2025-12-19
Blog Page 1094

Koldo Fernández LABeko delegatuaren berronarpena exijitzen dugu

0


Koldo Fernández LABeko delegatuaren berronartzea eta Carrefourrek egiten duen jazarpen sindikala salatzeko mobilizaziotan jarraitzen dugu. Gaur Zabalburu eta Atxuriko saltokietan izan gara gure kideari babesa eman eta lan eskubideak urratuak izan ez daitezen exijitzen.

{linkr:related;keywords:carrefour;limit:5;title:Albiste+gehiago}

 

 

 

Alternatiben Herria bultzatzeko Crowdfunding-a martxan da

0


Alternatiben Herria bultzatzeko CROWDFUNDINGa martxan da, egin gaitezen #alterlaguna

Alternatiben Herria ekimenari bultzada emateko Crowdfunding-a (babes kanpaina) martxan da.

Kanpainak Alternatiben Herria ekimena aurrera ateratzeko laguntza ekonomikoa zein partehartze zuzena bilatzen du.

Guzion partehartzea ezinbestekoa da.
Egungo sistemaren aurrean alternatibak badirela erakutsi eta bultzatu beharra dago.

Denon artean lortuko dugu.
Egin gaitezen #alterlaguna.

ALTERNATIBEN HERRIA

LABek MSFren Europar Bulegoaren idazkaritzaren bileran parte hartu du

0


LAB Munduko Sindikatu Federazioak Europan duen bulegoaren idazkaritzak Txekiar errepublikako Praga hirian Irailak 10ean egin zuen bilkuran izan zen. Bilkura honetan Grezia, Txipre, Italia, Portugal, Euskal Herria, Txekiar Errepublika, Serbia eta Austriako ordezkaritzek hartu dute parte.

Bilkura honetan Europako nazio desberdinetan langileok jasaten ari garen egoera, beste batzuen artean, izan dira aztergai. Enpresa handiek beraien etekinak ziurtatu eta handitzeko langileen gain jarri dituzte krisiaren ondorioak. Horrela, lehen behinbetiko ziren lan kontratuak behinbehineko bihurtu, jardunaldi osokoak aldi bateko lanaldia eta guzti hau gutxi ez balitz, negoziazio kolektiboa erasotu eta soldata murrizketen bitartez lanaren prekarizazioa Europar herrietan bazter guztietara zabaldu da.

Horren ondorioz, egunetik egunera aberatsak aberatsago dira, langileak pobreagoak gara eta bizi irauteko ditugun arazoak ugaritzen zaizkigun bitartean. Bestalde, langileek eskubide eta lan baldintzen hobekuntzaren alde borrokatzeko tresna diren sindikatuen aurkako kriminalizazio prozesuak ere ohikoak dira Europaren zehar. Agerian geratu da egungo sistema ekonomiko eta politikoek kapitalismoak ziklikoki sortzen dituen krisiak baliatzen dituela ereduan sakontzeko eta herrien eta pertsonen subirotasunaren aurka egiteko. Greziar herriari inposatutako memorandum berria honen adierazlerik honena da.

Egungo sistema ekonomikoaren sakontze prozesu horretan ulertu behar dira TTIP eta TISA bezalako nazioarteko akordioak ere. Beste ondorio askoren artean akordio hauen bitartez Europar Batasuneko nazioen subirotasuna kolokan jartzen da. Enpresa transnazionalek europar herriek gara dezaketen edozein gizarte politikaren aurka joatea posible izango dute. Enpresen interesak herrien interesen gainetik ipintzen dira.

Inperialismoak ere izan zuen bere garrantzia bilkuran. Hurrengo hilabeteetan europan inoiz egin diren ariketa militar handienak egingo ditu NATOk Iberiar Penintsulan. Euskal Herriari dagokionez kurtsu hontan gure iritsiaren aurka gerra eta inperialismo estrukturan sartu gintuztela 30 urte beteko dira.

