2026-01-28
Blog Page 1074

Gipuzkoako Aberastasun Handien gaineko zergaren errefoma lobby enpresarialaren interesak asetzera dator

Aberastasun Handien gaineko Zergaren Erreforma aurrera atera zen abenduaren 24ean EAJ, PP eta PSEren botoekin, horrela lobby enpresarialaren exijentziak asetuz (Adegi eta Circulo de Empresarios Vascos) eta Eusko Jaurlaritzako zaintzaileenak. Hemendik aurrera, jarduera ekonomikoa garatzeko erabilitako ondasunak eta zenbait enpresa-partizipazio, zergatik guztiz kanpo geratzen dira eta euren jabeek ez dute euren aberastasun pertsonalaren parte denik deklaratu behar izango.

Argitu beharra dago zerga honek ez dakarrela enpresentzako karga bat, izaera pertsonaleko zerga baita, zergadun aberatsenek pilatutako aberastasunetik eratorritako gaitasun ekonomikoa zergapetzen duena.

Hori dela eta, onartutako exentzioak ez daude pentsatuta ekonomia suspertzeko, ezta enpresen sorrera ere, gutxiengo pribilegiatu bati mesede egiteko baino, bere karga fiskala murriztua ikusiko duena zerga bidezko diru-bilketaren kaltetan.

Zehazki, 8.059 zerga ordaintzailek aurkeztu dute deklarazioa aurten. Kolektibo hau Gipuzkoako jendartearen %1 aberatsenak osatzen du, eta deklaratutako ondarearen %42a orain salbuetsita geratu diren ondasunek osatzen dute.

Diru-bilketan duen eragin negatibotik aparte, bestelako ondorioak ere baditu onartutako neurriak:

– Ekitate txikiagoa duen zerga konfiguratzen da, ondarearen parte diren ondasun guztien orokortasuna zergapetzen ez delako.
– Zergak sistemari ematen dion progresibitatea txikitu egiten da.
– Iruzur fiskalari aurre egiteko oso erabilgarria den informazioaren galera garrantzitsua ematen da.

 

 

 


Segurtasun arazo larriak daude ETBko platoetan

0

Atzo “Gu ta gutarrak” programan lehiakide batek istripua eduki zuen. Ez da batere harrigarria, LAB aspalditik ohartarazten ari baita eta zuzendaritzak ez duelako konponbiderik jartzeko asmorik.

Lan Osasun batzordeko bilera guztietan LABeko kideek lehiaketak egiteko garaian egoten diren arazoen eta arriskuen berri ematen dituzte. Azken oharpena pasa den astean bertan eman zen “Gu ta gutarrak” lehiaketan probak egiteko prozeduraz: erabiltzen den materiala ez dela egokia segurtasunaren aldetik ere; platoak ez daudela prestatuta horrelako muntaietarako; edota langileek ez dutela halako estruktura arriskugarriak muntatzeko behar den prestakuntza minimoa. Harrigarria da orain arte istripu gehiagorik gertatu ez izana, edo atzokoa bera larriagoa ez izana.

ETBko segurtasuneko, eta Miramongo arduradunek ez dute arazoa konpontzeko inolako asmorik adierazi, baizik eta ez-ikusiarena egin harik eta arazo bat eman arte. LABek zalantza du postu horiek betetzeko beharrezkoak diren eskakizunak betetzen ote dituzten arduradun guztiek.

ETBko LABek istripua eduki zuen lehiakideari gure elkartasuna adierazi nahi diogu alde batetik. Bestetik, berriro ez gertatzeko neurriak jartzeko exijitzen diogu ETBko Zuzendaritzari. Azkenik, LABek halakorik gertatzen ez jarraitzeko bere esku dauden neurri guztiak hartuko dituela jakinarazi nahi du.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan gastu sozialak gero eta pisu txikiagoa du


Eragile sozial desberdinek deituta 2016ko aurrekontuak antisozialak direla salatu dugu gaur Gasteizen. Eusko Jaurlaritzaren 2016rako aurrekontuetan ez dago egoera aldatzeko inolako asmorik, eta alternatibaren bidea jorratu beharrean, jendarteari bizkarra ematen dio. Ez diote etorkizunari begiratzen, eredu sozial eta ekonomiko sendo bat eraikitzeko aukera baztertzen ari dira, herritar zein ordezkari sozial eta sindikalak alde batera utziz.

