Aldaketaren beharra nabarmena da, eta horretarako ekintza sindikala eraberritu eta mobilizazio soziala suspertzeko bideari ekin dio sindikatuak, lantokietan zein kalean eraginez. Ez gaude prest botere ekonomiko eta politikoek inposatu diguten eredua onartzeko eta hala adieraziko dugu Maiatzaren 28an Bilboko kaleetan. Prekarietatearekin amaitzeko aldarrikapen argiak eta proposamen zehatzak plazaratu ditugu. 17:30etan hasita, lau aldarrikapen nagusirekin zeharkatuko dugu Bilboko erdigunea. Zure aldarrikapena ere bertan egotea ezinbestekoa da. Ez hutsik egin.
Agenda Soziala, aldaketa soziala indartzeko
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Koordinazio Nazionalak izan du Aldaketarako Agenda Soziala aurkezteko ardura. Azken hilabeteetan egindako lanaren berri emateaz gain Agenda Sozialaren ardatz nagusiak zeintzuk diren azaldu eta datozen hilabeteetako ekimenak zeintzuk izango diren aurkeztu dute.
Eskubide Sozialen Kartarentzat erronkaz betetako ikasturtea ari da izaten aurtengoa. Urriaren 24an Alternatiben Herria egin zen Bilbon, “Bizitza burujabea eskubide osoz” lemarekin. Erabateko arrakasta izan zen aipatu ekimena. Horren ondoren, Asanblada Nazionala egin genuen urtarrilaren 23an Gernikako Astran, orain arteko ibilbidearen balantzea egin eta aurrera begirakoak prestatzeko.
Orain, aurrera begira, aldaketarako agenda sozial edo herritarra diseinatzeari ekin diogu, eta berau aurkeztuko dugu gaur, tartean, mobilizazio berriak ere presente egongo direlarik.
Aipatu dugun bezala, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan eginiko ibilbidearen emaitza da Agenda Soziala.
Alde batetik, 2013an Eibarren Karta osatzeko prozesuaren lehen asanblada egin genuenetik, gaur arteko ibilbidea hartu behar dugu kontuan. Prozesuak berak ekarri gaitu honaino, eta agenda mugimendu sozial eta sindikal zabalak aldaketa sozialaren alde egindako prozesuaren emaitza da.
2015eko urriko Alternatiba Herria inflexio puntua izan zen. Aldaketa sozialaren ikuspegi integrala eta berritzailea ikusi ahal izan genuen Bilbon, sortzen ari den kultura politiko berriaren adierazle.
Azken hilabeteetan, hausnarketa, hartu-eman eta kontrasteak egin ditugu Agenda Soziala eratzeko. Batetik, urtarrilaren 23an Gernikako Astran egindako 9. Asanbladak emandakoa. Bigarrenik, eskubide sozialak lantzen ari diren eragile sozial eta sindikal ezberdinen ekarpenak. Horiek guztiak bilduta osatu du proposamena Koordinazio Nazionalak.
Prekarietate eta pobreziara kondenatzen gaituen eredua gainditzeko, aldaketa sozialerako agenda propioa behar dugu. Herri gisa, batzen gaituena indartuz, ibilbide oparoa dugu elkarrekin egiteko, arlo anitzetako eragileen artean.
• Gaurkoan aurkezten dugun agendak kultura politiko berriaren adierazle izan nahi du eta egiteko, harremanak izateko, mundua ikusi-eraldatzeko… modu berriak praktikan jartzera goaz.
• Era berean, Agenda horrek herri-interesak ordezkatzen ditu, aldaketa sozialaren aldeko langile klase zein herri sektore zabalen beharretatik abiatuta.
• Eraldaketa prozesuaren integraltasuna ulertu, interdependetzia eta zeharlerrotasuna landu eta berezitasunak kontuan hartua osatu da.
• Azkenik, egungo eredu sozial eta ekonomikoak zapaldutako herritarrak eraldaketa prozesuaren erdigunean kokatzen ditu, horiek baitira errealitatea irauliko duten goldea.
Agenda soziala hainbat ardatzen gainean garatuko dugu.
