2025-12-20
Blog Page 110

Bilboko Udaleko langileak arriskuan jartzen ditu Aburto alkateak, beharrik gabe

Aurten ere, eta Bilboko Aste Nagusiaren barruan, EAJk, Aburto alkatearen eskutik, bere gobernukide PSEren babes isilarekin, Udaleko Udaltzaingoko langileak erabiltzen ditu euren jaien eta hiriaren eredua indarrez ezartzeko, eta errepresioa ezartzeko.

Aste Nagusian daramatzagun egun gutxietan, Aburtok bi ekintza agindu ditu, gutxi edo batere zerikusirik ez dutenak aplikatzen eta defendatzen omen duen hurbileko poliziaren ereduarekin: manteroak kaleetatik ateratzea eta hormak garbitzea, Palestinari babesa erakusten dioten pankartak kenduta.

Hurbileko poliziaren eredua, besteak beste, “bizikidetza baketsua sustatzean, indarkeria mota oro desagerraraztea bilatzean, bideak eta espazioak modu baketsuan, errespetuz eta ordenan erabiltzean” oinarritzen da, duela ez asko aurkeztu zuen Segurtasunaren aldeko Itunean adierazten den bezala.

Bilboko alkatearentzat, bizikidetza baketsuan, berak egokitzat jotzen dituen pertsonak baino ez dira sartzen, eta, jakina, bideak eta espazioak era baketsuan, errespetuz eta modu ordenatuan erabiltzeak ez dirudi herri zapalduekiko elkartasun-adierazpenak barne hartzen dituenik.

Paperak dena jasaten du. Aburto ez da egon eta ez da inoiz egongo hurbileko polizia baten alde. Hartu dituen erabakiek argi uzten dute: eredu horretatik urruntzen den egutegia aldatzea, agenteak Arkautin hautatzea eta prestatzea, errepresio-jarduerak agintzea agenteak arriskuan jarriz…

LABek eredu horretatik urruntzen gaituzten jarduera guztiak salatzen jarraituko du. Guk argi daukagu zer polizia mota nahi dugun. Beste sindikatu batzuek ere argi dute zein den beren eredua, eta badirudi urduri jartzen direla LAB aurka egiten dienean.

Joan den astean, LABek sare sozialetan kritikatu zuen Areatzan izandako polizia-jarduera, oso argitalpen laburra izan ere. Hori ez zaie gustatu Bilboko Udaleko sindikatu batzuei, eta langileak ez defendatzea leporatzen digute. Hori gezurra da eta badakite.

Bilboko Udaleko LABeko Atal Sindikala parte aktiboa da negoziazio guztietan, edozein kolektibotakoak direla ere, eta beti saiatzen gara gainerako sindikatuekin batera lan egiten. Hala egin genuen egutegia aldatzeko negoziazioetan ere; izan ere, bateratuak eta bakarrak izan ziren, Langileen Batzorde gisa, baina badirudi hori ere ahaztu egiten zaiela. Tamalez, ezin dugu gauza bera esan kolektibo batzuekin bakarrik eta esklusiboki lan egiten duten sindikatu batzuei buruz; izen bat du horrek, korporatibismoa.

LAB ez da sindikatu korporatibista, eta, horregatik, mota guztietako langileak defendatuko ditu, baita bizitzaren zirkunstantziengatik behetik hasi behar dutenak ere. Horrek ez du esan nahi batzuk defendatzea eta beste batzuk ahaztea, batzuek saldu nahi duten bezala.

