2026-01-27
Blog Page 1089

Gure ekintza sindikala berritzera goaz

LABen Nazio Komiteak ezohiko agerraldia egin du gaur datozen hilabeteetako ekintza-sindikaleko dinamikaren barruan egingo dituen ekimenak aurkezteko. Garbiñe Aranburuk ekintza-sindikaleko idazkariak egoeraren diagnostikoa egin du, prekarietatea nagusi den egoera deskribatuz. Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, bere aldetik, sindikatuak datozen hilabeteotan egingo dituen ekimenak aurkeztu ditu.

Erreformek utzi diguten panorama deskribatu du, egoerarik makurrenak erreformak aplikatu ondoren ematen direla nabarmenduz. Batetik, enplegua suntsitzen jarraitzen dute, irabaziak dituzten enpresetan ere, adibidez, Kutxabanken. Bigarrenik, erreforma berrien hotsak entzuten dira, pentsioena eta lan-merkatuarena esaterako. “Erasoen garaia ez da amaitu”. Egoera honetan, EAJren esku dagoen Eusko Jaurlaritza Madrildik, PPren eskutik datozen neurri suntsitzaileei babesa emateko prest egotea, benetan larria dela nabarmendu du.

Egoera honi aurre egiteko gako desberdinak planteatu ditu. Lana eta langileak espekulatzaileen gainetik jartzea, egun ikusten ez diren enplegu politika eraginkorrak martxan jarriz. Bestetik, prekarietatea behingoz murrizteko neurriak hartzea, bost ardatzen inguruan koka litezkeenak: enplegua banatzeko, 35 orduko lan-astea; 1.200 eurotako gutxieneko soldata; aukera berdintasuna, euskara eta hizkuntza-eskubideak eta lan-osasuna bermatzea.

“Prekarietateari aurre egin diezaiokeen bakarra langileon antolaketa” izanda, duela hilabete batzuk sindikatuak planteatu zuen “Zure ESKUbideak, actívate por tus derechos” dinamikaren urrats berriak aurkeztu ditu.

Aurrera begira, azaroaren 12an sindikatuko delegatuak Bilbon elkartuko dituztela gaineratu du, prekarietatearen “negu gorriari” aurre egiteko sindikatuak prestatu duen bide-orriaren baitan.


 

 

Irish Chains-eko langileek lan uzteak egingo dituzte lan hitzarmenaren alde

0


Gipuzkoako Siderometalurgiako hitzarmena (2010-2011) aplikatzeko Lan Harremanetarako Kontseiluan egindako hainbat ahaleginen ondoren, IRIS CHAINS, SLeko langileek lan uzteak egiteko deia egin dute. Urriaren 8an langileek egindako asanbleadan ez zuten enpresaren azken proposamena onartu eta lan uzte partzialak egiteko erabakia hartu zuten. 

 

 

 

Euskal Sistema Finantzario Publikoaren agerraldia Gasteizko Legebiltzarrean

Atzo Euskal Sistema Finantzario Publikoaren aldeko eta Euskal Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataformako kideek agerraldia egin zuten Gasteizko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontuen Batzordean, Aurrezki Kutxa eta Banku Fundazioen lege proiektuaren aurrean euren iritzia emateko. Plataformaren izenean, Txomin Lorca eta Mikel Noval izan ziren agerraldian. 

Euskal Sistema Finantzario Publikoaren aldeko
eta Euskal Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataforma

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxa
eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektuaren kritika

Plataforma osatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok berretsi egiten dugu euskal kutxak likidatu eta banku bat sortzea, zeinaren jabegoa akziodun pribatuen esku geratuko den, euskal jendarteari egindako iruzurra dela.

Salatu dugunez, prozesu hau babesten duten alderdi politikoek ez dute eman ezta arrazoi bakarra ere euskal ekonomiaren eta herritarren aldekoa izango litzatekeela justifikatzeko.

