2025-12-23
Blog Page 1061

Salaketa ekintza bat egiteagatik bi gazte feministen kontrako epaia gelditu behar dugu

Iazko abuztuaren 8an egindako salaketa ekintza batengatik otsailaren 4an bi gazte feministen kontrako epaiketa izango da. LABek auziperatuei elkartasuna adieraztearekin batera, prozedura judizialaren gelditzea exijitzen du, izan ere judizializazioak eta kriminalizazioak arazoaren muinari ihes egin eta ordezkatzen baitute.

1.- Inputatutako bi gazteen aldeko gure elkartasuna adierazi nahi dugu, izan ere judizializazioak eta kriminalizazioak arazoaren muinari ihes egin eta ordezkatzen dute, jaietako guneetan biolentzia matxistaren salaketa publikoa.

2.- Iazko abuztutik sortu eta mantendutako egoerak herritar guztioi eragiten digula haustura nabarmena sortuz, eta erdigunean beharko lukeen biolentzia matxistaren eztabaida bestelakoetara eramateak arazoaren muinari heltzea ekiditen du.

Jai partehartzaileak definitu beharra dago, non guztiok gune publiko guztietan gozatzeko aukera izango baitugun eta, garrantzitsuago dena, eraso eta gehiegikeria matxista guztiak erabat desagertuko baitiren.

3.- Parametro hauetan eztabaida oso bati heldu beharra dago, eta era berean, albo batera utzi behar dira jarrera eta jokaera batzuk, soilik sustatzen dituztenei mesede egiten dielako. Jendarte osoari dei egiten diogu, eta batez ere Udalari, herritarrongandik gertuen dagoen erakundea delako eta jaien eta hauen kudeaketaren arduradun nagusia delako, berehala martxan dagoen edozein prozedura judizial gelditzeko. Era berean, begirunea, elkarrizketa, bizikidetza eta pluraltasuna funtsezko elementu izango dituen jai esparrua eraikitzeko urratsak eman ditzan.
 

 

 

Ez lanean, ez kalean. Eraso sexistarik ez!


Oreretako Galtzarabordako kiroldegiko emakumeen aldageletan kamera topatu izana salatzeko manifestazioa egin zen atzo "Nazkatuta gaude! Erasotzaileak eta babosoak kanpora!" lelopean. Eraso sexisten berri izateaz nazkatuta gaude. Pauso bat aurrera eman beharra dago sistema patriarkalaren aurpegi nazkagarriena bizitzako eremu guztietatik ateratzeko. 

Nazkatuta gaudela eraso sexisten berri izateaz. Oraingoan, lantoki baten barruan izan da, kalearen erreprodukzio bat gehiago den tokian. Sistema patriarkalak bere aurpegi nazkagarriena bizitzako eremu guztietan erakusten digu, arlo pribatu zein publikoan, kalean zein lanean.

Galtzarabordako kiroldegian jazotakoa ez da anekdota huts bat eta ez dugu utziko horrela tratatzen. Emakumeonganako indarkeria bizitzako eremu guztietan jasaten ari gara eta bere egoera gordinenean azaldu behar dela uste dugu. Soilik horrela lortuko dugulako jendartearen kontzientziazioa, eragile sozial zein politikoak pauso bat aurrera emanez, emakumearen ahalduntzerako gure esku dagoen oro eginez.

 

 

 

Condesako etorkizuna bermatzeko neurriak hartu behar dira

0

Europako Batzordeak Arcelor Mittal enpresari zein 9 banketxeren batuketari Condesa erosteko baimena eman berri die. Erabakiak langileek bizi duten egoerarekin bukatzeko balioko duela espero dugu LABetik eta jabe berriei zein instituzioei, lantokien bideragarritasuna zein enplegua eta lan baldintzak bermatzeko neurriak har ditzatela eskatzen diegu. 

Gaur egun, Condesako langileak ziurgabetasun handiko egoeran aurkitzen dira. Legutioko Condesako lantokiak EREan daude, lan karga gutxirekin eta Condesako lantoki guztietan abenduko aparteko sariaren %75 kobratu gabe jarraitzen dute. Europako Batzordearen erabakiak egoera honekin bukatzeko balioko duela espero dugu LABetik, lan karga handituz eta egonkortasuna lortuz.