Estatu Batuek, Europar Batasunaren laguntzaz, eta NATOren babespean egin dituen interbentzioak aztergai izan ziren. Horrela, afrika iparraldean eta Ekialde hurbilean sortutako egoerak bertako biztanleengan izandako ondorioak mahai gainean izan ziren. Ukrainianiako gatazkak ere izan zuen bere txokoa. Agerian geratu da Europar Batasuna ez dela gai izan Errefuxiatu ekonomikoei erantzun egokia emateko, eta egun indar inperialisten sortu eta bultzatu dituzten gerrateetatik ihesi datozen herritarrei bizkarra eman diela.

Aipatzekoa da aurtengo urriak 3an MSFa sortu zeneko 70. urteurrena ospatuko dela. 1945ean sortu zuten MSF, II. Mundu gerratearen amaieran. MSFak lehengo eta urte askoren zehar izan zuen nazioarteko egoitza Praga hirian kokatua egon zen. Honek balio sinbolikoa erantsi dio Praga hirian EUROFek eginiko bilkurari.

Bestalde, aurtengo urria asmoarekin Nazioarteko sindikatuen konferentzia izango da Brasilgo Sao Paulo hirian. Brasilgo CTB sindikatu konfederazioa izango da horren antolatzailea.
 

 

 

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko Hitzarmenaren negoziazioa exijitzeko elkarretaratzea

Hedatzen patronalari eta Gipuzkoako Aldundiari Esku Hartze Sozialeko Hitzarmenaren negoziazioa eman dadin exijitzeko udaran hasitako dinamikari jarraipena emanez, sektoreko sindikatuek, LAB tarteko, kontzentrazioa burutu zuten atzo Donostian.

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko herrialdeko hitzarmenaren negoziazioari 2014ko abenduan eman zitzaion hasiera. Otsailan LAB, ELA eta CCOO sindikatuok plataforma bateratua aurkeztu genuen, baina orduztik, nahiz eta hilabete asko pasa, Hedatzen Patronaletik ez dugu gure aldarrikapenen inguruan erantzun orokor bat jaso. Negoziazioaren blokeoaren aurrean, eta hau aktibatzeko helburuarekin, mobilizazio dinamika bati hasiera ematea erabaki genuan.

 

 

 

Zerbitzu publikoak berreraikitzeko prozesu parte hartzailea abian jarriko du LABek


LAB sindikatuko ordezkariek Mahai Orokorrari begira langileen aldarrikapenak zehazteko datozen asteetan burutuko duten prozesu parte hartzailea aurkeztu dute. Era berean, Nafarroako Goberuari eskatu diote izendapenetako batzuk berrikusi, adiskidekeriarekin amaitu eta langileen parte hartzerako bideak ireki ditzan. 

Prozesu parte hartzailea: Ekin lanari, ekin zerbitzu publikoen berreraikuntzari!

Gobernu aldaketarekin batera, zerbitzu publikoekiko politika aldatu beharra dago. Murrizketa, enplegu suntsiketa eta pribatizazioen garaiaren ostean, zerbitzu publikoen berreraikuntzari ekitea beharrezkoa da, nafar herritarren beharren araberako eredu propioa garatuz. Era berean, negoziazio kolektiborik gabeko eta Gobernuaren alde bakarreko inposizioen garaiaren ostean, langileen aldarrikapenak entzun eta aintzat hartzeko unea da. Hemendik gutxira osatuko den Mahai Orokorra bi ardatz horietan kokatu behar dela uste dugu: zerbitzu publikoen berreraikuntza eta lan baldintzen hobekuntza.

