen zuen. Berak herria maite zuen, eta herriak bera.
Igandean, ekainak 28, 12:30etan Barakaldoko Herriko Plazan, herri omenaldia eskeiniko zaio.

Lokatzetan uzten dira oinatzak, kalean, eta ez alfonbra gorrietan!
Gaur, inoiz baino gehiago, gogoan ditugu Periko Solabarriaren hitzak. Hitzak, eta ekintzak. Joan egin zaigu, ordezkaezina den hutsunea utziz, bai LABeko militante moduan, bai euskal herritar konprometitu gisa. Galera handi honen aurrean gure samina eta besarkadarik sentituena helarazi nahi diegu bere familia eta gertuko guztiei.

Hitzekin eta ekintzekin janzten zuen Perikok bere eguneroko jarduna. Beti koherente, beti tinko. Langile borrokalari eta langileen eskubideen defendatzaile nekaezina zen.
Euskal herri euskalduna, sozialista eta burujabea helburu, duintasunak eta etengabeko lanak ezaugarritzen zuen. Ekintzekin eraikitzen baitzen eredua, hala zioen eta horrela erakutsi zigun LABeko militante gisa langile-borrokari eginiko ekarpen eredugarrian ere.

Kalea izan du lantoki azken hatsa eman arte. Injustizia politiko eta sozialen aurkako borrokan, izan etxegabetzeak, izan lan gatazkak, izan kutxen pribatizazioa, izan legez kanporatzeak, izan bazterketa sozialaren salaketa… Euskal Herrian eskubide politiko eta sozialen aldeko borroka non, Periko han.

Eredu dugu Periko, eta haren militantzia. Eta horrela gogoratuko dugu, gure eguneroko borroketan bidelagun. Berak herria maite zuen, eta herriak bera. Perikorekin hasitako bideak aurrera darrai. Eta berak egindako ekarpena gurekin geratzen da.
 

 

 

ekainaren 28an LGTBen eskubideak aldarrikatzeko eguna izango dugu

Igandean, ekainaren 28an, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna ospatuko da. LGTBen Giza Eskubideen urraketen aurrean, ezin gara egon ezer egin edo esan gabe. Hori dela eta, maiatzean, LABek lantokietan ematen diren bazterkeria eta jazarpen homofobikoaren aurkako protokolo bat jarri zuen langileen eskutan homofobiaren aurrean pauso bat aurrera emateko.

Gaur egun, anistasun sexualdun 10 pertsonetatik 7k lanean nolabaiteko diskriminazio homofobikoa jasan dutela onartzen dute, eta kasurik gehienetan, egoera hauek ez dira salatzen. Gerataera hau ez da kasualitatea, jendarte heterosexista eta patriarkalaren ondorio baizik, anistasuna izkutatu eta diskriminatzen duen jendartean, horrelakoak gertatzen dira. Lan munduan, sexualitate anitzeko pertsonen kolektiboak zailtasun handiak ditu askatasunez beren norabide eta aukera sexuala adierazteko, alde batetik lankideengan arrazoi horrek sor dezakeen bazterketagatik, edo eta enplegua bera galtzeko beldurragatik. Guzti horregatik, diskriminazio eta akoso homofobikoa desagertarazteko estrategiak, errealitate hori kontuan hartu behar du efektiboa izateko.

Arrazoi horregatik, erasotzaileen inpunitate eta boterearekin, eta erasoekin beraiekin bukatzeko, LABetik protokolo hau martxan jartzen dugu. Kasu bakoitza salatzeko asmoa eta neurri zehatzak jartzeko asmoa dugu, halakorik gehiago gerta ez dadin. Protokoloak langile klasea sensibilizatzeko balioko du, eraso egitea, gutxi batzuen lana baita, baina gehiengoaren ez ikusiarekin kontatzen du, eta errealitate horrekin bukatzea, urgentziazkoa da.