Alternatiba bideragarriak proposatu ditugu, baita ordezkatzen dugun gehiengo sozial eta sindikala aintzat har dezatela exijitu ere, gure herriari funtsezko tresna baten gaineko kontrol publiko eta soziala kendu baino lehenago. Funtsezkoa, diogu, enpresa txiki eta ertainei eta pertsonei kreditua errazteko. Hala izan ohi da beste herrialde europar batzutan.

Beti oztopo bera izan dugu aurrez-aurre: EAJ, PP eta PSEren erabakia. Hauen xedea banku handien eskariak betetzea baino ez da, eta Euskal Kutxen gordailupean dauden milaka milioi euro akziodun pribatuen esku jartzea.

EAJk, PPk eta PSEk zorrotz jarraitzen diote markatutako bide-orriari. Estatuko Kutxen legea erreformatu dute; Kutxak likidatu eta Fundazio bihurtu dituzte, eta hauteskundeak igarotzeko zain daude, desinbertsioari eta akzioen salmentari ekiteko.
Orain, Kutxak-Kutxabanken pribatizazioa are atzeraezinagoa izan dadin, Euskal Kutxen Legea aldatzeko prozesua hasi dute: horretarako aurkeztu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxa eta Banku-Fundazioen Lege-aurreproiektua.

Behean sinatzen dugun erakunde sozial eta sindikatuok lege-aurreproiektua erretira dezatela eskatzen dugu, honako arrazoiengatik:

EAEren arau-eremuan Euskal Kutxen likidazio-egiaztagiria besterik ez da. Hauek banku-fundazio bihurtu dituzte, eta beren banku-negozioa Kutxabanki eskualdatu diote. Horrela, Lege honen eremutik kanpo geratu dira.

Ez gaude ados Legearen xedearekin. Lehen artikuluko lehen puntuaren ondorioz etorkizuneko euskal kutxak sortzeko eta garatzeko aukerak zeharo murrizten dira, 26/2013 Legean ezarritako mugak onartu egiten baitira.

Halaber, salatu egin behar dugu artikulu horren beraren 2. puntuan banku-fundazioen eredu antidemokratikoa betikotu egiten dela. Ez dira saiatu ere egin patronatu horiek Kutxentzat ezarritako osaera eta funzionamendu bera izan dezaten.

Aurreproiektu honek gaia aipatzen ez duenez, 15 lagunen esku uzten du fundazioko patronatuaren esku dauden Kutxabankeko akzioak noiz eta nola saldu. Hauxe da kapital pribatuak akzioak eros ditzan eskuak libre uzteko modurik onena.

Aurreproiektu hau, guk ordezkatzan dugun gehiengo sozial eta sindikalarekin inolako kontraste, negoziazio eta adostasunik gabe egin du gobernuak, eta honi buruz plazaratu izan ditugun alternatibak baztertu egiten ditu.

Gobernu-organoak osatzeko proposatu diren aldaketei gehiegi erreparatu gabe ere, erabat gaitzesten dugu aginte mailan herri-erakundeek duten presentzia-galera, eta bezeroei dagozkien lekuen %50 “ezarle handientzako” gorde nahi izatea.

Hau ez da euskal ekonomiak, ez enpresa txiki eta ertainek, ezta pertsonek behar duten Legea. Aitzitik, testuak estaldura formala ematen dio herritarren baliabideetan egin den espoliazio bati, betiere akziodun pribatuen mesederako.

Berriro diogu, gaur premiazkoa eta ezinbestekoak dira honakoak:

• Banku-fundazioen esku dauden Kutxabankeko akzioak herri-erakunde sortzaileei itzultzea.
• Fundazioak, administrazio-kontseilua eta Kutxabankeko akziodunen batzarra kudeatzeko, kudeaketa-marko demokratikoa artikulatzea.
• Benetako Kutxen Legea egitea, haien izaera publiko eta soziala hobetzeko, muga bakarra euskal herritar eta erakundeen erabakiak izango direlarik.
• Euskal finantza-sistema publiko bat eraikitzeko beharrezko diren ekimen politiko eta instituzionalak erabakitzea, euskal enpresa txiki eta ertainen eta pertsonen beharrizanak asetzeko aukera emango duena.
• Honako aurreproiektua berretsi eta antzeko erabakiak hartu aurretik herritarrei kontsulta egitea, balizko alternatiba guztiak aztertzea eta erakunde sozial zein sindikatuen iritzia aintzat hartzea.

