2026-06-17
Blog Page 1106

Bake prozesua indartzeko III. Foro Soziala Gernikan bihar

Gernikako Lizeo Antzokiak Bake Prozesua Indartzeko III. Foro Soziala jasoko du bihar, hilak 30, armagabetze ondenatu baten aurrean gizarte zibilak egin dezakeen ekarpena aztertzeko. Konponbidearen bidean aurrera urratsak emateko LAB bertan izango da oraingoa ere.

 

 

Greba mugagabea Panda Security enpresan inposatu nahi dieten lekualdatzearen aurrean

0

LAB sindikatuak eta Panda Securityko enpresa-batzordeak salatu nahi dugu langileak zuzendaritzaren aldetik jasotzen ari diren inposizioa. Enpresak, azpiegitura gastuak aurreztearen aitzakiarekin, onartezina den lekualdatzea inposatu nahi die langileei, egungo Bilboko instalazioetatik Zamudiokoetara. Honen aurrean, greba mugagabea hasiko dute otsailaren 3tik aurrera.

ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA
Panda Securityko langileen asanbladak greba egitea erabaki du gehiengoz. Otsailaren 3an hasiko da, asteazkenez, eta mugagabea izango da.

Hau da uzten diguten alternatiba bakarra enpresa Zamudioko Parke Teknologikora eramateko euren asmoaren aurrean. Lekualdatzearen erabakia aldebakarrez eta egun batetik bestera hartu du Zuzendaritzak, ez langileei ez euren ordezkariei kontsultatu gabe. Euskaltelen jabetzakoa den eraikin batera eraman nahi gaituzte.

25 urte ditu Pandak, eta beti egon da Pandak kokatuta. Alameda Mazarredon egon zen kokatuta hasieran, gero Buenos Aires kalean eta egun Gran Via 4an, langileok elementu garrantzitsua izan gara Bilboko erdiguneko merkataritzaren dinamizazioan. Guk alde egiteak eragina izango du gure lantoki inguruko komertzio eta saltokietan. 

Pandako langileak gazteak gara nagusiki eta mota guztietako familia-erantzukizunak ditugu: seme-alaba txikiak, menpekotasun egoerak dauden pertsona nagusiak, honezkero kontratatuta dauden eskolaz kanpoko jarduerak zein pertsonalak ditugu, gozatu ezingo ditugunak. Hankaz gora jarriko dute 200 familiaren bizitza honek duen eraginarekin, bai ekonomikoki, bai kontziliazioari dagokionean.

Zamudiora inposatutako lekualdaketak eragin basatia izango du. Ibilgailu bat behartutako pertsonak edo umeak eskolara eramango dituen norbait kontratatzera behartuak. Bikoiztu edo hirukoiztu egingo diren langile askoren garraio-gastuak. Jardunaldi murrizketarekin dauden langileek nekez bete ahal izango dituzte euren laneko ordutegiak. Ordu asko pasatu beharra errepideetan eta ia egunero daude istripuak. Inork ordainduko ez dizkigun aisia eta familia bizitzako orduak. Guzti honek ustez aurreztu nahi dutena baino gastu ekonomiko handiagoak sortaraziko ditu, ia bikoiztu egingo baitira. Urtean ia 400.000 euro gastatzea nahi dute 180.000 euro aurreztuko. Eta hori, lekualdatze erraldoi honen gastuak kontatu barik.

Zuzendaritzak entzungor egin die gure aldetik egindako proposamen guztiei, baita Euskalteleko eraikineko metro karratua egungo lekuarena baino garestiagoa dela erakusten duten zenbakiei.

Langileen proposamena
Urte beteko luzamendua ezartzea proposatu dugu.

Horrela, berehala ezarriko lirateke egungo eraikinean zenbakiekin erakutsi dizkiegun aurrezki neurriak eta Zuzendaritzari euren esanetan beharrezko duten aurrezkirako marjina emango liokete.

Gainera, aurrezkia handitu eta kosteak gutxitzea erraztuko lukeen telelanerako politika martxan jartzeari ekingo litzaioke.