Badira urteak LAB askatasun sexualarekin konprometitu zena, eta aipatu dugun guztiagatik, beste pausu bat ematera goaz borroka honetan. Oraingoan, iazko ekainaren 28an aurkezturiko “Jendarte eta lan eremu anitzen alde” gida lan zentroetara eraman eta gero, gaur, lantokietan diskriminazio eta jazarpen homofobikoaren aurkako protokolo hau aurkezten dugu. Esan dugun bezala, helburua langile klasean sentsibilizazio lana egitea, eta jazarpen eta diskriminazio egoerak saihestea da.

Ireki dugun bide honetan aurrera egiteko nahia adierazi nahi dugu, bai gainontzeko sindikatuekin, bai patronalarekin, zein administrazioarekin. Dagoeneko eurekin ari garen Kitzikan bezalako eragileekin lanean sakontzeko edo ildo hau Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan garatzen jarraitzeko ere.

Horregatik guztiagatik, neurri hauek eta etorkizunean behar direnak jasoko ditugu era honetako jokabideak desagertarazteko, bai lesbofobikoak, homofobikoak, transfobikoak, edo bifobikoak, zeintzuk pertsonen identitate sexualaren askatasunaren aurka egiten duten. Eta sindikatu soziopolitikoa izanik, derrigortuta gaude jendartea birpentsatzera, pertsonon aldeko eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko apostua egitera, non guztion eskubideak errealitatea izango diren diskriminazioen eta irizpide ekonomiko-patriarkalen gainetik. Horregatik, gaur, gure aldaketarako eta borrokarako konpromisoa indartzen dugu, hori da bidea.

 

 

LABek Zumarragan gertatu den heriotz istripua salatzen du

0

Gaur osteguna, lan istripuz hildako langile berri baten heriotza salatu behar dugu. Zumarragako Arcelor enpresan. Azpikontrata bateko langilea zen, hernanin dagoen cubertec enpresakoa. Langilea 12 metrotik behera erori da teilatuan lanean zegoela.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu haren senide, lagun, lankide eta gertuko guztiei. Modu berean gogor salatu nahi dugu heriotz berri honekin, Euskal Herrian 2015ean gutxienez 25 langile hil direla lan istripuz, zenbatu gabe gaixotasun profesionalek hildakoak. Salatu behar dugu enpresa honetan azkenengo lau urteetan lau langile hil direla lan istripuz.
Non daude Gasteizko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak heriotz berri hau salatzeko. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daudeegoera eta eredu hau geldiarazteko
Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu guztien artean, langile zein jendartearen odolhuste hau geldiarazi dezagun. Ondorengo orduetan erantzun zabal eta anitza artikulatzen saiatuko gara, jendarte zein enpresa eremu ezberdinetan.
Enpresa komiteak 24 ordutako lanuztea egitea erabaki du eta bihar elkartaratzea egingo dute enpresa aurrean 11:30 etan.
 

 

 

Uztailaren 3a salaketarako eguna izango da LABentzat

Confebaskek Madrilgo akordioa hona ekartzeko asmoz sindikatuok negoziazio mahai batera deitu gaitu uztailaren 3rako. Deialdi honen aurrean LABek izango duen jarrera azaltzeko agerraldia eskeini dute Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusiak eta Garbiñe Aranburu Ekintza Sindikaleko Idazkariak. Zentzu honetan Etxaidek argi utzi nahi izan du uztailaren 3a, LABentzat, “langabezia eta prekarietatea salatzeko eguna” izango dela.

Ezer baino lehen, Garbiñe Aranburuk, argitu du bilera honen helburua “ez dela negoziazio kolektiboak bizi duen blokeo egoera gainditzea”. Patronalak, CONFEBASKek, negoziazio kolektiboa erabili nahi dute abantaila berriak eskuratzeko, negoziazio kolektiboa erabili nahi dute prekarizazioan sakontzeko. Eta helburu horiek lortu ezean Confebaskek hitzarmenen negoziazioa blokeatu egiten du. Hori da gaur egungo egoera negoziazio mahai gehienetan.