LABeko Atal Sindikalak oso argi dauka nondik datozen aginduak eta nork ezarri nahi duen guk defendatzen dugunarekin zerikusirik ez duen eredu bat (alkatea eta EAJ). Dirudienez, gure Udaltzaingoaren barruan, ERNE eta ESAN sindikatuak, arerioz erratzeaz gain, eroso daude hurbiltasunekoa ez den beste eredu horretan, eta beren diskurtsoak (manteroak delitugileak dira, txosnak iruzurgileak, ezker independentista legez kanpokoaren defendatzailea, euskara inposizioa eta diskriminazioa, kritika politikoa erasoa, puntu moreei eta autodefentsa feministari mespretxua, eta abar) eta praktikak (udaltzaingoarenak ez diren zereginak onartzea eta aldarrikatzea, istiluen aurkako materiala eta prestakuntza eskatzea, eta abar) ultraeskuindarren, sekurokraten eta punitibisten eredu eta esparru ideologikoetara hurbiltzen dituzte. Zoritxarrez, biek (EAJk eta aipatutako sindikatuek) elkar elikatzen dute, eta Udaltzaingoa herritarrengandik urruntzen, haren ospea ahultzen eta agenteen segurtasuna arriskuan jartzen laguntzen dute. Eta gainera, bide batez esanda, esparru ideologiko horietan Miribillako oholetatik LABen propaganda kentzea bezalako ekintza antisindikalak egiteko justifikazioa aurkitzen duten elementu atzerakoiak animatzen dituzte.

Hala bada, beti izango gaituzte aurrean, badakigulako Bilboko Udaltzaingoaren barruan ere badela argi duenik hurbileko polizia batekoa izan nahi duela, nahiz eta bidea erraza ez izan.

LABek Aburtori eskatzen dio Udaltzaingo hau defendatzen duen hurbiltasun-eredu horretatik aldentzen duten jarduerak antolatzeari uzteko, eta bizikidetza baketsuan oinarritutako Aste Nagusia ahalbidetzeko, indarkeria mota oro desagerrarazteko eta bideak eta espazioak modu baketsuan, errespetuz eta modu ordenatuan erabiltzea ahalbidetzeko.

Gertuko polizia, orain!

36 dira honezkero lan heriotzak Euskal Herrian urte hasieratik

LABek irmo salatu nahi du du abuztuaren 14an D.S. langile autonomoa hil zela Iurretan, baso-lanak egiten ari zela. Heriotza honekin, dagoeneko 36 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senideei eta hurbilekoei. Basogintza-sektorean arriskuak handiak dira. Makina arriskutsuekin lan egiten dute, lur malkartsuetan, eguraldi txarra dagoenean… eta, gainera, sektoreko langileen lan-baldintzak gero eta eskasagoak dira. Onura ekonomikoak langileen osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen dira, baita sektore horretan ere.

Langile horren heriotzaren arrazoiak eta lan-baldintzak eta lan-erritmoak ikertzea eskatzen dugu. Arduradunak seinalatu behar dira.

Kezkagarria eta aztoragarria iruditzen zaigu lan-istripuak urtez urte ugaritzea. Lan-istripuen gorakada prekarizazio politikaren eta erakundeek lan-osasunaren arloan duten kontrolik ezaren ondorio da. Laneko arriskuen prebentzioan beharrezko neurriak hartuz, eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan-istripuek ez lukete zertan handitu behar.

Erakundeei eta gobernuei exijitzen diegu beste aldera begiratzeari uzteko eta, behingoz, lan-osasuneko politikak errotik aldatzeko, sarraski horren aurrean neurriak hartzeko eta istripuak saihesteko beharrezkoak diren politika errealak abian jartzeko. Horretarako, langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira, interes ekonomikoaren gainetik.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileek beren segurtasunaren eta osasunaren alde dituzten eskubideen alde. Klaseko sindikatuak erantzun irmoa eman behar du, langile klasea eta gizarte osoa aktibatuz. Horregatik, azken lan-istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei. Ildo beretik, bidezko eredu bat aldarrikatzen dugu, eta langileen segurtasuna eta osasuna kontuan hartuko dituen esparru propio baten beharra.

Salatzen dugu Osakidetzako Emergentzietan 80 txanda baino gehiago bete gabe geratu direla uztailean

Uztailean, Osakidetzako emergentzietako zentro koordinatzaileetako eta anbulantzia medikalizatuetako 88 txandatan ez da medikurik egon.

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuan gero eta gehiago ari dira egoera hauek pairatzen. Funtsezko zerbitzua izanik, ez da iristen ezarritako gutxienekoetara. Jada ohikoa da Emergentziazko deiari erantzuten zaion koordinazio-zentroetan beharrezko mediku guztiak ez egotea eta gero eta gehiagotan anbulantzia medikalizaturen bat medikurik gabe egotea.

