2026-06-25
Blog Page 1075

#bideakBatuz, Bilbora goaz Maiatzaren 28an

Eraso eta murrizketen aurrean konfrontazioaren bidea aukeratu dugu, euskal esparru sozioekonomikoaren aldeko borrokan gabiltza eta lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarrituko den eredu berri baten alde ari gara. Bide hau langileen indar eta mobilizazioari esker ari gara jorratzen. Mobilizazioa ezinbestekoa da politikariek botere ekonomikoari begiratzeari utzi eta guri, langileoi, begira diezaguten! Egoeraren salaketa egitetik harago, proposamen zehatzak ere mahai gainean jarriko ditugu, Euskal Herriarentzako aldaketa erreala egingarri dela erakutsiko dugu.

Arratsaldeko 17.30etatik aurrera, lau aldarrikapen nagusirekin zeharkatuko dugu Bilboko erdigunea eta gaurko egoera grisari kolorea ezarriko diogu.

ZUTABEAK

GIPUZKOA
Gipuzkoako langileak olatu morea izango dira eta Zubiaurretik aterako dira aukera berdintasunaren alde.


BIZKAIA
Bizkaiko langileak olatu urdina izango dira eta Udaletxetik aterako dira kalitateko enpleguaren alde.

NAFARROA
Nafarroako langileak olatu gorria izango dira eta Zubiaurretik datorren olatu morearekin batuko dira Sagrado Corazonen. Nafarrek "Trabajamos para vivir. PREKARIETATEA HILTZAILEA" lelopean mobilizatuko dira. 

ARABA-IPAR EUSKAL HERRIA
Araba eta Ipar Euskal Herriko langileak olatu berdea izango dira eta olatu urdinarekin bat egingo dute Abandon burujabetza aldarrikatuz lantokietara aldaketa iritsi dadin.

 
JAKIN BEHARREKOAK

• Autobusez joango gara Bilbora. Eman izena zure eskualdean.

• 17.30etarako bakoitza bere abiapuntuan izango da.

• Herrialde bakoitzak zutabe bat izango du.

• Zutabe bakoitzeko kamiseta kolore bat dagokigu. Adi beraz!

• Langile bakoitzeko aldarrikapen bat. Ekarri zurea.
 


 

 

Jai egunak aisirako dira eta ez negoziorako

0

LAB sindikatua komertzioak igande eta jai egunetan irekitzearen aurka dago multinazional handiek merkatari txikiak kaltetu eta langileei lan baldintza kaskarrak inposatzen baitizkie. Euskal Herrian kalitatezko merkataritza jasangarria nahi dugu, langileon lan-baldintza eta eskubideak errespetatzen dituena, kontsumo arduratsuan oinarrituz eta gutxi batzuen poltsikoak beteko ez dituena. Guzti hau aldarrikatuz, igandean, hilak 15, 11etan, LABek elkarretaratzea burutu du Bilboko Carrefour Expressen aurrean.

Gero Bai-ren lehendakaritza duen Patronatuak Lesakako Zahar Etxea pribatizatu nahi du



Patronatuak Zahar Etxea pribatizatu eta Zahar Etxeko okupazioa kendu nahi du kalitatezko zerbitzu publikoa erasotuz. Lesakako Andra Mari Zahar Etxeko Patronatuak astelehen honetarako urgentziazko bilera bat deitu du, bertan Zahar Etxearen pribatizazioa eta Zahar Etxeko okupazioaren guttitzea planteatzeko. Horregatik Lesakarrak gurea dena defendatzera eta pribatizazio saiakera hau gelditzera deitzen ditugu.

Hortarako erabiltzen duen argumentua Zahar Etxeak galera ekonomikoak dituela da (zerbitzu publiko guztiek bezala) eta horregatik ez duela legez sinatu zen lan hitzarmena aplikatu nahi.

Baino benetan honen gibelean dagoena alkateak eta Patronatuko lehendakariak harturiko erabaki ideologiko eta politiko bat da, eskuineko alkatetza batek benetan bilatzen duena zerbitzu publikoak pribatizatzea delako.