Madrilgo akordioak horixe dakar. Eta mahai honen xedea Madrilgo akordio hori hona ekartzea da. LABek argi du “Madrilgo akordioak patronalari abantaila izugarriak ekarriko dizkiela lan erreforman sakontzeko eta prekarietatea hedatzeko alfonbra gorria, soldata igoera hutsalen truke eta bake soziala bermatuz”. Prekarietatea hedatzen jarraitzeko zilegitasuna eman diote CCOO eta UGTk akordio horrekin patronalari.

Aranburuk gogoratu du azken urte hauetan “desberdintasun sozialak izugarri hedatu direla, soldaten eros-ahalmena galtzen joan dela” eta desberdintasun horiek gainditze bidean jarri ordez prekarietatean sakondu nahi dute eta langileek oso garesti ordainduko dute. CONFEBASKek oso ondo daki, akordio hori hona ekartzea ezinezkoa dela. Ez duela gehiengo sindikalik horretarako eta euskal herriko langileek ez dutela ontzat emango.

Beraz, uztailaren 3ko bileraren helburua ez da negoziatzea, beste helburu batzuekin deitu dute bilera, esku batekin negoziazio mahai guztiak blokeatzen dituzten bitartean, beste eskuarekin negoziatzeko borondatea adierazi nahi dute. “Gu ez gaituzte engainatzen, langileak ere ez”.

LABen jarrera eta proposamenak

Confebaskek egindako gonbitearen aurrean LABen jarrera argia da eta hiru ardatzetan laburbiltzenda: Lehenik “LABek ez du Madrileko akordioa hona ekartzen lagunduko” azaldu du Ainhoa Etxaidek eta gainera “saiakera hori salatu egingo dugu”. Ez dugu ulertzen nola lan mundua dagoen bezala egonik Madrili begiratzen dioten eta Espainiako lan merkatuaren egoera Euskal Herrira ekarri nahi den. “Onartezina da”. Euskal Herriari begirako lan mundu bat eskatzen dugu, Euskal Herriari begiratu behar zaio akordio proposamenak egiten direnean.

Bigarrenik, LABek erabaki sindikalak hartzen dituenean prekarietateari aurre egitea izango du ardatz. Etxaideren esanetan “erabaki sindikal bat baliagarria eta onargarria da prekarietateari aurre egiteko balio badu”. Hori da gaur egun langileriak sufritzen duen gaitz nagusia.

Eta hirugarrenik, sindikatuak Negoziazio kolektiboan sinisten dugu eta horregatik negoziazio kolektiboa desblokeatu nahi dugu. Benetan uste dugu hitzarmenak tresna baliagarriak direla prekarietateari aurre egiteko.

Orain arte bezala, LABen jarrera negoziazioaren aldeko da. Horregatik deialdi honen aurren urrats ezberdinak emango ditu. Egoera desblokeatzeko proposamen orokor bat aurkeztuko dugu. Proposamen honetan hainbat puntu jasotzen dira, hala nola, euskal esparrua sendotu eta lan mundua berrantolatzeko eztabaidaren beharra aldarrikatzen dugu eta negoziazio kolektiboa desblokeatzeko oinarriak finkatzen ditugu (gehiengoaren errespetua, akordioaren balioa ziurtatzea, soldatak berreskuratzeko bide oso bat egitea, prekaeritateari mugak jartzea…).

Horrez gain negoziazio mahai guztiak deituko ditugu eta bertara hitzarmenak desblokeatzeko proposamena eramango dugu. “Benetako borondatea badago egoera desblokeatzeko mahai horietan erakutsi behar da eta ez argazkietan” azpimarratu du Etxaidek.

Amaitzeko, uztailaren 3a, LABentzat langabezia eta prekarietatea salatzeko eguna izango da, kanpoan zein barruan. Prekarietatearen kontra mobilizatuko gara Confebasken aurrean eta barrura ere eramango dugu gure salaketa.
 