Kudeaketa-taldearen antolamendu-faltaren eta lan baldintza duinen gabeziaren ondorioz, egoerak okerrera egin du udan.

Horrek guztiak akats larriak dakartza Emergentzia Sarean. Medikua duen talde batek artatu behar duen gaixoa, medikurik gabe artatzen da edo gehiago itxaron behar izaten du, askotan, gaixoaren egoera denboraren menpekoa denean.

Langileek estres handiagoko egoerak jasaten dituzte taldea osorik ez izateagatik, eta horietako batzuk txanda luzeak egiten dituzte horrek dakartzan arriskuekin.

Emergentziak Osakidetzako Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, SME, ESK eta UGT sindikatuek osatutakoak, Luisa Larrauri Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariari, Susana Lopez Altuna Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Alberto Martinez Ruiz Osasun sailburuari uztailean bete ez diren txanda guztien zerrenda bidali diegu, batez ere medikurik gabe egon direnak, eta zenbait profesional zerbitzua bete ahal izateko egiten ari diren txanda luzeena ere bai. Honekin batera, egoeraren berri eman eta erantzukizunak argitzeko eskatu zaie. Emergentziak bezalako funtsezko zerbitzu batean ezarritako gutxienekoak bete daitezen eta horrela, profesionalak arriskuan jar ez daitezen eta herritarrentzako kalitatezko arreta bermatu dadin.

Euskotreneko langileak Bilbon mobilizatu dira lankide baten kontrako erasoa salatzeko

Batzorde iraunkorraren deialdiari erantzunez, Euskotreneko langileek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Zazpi Kaleetako geltokiaren aurrean. Ekimen honekin, pasa den uztailaren 27an Zurbaranbarriko geltokian bidaiari batek euren lankide bati eraso egin ziola salatu dute.

Eraso horri arbuioa erabatekoena erakutsi nahi izan diote, eta baita langileek euren lanaldian jasandako eraso guztiei ere.

Gogorazi dute Euskotreneko langileek (esku-hartzaileak, geltokiko langileak, gidari agenteak, bezeroen arretako bulegoak) euren lanaldia “herritarren aurrean” egiten dutela eta erabiltzaileak informatu eta laguntzeko lan egiten dutela, baita garraio publikoaren erabilera zuzena izan dadin.

Adierazi dute erabat onartezina dela beraien lana egiteagatik irainak, mehatxuak edo erasoak jasotzen dituzten langileak egotea. Nabarmendu dute indarkeriazko jarrera hauek erabiltzaileen gutxiengo batek egiten dituela, baina kezkagarritzat jo dituzte. Harremanak hezkuntzan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituak izan beha direla ere gaineratu dute.

Adierazi dute erabat onartezina dela beraien lana egiteagatik irainak, mehatxuak edo erasoak jasotzen dituzten langileak egotea. Nabarmendu dute indarkeriazko jarrera hauek erabiltzaileen gutxiengo batek egiten dituela, baina kezkagarritzat jo dituzte. Harremanak hezkuntzan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituak izan behar direla ere gaineratu dute.

Zuzendaritzak hartutako azken erabakiaren aurrean, Cementos Rezolako langileek greban jarraituko dute

Enpresako zuzendaritzak asteartean, abuztuak 6, jakinarazi zuen mahai gainean dagoen EREari buruzko bere azken erabakia, eta 56 langileen kaleratzearekin aurrera jarraitu nahi du.

Horren aurrean, langileek gaur egin dute batzarra eta, aho batez, greban jarraitzea erabaki dute: “Akordio baterako baldintza izan da hasiera-hasieratik kaleratze traumatikorik ez egotea, eta ez da horrela izan”. Ez da bermatu irteerak borondatezkoak izan zitezen, eta, horrez gain, enpresak langile jakin batzuk kaleratu nahi ditu gainerakoak baino baldintza okerragoetan.

