2026-06-18
HomeIdazkaritzakLABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez...

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku hau modu zehatzean identifikatzea eskatzen du, bai prebentzio planean eta bai arriskuen ebaluaketan, eta hari neurri prebentiboak ezartzea, formakuntzatik hasita. Jarraian, horiek huts egingo balute, indarkeria matxistaren protokoloen aplikazioa letorke. Logika prebentiboa borobiltzeko, osasun zaintzako sendagileek galdeketa zehatza egingo liekete emakumeei, indarkeria matxista zantzuak identifikatu ahal izateko. Halakorik balego, osasun zaintzako sendagileek Osalani jakinaraziko liekete, enpresaren esku gaia utzi gabe, biktimaren berbiktimizazioa ekiditeko. Neurri hori ezartzeak Osalanen eta lan ikuskaritzaren teknikariak ere prestakuntza espezifikoa jasotzea eskatzen du.

Laburbilduz, atal teknikoaren integrazioa lan ikuskaritzaren eskumena denez, hari luzatzen zaio proposamena enpresetan betearazteko eskaera. Halaber, osasun zaintza Osalanen eskumena denez, Osalani eskatzen zaio haren inplementazioa betearazteko enpresetan.

Istripu-tasa
2024a ere urte latza izaten ari da Euskal Herrian lan istripuei dagokionez. Bistan da urteetan Eusko Jaurlaritzak inplementatu dituen lan osasunerako politikak antzuak eta hutsalak izaten ari direla eta plan guztiek porrot egin dutela; datuek eta heriotzek hala berresten dute. Datu ofizialek bajadun istripuen %6ko igoera aurreikusten dute iazko datuekiko, azarora bitarte. LABek gogorarazi nahi du 2024an dagoeneko 61 langile hil direla lan istripuetan eta laneko gaitzen errealitatea ezkutaturik dagoela enpresen mutualitateen joko zikinaren erruz.

Eskaera zuzena luzatu du LABek: Jaurlaritzak garatu dezala ikuskaritza gaitasun osoa eta handitu dezala ikusikari kopurua, Europako estandarrak berdinduz, gutxienez. Enpresek erakutsi dute azken hiru hamarkadetan ez dutela lan osasunaren araudia borondatez betetzen; behartuta bete dezatela, orduan.

Akten afera
LABentzat ez da erraza izaten ari Osalanerako itzulera. Izan ere, bileretako aktek ez dute jasotzen bertan eztabaidatutakoa. Bada joera bat eztabaidak eta desadostasunak ezkutatzeko, eta, hala, kontseiluaren adostasun giro ez erreala irudikatzeko. Hainbat helegiteren ostean, eta aktek bide bera jarraitzen dutenez, LABek etorkizunean ez du sistema hori onartuko eta bileren transkripzioa eskatu du, beste instituzio batzuetan egiten den bezala, arazo horiek ekidin daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.