Azkenik, Zamudiokoari alternatiba bat aztertzeko denbora izango genuke, baina beti Bilbo barruan eta langileen iritzia kontuan izanda. Badaude alternatibak, mahai-gainean jarri ditugu eta derrigortuta eraman nahi gaituzten Zamudioko eraikinekoak baino merkeagoak dira. Baztertu egin dute gure proposamena.

Grebaren aukera baino ez digute uzten.

  

 

 

Angela Davis Euskal Herrian

0

LABeko Ipar Hegoa Fundazioak eta Gite-Ipes Elkarteak elkarlanean datorren astean Angela Davisekin hainbat jardunaldi antolatu ditugu. Otsailaren 6an ‘Herri, klase eta feminista izaeradun borrokaren ikuspegia egun’ izenburua duen mintegian, bere ekarpen intelektuala aztertzeaz gain, egun diren erronkak eta eztabaidak mahaigaineratuko dira. [Informazio gehiago www.iparhegoa.org]
 

 

 

Sortzen den enplegua oso prekarioa da eta langabezia-babes sistema etengabe ahultzen ari dira

INEk argitaraturiko datuen arabera, Hego Euskal Herrian hazi egin da landun kopurua eta gutxitu egin da langabezia. Baina salatu beharra dago sortzen den emplegua oso prekarioa dela eta gero eta gehiago direla langabezian egon arren prestaziorik jasotzen ez dutenak.

Gaur kaleratu diren EPA inkestaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 173.900 langabe zenbatu dira 2015. urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 7.900 gutxiago eta urte bat lehenago baino 46.600 gutxiago. Langabezia tasa %13koa da.

Landun kopuruak, aldiz, gora egin du Hego Euskal Herrian nahiz eta laugarren hiruhilekoan gutxitu egin den Nafarroan.

Hala ere, ekonomiaren hazkundea ez da modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan eta salatu beharra dago datu positibo hauek ezkutatzen dutena:

• Sortzen den enplegua oso prekarioa da; 2015. urtean sinatu diren ehun kontratutik sei baino ez dira mugagabeak izan, eta gainera, sinatu diren aldi baterako kontratuen ia erdiak ez dute hilabete bat baino gehiago iraun.

• Era berean, azken aldian asko ugaritu da borondatezkoak ez diren aldi partzialeko kontratuen erabilera ere, batez ere emakumeen kasuan.

• Azkenik, gogorazi beharra dago langabezia-babes sistemaren ahultzea etengabea dela; geroz eta gutxiago babesten du eta prestazioak murritzagoak dira. Zehazki esanda 2015. urte amaieran 131.045 pertsona dira langabezian egon eta langabezia prestaziorik jasotzen ez dutenak, eta langabezia prestazioa kobratzen dutenek 425 € jasotzen dituzte bataz beste.

Datu hauek argi uzten dute ekonomiaren hazkundea adierazten duten datu makroekonomikoen atzean dagoen errealitatea eta botere publikoek duten ezintasuna krisiari erantzun egoki bat emateko.

Guzti honengatik, gure ustez ez dira zalantzan jarri behar soilik enpresa gestio edo lan harreman ereduak, sistema ekonomiko eta soziala ere zilegitasun krisi handi baten aurrean dago.

 

 

 

Udalak interpelatzen jarraituko dugu Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan hobekuntzak lortzeko

Atzo, hilak 28, bigarrenez elkartu da Bizkaiko etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari den mahaia. Zerbitzu hau udalen eskuduntza da eta ekimen pribatuak kudeatzen du. Aldez aurretik patronalari bi proposamen igorri bazaizkio ere ez ditu haintzat hartu. LAB ez da geldirik egongo eta zerbitzuaren titularrak direnak, udalak alegia, interpelatuz jarraituko du.

Aldez aurretik, sindikatuek bi plataforma igorri zizkioten patronalari. Horietako bat CCOOena, eta bestea ELA, LAB eta UGT sindikatuena. Bigarren hauek osatzen dute mahaiaren gehiengoa.