Ardatzetako bat, ALDARRIKAPEN SOZIALAK izango da. Hiru izango dira lehentasunez landuko ditugun aldarrikapen sozialak: Herrien Europa Sozialaren aldeko eta TTIP eta TISAren kontrako dinamika, etxebizitza eskubidea eta elikadura burujabetza.
Herrien Europa Sozialaren aldeko dinamikaren inguruan, helburua Euskal Herri mailako erantzuna artikulatzea da, eremu honetan lanean dabiltzan ekimen guztien arteko elkarlana antolatuz. Gaurdanik, gaia lantzen hasiko gara, gisa honetako tratatuen ondorioak jendartean ezagutarazteko.
Bigarren ardatz bat izango da ALTERNATIBAK SARETZEN segitzea, hau da, alternatiba ezberdinen inguruko gogoetan sakontzea. Alde batetik, Eskubide Sozialak bermatzeko, Alternatiba ezberdinei buruzko hausnarketak egingo ditugu. Bigarrenik, tokian tokiko ekimenak sustatu, beharren arabera, eta Euskal Herri mailako ekimena egiteko aukerak landu. Hirugarrenik, Kontsumo ereduak aldatzeko Dekalogo baten lanketa izango genuke, eta honen hedapena eta jarraipena (Kartan parte hartzen duten eragileei konpromiso zehatzak). Amaitzeko, alternatibak saretzen dituzten Batura eta Ekoliderren proiektuak babestea legoke.
Hirugarren ardatza, EMERGENTZIA SOZIALEKO EGOEREI AURRE EGITEKO DINAMIKA izango dugu. Batetik, errefuxiatu eta migranteen inguruan sorturiko krisi politikoari erantzuteko elkarlana abiatu nahi dugu, ildo hau lantzen duten eragileekin batera. Bestetik, emergentzia sozialeko egoera larrienei erantzuteko Protokoloa eratuko dugu eremu honetan lanean diharduten eragileekin batera.
HAUSNARKETA SOZIALA izango da laugarren ardatza. Aldaketa sozialaren aldeko mugimendu sozial eta sindikalarentzat estrategikoak diren hausnarketak modu partekatuan egiteko dinamika izango da. Hausnarketarako gune partekatu bat landuko dugu honetarako.
Azkenik, eredu sozial berriaren ardatzen SOZIALIZAZIOA izango dugu bosgarren ardatza. Azken hau, 2014ko maiatzean onartutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herritar ahalik eta gren sozializazioa da, bitarteko berritzaileekin eta sektoreka egon daitezkeen beharrei erantzunez.
Egutegiari dagokionez, horrela laburbilduko genuke:
• Maiatzaren azken astea. Etxebizitza eskubidearen aldeko Jardunaldia Iruñean
• Jardunaldiok Agendaren izaera bilduko dute, bere baitan aldarrikapena, alternatiba, mobilizazioa eta hausnarketa bilduko dituzte.
• Ekainak 10. Elikadura burujabetzari buruzko Mintegia
• Ekaina. Herrien Europa Sozialaren aldeko Manifestua aurkeztu eta hitzaldiak abiatu (irailean jarraipena)
• Azaroa hasieran. Europa mailan dauden deialdi ezberdinak kontutan hartuta, Herri erantzuna antolatuko dugu (zehazten joango gara)
• Azaroak 16-17. Elikadura burujabetza eta politika publikoei buruzko Mintegia.
• Abendurako. Emergentzia sozialeko egoerei erantzuteko Protokoloa.
Maiatzaren Lehena – Martxan gara
Espainiar zein frantziar Estatuetatik eta bertoko Gobernuetatik datozen eraso eta murrizketen aurrean konfrontazioaren bidea aukeratu dugu, euskal esparru sozioekonomikoaren aldeko borrokan gabiltza eta lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarrituko den eredu berri baten alde ari gara. Bide hau langileen indar eta mobilizazioari esker ari gara jorratzen.
Udaberriko agenda betea datorkigu. Jauzi bat ematera goaz, eta hau irudikatzeko hitzorduak ez zaizkigu falta, hor ditugu, besteak beste, Apirilaren 28a, Maiatzaren 1a eta maiatzaren 28ko mobilizazio nazionala eta ondotik etorriko den Borroka Astea.