LABek argi dauka kaleratzeak efektibo egin arte enpresak bere erabakia alda dezakeela eta, zentzu horretan, borrokan jarraituko du lanpostuen eta enpresaren etorkizunaren defentsan.

Nafarroako Gobernuak aurrera jarraitzen du Merezimenduei buruzko Dekretuarekin, sindikatuon babesik gabe

Mahai Orokorrean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok Nafarroako Gobernuak defendatzen duen Dekretuaren aurka bozkatu dugu, CCOOk izan ezik, abstenitu egin baita. Horrela, sindikatuen inolako babesik gabe abiatu den Dekretua tramitatzen jarraituko du Gobernuak.

Ez da ezustekorik izan, eta Mahai Orokorrean sindikatu guztiok berriz adierazi ditugu gure argudioak, Gobernuak aurkeztutako Merezimenduen Dekretuaren aurka gaudela adierazteko. CCOO bakarrik abstenitu da, eta gainerakook aurkako botoa eman dugu, hainbat arrazoirengatik. Hemendik aurrera, prozedurak bere bidea egingo du, Gobernuak behin betiko onartu arte.

LABeko kideok Gobernuaren jokabidea salatzen dugu, langileen ordezkarien borondatearen gainetik hartu baitu erabakia, beste behin ere. Ohartarazi dugu lehenago ere: dekretu honek herritarren eta Administrazioko langileen eskubideen urraketan sakontzen du, eta ez du inola ere bermatzen herritarrek Administrazioarekin harremanak izatea Nafarroako hizkuntza ofizialetako batean.

Patronalak araudia ez betetzeak eta administrazioaren utzikeriak langileak erailtzen dituela salatu dugu

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Bilbon, Bizkaiko eraikuntza patronalaren aurrean, astelehenean Berangon lanean hil zen langilearen heriotza salatzeko. Izan ere, odolusteak ez du etenik, eta aurten gutxienez 35 langile hil dira lanean Euskal Herrian, langile bat sei egunean behin, laneko gaixotasunek eragindakoak kontuan hartu gabe.

Eraikuntzaren sektorean, gainera, behin eta berriz gertatzen dira istripu hilgarriak, bai altueratik erortzeagatik, bai materialen erorketagatik, baita lan-baldintzetatik eratorritako beste faktore batzuengatik ere. Eraikuntza patronalak horretan guztian ardura eta erantzukizun zuzena du.

Instituzioek, odol isuriaren aurrean, politika publikoak aldatu behar dituzte premiaz, osasuna eta bizitza lehenetsiz. Neurri erradikalak behar dira, hau da, arazoaren errora doazen neurriak: azpikontratazioa eta prekarietatea. Ikuskatzaile eta kontrol gehiago egon
behar dira. Patronalari ezin zaizkio tranpak doan atera; langileen osasun galerak eta araudia ez betetzea, alegia.

Faltsuki hitz egiten digute absentismoaz eta zifra tranpatiez, baina benetako gaitza lan osasunarena da: langileok osasuna eta bizitza galtzen dugu lanean. Horri buelta emateak izan behar luke lehentasuna administrazioarentzat eta gobernu duin baten agendan egon behar luke, baina, aldiz, gobernuak kapitalaren ta enpresen diru-gosera makurtzen direla agerikoa da.

Horrean aurrean, enpresen zigorgabetasunarekin amaitzea eta administrazioak beste aldera begiratzeari uztea exijitu dugu sindikatuok, eta osasuna, bizitza eta eskubide duinak aldarrikatu langileontzat.

Ayra Cardaneko enplegu erregulazio espedienteak 42 langileri eragin die

Duela urtebete, Ayra Cardaneko langileek jakin zuten bezero garrantzitsuenetako batek, Mercedesek, kontratua etengo zuela, eta, horrekin lotuta, produktibitatea jaitsi egingo zela. Urte osoan enpresak ez du konponbiderik bilatu, ezta arazo horri buruzko plan aringarririk egin ere, eta albistea jakin eta urtebetera, zehazki 2024ko ekainaren 28an, enpresak 42 kaleratze dituen ERE bat aurkeztu zuen, udako oporren atarian.