Maiatzean langileek babes handia eman zioten LAB sindikatuari aipatutako lan horiei aurre egiteko. Orain LABek lanari ekingo dio. Langileekin batera lan egingo dugu, eskuz esku, lan baldintzak nahiz zerbitzua hobetzeko, bai orokorrean baita eremuz eremu ere. Ildo honetan, Mahai Orokorrera eta, ondoren, Mahai sektorialetara eramango ditugun aldarrikapenen definizioan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu langile guztiei. Bi bide ahalbidetuko ditugu horretarako. Alde batetik, hurrengo astetik aurrera formularioa bete daiteke www.infoadm.org helbidean. Beste alde batetik, formulario hori langokietan banatuko ditugu, horiek jasotzeko postontziak jarriz. Urriaren amaiera arte jasoko ditugu erantzunak eta emaitzak web gunean jarriko ditugu.

Gobernu berriari eskariak: izendapenak berrikusi, adiskideriarekin amaitu eta langileen parte hartzea sustatu

100 egun itxaron ohi da edozein Gobernuaren lana behar bezala baloratzeko eta Gobernu honek ez du gutxiago merezi. Ez da gure asmoa, beraz, Sail ezberdinetatik abiatutako politika aztertzea. Alabaina, administrazioari begira erabakiak hartzeko moduaz mintzatzera goaz, gure ustez modu hori zuzendu ahal eta behar delako.

Lehenik eta behin, hasierako 100 egun hauetan, Akordio Programatikoa garatu ahal izateko egitura finkatu eta aldaketa gidatuko duten ekipoak osatu egin behar dira. Hona hemen, gure ustez, beharko litzatekeen profila burutzetarako: gaitasun teknikoa, konpromiso soziala eta jarrera asertiboa lan harremanetan. Alabaina, irizpide hauek ez dira betetzen hainbat Sailetako izendadpenetan. Aurreko administrazioko hainbat burutza mantentzea ez litzateke tabu izan beharko, beti ere aipatutako irizpideak betetzen badira; arazoa zera da: mantendu diren karguetako batzuk ez dute ez gaitasunik, ez konpromisorik ezta asertibitaterik ere.

Bigarrenik, bere kargu langilerik ez duten burutzak ezabatzeko erabakia begi onez ikusten dugu, burutza horiek Erregimenaren klientelismoa elikatzeko erabili baitira. Aipatutako irizpide hori eremu guztietan bete dadin ziurtatuko du LABek. Eta administrazioaren egitura arindu dadin ere eskatuko dugu.

Hirugarrenik, antolakuntza aldaketa garrantzitsuak ordezkaritza sindikalarekin adostu beharra dagoela uste du LABek. Era berean, langileek euren gainetik dauden burutzak hautatzeko prozesuan hitza eta erabakia izan behar dutela uste dugu. Alabaina, Gobernuak ez du horrelako prozesurik ahalbidetu orain arte. Jakin badakigu zaila dela, 30 urtetako Erregimenaren ostean, Gobernu berri bat egituratzea, baina era berean uste dugu parte hartzea irizpide ezinbestekoa izan behar duela Aldaketaren Administrazioan. Horregatik, prozedura parte hartzaileak bere egin eta horietan formatzeko deia egiten diogu Gobernuari eta sail ezberdinei. Era berean, 18 hilabete baino lehenago langileek oinarritik gertuen dauden burutzak (negoziatu, atal nahiz zebitzuburuak) babesten dituzten ala ez ebazteko prozedura ahalbidetu dadin eskatzen dugu.

 

 

 

Euskal babes eta Gizarte Segurantza sistema lortzeko benetako konpromisoak eskatzen dizkio LABek Jaurlaritzari

Euskal babes eta Gizarte Segurantza sistema lortzeko benetako konpromisoak eskatzen dizkio LABek Jaurlaritzari. Bietako bat, edo Erkoreka eta EAJ ez dira jabetzen, zalantzan jartzen duguna, edo adarra jo nahi digute. Lotsagarri deritzogu, orain, euskal Gizarte Segurantza gauzagarria dela dioen txosten bat publiko egitea prentsaurreko bidez. Gainera, euskal gizartearen, pentsiodunen, behar handien dutenen eskariak gauzatzeko neurririk ez du jasotzen, eta ez da neurririk hartzen ere adineko pertsona pobreei eta hilabete amaierara irits ezin direnei gutxieneko pentsioa ezartzeko.