Memoria egiten

2015eko Apirilaren 23an langileen lan baldintzak aunitz hobetzen zituen lan hitzarmen bat sinatu zen. Aurreko udalak Patronatuaren bitartez Zahar Etxearen bideragarritasuna bermatzen zuen, eta horretaz gain urteroko ekarpenaz gain 30.000€ bermatzen zituen langileen lan baldintzak hobetzeko.

Udala eta ondorioz Zahar Etxeko Patronatua aldatu zirenetik lan hitzarmena aplikatzeari uko egin diote, eta ez dituzte egindako proposamen ezberdinak aditu nahi izan. Langileek Ostalaritzako lan hitzarmen batekin jarraitzen dute gaur egun.

Gaur egungo egoera

Gaur egun dagoen egoera da Patronatuak lan hitzarmena ez aplikatzeagatik salaketa bat jaso duela da.

Honen aintzinean patronatuaren erantzuna negoziatzea izan beharrean pribatizazioa planteatzea izan da, eta Andra Mari Zaharren Egoitzako okupazio kopurua ere jeistea.

Andra Mari Zaharren egoitzan egoera hauetara ohituak gaude, alkate hau bere karguan egon den urte guzti hauetan ez duelako inoiz langileen baldintzak hobetzeko deus ere inbertitu. Kontrako guztia beti gatazka egon da tartean bere gauzak egiteko moduagatik. Gaur ezin zen ezberdina izan.

Guk sistema publikoan sinesten dugu eta funtzionatzen duela uste dugu. Garbi dugu interes pribatuek ez dutela ez langileengan ezta eskaintzen den zerbitzuan arretarik paratuko eta horregatik ez gara ixilduko.

Horregatik Lesakarrak gurea dena defendatzera eta pribatizazio saiakera hau gelditzera deitzen ditugu.
 

 

 

Bizkaiko Foru Aldundia da Bizkaibuseko lanuzteen arduradun nagusia

0

LAB sindikatuak salatu gura du Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio zuzendaritzan gaur egun diharduten Vidal Martinez eta Vicente Reyes PSEko kudeatzaileen sozialisten arduragabekeria larria. Dirudienez, EAJ eta Bizkaiko PSEkoen artean egin duten kromo aldaketan, duela ia bi urte Bizkaibuseko langile guztien borrokari esker lortu genituen akordioak paper artean galdu omen dira.LABek ez dugu utziko ez lanposturik, ez eta Bizkaibuseko langilei dagokien eskubide bakar bat ere zapuztu dadin.

Bizkaibuseko zerbitzuaren emakidak jaso dituzten enpresek bermatuta dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak esleitu dituen partiden %6ko mozkinak, 15 urteko gehiegizko aldi baterako. Dena den, aipatu mozkinari Bizkaiko Foru Aldundiaren eta honen kudeatzaileen isiltasuna lagun, egiten ari diren lanpostuen amortizazioa gehitu behar zaio.

Dirudienez, ez dago inor Garraio Sailaren gidaritzan sinatutakoa betetzeaz arduratzen dena, ez eta enpresei lanpostuak amortiza ez daitezen eta Bizkaibusen, azpikontraten bidez enplegua prekariza ez dadin eskatzeaz ere.

LABek Bizkaiko Foru Aldundiari dei egiten dio arduraz joka dezan, eta enpresei adostutakoa betetzea eska diezaien. Horrela langileok, Bizkaibusen bidez ematen dugun zerbitzu ona hondatzen eta deitu ditugun lanuzteak bertan behera utziko lituzketen negoziazioei ekingo genieke.

Aldundiak badaki autobus eta linea batzuk falta direla eta sartzeke daudela, gidaritzan lanpostuak suntsi ez daitezen. Modu berean, jakin badaki gidatzeari lotzen ez zaizkion gainontzeko arloetan, 60 lanpostutako galera izango dela. Haiek lanpostuak ez zituztela amortizatuko agindu zuten. Ez dira hitza betetzen ari, eta ez dute betearazten.

Aldundiak sinatu zuen akordioa betetzeko gogoa hutsaren hurrengoa da. Alde batetik, aurrekontu partidak oraindik lanpostuak amortizatzeko diru-kopurua jasotzen duelako, eta bestetik, enpresei ez dietelako eskatzen lanpostuen suntsiketa eragoztea. 2013. urtean, Aldundiak agindu zuen eutsi egingo ziela hauei, egiturari lotuak zeuden lanpostuak errespetatuko eta kuantifikatuko zituztela.