Gasteiz, 2015eko urriaren 27an

Eragile sozialak: AHT Gelditu Elkarlana –Berri-Otxoak – Bilboko Auzo-Elkarteen Federazioa – Denok lan – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – Ezker Gogoa – IRPH Stop – Kontsumitzaile Elkarteak (EKE, UCE, EKA, EHKB, OCUV) – Kutxabank publikoa bilgunea – M15 – REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – STOP desahucios Gasteiz – STOP deshaucios Gipuzkoa.

Sindikatuak: EHNE – HIRU – ELA – LAB – ESK – STEILAS – CNT

 

 

 


Arrantzaleon lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da


Hondarribiko atzoko lan istripu hilgarriaren aurrean, Arrantzaleon lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea exijitzen diegu armadore elkarte, baxurako-kofradia eta instituzioei. Bihar, urriaren 29an, 12:00etatatik aurrera ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa burutuko dugu Hondarribiko Arrantzale Kofradian.

 Atzo, urriaren 27an, arratsaldeko 19:30ean Hondarribiko “Almirante Berria” izeneko itsasontzian zoritxarreko lan istripua gertatu zen. 57 urtetako arrantzaleak bizia galdu zuen lanean ari zela. Sarea uretara botatzerakoan trabatuta gelditu zen eta uretara erori. Sarea altxatu zutenean hilik zegoen.

LAB betidanik ari da eskatzen lan baldintza duinak arrantza sektorerako. Hau da, interes ekonomikoen gainetik arrantzaleen segurtasuna bermatu behar dela eta dagozkien atsedenak bete ditzatela itsasoan zein lehorrean. Zergatik? Itsasoko lan-baldintza gogorrek, seguratasuna eta atseden ezak sortutako arrisku eta nekeek arrantzaleen bizia jokoan ipintzen dutelako, orain gertatu den bezala. Noiz arte itxaron behar da istripu eta ezbeharrak gertatu ez daitezen neurriak hartzeko?

Armadoreek zergatik behartzen gaituzte eguraldi txarrarekin itsasoratzera eta baldintza horietan lan egitera? Arrantzaleon bizitzak ez al du ezer balio?

Armadore elkarteei, baxurako kofradiei, Jaurlaritzako Arrantza Sailari zein Espainiako eta Frantziako gobernuei honakoa exijitzen diegu: arrantza arduratsu eta irakunkorraren alde egin dezatela, arrantzaleen baldintzak hobetzeko, belaunaldi aldaketa bideratzeko eta gure flota bideragarria izan dadin apustua egin dezatela . Amaitzeko, ez dezatela, euren probetxurako, arrantza sektoreko langileon eskubide eta bizitzarekin jokatu.

Guretzat, armadoreen interes ekonomikoen gainetik arrantzaleon bizitza dago eta horren alde egingo dugu borrokan.

Nahikoa delako, arrantzan ere prekarietateak hil egiten duelako, atsedenak eta segurtasuna eskatzen ditugu arrantzaleontzat. Hori dela, dei egiten dugu, bihar, urriaren 29an, 12:00etatatik aurrera ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Hondarribiko Arrantzale Kofradian deitua duen kontzentrazioan parte hartzera.

 

 

 

Usansoloko Ospitaleko langileek osasungintza publikoaren defentsa egin dute Urkulluren aurrean

0

Gaur goizean Urkullu lehendakariak, Darpon kontseilariak eta Osakidetzako zuzendariak lagunduta, Usansoloko ospitalea bisitatu du laborategi berriak inauguratzeko. Bisita aprobetxatuz bertako langileek osasun publikoa suntsitsen ari direnaren mezua helarazi diote.

 

 

 

Urdulizko Ospitalea %100 publiko izatearen aldeko kontzentrazioa

0


Osakidetzako sindikatuok Alango-Getxoko CS-n, OSI Uribeko gerentziaren egoitzan, kontzentrazioa burutu dugu irekiko den Urdulizko Ospitalean eskainiko diren zerbitzuak erabat publikoak izan daitezen eskatzeko.