Jabe berriei, bereziki Arcelor Mittali, lantokien bideragarritasuna zein enplegua eta lan baldintzak bermatuko dituen industria plana ahal den azkarren aurkezteko exijitzen diegu eta instituzio guztiei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari estrategikoa den proiektu industrial honen etorkizuna babestea eskatzen diegu. 
 

 

 

Lan istripuen atzean prekarietate asko eta prebentzio neurri gutxi daude

0


LABek “Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak 2015” azterketa aurkeztu du gaur komunikabideen aurrean. LABek kezkaz ikusten du, 2015ean, lan istripuek eta gaixotasun profesionalek izandako gorakada. Ainhoa Etxaideren arabera “egoera honen atzean prekarietate asko eta prebentzio neurri gutxi aurkitzen ditugu”. Zentzu honetan Gobernuen jarrera salatu du Idazkari Nagusiak, “badakite egoera nolakoa den eta honen aurrean, beste alde batera begiratzen dute”.

Ibon Zubiela Lan Osasuneko arduradunak aurkeztu ditu azterketaren datuak, 2015ean lan istripuek gora egin dutela nabarmenduz, %8,7. Egunero 267 lan istripu gertatzen dira, 5 minuturo bat. 6 egunik behin langile bat hil da lan-istripuz 2015ean. Egunero, 12 gaixotasun profesional kasu aurkitzen dira.

Ainhoa Etxaideren esanetan “gero eta lan istripu gehiago eta gero eta laneko gaixotasun gehiago. Arazoa handitu egin da arazoaren atzean dauden arrazoietan sakondu delako”. Jarduera ekonomikoa handitzearekin batera gora egin dute istripuek, “baina istripuek, jarduerak baino askoz ere hazkunde handiagoa izan dute”.

LABeko idazkari nagusiaren arabera, “egoera honen atzean prekarietate asko eta prebentzio neurri gutxi aurkitzen dugu, beraz, erabaki enpresarialak daude prekarietatearen atzean”.
“Prekarietatea handitzea eta prebentzioan ez inbertitzea hautu bat da, dituen ondorioak ezagutuz egiten den hautua”, Etxaideren esanetan. “Patronalak praktika hauek babestu egiten ditu eta posible izateko politikak eta arauak ziurtatzen ditu, atzean izkutatzen den arriskuaren jakitun”. Izan ere, “enpresariak euren irabaziak handitzeko ari dira prekarietatea erabiltzen eta prebentzioan gutxiago inbertitzen, emaitza zein izango den jakinda”.

Instituzioen egitekoari dagokionez, Etxaidek adierazi du “badakite egoera nolakoa den eta honen aurrean, beste alde batera begiratzen dute. Plan ezberdinak martxan egonda, istripuen gorakada eman da. Porrota begibistakoa da eta planokin jarraitzea, arduragabekeria hutsa”.

Ezagutzen den errealitate hau salatu du LABek baina hainbat arlotako errealitateari dagokion datuen falta ere nabarmendu du, hala nola, autonomoak edo etxeko langileak.

Gaixotasun profesionalei dagokienez. Etxaideren esanetan “ez dira aitortzen, ez dira behar bezala tratatzen eta gainera, negozio eremu bihartu nahi dituzte mutualitateen lege berriarekin”.

Sindikatuak egiten dituen eskaerak azpimarratuz amaitu du agerraldia Etxaidek. Lehenik eta behin, “Osalanek zein Instituto de la Salud Pública y Laboral de Navarra esan dezatela ze erabaki berri eta zein neurri hartuko dituzten egoera hau ezagututa”. Bigarrenik, “Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu behingoz patronala interpela dezatela guzti hau onartezina dela esateko. Eta parlamentu bietan iragarri dezatela ze neurri hartuko duten igoera honen aurrean”.

 

 

Enpleguaren defentsan kalean

 

Milaka langile kalera irten ginen larunbatean, bai Sestaon eta bai Iruñean, Arcelor eta TRWko lanpostuen defentsan. Sestaoko kasuan 1.000 lanpostutik gora daude jokoan, zuzeneko langileez gain azpikontrata eta hornitzaileei eraten baitie erabakiak, eta TRWen EEEak zuzeneko 250 langileri eragiten die.