• EAJk ez du interesik murrizketa sozialei buelta emateko.
Gastu publikoa mugatzeko bere konpromisoa berresten du egungo gobernuak, eta jarraipena ematen dio prestazio sozialen eta oinarrizko zerbitzu publikoen kontra Patxi Lopezen legegintzaldian hasitako higatze estrategiari. Azken batean, exekutibo jeltzalearen planteamendua indarrean dauden aurrekontuak luzatzea bezala da, maniobrarako tarte txikia uzten duelako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko, gure jendarteak dituen gero eta beharrizan handiagoei aurre egiteko edo suspertze ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko.

• Gastu sozialak gero eta pisu txikiagoa aurrekontuan. Hala ere, 2016an murrizketa nabarmena emango da gastu sozialetara bideratutako aurrekontuan. Zehazki, 2015ean gastuen aurrekontu osoaren %68,6 zegoen gastu sozialera bideratuta, datorren urterako portzentaia hau %67,6ra jaitsiko delarik. Gastu sozialak 2015eko aurrekontuetan zuen pisu berdinari eusteko bakarrik, beharrezkoa izango zen 108 milioi gehiago inbertitzea eduki sozialeko programetan.

• Gastu soziala gure jendartearen egungo eta etorkizuneko beharren kontrako norantzan ari da garatzen. Aurrekontuen izaera sozialaren eta “pertsonekiko konpromisoaren” aurretik beste lehentasun batzuk daude, hala nola, zorra ordaintzea edo AHTko lanak, inbertsio errealetarako dauden baliabideen %69a pilatzen dutenak.
 

 

 

Lanuzteak gaur Bizkaiko elikagai merkataritzan hitzarmen duinaren alde

0


Patronalak elikagai merkataritzan blokeorako duen jarrera eta negoziaziorako jokaera zurruna salatzen ari gara gaur mahaian parte hartzen dugun lau sindikatuok. Horretarako paroak deitu eta konzentrazioa burutu dugu Cebek patronalaren aurrean. 

Paronalaren helburua aintzinatasun kontzeptua aldatzea da, eta era berean, sektoreko langileon eros-ahalmenaren kontura beraien etekinak handitzea.

Jarrera honen aurrean ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok paroak deitu ditugu gaur, bi ordu saltokiak zabaltzerakoan eta beste bi ordutakoak ixterakoan.

LAB sindikatutik mobilizazio eta paro hauek deitzearen helburua argia da. Ez dugu edonolako hitzarmen bat nahi, duintasuna nahi dugu langile bezala eta sektoreko langile guztientzat oinarri diren lan-baldintzak exijitzen ditugu. Ez dugu lan-esku merkea, malgua eta prekarioa izaten jarraitu nahi. Patronalak onartezinak diren proposamenak egiten dizkigu eta honen kontra borrokan jarraitzeko asmoa dugu.

Bestalde, salatu nahi dugu, gaurko paroei begira patronalak izan duen jarrera. Alde batetik, langileak atzera botatzeko asmoarekin, paroak egiteko arrazoirik ez dagoela ziurtatzen zuten zirkularrak bidali dituzte. Bestalde, paroak egin dituzten langileen lan-postuak betetzen saiatu dira, langile batzuen ordutegiak aldatuz edo zabalduz, lan zentroak aldatuz. Denda batzutan, enkargatuak edo arduradunak jarri dituzte ez dagozkien lan-postuak kubritzen. Argi dugu jokaera horiek greba eskubidea urratzen dutela eta dagozkien salaketak jarriko ditugu Lan Ikuskaritzan.
 

ARGAZKIAK


 

 

Abenduaren 23an denok Gasteizera aurrekontu solidarioagoen alde


Eusko Jaurlaritzaren 2016rako aurrekontuetan ez dago egoera aldatzeko inolako asmorik eta hori salatuko dugu. Aurrekontuen momentua aproposa da bide berri bat hartzeko, baina beste behin ere PNVk guztiz kontrakoa egin du. Alternatibaren bidea jorratu beharrean, denoi bizkar eman digu. 