Maiatzaren Lehena – EskuBIDEAK aktiBATUZ
Maiatzaren Lehenean “Langileok Martxan esku BIDEAK aktiBATUZ! Euskal Herria contra la precariedad” lemapean aterako gara kalera. Sindikatua, langile klasearekin batera martxan da prekarietatearen kontra. Eguneroko arazo eta gatazkei erantzuten jarraitzen dugu, eta horrez gain, ekintza sindikala eraberritu eta indartu dugu. “Langileok Martxan eskuBIDEAK aktiBATUZ” ideiarekin eskubideen inguruan lantokietan garatzen ari garen lerroari isla eman nahi izan diogu, baita bideak batzeko beharrari ere, hau da, langileon fragmentazioa, indibidualizazioa gainditzeko beharrari.
Bizi dugun larrialdi egoera atzean uzteko beharra agendaren erdigunean kokatu dugu. LABen ustez prekarietatea eta pobreziarekin amaitzeko bide bat eta bakarra dago: lan mundua aldatzea eta aldaketa soziala bultzatzea. Eta langileok badugu indar nahikorik horretarako.
Aldaketa eragin nahi badugu, langileon borrokaren bidez, prekarietatea eta pobrezia gainditzea agenda politiko instituzionaleko lehen lerroan kokatzea lortu behar dugu. Azken batean lan munduaren egoera ez da arazo laboral bat, inposatu zaigun eredu sozioekonomiko jakin baten ondorioa baizik.
Arnas luzeko bidea da hau, baina urratsak ematen ari gara jada. Ekintza sindikalean LABek prekarietatearen kontrako lerro oso bat zabaldu du eta prekarietatea gogorki pairatzen duten langileei protagonismoa eman diegu. Sindikatutik kanpo zegoen jendearengana gerturatu gara eta alternatiba erreal bat eskeini diegu.
Mobilizazio soziala ere ardatz hartu dugu. Elkarlanaren bidetik egoera sozioekonomikoa aldatzeko behar ditugun tresna, dinamika eta lerroak garatu ditugu. Zentzu honetan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta aliantza marko gisa indartzen ari da eta dinamika altenatiboak sustatzeko tresna gisa gorpuzten ari da.
Aitzindariak izan gara, bestelako lan munduak bestelako eredu sindikala eskatzen duela ulertu eta esaten. Azterketa horretatik abiatuta eredu sindikala birpentsatzeko prozesuan murgildu da sindikatua.
Bide horretatik jarraituz lortuko dugu behar dugun jendartea eraikitzea, bideak batuz eta norabide berean indar eginez. Horretarako hitzorduak ez dira faltako Maiatzaren Lehenean.

APIRILAK 28. LanOsasunaren Nazioarteko Eguna

MAIATZAREN LEHENA

MAIATZAK 28
MOBILIZAZIO NAZIONALA

MAIATZAK 30 – EKAINAK 3
BORROKA ASTEA
Benetako negoziazioa eskatu du LABek Osakidetzan, oraingo presak kritikatuz
Azpimarratu nahi duguna zera da:
• Osakidetzak osagai eta ñabardura berriak sartzen ditu bilera bakoitzean, baina beti ere oinarrizko eta sakoneko gaiei heldu gabe, hala nola langile kopurua, lapurtutako eskubideen berreskuratzea, pribatizazioak edota prekarietatea. Honek guztiak modu zuzenean eragiten dio sistemaren kalitateari.
• LABek negoziazio metodologia gardena exijitzen du, egutegi eta gai zerrenda zehatzekin, eta datu objektibotan oinarritutako proposamen serioekin (oraindik Osakidetzak helarazi ez digun plantilla estrukturala, hain zuzen ere).
• Sasi negoziazio hau hauteskundeen aurre kanpainaren testuinguruan ulertu behar dugu, erritmo zein edukien aldetik. EAJk ez du legegintzaldi osoan mugimendu txikienik ere egin, eta orain presaka dabil, sakoneko arazoei heltzen ez dieten akordio partzialak lortu nahian eta hobekuntza puntualak eskaintzen. Bestelako gaietan, EPEa, Kontratazio Akordioa eta Garapen Profesionala kasu, denbora irabazteko estrategia erabiltzen ari dira, gauzak gehiegi zehaztu gabe.
