2026-10-01
HomeIndustriaMetalgintzaTMAk, langileei lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren, kartzelara bidali nahi ditu

TMAk, langileei lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren, kartzelara bidali nahi ditu


LAB Sindikatuak gogorki salatu nahi du Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresako langile ohi biren kontrako errepresioa. Izan ere, duela gutxi jakin izan dute 5 urte eta 6 hileko kartzela eskaera dutela bakoitzak bere kontra, gainera, 9.000 euroko fiantza jarri behar izan dute, Rafael Zabala enpresariaren akusazio partikularragatik.

TMA Etxebarrian zegoen enpresa zen. 2013ko apirilean Rafael Zabala Fernandezek enpresako boterea hartu zuen.

Enpresak hainbat soldata zor zituenean, eta langileekiko konpromiso guztiak ez zituela betetzen ikustean, langileek greba mugagabe bat hasi zuten. 2013 urte bukaeran, 8 hileko greba baten ondoren, enpresa itxi eta langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorrarekin.

Hau dena gutxi balitz, Rafael Zabala Fernandezek, salaketa penalak jarri zituen langile ezberdinen kontra, lan gatazka kalera ateratzeagatik eta legalki komunikatutako manifestazio eta kontzentrazioak egiteagatik.

Baina Rafael Zabala Fernandezek haratago jo nahi izan zuen eta bi langileren kontra (bata langileen ordezkaria izandakoa enpresa itxi arte), urruntze neurri kautelarra eskatu zuen. Gernikako epaitegiak eskaera ukatu bazuen ere, lan gatazka kolektibo baten aurrean bi pertsonen kontrako neurri kautelarrak zentzurik ez zuela argudiatuz, Bizkaiko Auzitegi probintzialak neurria onartu zuen. Beraz, 2014ko uda hasieratik eta epaiketaren zai dauden bitartean, bi langileri 500 metrotako urruntze agindua ezarri diete.

2016ko uda hasiera honetan, bi langile horien kontrako eskaera penala heldu da: 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra eta 9.000 euroko fiantza eskatu du Rafael Zabala enpresariak. Enpresa itxi eta langileei zorrak utzi ondoren, langileak kartzelara bidali nahi ditu eta indemnizazio bat eskatzen die.

Ezin dugu ahaztu gainera, TMA enpresa “Hiriko” (kotxe elektrikoa) proiektuan parte izan zela eta prozesu baten barruan dagoela diru publikoa bidegabeki “xahutzeagatik”.

Zer da hau? Mundua aldrebestu zaigu! Ze botere publikok eta legeriak babesten dituzte lapurrak maila honetaraino?

LAB Sindikatuak argi du, enpleguaren defentsan, langileen borroka ezinbestekoa dela. Langileak dira, beraien lanpostuen defentsa bermatu dezaketen bakarrak.

LAB Sindikatuak gogor salatu nahi du gaur eguneko legediak enpresariei ematen dien inpunitatea eta langileen babes eza. Enpresariek edozer egitea libre duten bitartean (langileen bizitzak suntsitu ditzakete), langileek beraien eskubideen defentsan borrokatzeagatik eta enpresarien irregulartasunak kontralatu nahi izateagatik, epaituak eta kartzelaratuak izan daitezke.

Ezin ditugu onartu langileriaren kontrako injustizia gehiago. Langile klasea kriminalizatzeari utzi behar zaio, horrelako enpresariak babesten diren bitartean. Justiziak ezin ditu biktimak kriminalizatu eta errudunak babestu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...