Ospitale berriaren inaugurazioa 2016ko urtarrilerako dago aurreikusita. Baina PNVk darabilen gardentasun faltaren ondorioz, oraindik orain ez sindikatuok, ez langileok, ezta erabiltzaileok ere ez dakigu zehatz-mehatz zein zerbitzu emango diren eta zelan kudeatuko den. PNVren osasun publikoa pribatizatzeko grinaz jabe garenez, gaurtik bertatik exijitu nahi dugu ospitale berria %100 publiko eta Osakidetzako langileek kudeaturik izatea, hauxe baita kalitatezko arreta emateko berme bakarra.

Era berean, LAB sindikatutik zera eskatzen dugu: bertoko herritarrok eskatzen ditugun zerbitzuak hasieratik eskainiak izatea, besteak beste, urgentzia pediatrikoak, erditzeak, onkologia eta hemodinamika. Azkenik, zentro berrirako langileen kudeaketari buruzko informazioa ere jaso nahi dugu.

{linkr:related;keywords:osakidetza;limit:5;title:Albiste+gehiago}
 

 

 

Hitzarmenaren alde CEN patronalaren aurrean izan gara

0

.


Gaur, azaroak 28, LABko metalgintzako delegatuak CEN patronalaren egoitzaren aurrean kontzentratu dira hitzarmenaren defentsan. " Urte bete joan da negoziaketak hasi zirenetik eta egoerari erreparatuta egoera txarra dela esan dezakegu". Adierazi du Aitor Elizalde ( LABeko Industria Federazioko arduradunak)

Sektoreko langileentzat lan baldintzen okertze nabarmenak proposatzen ari dituen Patronal bat aurkitzen dugu. Lanaldia 3 egunetan luzatzea, malgutasuna egungo 48 ordutik 90 ordutara haunditzea, kontratazio berrie egun gutxien kobratzen kategoria baino 1.100 euro urteko gutxiago ordaintzea, Lan erreforma bere horretan mantentzea. Hauxek dira Patronalaren errezetak beraien mozkinak areagotzeko. Enplegu suntsiketa eta lan baldintzen prekarizarioa hain zuzen ere.

Zoritxarrez bada sindikatu bat negoziaketa parametro hautan buru belarri murgildu dena, UGT hain zuzen.UGT jada lanaldia egun 1-tan luzatzea onartu du, malgutasuna 16 ordutan luzatzea edota kontratazio berrientzat egungo kategoria baxuena 18 hilabetetan haunditzea.Jarrera ulergaitza Patronalaren planteamenduei men egiten dietelako eta lan baldintzen okertzea onartzen duelako.

Honen aurrean LABek Patronalaren parametroetan negoziatzea "de facto" sektoreko langileen lan baldiltzen txartzea dakarrela deritzo.
" Ezinbestekoa da Patronalaren helburuak geldiarazteko sektoreko langileak aktibatzea". LABek eskua luzatzen dio Hitzarmen on bat langileen aktibazioaren oinarrituta egon behar duela sinesten duen orori".

 

 

 

Pauso bat harago eman dugu eredu sindikalaren inguruko eztabaidan

LABek eredu eta estrategia sindikala berritzeko martxan jarri duen gogoeta prozesuaren baitan Unibertsitate Sindikala antolatu du gaur Bilbon eta bertan sindikatuko 150 kidek hartu dugu parte. Euskal Herrian, mundu osoan bezala, zabaldu den egoera ekonomiko eta sozial berriari eta halaber gure herrian bizi dugun egoera eta prozesu politikoari begira, eragile guztiok -sindikatuok barne-, eraginkortasunez eta anbizioz erantzungo badiogu, gure buruaren eta eginkizunen gaineko gogoeta eta berrikuntzarekin aurre egin behar diogu. Garai berriei, erantzun berriak. 

