2024-04-18
HomeEkintza Sindikala1.200euroko gutxieneko soldataren aldeko borondate politikoa eskatu diogu Legebiltzarrari

1.200euroko gutxieneko soldataren aldeko borondate politikoa eskatu diogu Legebiltzarrari


Gaur, hilak 29, Garbiñe Aranburu, Ekintza Sindikaleko Idazkariak Eusko Legebiltzarreko enplegu batzordean parte hartu du. Bertan langileok pairatzen dugun errealitatearen argazkitik abiatuta 1.200ko gutxieneko soldata aldarrikatzeko ditugun arrazoiak azaldu ditu. Hain zuzen ere "justizia kontua da, bizitza duina bermatzeko lehentasunezko neurri bat da".

Gaur egungo egoeraren argazkia eginez hasi du Garbiñe Aranburuk bere interbentzioa, "egoera sozial eta laboral oso larria dugu”. Azken urteetan lan harremanen egoera goitik behera aldatu da. Erreformaz erreforma eskubide indibidualen kontra egiteaz gain langileok gure eskubideen defentsarako bitartekorik gabe utzi gaituzte, besteak beste negoziazio kolektiboa erasotuz.

Pobrezioari ateak zabaldu dizkiote

Hau guztia kapitalaren mesedetan egin dute. Aberatsak gero eta aberatsago izaten jarrai dezaten. Garbiñe Aranburuk emandako datuen arabera 2011tik 2015era, “krisialdian” bete betean ginen bitartean %40,2 igo da milionario kopurua. Langileontzat aldiz ondorioak oso bestelakoak izan dira: langabezia, prekarietatea eta pobrezia izugarri hedatzen ari dira.

Orain hazkundeaz, ekonomiaren errekuperazioaz hitz egiten hasi da patronala, instituzioetatik ere entzun izan dugu horrelako mezurik. Baina kaleko jendeak, langileok, ez dugu nabarituko hazkunde hori. Prekarietatean sakontzen jarraitzeko oinarriak jarri dira eta bide honetatik jarraituz herri hau gero eta pobreagoa izango da.

Langile pobreak gero eta gehiago dira, egun lanera joateak ez du bizitza duin bat bermatzen. Datuei begiratzea besterik ez dago “Europa Batzordeak eta OCDEk "soldata baxu" izendatzen dituztenen azpitik daude lanaldi osoko kontratua dutenen %15 eta hauei lanaldi partzialeko kontratu inposatua duten langile kopurua gehitzen badiogu %30era igotzen da” azaldu du Aranburuk. Horrela, soldata baxua RGIarekin osatu behar duten langileen kopurua gorantz doa.

Langileei hitza eman

LABentzat lehentasunezko borroka da langabezia, prekarietate eta pobrezia egoera sozial larri honi aurre egitea. Horregatik, enplegu duinaren aldeko borroka egitea gure ekintza sindikalaren helburu nagusia da.

Kurtso honetan zehar inkestak egin ditugu. 3400 inkesta egin ditugu gabiketa, ostalaritza, telemarketing, kolektibitate edota merkataritza sektoreetan. Sektore prekarioak eta feminizatuak dira horiek. Era berean, 500 galdeketa egin ditugu industriako enpresa txikietan eta 1500 inkesta sektore publikoko langileen artean. Guztira 5400 inkesta izan dira, ondorio batzuk ateratzeko bide eman diguna.

Emaitzak oso argiak dira: langileen artean kezka eta beldurra da nagusi, enplegua galtzeko beldurra eta enpleguaren prekarietateak sortzen duen kezka. Inkesta bete duten langileen artean %80tik gora dira beren lan baldintzak prekarioak direla uste dutenak. Eta prekarietate horren adierazlerik nagusiena soldatak dira. Soldatekin batera, kontratuaren nolakotasunari (behin behinekoak, partzialak, ETTak…) edota lanaldiaren antolaketari loturikoak agertzen dira, batez ere malgutasunaren erabilpen okerra. Eta noski, guzti honekin lotura zuzena duen negoziazio kolektiboaren blokeoa ere bai.

Baditugu alternatibak

Aranbururen esanetan “gure ustez urgentziazkoa da neurriak hartzea, agenda politikoaren erdigunean egon beharko luke arazo honek”. Hainbat neurri hartu daitezke enplegua sortu eta duintzeko eta norabide horretan LABek proposamen zehatzak egin ditu, hala nola ekainean aurkeztu berri dugu LAN HARREMANETARAKO ETA BABES SOZIALERAKO EUSKAL EREDUAREN ALDEKO PROPOSAMENA, baita zerbitzu sektoreetako langileek egin dituzten aldarrikapenak ere, Legebiltzarrean bertan aurkeztu genituenak.

Soldata da kezka elementu nagusietako bat da eta horregatik gure aldarrikapenen artean dago 1.200 euroko gutxieneko soldatarena. Guztioi bizitza duina bermatzeko lehentasunezko neurri bat da. Egun indarrean dagoen Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bikoiztu egin beharko litzateke kopuru horretara iristeko.

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata estatuaren eskumena da, baina gure ustez “hori ezin da aitzakia izan hortik gorako gutxieneko soldatak defendatzeko”. Ez dago muga legalik hortik gorako erreferentzia bat ezartzeko eta 1200 euroko gutxieneko soldatak bermatzeko. Ez dago arazo legalik, “dagoen arazoa borondate falta da”. Adibidez lanbidearteko akordio bat bultzatu daiteke, adibidez, 1200 eurotan ezartzeko gutxieneko soldata.

Erabaki politikoak hartzeko ordua

Arazo politiko larri baten aurrean gaude. Erabaki politikoek ekarri gaituzte hona, eta noski, patronalaren jarrerak, legea eskutan, langileei zukua ateratzeko dituen aukera guztietan baliatzen den patronala dugulako. Horregatik, “pentsatzen dugu eragile politikoek ere beren lehentasunen artean izan beharko luketela jendartearen gehiengoaren interesak defendatzea, gutxi batzuen interesen gainetik”.

Eragile politikoek, eta erantzukizun handiagoz ardura instituzionalak dituztenek, eredu baten edo bestearen aldeko hautua egin behar dute. Erabaki egin behar dute, CONFEBASKek izan behar duen politika ekonomiko eta laborala zuzentzen duena eta politika horiek babesten jarraituko duten, ala orain arteko politiken norabidea aldatuz pertsonak erdigunean kokatu eta justizia sozialaren alde egingo duten.

LABetik mobilizatzen jarraituko dugu, mobilizatzen eta enplegu duinaren aldeko proposamenak egiten. Justizia kontua da eskatzen ari garena eta gure ustez instituzioen erantzukizun zuzena da herritarrak pobreziara ez kondenatzea. 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea horretarako neurri garrantzitsua da.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.