Hasieratik, LABek EREa bertan behera uzteko eskaera egin zuen, eta hainbat mobilizazioren bidez presioa egiten hasteko proposamena mahaigaineratu zuen, beste irtenbide batzuk egon zitezkeela jakin baikenuen.

Ayra Cardaneko arazoa bi zatitan bana genezake: alde batetik, Mercedesen joanarekin sortu zen egiturazko arazoa izango genuke, eta, bestetik, unean uneko arazoa, salmenten beherakadak eragindakoa. Argi daukagu enpresak “irtenbide” neurrigabea, partziala eta guztiz interesatua sustatzeko baliatu duela egoera; izan ere, guk argi daukagu beste irtenbide mota batzuk ere bazirela, eta LABek alternatiba horiek proposatu eta borrokatu ditu behin eta berriz; adibidez, malgutasun- neurriak eta beste asko. Era berean, uste dugu gertatu dena gaur egun bizi dugun kapitalismo basati eta eskrupulurik gabekoaren beste adibide garbi bat dela, non langileen kolektiboa ez den errespetatzen, ezta aintzat hartzen ere. Haien lan indarrarekin eta izerdiarekin egunero altxatzen duten enpresak, beste behin ere, bizkarra eman die, eta langile-klasea da kolpeak jasan dituena.

Enpresak bere kartak jokatu ondoren, UGT eta CCOO sindikatuek enplegu erregulazio espedientea sinatu zuten, eta, horren ondorioz, 42 langilek beraien lanpostuak galdu eta kalera joan dira.

Milaka jakinarazpen trabatuta daude Correosen, langile faltagatik

LABek Arabako Correosen duen atal sindikalak salatu du Correoseko zuzendaritza berriak egindako murrizketak eta kontrataziorik egin ez izanak kaosa sortu duela posta banaketan. Are gehiago orain, udan, oporretan dauden langileak ez baitira behar bezala ordezkatzen ari.

Banatu gabeko milaka bidalketa daude Gasteizen, Lautadan, Añanan, Gorbeialdean eta abar, oporretan edo bajan dauden langileak ez direlako ordezkatuak izaten ari. Badira hilabetez baino gehiagoz banaketarik egin gabe dauden zonaldeak. Horri gehitu behar zaio enpresarentzat lehentasuna paketeria jakin bat banatzea dela, jakinarazpenen banaketa alde batera utziz, herritarrentzat oro har oso garrantzitsuak izan arren.

Langileei esaten zaie urtean milaka milioi euro gordin fakturatzen dituzten enpresa multinazionalen paketeak banatzea lehenesteko, eta, bitartean, jakinarazpen ofizial, mediku-hitzordu, epaitegietako jakinarazpen, burofax eta enpresa txiki edo partikularren paketeen banaketa etenda geratzen da. Galdera egin beharrean gaude: posta zerbitzu unibertsala betetzen du ala zergarik ordaintzen ez duten Internet bidezko enpresa erraldoien interesak asetzen ditu Correosek?

Correosek ia kontrataziorik ez du egin oporraldian, eta bajak ez dira ordezkatu, eta, gainera, aipatutako enpresa horien interesak interes orokorraren gainetik jartzea erabaki du. Hori dela eta, kaosa sortzen ari da zerbitzu publikoan. Milaka jakinarazpen trabatuta daude Correosen. Bi adibide jartzearren: abuztuaren hasieran 8.000 jakinarazpen baino gehiago pilatuta daude Zabalgana, Sansomendi eta Lakua auzoei dagokionez, eta 6.000 baino gehiago Txagorritxu, El Pilar, Errota eta Zaramagako zonaldean.

Zerbitzu publikoek giza beharrei erantzun behar diete, eta ez errentagarritasun ekonomikoari, eta inondik ere ez lukete multinazionalen zerbitzura egon behar. Correosek behar bezalako plantilla izan behar luke posta zerbitzu unibertsala behar bezala bermatzeko, herritarren eskubidea baita. Horregatik, lan baldintza duinak eta posta publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzen ditu LABek.