Laburbilduz, negoziazio errealik gabe jarraitzen dugu Osakidetzan. Bere aldetik, LABek negoziazio kolektibo serioa exijitzen jarraituko du, egutegi finko, metodologia, datu objektiboetan oinarritutako proposamen, gardentasun eta honako puntuak jasotzen dituena: Lan Baldintzen Akordio berria; Enplegua sortzeko eta egonkortzeko Plana; Kontrataziorako Plana; Hizkuntza Eskubideak; eta Pribatizazioaren kontrako Plana.
Kutxabankeko akzioen gaineko kontrol osoa berreskuratzea exijitzen dugu
Gure ustez, Kutxabankera bideraturiko aurrezkiak izaera publikotik eta sozialetik kudeatuak izaten jarraitu beharko lukete, Kutxek aurretik zuten izaera berdinetik, erreformen eta EAJ, PP eta PSOEren erabakien aurretik. Baliabide finantziero hauek, derrigorrekoakk ditugu Euskal Herriko garapen sozial eta ekonomikorako.
Oraindik denboraz gabiltza akzio hauek akziodun pribatuen esku bukatu ez dezaten, eta erakunde hauek lehenbailehen bankarizazio eta pribatizazio prozesuetan atzera egin dezaten exijitzen dugu, era berean, euskal sistema finantziero propioa bermatu dezatela, eta Kutxak funtsezko osagaia izan daitezela Euuropako lurralde gehienetan gertatzen den bezala.
Aurretik aipatu ditugun erakundeetara sarrera emateko bidali dugun mozio-testua atxikitzen dugu:
Behean sinatzen dugunok, zuek parte hartzen duzuen erakundeei beharrezkoak diren erabakiak hartzeko eskatzen dizuegu Euskal Aurrezki Kutxak likidatuak izan ez daitezen
Kutxabank Publikoa plataforma osatzen dugun erakunde sindikal eta sozialok, sarritan esan dugu euskal kutxak likidatzea eta bere akzioak akziodun pribatuen eskuetan bukatuko duten bankua sortzea iruzurra dela euskal gizartearentzat.
Bideragarriak diren proposamen alternatiboak egin ditugu, eta ordezkatzen dugun gehiengo sozial eta sindikala kontuan hartzea behin eta berriz exijitu dugu atzeraezinak diren erabakiak hartu aurretik. Horrela izanda, gure herria kontrol publiko eta sozialetik kanpo geratuko litzateke, enpresa ertain eta txikiak behar dituen kredituak eskuratzeko beharrezkoa den tresna gabe geratuko litzateke, berdin norbanakoen kasuan. Horrela gertatzen da dagoeneko Europako beste herrialde batzuetan.
Horregatik, eta orain Fundazio Bankarioen esku dauden Kutxabanken akzioak saltzea ekiditzeko, eta euskal sistema finantzieroa edukitzeko, non euskal kutxek bere izate arrazoia bete ahal dezaten, bere izaera publiko eta soziala mantentzeko, erakunde honi, beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen diogu helburu horren mesedetan.
– EAEko Jaurlaritzari Kutxen Legearen proiektua baztertzeko eskatzen diogu. EAEko legerian, Euskal Kutxak likidatzeko zertifikatua baino ez da aipatu legea.
– Beharrezkoak diren neurriak hartzea Kutxabanken akzioen jabetza berreskuratzeko. Akzio hauek, Fundazio Bankarioei entregatu zaizkie.
– Euskal Kutxen- Kutxabanken pribatizazio eta pribatizazio prozesuan atzera egitea.
– Euskal Kutxen legea negoziatzea izaera publiko eta sozialean sakontzeko gizartearen eta erakundeen erabakiak baino muga gehiago izan gabe.
– Beharrezkoak diren ekimen politiko eta instituzionalak hartzea euskal sistema finantzieroa eraikitzeko, pertsonen eta enpresa txiki eta ertainen beharrizanak asetzeko.