Patronalaren bozeramaile batek ez ditu plataformak aintzat hartu eta Bizkaian ematen den etxez-etxeko laguntza zerbitzuaaren sektorea aztertzera mugatu da. Hark esan duenez, udalek azken 5 urteotan eskaini dituzten orduak, %20an baino gehiagotan urritu dira. LAB bat dator azterketarekin eta %25ean kokatzen du murrizketa. Honez gain, ordu bakoitzari dagokion tarifa izoztu egin da, edo gutxitu. Enpresek argudiatzen dute zailtasunak dituztela zerbitzuak eragin kostuak estaltzeko.

LAB sindikatuaren ustez, erabateko arduragabetasunez jokatzen ari dira zaintzaren krisialdiko egoera honetan. Ohiko oinarrizko jarduerei aurre egiteko zailtasunez diharduten pertsonen eskaria gero eta handiagoa da orain. Horrela soilik uler daiteke egoera, biztanleriak dituen premien aurkako jendarteko politikak babesten eta ezartzen dituztenen logika erabiliz.

Honek elkar loturik dauden bi egoera sortzen ditu. Arretari dagokionez, gero eta jende gehiagori urritu zaio babes maila. Lanorduak berriz, urritu egiten dira, eta zerbitzuaren kalitatea ere bai. Lanorduak urritu arren, eginkizun gehiago betetzen dira lanaldian. Horren ondorioz, herritarren babesgabetasuna handitu egiten da, langile kopuruari eta kalitateari dagokionez.

Lan arloari dagokionez, aspalditik oinarrizko zerbitzua betetzen ari direnak, etxeko laguntzaileak, ia guztiak emakumeak dira eta, urtez urte, enplegua eta lan eskubideak galdu dituzte, behin-behinekotasuna jasan dute, kaleratzeak bizi izan dituzte, lanaldi partzialetan lan egin behar izan dute, soldatak izoztu zaizkie eta zerbitzuaren prestazioa erabat desarautu dela nozitu dute.

LAB sindikatua egoeraz egiten duen analisian berresten da eta sektoreko langileekin batera, sindikatu legez egiten ari den dinamikan zerbitzuaren titularrak direnak, udalak alegia, interpelatuz jarraituko du. Batetik, sinadurak bilduz eta bestetik udaletan mozioak aurkeztuz, lan egindako orduak berma daitezen eta lan baldintzak hobetu. Horrela, funtsezko zerbitzu hau behar dutenei eskaini behar zaien laguntza hobetzea nahiko genuke.
 

 

 


Arcelor Mittalen 1.000 langile baino gehiagoren etorkizuna dago jokoan

0

LABek larunbat honetarako Sestaon Arcelor Mittal Sestao enpresako langile batzordeak deitutako manifestaziora joateko deialdia egiten die langileei. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da, Kasko plazatik. 

Lantokiaren etorkizuna jokoan dagoen honetan, gogoratu nahi dugu zuzeneko langileez gain, askoz gehiago direla kaltetuak, bai azpikontratatutako langileak, bai Arcelor Mittal Sestaorentzat lana egiten duten hornitzaileetako langileak. Guztira, 1.000 langile baino gehiagoren etorkizuna dago jokoan. Kolpe latza krisiak gogor zigortutako Ezkerraldearentzat.

Txantaia eta mehatxua erabiltzen duten multinazionalen aurrean, ezin gara haien menpean dauden instituzioen zain gelditu. Soilik herritarren mobilizazio eta borrokak lor dezake multinazionalaren txantaia ez gailentzea, herritarrak, gizarte osoa delako kaltetua.

Sestaon bizi den egoera, altzairugintza sektorean bizi den egoera larriaren adibide bat gehiago da. Herritarrak mobilizatzeko garaia da Euskal Herriko altzairugintza baitago jokoan.
 

 

 

Gurutzetako ospitaleko langileen borrokak ospitaleko sukaldearen pribatizazioa geldiarazi du

0


Gurutzetako ospitaleko sukaldeko langileen borrokak, ospitaleko gainontzeko langileek lagunduta, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko gerentziak sukalderako “hornitzaile bakarra” izeneko sistema kontratatzeko zeukan asmoa bertan behera uztera behartu du. Aipaturiko sistema hau, bertan behera geratu dena, gaur gaurkoz primeran funtzionatzen duen sukalde erabat publikoa pribatizatzeko lehenengo urrats bezala ulertu behar dugu.