Eta galdera bat datorkigu burura, nori eta zeri begira egindako aurrekontuak dira? Argi dago ez dietela arazo sozialei begiratzen, ez baitago erabaki politiko bakar bat ere arazo horiei kontra egiteko gaitasuna duenik. Ez diote etorkizunari begiratzen ere, eredu sozial eta ekonomiko sendo bat eraikitzeko aukera baztertzen baitu; hau gutxi balitz, gainera, herritar zein ordezkari sozial eta sindikalei ere ez digute begiratzen. Ikusi besterik ez dago: 

• EAJk ez du interesik murrizketa sozialei buelta emateko. Gastu publikoa mugatzeko bere konpromisoa berresten du egungo gobernuak, eta jarraipena ematen dio prestazio sozialen eta oinarrizko zerbitzu publikoen kontra Patxi Lopezen legegintzaldian hasitako higatze estrategiari. Azken batean, exekutibo jeltzalearen planteamendua indarrean dauden aurrekontuak luzatzea bezala da, maniobrarako tarte txikia uzten duelako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko, gure jendarteak dituen gero eta beharrizan handiagoei aurre egiteko edo suspertze ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko. 

• Gastu sozialak gero eta pisu txikiagoa aurrekontuan. Hala ere, 2016an murrizketa nabarmena emango da gastu sozialetara bideratutako aurrekontuan. Zehazki, 2015ean gastuen aurrekontu osoaren %68,6 zegoen gastu sozialera bideratuta, datorren urterako portzentaia hau %67,6ra jaitsiko delarik. Gastu sozialak 2015eko aurrekontuetan zuen pisu berdinari eusteko bakarrik, beharrezkoa izango zen 108 milioi gehiago inbertitzea eduki sozialeko programetan. 

• Gastu soziala gure jendartearen egungo eta etorkizuneko beharren kontrako norantzan ari da garatzen. Aurrekontuen izaera sozialaren eta “pertsonekiko konpromisoaren” aurretik beste lehentasun batzuk daude, hala nola, zorra ordaintzea edo AHTko lanak, inbertsio errealetarako dauden baliabideen %69a pilatzen dutenak. 

Aurrekontu horik salatzeko, LAB sindikatuak bere militantziari dei egiten dio hurrengo abenduaren 23an, Gasteizen, Ama Zuriaren Plazan, goizeko 10,30etan, eragile sozial desberdinek antolatutako konzentrazioan parte hartzeko. 

  

 

 

2016rako aurrekontuekin lan baldintzetan eman diren murrizketen egonkortasuna bilatzen da

0

2016rako aurrekontuak aztertu ondoren ondorio garbia ateratzen dugu: langileen lan baldintzetan eman diren murrizketen egonkortasuna bilatzen da. Modu horretan soilik ulertu daiteke langileen ordainsari eta lan baldintzen okertzean oinarrituta egin direla beste behin ere datorren urteko aurrekontuak.

Deigarria da, esaterako, hezkuntzako hainbat esparru azpikontratatzeko joera. Honakoa nabarmena da bai zerbitzuetako laboralen artean (sukaldari eta garbitzaileak) bai Lan Osasunaren arloan. Kezkagarria da era berean, hezkuntzaren kalitaterako hain garrantzitsuak diren ordezkapenak betetzeko diru aurreikuspena, azken urteotan murrizketa zorrotzak eman ostean, egonkor mantentzea. Honek guztiak hezkuntzan prekarietatea zabaltzen dabiltzala salatzera eramaten gaitu.

Hezkuntza Sailak maiz aipatzen dituen inklusibitatea eta etengabeko ikaskuntza atalek murrizketak pairatzea salagarria da. Nola egingo dugu posible jendarte osoari begirako eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarako hezkuntza eredua? Hezkuntza sistemaren euskalduntzeari dagokionean ere murrizketak jasotzen dira.

Ikastola eta Gizarte Ekimeneko hezkuntza itunetan 2009ko kopuruetatik gertu bagaude ere (2009!), bestelako atal batzuetan ematen diren murrizketekin , 0-3an kasu, balorazio gazi-gozoa egin beharrean gaude. 0-3 urteko esparru horretako murrizketak Haurreskolak Partzuergoan ere eragiten du, langileen gastuetan pairatzen delarik.