 

 

Emakumezkoen soldata %35,6 igo beharko litzateke gizonezkoenaren pare jartzeko

INEk gaur zabaldu duen Soldata Egituraren inguruko urteko inkestaren arabera Hego Euskal Herrian gizonezkoen soldata gordina emakumezkokena baino 7.807euro altuagoa dela. Beste modu batera esanda, emakumeen soldata bataz beste %35,6 igo beharko litzateke gizonezkoenaren pare jartzeko. Bestalde, Soldata Egituraren Inkestaren arabera, 2008tik 2013ra, ikusten dugu soldata arrakala piskanaka gora doala. Gertakari hau atzera pauso bat gehiago da berdintasunaren aldeko borrokan. Hau, krisia eta, batez ere, soldata eta lan eskubideen kontra egindako erreformen ondorio zuzena da.

INEk gaur zabaldu duen Soldata Egituraren inguruko urteko inkestaren arabera, 2013an emakumeen bataz besteko soldata gordina 22.687eurokoa izan zen; eta gizonezkoek, emakumezkoek baino 7.625euro gehiago irabazi zituzten. Horregatik, emakumenzkoen soldata %33,6an igo beharko litzateke gizonezkoenaren pare jartzeko.

Nafarroari dagokionean, emakumezkoek bataz beste urteko 19.364 euro kobratu zituzten, hau da, gizonezkoek baino 8.484 euro gutxiago. Honek esan nahi du emakumezkoen soldata %43,8 igo beharko litzatekeela gizonezkoek bezain bat irabazteko.

Emaitza hauek lurralde eremu bakoitzeko soldatapeko langile kopuruarekin lotzen baditugu ikusten dugu Hego Euskla Herrian gizonezkoen soldata gordina emakumezkokena baino 7.807euro altuagoa dela. Beste modu batera esanda, emakumeen soldata bataz beste %35,6 igo beharko litzateke gizonezkoenaren pare jartzeko.

Orain, soldata arrakalaren definizio ofizialak orduko jasotako soldata diferentzia neurtzen du. Honela soldatak “lan-eskuaren prezio” gisa neurtzen dituzte eta ez diru sarrera osotik begiratuta. INEren informazioaren arabera, EAEeko gizonezkoek, emakumezkoek baino %24,4 gehiago irabazten dute. Eta Nafarroan gizonezkoen soldata/ordua emakumezkoena baino %28 altuagoa da. Hortaz, Hego Euskal Herriko bataz besteak erakusten du ordukako gizonezkoen irabazia emakumezkoena baina %25,1 altuagoa dela.

Hala ere, soldata/ordu kontzeptuaren atzean beste mota bateko genero diskriminazioa ezkutatzen da, hauek beren jatorria dute eredu patriarkaletik datozen jarrera cultural, sozial eta enpresa praktiketan.

Gizon eta emakumezkoen arteko rol banaketa tradizionala, lanaren sexuaren araberako zatiketa eta segregazio okupazional eta profesionalaren ondorioz emakumezkoak diskrimanituak dira eta lan mundan menpeko rolak betetzera kondenatuak dira. Segregazio prozesu hauen ondorioz emakumeak behartuak dira kontratazio eredu prekarioagoak, aldi baterakoak, jardunaldi ez nahikoarekin eta aktibitate eta kategoaria profesional baxuagoak eta gutxiago ordainduak jarraitzera.

Izan ere, lanaldi patrialeko enpleguaren %82a emakumeek betetzen dute. Gainera, behin-behinekotasuna soldata duten emakumeen %25ak pairatzen du, gizonezkoen kasuan %19,2ak.
Bestalde, Soldata Egituraren Inkestaren arabera, 2008tik 2013ra, ikusten dugu soldata arrakala piskanaka gora doala. Gertakari hau atzera pauso bat gehiago da berdintasunaren aldeko borrokan. Hau, krisia eta, batez ere, soldata eta lan eskubideen kontra egindako erreformen ondorio zuzena da.

Amaitzeko, salatu behar dugu, soldaten balio-gutxitze estrategiak ez duela soilik soldaten jeitsiera eta hauek BPGan duten pisua txikitzea ekarri, baizik eta soldata ezberdintasunak haunditzea dakarrela eta honek ondorio larriak ditu batez ere sektore ahulenetan eta soldata baxuenak dituztenetan.