LABek, beste sindikatu batzuekin batera hartu du parte borrokan eta langileen gaitasuna, grina eta iniziatiba txalotu nahi ditu. Izan ere, Osakidetzan gero eta azkarrago zabaltzen ari den pribatizazioaren kontrako garaipen garbia da Gurutzetan gertatu dena, batez ere lentzeria, sukaldeak, garbiketa eta mantentze zerbitzuetan. Gurutzetako sukaldeko garaipenak argi adierazten du mobilizazioa eta borrokak soilik berma dezaketela kalitatezko osasun publikoa.

Gurutzetako Ospitaleko ESK, ELA, UGT, CCOO eta LABen oharra

Gurutzetako Ospitaleko zuzendaritzak bertan behera utzi du sukaldeko elikagaien horniketaren pribatizazioa

2016ko urtarrilaren 26an Gurutzetako Ospitaleko Zuzendaritzak atzera egin du ospitalearen sukaldearen zati bat pribatizatzeko bere asmoan. Zuzendaritzak bere webgunean ebazpen bat argitaratu du, bertan, elikagaien horniketan hornitzaile bakarra zehazteko prozesuan atzera egiten du.

Bi aste intentsotan zehar sukaldeko langileak eta ESK, ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek presio neurriak erabili ditugu sukaldearen etorkizuna eta hospital honetako janariaren kalitatea bermatzeko.

Konbentzituta gaude ez zegoela pribatizatzeko arrazoirik, hainbat esparrutatik onartu baita Gurutzetako ospitaleko sukaldearen kalitate altua eta koste apala. Eredu honek asebetetze-maila handia dauka erabiltzaileen artean eta ikerketa batek ere babesten du. Azken honek ondorioztatzen du Osakidetzako ospitalerik garestienak pribatizatuta daudenak direla eta honezkero hornitzaile bakarraren sistema hartu dutenak.

Gure borrokaren helburua zen irabazi asmoak baino mugitzen ez duen enpresa pribatu bat sartzea galeraztea. Eredu honekin lan egiten duten Osakidetzako beste zentru batzuetan dugun esperientzaren arabera, modu bakarra dago aipatutako irabazia lortzeko, kalitate txarragoko produktuak erosiz eta menu txikiagoak jarriz.

Honen adibide bat Nafarroako ospitaleetako sukaldeen pribatizazioan dugu. Meditarrenea de Catering enpresari azpikontratatu zitzaion bertan. Nafarroako Comptos Ganberak, Nafarraoko sektore publikoa fiskalizatzen duen organoa, egindako txostenaren arabera, 670.000 euro garestiagoa izan da azpikontratazioa. Zerbitzu berriak kalitate neurgailurik ez izatea larria dela adierazi zuen. Zentro horretako erabiltzaileek asko kritikatu zuten neurria eta euren salaketak egunkarietako orri asko bete zituen.

Langileak eta ESK, ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuak poztu egiten gara gure borrokak fruituak eman dituelako. Zuzendaritzak atzera egin du bere asmoetan eta pertsonal propioa eta kalitatea izango dituen sukaldea mantentzea ahalbideratu da.
Sortu ahal izan dizkiegun eragozpenengatik barkamena eskatu nahi diegu gaixo eta euren senideei eta bihotzez eskertu nahi dizkiegu helarazi dizkiguten babes eta elkartasun keinuak, gure borroka aurrera eramateko lagungarri izan direnak.

Barakaldon, 2016ko urtarrilaren 27an

  

 

 

ZF-TRWko EEEk enpresaren etekinen handitzeko estrategiari erantzuten dio

0


ZF-TRW enpresak egindako Enplegu Erregulazio Espedientea zuzendaritzak etekinak handitzeko eta lan baldintzen murrizketa ahalbideratzeko estrategiaren barruan kokatzen da. LABetik 250 langileren lanpostuak jokoan jartzen dituen erregulazio espedientea erretira dadin exijitu eta gatazkari irtenbidea emateko instituzio guztien inplikazioa eskatzen dugu. Aldarrikapen hauen gainean Enpresa Batzordeak larunbat honetarako, hilak 30, manifestazioa deitu du Iruñean eta LABek manifestazioa bat eginik, langile guztioi bertan parte hartzeko deia luzatzen die.