Unibertsitateari dagokionean, ez nahikotasuna dute ezaugarri nagusia. Ekarpen arruntean 2010ekoarekiko 30 milioiko murrizketa mantentzen da, harrezkero urtetik urtera errepikatzen ari dena. Ekarpen horrek langileen soldatak finantzatzeko besterik ez du emango. Aurrekontu hauek arriskuan jartzen dute ordainsari gehigarrien inguruko dekretua betetzea dute, behar direnak baino 5 miloi euro gutxiago aurreikusten direlako. Bestalde, 2015ean EHUrekin sinatutako kontratu-programa ez du beteko Eusko Jaurlaritzak, adostutako 150 lanpostu ohiko finantziaziotik kanpo utziz eta hauen etorkizuna kolokan jarriz. Murrizketen metaketa honek eta urteari dagozkion ordainketak atzeratzeko joerak EHUk behar duen finantziazio arazoa areagotu egiten dute, itotzeraino.

• Etengabeko Prestakuntza eta Etengabeko Ikaskuntza ataletan ematen den inbertsio eskasa. Etengabeko ikaskuntzan jaitsiera dagoelarik.

• Hezkuntza Sistemaren Euskalduntzean jaitsiera ematen da 2009koen azpitik geldituz. Lanbide Heziketan dagoen euskararen ezagutza-ezaren gainean erantzunik ez.

• Ordezkapenetarako kopuruak punturik baxuenetan mugitzen dira. Ordezkapenak ez dira betetzen?

• Lan Osasuna: Langileei arreta psikologikoak eta arriskuak aurreikusteko prestakuntzak jaitsierak pairatzen dituzte, lan arriskuen analisi eta ebaluazioak mantentzen diren bitartean. Hiru esparru hauek prebentzio erreala emateko nahitaezkoak dira. Arrisku Psikosozialek irakaskuntzan duten pisua geroz eta handiagoa dela ikusita, hauetan ematen diren murrizketak ez ditugu ulertzen. Iazko aurrekontuetan Lan Osasunaren atal honetako hainbat ekimenetarako bideratutako 300.000 eurotatik 232.000 euro enpresa pribatuetara joan ziren. Zergatik horrenbeste kanpo-kontratu? Ez litzateke posible Hezkuntza Saileko Prebentziorako plantila handitzearekin kudeatzea?
• Lanbide Heziketak jaitsiera pairatzen du.
• Zerbitzuetako Laboralak: Hezkuntza Sailak behingoagatik argitu beharko liguke zer nolako ikastetxeak nahi dituen, sukaldeekin ala sukalderik gabe. 2009ko aurrekontuen kopuruetan mugitzen ari garela ikusita… Garbitzaileen kolektiboarekin ere, beste horrenbeste. Ia guztiz pribatizatutako esparru batekin aurkitzen gara eta ez dute inolako urratsik ematen zerbitzua berreskuratzeko.
• Heziketa Berezirako esparruari dagokionean inklusibitatearen eremuan aurrerapausorik ez dugu somatzen. Salagarria da guztiz, inklusibitatearen gaiarekin ahoa betetzea eta gerora, benetan inolako esfortzurik ez egitea.

• Haurreskolak.
Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritzak aurrekontuak egiterako orduan berriro ere engainatzen ditu jendartea, haurreskoletako familiak eta langileak. 2014ko auditoria aztertu eta gero, aurrekontuetan partida faltsu baten erabilera salatu genuen (3,8 miloi eurotakoa). Partida honen helburua aurrekontuak handitzea zen, baina ezin zen gastatu. Gezurrezko partida honekin, argi gelditu zen diru publikoarekin egiten den erabilera zikina.

2016ko aurrekontuetan, berriro ere murriztu dituzte Partzuergoko aurrekontuak. %2,5eko murrizketa aplikatu dute (1,335 milioi eurotakoa). Eusko Jaurlaritzak Partzuergorako aurreikusten duen diru partida handitu arren, zor diguten aparteko ordainsariaren zati bat ordaintzeko gordeta izan behar zuten dirua da igoera txiki hau. Ez dute inolako asmorik adierazi, tasen egokipenaren ondorioz, familiek gutxiago ordaintzeagatik diru sarreretan dagoen jeitsiera konpentsatuko denik.