Erkoreka jaunari eta Gasteizeko Jaurlaritzari gogorarazi nahi diegu LABek 2010. urtean honi buruzko txostena (“Gizarte Segurantzaren euskal sistemaren alde”) aurkeztu zuela, eta 2012. urtean, berriro, “orain eta bertan” lelopean, gure pentsioak bermatzeko ekarpena egin zuela, Gizarte Segurantzaren Euskal Sistema Publikoa, eta Gasteizeko Legebiltzarrean zein Iruñeko Parlamentuan eztabaida zezaten dei egin geniela. Baina ez zuten ezertxo ere egin, eta oraingoan, txosten bat ekarri digute euskal hiritarrek benetan behar dutena atzeratzeko: Hitz gutxiago eta ekintza gehiago!

Gelditasun honi gehitu behar diogu Espainiako Estatua pentsioak murrizten jarraitzen duela. Horren azken adierazgarri, alarguntze pentsioena. Erabaki horiek Espainiako estatuari badagozkio ere, eta pentsioek balioa galdu behar dutela erabaki duen arren — soldatekin eta langabezia sariekin egin zuen antzera— ez neurririk, ez ekimenik bideratzen ez duen Eusko Jaurlaritzarekin egin dugu topo, zeina herri-presioak eraginda bakarrik mugitzen den. Gogora dezagun, EAEn horrenbeste miresten den Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta euskal gehiengo sozio-sindikalak sustatu zuen eta Eusko Legebiltzarrak murriztu zuen Herri Ekimen Legegile baten ondorio izan zela.

Geureari eusten diogu, Gizarte Segurantzaren Sistema honek, gaur gaurkoz, ez ditu betetzen Euskal Herrian bizi garenok dauzkagun babes-premiak. Ez ditzakegu onartu prekarietate eta babesgabetasun handiagoa ekar ditzaketen erabakiak. Ez dezakegu jarraitu Madrilek ez duela betetzen aditzen, eta pentsiodunek, adinekoek, batik bat emakumeek, izan daitezen berriro ere murrizketak pairatuko dituztenak.

Berezko gizarte-babes sistema izatea eta hura abiaraztea premiazkoa da. Horretarako, LABek Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, txostenak lantzeaz gain, neurriak eta konpromisoak har ditzala, bertan eta orain, Babes Sozialerako Euskal Sistema lortzeko helburuarekin.

 

 

 

Mutualiari eta Hezkuntza Sailari ezarri zigor-epaiak LABek salatu zuena baieztatzen du: haurdun dauden emakumeak baztertzen dituzte

Epai batek frogatutzat ematen da Mutualiak eta Hezkuntza Sailak pertsona horiek behartzen dituztela sistema publikora jotzera medikuaren baja hartzeko eta prestazioa jaso ahal izateko. Gure aburuz, gizarte segurantzari egiten zaion iruzur ekonomiko batez ari gara. Izatez, azken horri dirua itzultzera zigortu baitute.

Joan de ikasturtean LABek salatu zuen Mutualiak burutzen duen bazterketa, haurdunaldian arriskuko lanak egiteagatik bideratu behar diren prestazio ekonomikoen harira.

LABek antzematen zuen Mutualiak automatikoki lanaldi murriztuan ziharduten emakume-langileei prestazioa ukatzen ziela, lanpostu horiek, zatiko arduraldikoak zirenez, ez zutela inolako arriskurik eragiten argudiatuz.

LABek jarduera horien arduradunak salatu zituen: Mutualia eta Hezkuntza Saila.

Gogoan dugu oraindik Hezkuntza Sailak ez dituela osatu arriskuen ebaluazioak, eta horiek direla oinarritzat hartzen direnak. Bestalde, gure iritziz, Hezkuntza Saila Mutualiaren erantzulea da, onartu duelako eskubide osoko prestazioa ukatu izana, eta ukatzeko erabili duten argudioa ez delako arriskuen prebentzio legean oinarritu.