ZF- TRW enpresak 250 langile kaleratzeko egin duen Enplegu Erregulazio Espedientearen aurrean eta zuzendaritzak inposatu nahi dituen lan baldintzen murrizketaren aurrean, LABen adierazpena

1. Enpresa Batzordeak larunbat honetarako, hilak 30, autobus geltoki zaharretik deituriko manifestazioarekin bat egiten dugu baita lanpostuen eta lan baldintzen defentsa helburu duen gainerako ekintza eta mobilizazioekin ere. 

2. Aurkeztutako erregulazio espedientea erretira dadin exijitzen diogu.

3. Kaleratzeek, soilik enpresak bere etekinak haunditzeko darabilen estrategiari erantzun diotela salatzen dugu, enpleguaren eta lan baldintzeen bizkarretik.

4. Gatazkari irtenbidea emateko instituzio guztien, Nafarroako Gobernua barne, inplikazioa eskatzen dugu. 

5. LAB sindikatuko delegatu, afiliatu eta langile osoari deia luzatzen diogu larunbateko manifestaldian parte har dezan. 
 

 

 

Prekarietaterik gabeko Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen bat posible da!

0


"Murrizketarik gabeko Bizkaiko Metalgintzako hitzarmena lortu ahal da!" lelopean metalgintzako langileei inposatu nahi zaien prekarietatearen aurrean alternatibak badirala aldarrikatzera irten gara gaur kalera. Inoiz baino beharrezkoagoa da langileon borroka eta LABetik, metalgintzako hitzarmenak berritzeko borrokan jarraitzeko konpromezuari eutsiz, langile nahiz gainerako sindikatuei prekarietaterik gabeko Metalgintzako hitzarmenen alde mobilizatzeko deia luzatzen diegu.

MURRIZKETARIK GABEKO BIZKAIKO METALEKO HITZARMENA LORTU AHAL DA!

Laister 2 urte beteko dira Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaia bildu ez dela eta 13 urte sektoreko eragin orokorreko azkeneko hitzarmena sinatu zenetik. ASKI DA! PATRONALAREN PREKARIETATEARI STOP!

LABek metaleko hitzarmena berritzeko borrokatuko du. ZERTARAKO?:

1.- Sektoreko langile guztiak, baita langile berriak ere, lan baldintza duinak izateko. Hau, legez, SOILIK ERAGIN OROKORREKO HITZARMENAren bidez lor daiteke, hau da, sektoreko langileen ordezkaritzaren gehiengoarekin adostuta.

2.- Urte hauetan asko sufritu dugu eta eros ahalmen handia galdu dugu. Hori dela eta, hitzarmenak SOLDATA IGOERA DUINAK jaso behar ditu.

3.- Enpresarien etekina handitzen ari da gero eta prekarietate gehiago jasaten ari garelako. Horregatik, hain zuzen ere, inoiz baino beharrezkoagoa da egungo eskubideak defendatzea. MURRIZKETARIK GABEKO HITZARMENA BEHAR DUGU.

4.- Aurrekoa bete ahal izateko, enpresariak ezin du aldebakarrez hitzarmena bertan behera utzi. Beti, langileekin AKORDIOAREN bidez izango da.

LABek Bizkaiko metalgintzako langile guztiei zein gainerako sindikatuei mobilizatzera dei egiten die, denon artean 4 puntu hauek jasoko dituen Bizkaiko metaleko hitzarmen berri bat lortzeko! 

Aipatutako 4 puntu hauek, beharrezkoak eta gutxienekoak izateaz gain, LORGARRIAK DIRA!.

ESAN EZETZ PREKARIETATEARI! MURRIZKETARIK GABEKO BIZKAIKO METALEKO HITZARMENAREN ALDE!
 

LABeko BIZKAIKO DELEGATUEN BATZARRA

Mobilizazioan aurretik LABeko Bizkaiko Metalgintzako delegatuek asanblada egin dute Bilboko Arrupe Etxean. Murrizketak eta prekarietaterik gabeko hitzarmena lortzeko LABen proposamena eta berau aurrera eramateko eman beharreko pausoak aztertu dituzte.