2026-09-27
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaBizkaiko Foru Aldundia da Bizkaibuseko lanuzteen arduradun nagusia

Bizkaiko Foru Aldundia da Bizkaibuseko lanuzteen arduradun nagusia

LAB sindikatuak salatu gura du Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio zuzendaritzan gaur egun diharduten Vidal Martinez eta Vicente Reyes PSEko kudeatzaileen sozialisten arduragabekeria larria. Dirudienez, EAJ eta Bizkaiko PSEkoen artean egin duten kromo aldaketan, duela ia bi urte Bizkaibuseko langile guztien borrokari esker lortu genituen akordioak paper artean galdu omen dira.LABek ez dugu utziko ez lanposturik, ez eta Bizkaibuseko langilei dagokien eskubide bakar bat ere zapuztu dadin.

Bizkaibuseko zerbitzuaren emakidak jaso dituzten enpresek bermatuta dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak esleitu dituen partiden %6ko mozkinak, 15 urteko gehiegizko aldi baterako. Dena den, aipatu mozkinari Bizkaiko Foru Aldundiaren eta honen kudeatzaileen isiltasuna lagun, egiten ari diren lanpostuen amortizazioa gehitu behar zaio.

Dirudienez, ez dago inor Garraio Sailaren gidaritzan sinatutakoa betetzeaz arduratzen dena, ez eta enpresei lanpostuak amortiza ez daitezen eta Bizkaibusen, azpikontraten bidez enplegua prekariza ez dadin eskatzeaz ere.

LABek Bizkaiko Foru Aldundiari dei egiten dio arduraz joka dezan, eta enpresei adostutakoa betetzea eska diezaien. Horrela langileok, Bizkaibusen bidez ematen dugun zerbitzu ona hondatzen eta deitu ditugun lanuzteak bertan behera utziko lituzketen negoziazioei ekingo genieke.

Aldundiak badaki autobus eta linea batzuk falta direla eta sartzeke daudela, gidaritzan lanpostuak suntsi ez daitezen. Modu berean, jakin badaki gidatzeari lotzen ez zaizkion gainontzeko arloetan, 60 lanpostutako galera izango dela. Haiek lanpostuak ez zituztela amortizatuko agindu zuten. Ez dira hitza betetzen ari, eta ez dute betearazten.

Aldundiak sinatu zuen akordioa betetzeko gogoa hutsaren hurrengoa da. Alde batetik, aurrekontu partidak oraindik lanpostuak amortizatzeko diru-kopurua jasotzen duelako, eta bestetik, enpresei ez dietelako eskatzen lanpostuen suntsiketa eragoztea. 2013. urtean, Aldundiak agindu zuen eutsi egingo ziela hauei, egiturari lotuak zeuden lanpostuak errespetatuko eta kuantifikatuko zituztela.

LABek datu hauek ditu eskuartean, aurreko Garraio Zuzendaritzari eman zizkion. Ederto ezagutzen dituzte kopuruak eta zenbat lanpostu amortizatu gura dituzten, jakin badakite zer sinatu zuten eta itun haiek ez dituztela betetzen, eta haien asmoa Bizkaibuseko zerbitzua prekarizatzea dela.

Zerbitzuaren prekarizazioa ez da epe motzean nabarituko, baina gidatze lanetakoak ez diren lanpostu askotan galerak izan ostean, autobusen mantentze-lana murriztuko da etorkizunean: amortizatu gura dituzten lanpostu erdia tailerreko langileei dagokie, eta hauek arduratzen dira autobusak gidatzeko baldintza onetan egon daitezen.

Honengatik guztiarengatik, LABek argi adierazi nahi du Bizkaiko jendartearen aurrean, ez garela lan gatazka huts batez ari, Aldundiak gezurra esaten diola jendarteari hori esatean. LABek ez du gatazka honen amaiera balioztatuko lanpostuak ziurtatu ezean, horiek bermatzen dutelako Bizkaibusen zerbitzu ona eskaintzen dela. Gatazka ez da amaituko lan baldintzak kaskartuko ez direla ziurtatu ezean. Ez dugu utziko ez lanposturik, ez eta Bizkaibuseko langilei dagokien eskubide bakar bat ere zapuztu dadin, horixe adostu dugulako gainontzeko sindikatuekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.