Oraingoan abalatzen da, bi eragile horiek aurkako zigor-epaiak aginduta, LABek arrazoia zuela. Epai horretan frogatutzat ematen da Mutualiak eta Hezkuntza Sailak pertsona horiek behartzen dituztela sistema publikora jotzera medikuaren baja hartzeko eta prestazioa jaso ahal izateko. Gure aburuz, gizarte segurantzari egiten zaion iruzur ekonomiko batez ari gara. Izatez, azken horri dirua itzultzera zigortu baitute.

Era berean, begi-bistan geratzen da Mutualiaren eginkizuna, Prebentzio Legea betetzeari dagokionez, ardurak saihesten dituen Sail baten adar betearazlea izatean datzala, eta honen zergatiak ekonomikoak direla bakarrik.

Horrengatik LABek eskatuko du Hezkuntza Sailak berehala eten ditzala haren harremanak Mutualiarekin, eta gertakizun arruntei zein lanekoei sistema publiko baten bitartez erantzun diezaiela.

Azken finean, hori delako, gaur egun, Mutualiak eta Hezkuntza Sailak egiten dutena, baina modu ofizial batez.

 

 

 

Alternatiben Herria bultzatzeko crowdfunding-a martxan da, egin gaitezen #alterlaguna

Gaurtik aurrera eta datozen 40 egunetan Alternatiben Herria ekimenari bultzada emateko crowdfunding-a (babes kanpaina) martxan da. Kanpainak Alternatiben Herria ekimena aurrera ateratzeko laguntza ekonomikoa zein partehartze zuzena bilatzen du. Guzion partehartzea ezinbestekoa da. Egungo sistemaren aurrean alternatibak badirela erakutsi eta bultzatu beharra dago, denon artean lortuko dugu. Egin gaitezen #alterlaguna.

 

 

 

LABek gaur goizean Otxandion izan diren atxiloketak salatzen ditu

0

LAB sindikatuak, gaur, hilak 15, goizaldean Guardia Zibilak Otxandion egindako atxiloketak salatzearekin batera hauek lehenbailehen libre uztea exigitzen du. Horrez gain Miren Soloeta eta Amaiur Lopez de la Calle LABeko kideei eta beren senide eta lagunei besarkada bero bat helarazi nahi die.

Denbora da Euskal Herrian fase politiko berria ireki zenetik. Euskal jendarteak bere bidea jorratzeko desio eta borondatea duen honetan, zoritxarrez, Estatu Espainolak gatazkaren konponbide demokratikoa blokeatu ezezik, erasotzeko jarrera irmoarekin jarraitzen du. Euskal Herriak eskatzen duen aro berriaren aurrean espainiar Gobernua garai berriak eskatzen dituen erantzun moldeak bilatzen eta jorratzen ibili beharrean errezeta zaharretan tematutzen da. Bake prozesuari, gatazkaren konponbide demokratikoari berriro galga jarriz.

Euskal jendarteak ez du inondik inora ulertzen, ez eta babesten, Estatuaren aldetik dagoen erasorako jarrera zentzugabea. Euskal Herriak, Madrilgo Gobernuari arduraz eta heldutasunez jokatzeko eskatzen dio. Estrategia erasokor honekin jarraitzea, herri oso baten eskaerari bizkar emateaz haratago, herri honen eskubideen ukazio sistematiko batean sakontzea da.

Ez dugu prozesuaren aurkako erasorik onartuko. LAB sindikatutik, gatazkaren erresoluzioari traba besterik egiten ez dioten atxiloketa hauek gogor salatzen ditugu. Gatazkaren Konponbidea burura eraman ahal izateko denon inplikazioa beharrezkoa dela gogorarazi nahi dugu eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko tenorea dela deritzogu. Denon lana eta ekarpena beharrezkoa izango da gatazka gainditzea lortu nahi badugu.
Honekin batera, LABek Euskal Herriko langile eta herritarrei dei egiten die atxiloketa hauek salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.