Gogoratu behar dugu, tasen egokitzapenarekin, diru sarrera gutxiago egongo zirela aurreikusten zela, baina, beste aldetik, bekak kenduko zirenez, jeitsiera hori konpentsatuko zela beken diruarekin. Baina, non dago beken dirua? Zergatik ez da konpentsatu familien diru sarreren murrizketa? Nork ordaindu du jaitsiera hau? Zergatik murriztu dira langile gastuak? Langileok ordaindu behar al dugu kuoten egokitzapena?

Azkenik, 0-3 urteko zikloak daukan garrantzia kontuan hartuta, funtzio asistentziala betetzeaz gain, etapa honek daukan helburu hezigarria ahaztu gabe, ziklo honen doakotasuna aldarrikatzen jarraitzen dugu.

• Ikastolak.
o 2009ko aurrekontuak gainditu dira. Atal batzuetan ordea, murrizketak mantentzen dira jarraian ikusten moduan.
o Hezkuntza laguntza espezialisten atalaren jaitsiera ematen da.
o Aurre erretirorako partida, gero eta txikiagoa da.
o 0-3rako kopuruak izoztuta mantentzen dira jaitsiera baten ostean.
o Ordezkapenetarako diru partida 2016ko irailetik aurrera %3tik %4ra pasa liteke.

• Gizarte Ekimena.
o 2009ko aurrekontuak gainditu dira. Atal batzuetan ordea, murrizketak mantentzen dira jarraian ikusten moduan.
o Hezkuntza laguntza espezialisten kasuan: hiru milioi gutxiago jasota daude.
o Aurre erretirorako partida gero eta txikiagoa da.
o 0-3 zikloa: 2015eko 4 milioietako murrizketa egonkortzen da.
o Oinarrizko Lanbide Heziketa: ikastetxe batzuk lehenengo kurtsorako ituna eskatu dute eta horrela jasota dago. Bigarren ikasturtea nola finantziatuko den finkatzeke.
o Ordezkapenetarako diru partida 2016ko irailetik aurrera %3tik %4ra pasa liteke.

• Unibertsitatea:
o Aurrekontuaren ez nahikotasunak tasak igotzeko presioa areagotzen du.
o Ekarpen arruntean 2010ekoarekiko 30 milioiko murrizketa mantentzen da.
o Ordainsari gehigarriak ordaintzeko behar direnak baino 5 miloi euro gutxiago aurreikusten dira.
o 2015ean EHUrekin sinatutako kontratu programa ez du beteko Eusko Jaurlaritzak, adostutako 150 lanpostu ohiko finantziaziotik kanpo utziz.
o Murrizketen mantentzeak arriskuan jar dezake dozentzia modu egokian emateko baliabide nahikorik izatea (praktikak, laborategia, liburuak,..).

Panorama guzti hau ikusita, hezkuntza esparruari ere koherentzia eman beharrean gaudela iruditzen zaigu. Euskal hezkuntza ahalik eta modu zabalenean, koherenteenean eta betekizun zehatzen baitan barnebilduko lituzkeen aurrekontu batzuetara jauzi eman beharra dago. Oso argi dugu BPGetik hezkuntzara bideratu beharreko inbertsio portzentaiak hezkuntza esparruan Europan herrialde aurreratuenekin parekatze bidean jarri beharra dugula. Soilik horrela, inbertsio horiekin, biharko euskal jendartea izango dena, zor zaion hezkuntza kalitatearekin hezitua izateko aukera emango baitiogu. Hau horrela izanik ere, ez dugu hezkuntzaren hobekuntza ekonomian soilik oinarritu nahi. Honela bada, lehen esan moduan, hezkuntza esparruan koherentzia bilatzeko asmoz, hezkuntza lege berri baten beharra ikusten dugu. Lege honek gaur egungo legediak dituen mugak gainditzera eraman beharko gintuen, Euskal Herriaren kohesiorako baliagarria izan beharko luke eta hezkuntza oinarrizko zerbitzu publikotzat aitortu. Horrekin batera euskal jendartearen beharretara guztiz egokitutako hezkuntza sistema berri bat antolatu behar dugu, ez estatuen legedien beharretara egokitutakoa.
 