Martxoan eta apirilean Ipar Hegoa Fundazioak antolatu “Eraldaketa sozialerako sindikalismo berria Birpentsatzen” jardunaldietan abiatu genuen eredu sindikalaren inguruko eztabadaidaren prozesua. Ordutik hona, LABek egitura eta maila guztietan jarraitu du hausnarketa hau lantzen. Gaurko Unibertsitate Sindikalean, zehazki, Euskal Herri osoko LABeko kideek sindikalismoak epe erdi eta luzera topatuko dituen testuinguruaren gaineko irakurketa egin dugu batetik eta, bestetik, horren ondorioz, sindikalismo berrituak zein erronka izango dituen asmatu eta definitzeko ariketa kolektiboa egin dugu.

Kapitalismoaren krisiaren egiturazko ondorioak aztertu dira batetik eta, krisiaren irtenbide posible bakar bezala mozorrotuz langileei eta herri sektore guztiei ezartzen ari zaigun prekarietate orokorreko egoera ezaugarrien gaineko eztabaida egin dugu. Halaber, Euskal Herrian ematen ari diren prozesu sozial eta politikoen analisia eta langileen esku hartzea mahai gainean egon da.

Gogoeta prozesua, borroka eta ekintza sindikalaren dinamika iraunkorrarekin batera egiten ari gara eta 2017an LABek burutuko duen Biltzar Nagusian izango du helmuga.
 

  








 

Metro Bilbaoko langileak elkarretaratzea egin dute pairatzen dituzten erasoak salatzeko

0

Metro Bilbaoko enpresa batzordeak elkarretaratze bateratua egin du azken egunetan lankideak erasotu, iraindu eta mahatxatu dituztela salatzeko. Era berean enpresaren zuzendaritzari gaiari heltzeko eskaera luzatu diote.

Metro Bilbaoko enpresa batzordearen oharra:

Metro Bilbaoko lantaldeak, Enpresa Batzordearen eta Prebentzio Ordezkarien bidez gizarteari jakinarazi nahi diogu kezkatuta gaudela bezero gutxi batzuek azkeneko egunetan gure lankideak eraso, iraindu eta mehatxatu dituztelako.

Guztira, 29 irain eta mehatxu egoera eta 2 eraso fisiko zenbatu ditugu hiru hilabetean. Urriaren 21ean San Mamesen izandako erasoak basoak berriro gainezka egitea eragin du. Iaz erasoek gora egin zutenean, salaketaren bidez, behera egin zuten liskarrek. Enpresa batzordeak portaera horiek gaitzesten ditugu eta arazo larri honi berehalako irtenbide egokiak emateko eskatzen dugu.

Enpresaren zuzendaritzari eskatzen diogu irmoki heltzea gaiari. Arazoa egiturazkoa da, gure ustez, ez unekoa eta, ondorioz, 2007an ezarritako protokolo eta neurriak aplikatzen jarraitu behar dugu, utzikeria eta lasaikeria alboratuta.

Langileoi, berriz, lasaitasuna eta profesionaltasuna eskatzen dizkizuegu, baita ideiak eta ekarpenak egin ditzazuen, irain, mehatxu eta erasoen gaitz hau mozteko bide eta neurririk egokienak aurkitzeko.

Gizarteari, oro har, gurekin errespetuz eta elkarlanean aritzeko eskatzen diogu, Metro Bilbao erabiltzen dutenen % 99ek egiten duen bezala. Ezin dugu onartu gutxi batzuen jokabideek gehien-gehienen portaera txukunari itzal egiterik.

Enpresa-batzordetik segituko dugu halakorik berriro gerta ez dadin lanean. Batetik, orain arteko erasoak aztertzen ari gara zelan aurre egin proposatzeko: prebentzio-neurriak, baliabideak, pertsonak eta dirua, balizko irtenbideak. Bestetik, halakorik gertatzen den guztietan salatu eta mobilizatzeko protokoloa martxan jarri dugu berriro.

Geltokietako langileak metroko erabiltzaileei laguntzeko eta informazioa emateko gaude. Iraina, mehatxua eta erasoak ez dira konponbidea. Jorratu dezagun denon artean errespetu eta elkarlanaren bidea.