Bi kasutan eskualdei ematen zaien kolpe latz baten aurrean aurkitzen gara. Txantaia eta mehatxua erabiltzen ari dira patronalaren beharrak hasetzeko eta langileok ezin dugu hori onartu. Horrela esan genuen larunbatean eta berdin jarraituko dugu hemendik aurrera ere.
 

 

 


CONDESAko langileak interes izkutuen biktimak gara

0

Condesak, Arcelorrek eta bankuek sinatutako akordioren onespenaren zai, kezkaz ikusten dute langileek egungo egoera, baita etorkizuna ere. Hain zuzen ere EREan segitzen dute, lan karga eskasarekin eta abenduko aparteko pagaren %75a jaso gabe. Egoera honen aurrean langileek ez dute etsiko eta enplegu eta eskubideen defentsan borrokan jarraituko dute.


CONDESA FABRIL (komitearen gehiengoa) eta CONDESA INOXeko langileen ordezkarien balorazioa:

Gaur, urtarrilak 29, Europatik onespena eman behar diote Condesak, Arcelorrek eta Bankuek sinatutako akordioari. Eman zaigun enegarren epemuga, orain arte inoiz bete ez direnak. Guk egoera berean jarraitzen dugu: ez dakigu ezer egungo egoeraz ezta gure etorkizunaz ere, EREan segitzen dugu, lan karga eskasarekin eta gainera abenduko aparteko pagaren %75a ez ziguten ordaindu. Aski da!

Norbaitek ez ditu bere betebeharrak betetzen eta berriro gu, langileok erdian, egoera larri bat sufritzen eta inolako azalpenik jaso gabe. Prozesu luzea daramagu eta informazioa behin eta berriro ukatu zaigu, bai Condesatik, bai Arcelorretik baita Bankuetatik ere. Haien arteko interes izkutuen biktimak gara gu eta azken gertaerak kezkatzen gaitu: zergatik ez dago dirurik gure soldataren zati bat ordaintzeko? Non dago diru hori? Gurea dena erreklamatuko dugu mobilizazioetan, kalean, lantegian, instituzioetan eta epaitegietan. Ez dugu lapurketarik onartuko, ez gure eskubideena ezta gure diruarena ere ez.

Eusko Jaurlaritzatik ere ez dugu asko espero. Arantxa Tapiak eta Industria Sailak gurekin biltzen ez direnez, Legebiltzarrean azalpenak eman behar izan zituen eta bere ustez urte amaierarako prozesua bukatuta egongo zen. Hemen gaude, urtarrilaren bukaeran eta egoerak hobetu beharrean okerrera egin du, aparteko paga ez baitigute ordaindu. Zer daki egungo egoeraz Eusko Jaurlaritzak? Zer egingo du? Guri esaten ez digunez, Legebiltzarrean azaltzeko eskatu dugu berriro ere. Guk argi daukagu instituzioek langile eta herritarren eskubideak defendatzeko daudela, eta dugu inolaz ere ulertzen beraien jarrera, ez bada interes partidistengatik mugitzen direla.

Egoera, beraz, larria da. Aste honetan enteratu gara ACB, Arcelorreko enpresa, urtebeteko geldiunea izango duela. Ez dakigu ze ondorio edukiko duen horrek guregan, badakigu ordea Condesa martxan zegoenenan hona ailegatzen zela beraien produkzioaren %30 inguru. Hortaz, baliteke gure egoerak haiei ere eragin izana…

Edonola ere, norbaitek guri etsipena sortarazi nahi badigu jai dauka. Hurrengo aste eta hilabeteetan gure etorkizuna jokoan egongo da eta guk ez dugu etsiko. Indar handiz helduko diogu erronkari, gure enplegu eta eskubideen defentsan borrokatzen jarraituko dugu.
 

 

 

Bake prozesua indartzeko III. Foro Soziala Gernikan bihar

Gernikako Lizeo Antzokiak Bake Prozesua Indartzeko III. Foro Soziala jasoko du bihar, hilak 30, armagabetze ondenatu baten aurrean gizarte zibilak egin dezakeen ekarpena aztertzeko. Konponbidearen bidean aurrera urratsak emateko LAB bertan izango da oraingoa ere.