Eragile sozialak: AHT Gelditu! Elkarlana, Berri-Otxoak, Bilboko auzo elkarteen Federazioa, Denok Lan, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak, Ezker Gogoa, IRPH Stop, Kontsumitzaileen elkarteak (EKA, UCE, EHKB, OCUV), Ekoneus, M15, REAS, (Red de Economía Alternativa y Solidaria) PAH Kaleratzerik ez!, STOP Deshaucios Gasteiz, STOP Deshaucios Gipuzkoa.
Sindikatuak: EHNE-HIRU- ELA-LAB-ESK-STEILAS-CNT
LABek Pasaiako portuan gertatu den heriotz istripua salatzen du
Istripuen atzean lan eta bizi baldintza kaskarrak aurkitzen dira. Baldintza hauek, gure osasunean zuzenean eragiten dute. Zentzu honetan arrantza sektorean ematen diren baldintza gogorrak, eta prekarietatea azpimarratu nahi ditugu bereziki.
LABen iritziz istripu hauek eta sektore hontan ematen diren bihotzeko eta gaixotasun kardiobaskular kopuru haundia —gehienak onera egiten dute— ez dira zorigaizto edo kasualitatea. Lan baldintzak oso gogorrak, lan ordu luzeak eta ia deskantsurik gabeko jardunaldiak aurkitzen dira istripu hauen iturburuan.
LAB sindikatutik oinarrizko arrazoiei aurre egin eta sektorea behar bezala erregulatzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea esijitzen dugu. Zentzu honetan LAB sindikatutik eredu propio eta berriaren alde egitera dei egiten dugu langileen osasuna eta bizitzeko eskubidea berma daitezen.
LABek mobilizazioaren bidetik jarraituko du eta datozen orduetan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatzen du.
LABek Venezuelarekin bat egingo du
28 kolektibo, sindikatu eta alderdi politiko euskaldunek —horien artean LAB— osatzen duten Venezuela Aurrera plataformak kontzentrazioa egingo du, gaur, hilak 19, arratsaldeko 19etan Bilboko plaza biribilean “Venezuelarekin bat: Espainiar injerentziari Ez. No a la Ley de Impunidad!” lemapean, espainiar gobernuak eta hainbat indar politikok herri horretan eginiko esku-sartze neokolonialaren aurka.
Mikrobiolentzia egoerak identifikatzeko eta gainditzeko tailerra
Mikrobiolentzia egoerak identifikatzeko eta gainditzeko tailerrak
Begirune eta elkartasunezko harreman parekideak sortzeko bideak zahartzaroan
SEXU-GENERO BIOLENTZIARI BURUZKO TAILERRAK
1. BIOLENTZIAREN GAINEKO GOGOETA
-Zer da andreen aurkako biolentzia? Eta mikrobiolentzia?
– Jendearen eta gure jarrera indarkeri mota horiek desagerrarazteko
-Zelan eragin gure ingurune hurbilean. Zelan landu begiruneko harremanak
2. XEDEAK
– Mikrobiolentzia identifikatzea
– Norberaren zein taldearen kontzientziazio kolektiboa lantzea
– Irtenbideak lantzea: begirune eta elkartasunezko harreman parekideak lantzea
– Ondorioak atera eta balorazioa egitea
3. METODOLOGIA
Metodologia parte hartzailea
– Gaien gaineko kokapen teorikoa
– Lanketa talde txikietan (hizkuntza eta sexua aldagaiak kontuan izanda)
– Talde dinamikan oinarritutako lanketa
– Taldean guztion iritziak elkartu
– Ondorioak atera eta balorazioa egin
4. ZEHAZTASUN TEKNIKOAK
4.1. Saioak
– Bi orduko eta erdiko hiru saio
– Hiru saiotan egin arren, tailer bakarra da.
– Hiruren arteko batasuna zatiezina da: diagnostikoa, kontzientziazioa, eragitea.
– Apirilaren, 20an, 27an eta maiatzaren 4an.
– Goizeko 10:00etan hasita
– Bilboko LABeko egoitzan egingo ditugu saioak.
4.3. Taldeak
– Sexua eta hizkuntza aldagaiak osatuko dira lan taldeak
– Hamasei pertsonako taldea aurreikusten da
– Zortzi pertsonako talde txikiak (lauko bi izan daitekeenak)
GITE-IPER eta LAB Helduak eta Pentsiodunak