 

 

Pentsionisten Plataformak aurkeztutako HELak sindikatuen babesa jaso du

LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek babestu eta bat egiten dugu Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformek aurkeztu duten Herri Ekimen Legegilearekin eta langileei dei egiten diegu euren sinadura eman dezaten eta orain eta etorkizunean Pentsio Publiko Duinak berma daitezen.

Dei egiten diegu alderdi politikoei bidezko aldarrikapen hauek egia bihurtzeko oztoporik jar ez dezaten eta Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetatik HEL honetako sinadura-bilketa erraz dadom, Hego Euskal Herriko pentsiodun guztiek pentsio duina izan dezaten. Instituzioek herritarren eskubideak bermatu behar dituzte, herritarren interesen alde lan egin behar dute, hortaz, ezin dute beste alde batera begiratu aldarrikapen hauek aurrean.

Modu berean nabarmendu nahi dugu ze garrantzitsua den Euskal Herria Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa martxan jartzeak, Madriletik inposatzen dizkiguten murrizketen araberakoa izango ez den sistema propioa bermatzeko helburuarekin diru-sarrera zein gastuak kudeatuko dituena.

Pentsionisten Plataformek eman duten urratsa oso garrantzitsua dela baloratzen dugu kalera atera dutelako pentsio duina bermatzearen beharra. Honek horrenbeste urtetako lanaren ondoren duintasunez bizitzea ahalbidetuko lieke eta pobrezian eta hilabete amaiera ezin iritsirik egotea eragotziko luke.

Horregatik guztiagatik, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuok begi onez ikusten dugu Eskubide Sozialen Aldeko Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformen ekimena eta gure babes osoa ematen diegu, gure lankidetza eskainiz.
 

 

 

LABen Hendaiako egoitza berriak ateak zabalik ditu

0


Gaur, hilak 18, zabaldu ditu LABek Hendaiako egoitza berriaren ateak. Duela hamabost urte iritsi zen LAB Ipar Euskal Herrira. Ibilbide luzea egin du sindikatuak urte hauetan, gatazketan zein Euskal Herriaren eraikuntzan lehen lerroan izan da beti. Gaur urrats berri bat eman dugu langile eta herritarrei borrokarako gune berri bat eskeiniz.

Festa giroa zen nagusi Hendaiako egoitzan gaur arratsaldean. Militante asko gerturatu dira jaizkibel karrikako lehen zenbakira. Anhioa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak hitza hartu du hau dena posible egin dutenak eskertu eta urte guzti hauetan Ipar Euskal Herriko militanteek egindako lana nabarmenduz.

Hau ez da Ipar Euskal Herrian izango duten berritasun bakarra. Hain zuzen ere webgune berria ere zabalik da Ipar Euskal Herriko lanketen berri jasotzeko. www.lab.eus/ieh helbidean aurkituko gaituzu, etor zaitez.
 

 

 

Euskal Presoak etxera ekarri behar ditugu. U9an Bilbo eta Baionara

LAB sindikatuak euskal presoen eskubideen alde eta urtarrilaren 9an Bilbon Sarek deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia eginez mobilizatzen ari da egunotan. Gaur Iruñean, Durangon, Bergaran…, atzo Ondarrun, Gasteizen… Euskal gatazkaren ondorio eta konponbidearen parte diren presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko egoera eta neurriekin amaitzea exijitu dugu.

Euskal presoen eskubideen aitortza euskal jendartearen gehiengoaren nahia da; presoen afera konpontzea ezinbesteko urratsa da Euskal Herrian bake eta konponbide prozesuan aurrera egiteko. Eta egoera honekin amaitzeko, euskal presoak etxera ekar ditzagun, mobilizazioa ezinbestekoa dugu. Mobilizazioa da elkartasunetik konpromisoetara pasatzeko modurik eraginkorrena.

LABeko kideak urtarrilaren 9an Bilbon izango gara, eta euskal langilei bertan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Mugi daitezen harriak, Euskal Presoak Euskal Herrira. Urtarrilaren 9an, arratsaldeko 17:00etan, Bilbo eta Baionan.