LABek datu hauek ditu eskuartean, aurreko Garraio Zuzendaritzari eman zizkion. Ederto ezagutzen dituzte kopuruak eta zenbat lanpostu amortizatu gura dituzten, jakin badakite zer sinatu zuten eta itun haiek ez dituztela betetzen, eta haien asmoa Bizkaibuseko zerbitzua prekarizatzea dela.

Zerbitzuaren prekarizazioa ez da epe motzean nabarituko, baina gidatze lanetakoak ez diren lanpostu askotan galerak izan ostean, autobusen mantentze-lana murriztuko da etorkizunean: amortizatu gura dituzten lanpostu erdia tailerreko langileei dagokie, eta hauek arduratzen dira autobusak gidatzeko baldintza onetan egon daitezen.

Honengatik guztiarengatik, LABek argi adierazi nahi du Bizkaiko jendartearen aurrean, ez garela lan gatazka huts batez ari, Aldundiak gezurra esaten diola jendarteari hori esatean. LABek ez du gatazka honen amaiera balioztatuko lanpostuak ziurtatu ezean, horiek bermatzen dutelako Bizkaibusen zerbitzu ona eskaintzen dela. Gatazka ez da amaituko lan baldintzak kaskartuko ez direla ziurtatu ezean. Ez dugu utziko ez lanposturik, ez eta Bizkaibuseko langilei dagokien eskubide bakar bat ere zapuztu dadin, horixe adostu dugulako gainontzeko sindikatuekin.

 

 

 

TTIPa berehala gelditzea exijitzen dugu

0


TTIParen zenbait kapituluren filtrazioak, ordezkari politikoek gure etorkizuna isilpean negoziatzen dabiltzala konfirmatzen du. Beste ondorio askoren artean ekonomiaren esparru askoren pribatizazioa, politika sozialentzako mehatxua eta sektore finantzarioaren desarautzea ekarriko du hitzarmen honek. Euskal Herrian TTIP ez kanpainaren bidez hitzarmenaren behin-behineko ez-onartzea, berehalako gelditzea, Europar Parlamentuaren ez-onartzea eta batasuneko estatuen ez-berrestzea exijitzen dugu.
 

Bi langile hil dira lan istripu batean Baionan… ASKI DA!


IEH.LAB.EUS.- LAB sindikatuak, gaur goizean izan den lan istripua salatzen du. Lan istripuak, 2 langileren heriotza eragin du eta beste 7 pertsona zauritu ditu. Lehenik eta behin, LAB-ek 2 langile hauen, senide, lagun eta lankideei, doluminak helarazten dizkie.

Lan istripuak, osagarria galtzea, bizia galtzea, ez dira lanaren ezaugarriak; baizik eta lan eredu baten onartezinezko emaitza krudela. Sos eta denbora irabazteak, lan segurtasun eta osasunari gain hartuko ez balio, ekidin ahalko liratekeenak, hain zuzen.

Aldi berean, Euskal Herrian, 2016. urtean lan istripuetan hildakoak iada 20 direla salatu nahi dugu.

Drama hau salatzerako mementuan, non dira administrazioak? Zeintzuk dira egoera hau aldatzeko egiten dituzten proposamenak? Eta lan eredua aldatzekoak?

Langileok, bizitzeko lan egiten dugu eta ez bizia arriskatuz lan egiteko.

Lan istripuak ez dira egunerokoaren gertakari arruntak eta langile baten heriotza ez da lanaren ezaugarri bat.

Guzti hau kondutan hartuz, LAB sindikatuak lan eredu berri bat aldarrikatzen du; langileon osagarri eta bizitzeko eskubidea errespetatuko duen lan eredu ezberdin bat.

Aski da! Eredu ekonomikoa aldatu orain !

 

 

 

Egoitza berria dugu Irunen

0

Urteetako ibilbide luzearen ostean, bihar, hilak 13, Irungo egoitza berriaren ateak zabalduko ditu LABek. Festa giroan, delegatu eta afiliatuen artean eta Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusia, eta Maddalen Dorador, eskualdeko arduradunaren hitzekin inaguratuko ditugu Salis Hiribideko 30 zenbakian dauden bulego berriak. Denetzako dago lekua, beraz etor zaitez zu ere.