 

 

Greba mugagabea Panda Security enpresan inposatu nahi dieten lekualdatzearen aurrean

0

LAB sindikatuak eta Panda Securityko enpresa-batzordeak salatu nahi dugu langileak zuzendaritzaren aldetik jasotzen ari diren inposizioa. Enpresak, azpiegitura gastuak aurreztearen aitzakiarekin, onartezina den lekualdatzea inposatu nahi die langileei, egungo Bilboko instalazioetatik Zamudiokoetara. Honen aurrean, greba mugagabea hasiko dute otsailaren 3tik aurrera.

ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA
Panda Securityko langileen asanbladak greba egitea erabaki du gehiengoz. Otsailaren 3an hasiko da, asteazkenez, eta mugagabea izango da.

Hau da uzten diguten alternatiba bakarra enpresa Zamudioko Parke Teknologikora eramateko euren asmoaren aurrean. Lekualdatzearen erabakia aldebakarrez eta egun batetik bestera hartu du Zuzendaritzak, ez langileei ez euren ordezkariei kontsultatu gabe. Euskaltelen jabetzakoa den eraikin batera eraman nahi gaituzte.

25 urte ditu Pandak, eta beti egon da Pandak kokatuta. Alameda Mazarredon egon zen kokatuta hasieran, gero Buenos Aires kalean eta egun Gran Via 4an, langileok elementu garrantzitsua izan gara Bilboko erdiguneko merkataritzaren dinamizazioan. Guk alde egiteak eragina izango du gure lantoki inguruko komertzio eta saltokietan. 

Pandako langileak gazteak gara nagusiki eta mota guztietako familia-erantzukizunak ditugu: seme-alaba txikiak, menpekotasun egoerak dauden pertsona nagusiak, honezkero kontratatuta dauden eskolaz kanpoko jarduerak zein pertsonalak ditugu, gozatu ezingo ditugunak. Hankaz gora jarriko dute 200 familiaren bizitza honek duen eraginarekin, bai ekonomikoki, bai kontziliazioari dagokionean.

Zamudiora inposatutako lekualdaketak eragin basatia izango du. Ibilgailu bat behartutako pertsonak edo umeak eskolara eramango dituen norbait kontratatzera behartuak. Bikoiztu edo hirukoiztu egingo diren langile askoren garraio-gastuak. Jardunaldi murrizketarekin dauden langileek nekez bete ahal izango dituzte euren laneko ordutegiak. Ordu asko pasatu beharra errepideetan eta ia egunero daude istripuak. Inork ordainduko ez dizkigun aisia eta familia bizitzako orduak. Guzti honek ustez aurreztu nahi dutena baino gastu ekonomiko handiagoak sortaraziko ditu, ia bikoiztu egingo baitira. Urtean ia 400.000 euro gastatzea nahi dute 180.000 euro aurreztuko. Eta hori, lekualdatze erraldoi honen gastuak kontatu barik.

Zuzendaritzak entzungor egin die gure aldetik egindako proposamen guztiei, baita Euskalteleko eraikineko metro karratua egungo lekuarena baino garestiagoa dela erakusten duten zenbakiei.

Langileen proposamena
Urte beteko luzamendua ezartzea proposatu dugu.

Horrela, berehala ezarriko lirateke egungo eraikinean zenbakiekin erakutsi dizkiegun aurrezki neurriak eta Zuzendaritzari euren esanetan beharrezko duten aurrezkirako marjina emango liokete.

Gainera, aurrezkia handitu eta kosteak gutxitzea erraztuko lukeen telelanerako politika martxan jartzeari ekingo litzaioke.

Azkenik, Zamudiokoari alternatiba bat aztertzeko denbora izango genuke, baina beti Bilbo barruan eta langileen iritzia kontuan izanda. Badaude alternatibak, mahai-gainean jarri ditugu eta derrigortuta eraman nahi gaituzten Zamudioko eraikinekoak baino merkeagoak dira. Baztertu egin dute gure proposamena.

Grebaren aukera baino ez digute uzten.

  

 

 

Angela Davis Euskal Herrian

0

LABeko Ipar Hegoa Fundazioak eta Gite-Ipes Elkarteak elkarlanean datorren astean Angela Davisekin hainbat jardunaldi antolatu ditugu. Otsailaren 6an ‘Herri, klase eta feminista izaeradun borrokaren ikuspegia egun’ izenburua duen mintegian, bere ekarpen intelektuala aztertzeaz gain, egun diren erronkak eta eztabaidak mahaigaineratuko dira. [Informazio gehiago www.iparhegoa.org]