 

 

 

Zuzendaritzak berak ACB bideragarria dela onartu duela kontuan izanda, behingoz zabaltzea eskatzen dugu

0

Atzo Arcelor Mittaleko zuzendaritzak, altzairutegia hilean 2-3 asteburutan berriz irekitzeko egin duen proposamena azaldu zion enpresa batzordeari. Horren trukean, langileek, derrigorrean, euren “plan soziala”onartu beharko dute: langileen %50a baino gehiago kalera botako dituzte, soldatak are gehiago jaitsiko zaizkie (gogora dezagun Sestaoko langileek soldataren %20a baino gehiago jaistea onartu zutela), erabateko malgutasuna… Enpresak aldiz, ez du erakutsi ez konpromisorik, ez industria planik ez inbertsiorik.

Hala eta guztiz ere, atzoko bileran zuzendaritzak, berriro ere aitortu zion enpresa-batzordeari Sestaoko lantokia errentagarria dela. “Balio erantsi handiko altzairu mota hau beste lantoki batean egiten saiatu gara, baina sortutako arazo ezberdinak ikusirik, bereziki azpiegituretan eragindako gelditzeak eta koste handia, ekoizpena ACBra berriro eramatea erabaki dugu”.

Beraz, enpresak aitortu egiten du ACBk honelako ezaugarriak dituela:

– Balio erantsi handiko produktua. Gure ingurunean oso errotua dagoen automobilgintzako sektorera zuzenduta dagoen kalitate bereziko altzairua da. Altzairutegia itxi aurretik, produktu hau ACBk ekoizten zuenaren erdia zen.

– Badu lan merkatua. Automobilgintza sektorean diren bezeroak dituela aitortu du. Sektore hau, gainera, gaur egun hazten ari den sektorea dugu.

– Gaur gaurkoz, ACB ordezkaezina da. Beste lantokietan altzairu berezi hau ekoizten saiatu diren arren, aitortzen digute ez dutela lortu ACBk eskaintzen dituen baldintzetan eta denboran.

ACBren ekoizteko moduarengatik, beste altzairutegiek ez bezala, 3 egunetan hornitu ditzake bezeroak. Altzairua modu jasangarrian ekoizten du, Pariseko protokoloa betez CO2en igorpenei dagokionez. Horrek lehiakortasun handiagoko egoera batean kokatzen du ACB gaur egungo eta etorkizun hurbileko merkatuan.

Hala eta guztiz ere, Arcelor Mittalek atzo luzatu zuen “plan sozial” deituriko proposamen horrekin, lantoki honen aldeko apusturik ez duela egiten ondorioztatzen dugu. Izan ere, Arcelor Mittalek ez du izkutatzen zein den bere helburua, denbora irabaztea beste lantokietan altzairu berezi hau ekoizteko gai izan arte, eta orduan, Sestaoko altzairutegia itxi.

Utziko al dugu bideragarria den altzairutegia ixten? Ezin dugu horrelakorik baimendu. Lehenik eta behin, Arcelor Mittali Etorkizuneko industria plana aurkezteko dei egiten diogu. “Plan sozial” gutxiago eta Industria plan gehiago.

Bigarrenik, erakunde guztiei, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari, beharrezkoak diren ahalegin guztiak aurrera eramatera exijitzen diegu.

Gure enpresaren etorkizuna, mobilizazioa zein instituzioei egin presiotik etorriko da. Gaur, inoiz baino tinkoago diogu, ACB ez itxi!
 

 

 

Goierri-Buruntzako delegatuak M28ko mobilizazio nazionalerako prest

Atzo goizean, hilak 11, Goierri-Buruntza eskualdeko delegatu batzarra egin dugu Maiatzaren 28an Bilbon egingo dugun mobilizazioaren berri emanez. Egun horretan prekariettearen milaka aurpegi agerian jarriz, alternatibak aldarrikatu eta borrokatuko ditugu. Mobilizazio anitza izango da.

Batzarra aimatu ostean, UNIPAPEL enpresara joan gara bertako langileei babesa erakustera.