2025-12-23
Blog Page 1058

Gasteizeko Movistar-Elecnor enpresan sortutako lan gatazkan emandako erantzuna positiboa izan da

Langileei lekualdatzea jakinarazi zitzaienetik, LABen larritzat jo genituen gertakariak. Movistar-Elecnorreko langileek primeran ulertu zuten Zuzendaritzak hartutako neurria langile guztiei eragiten zien oinarrizko eskubideen kontrako erasoa zela. Eta salaketarako antolatutako lanuzte eta mobilizazioetan modu aktiboan hartu zuten parte.

Ez zen soilik generoagatiko diskriminazioa, bizitza familiar eta lanekoaren arteko uzterketari dagozkion lan eskubideen urraketa ere hor zegoen. Gainera, zigortu egin zituzten zaintza legalagatik jardunaldi murrizketan zeuden langileak.

Gatazka kalera atera dugu eta Arabako jenderteari telekomunikazioko enpresa honen portaera matxista eta diskriminatorioa jakinarazi diogu. Enpresak dirutzak gastatzen ditu bere irudia hobetzen eta horrelako praktikak egiten ditu etxe barruan.

Zoritxarrez, jarduera hau ez da zerbait isolatua. Enpresa gehienetan ematen dira honelakoak eta zeharo zailtzen dute langileen eskubidea euren familia-bizitza eta lanekoa uztartu ahal izateko.

Ez da lortu lekualdatze agindua bertan behera uztea eta lanpostuei eustea. Hala ere, LABek errespetatu egiten du langileen erabakia, hauek onartu egin baitute enpresaren azken eskaintza lan harremanarekin amaitzeko. Zuzendaritzak berak baldintzatu du erabaki hau. Mugaraino eraman ditu langileak, eurei eta euren familiei kalterik gutxien ekartzen zien proposamena onartzera behartuta ikusi dute euren burua, enpresan jarraitzekotan aurki lezaketen giro txarra kontuan izanda.

Azkenik, langileak zoriondu nahi ditugu euren portaera tinko eta borrokalariarengatik, ELECNOReko langileei, mobilizatzeagatik, eta Arabako jendarteari, injustizia honekiko elkartasuna adierazi duelako.

Horrelako portaerak salatuz soilik lortuko dugu horrelakoak desagertu eta lan harreman humano eta bidezkoagoak lortzea.
 

 

 

Gorabideko langileek negoziazio kolektiboaren blokeoa salatu dute


Gorabideko langileek, urtarrilaren 27 eta 28an asanbladan elkartu ondoren, mobilizazioak hastea erabaki zuten negoziazio kolektiboaren blokeoa salatzeko. Gorabideko zuzendaritzaren jarreraren ondorioa da aipatu blokeoa, bai negoziazio kolektiboan bertan baita langileen lan-baldintzen beste funtsezko alderdi batzuetan ere. Gaur kontzentrazioa egin dute Foru Aldundiaren egoitzaren parean eta Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari bilera eskaria egin diote, idatzi bat erregistratuz.

Zerbitzu sozial publikoa dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen duela kontuan hartuta, Gizarte Ekintza Sailarekin eta Batzar Nagusietako talde-politikoekin bilerak eskatuko dituzte, gatazkan bitartekari izan daitezen eta Aldundiak prozesua lidera dezan negoziazio kolektiboa desblokeatu eta egungo egoera konpontzeko: 3 urte hitzarmen kolektiborik gabe, 5 urte soldata izoztuta eta eroste-ahalmena galtzen. Enpresa-batzordeak plan adostu eta ordenatuaren alde egiten du, kreditazio profesionaleko dispositiboan langileen partehartzea sustatzeko, ebentualentzako lan-poltsa, langileenganako erasorik emango ez den zerbitzua bermatzeko neurri prebentibo egokiak aldarrikatuz.
 

 

 

Siderex-ek deitutako bilera Eusko Jaurlaritzaren edukirik gabeko argazkia baino ez da izan

0

LABek Siderex-ek deitutako bileran parte hartu du, Eusko Jaurlaritzarekin, Altzairu enpresen ordezkariekin eta beste sindikatuetako kideekin. LABek bilera horretan parte hartzea erabaki du, altzairugintza sektoreak bizi duen egoera larriagatik, LABek abenduan salatu zuen moduan. Bilerara, sektoreko langile guztien, izan zuzeneko, izan azpikontratatutakoak, interesak defendatzera joan gara.

Sektorearen etorkizuna kalean aldarrikatu dugu, gaur goizean bertan Jaurlaritzaren aurrean egin dugun bezala, langileekiko gure konpromisoa, eremu guztietan euren eskubideak defendatzea da.

Zentzu horretan, bileran LABek ondorengoa exijitu du:

-ARCELOR MITTALeko ordezkariei mahai gainean jarritako geldialdia eta mehatxua bertan behera uzteko eskaera egin diogu, eta Sestaoko plantarako hitzartutako ekoizpena hemen egiteko exijitu. Guretzat onartezina da instituzioek deitutako bileretan parte hartzea eta Sestaoko langileekin oraindik ez bildu izana.

-Hego Euskal Herri osoan eragina duen egoera izaki, Hego Euskal Herriko mahaia osatzea eskatu dugu bileran.

-Erantzunkizun eta ardurak ezkutatzen ari dira bai Eusko Jaurlaritza eta enpresetako zuzendaritzak. Multinazional haundi hauek urte luze hauetan irabazi haundiak metatu ondoren, orain langileen bizkarrean jarri nahi dute irabaziak gutxitzearen zama.

-Jaurlaritzak, gizartea Bruselasera begira jarri nahi du bere erantzunkizuna onartu gabe. Ez gaude prest, eta hori esan diegu aurpegira.

-Gaurko bileran ez dute sektoreko enplegua bermatzeko inolako proposamenik egin. Zertarako zen orduan? Guk eremu guztietan sektoreko langile guztien eskubideak defendatuko ditu.

Gaurko bilera multinazionalen eta Eusko Jaurlaritzaren jarduera zuritzeko baino ez da izan, edukirik gabeko argazkia. Hau ez da Euskal Herriko altzairugintza sektoreak behar duena. LABek soilik altzairu sektorearen etorkizuna eta lanpostuak bermatzeko lan egiteko eremuetan hartuko du parte. LABek alternatibak proposatzen jarraituko du.
 

 

 

Inposizioei putz eta putz

0

Iker Garin eta Aitziber Perez.- LAB Irakaskuntza


Zalaparta handia sortu dute azken egunetan EAEko hezkuntza saileko buru den Cristina Uriarteren ebaluazioaren gainean egindako adierazpenek. Komunikabideetan ezezik, kalean ere aritu da jendea sailburuak esandakoez iritziak trukatzen. Eta ez da harritzekoa, familiak oso kezkatuta baitaude seme-alaben heziketa prozesua hartzen ari den norabidearekin.

Kezkatuta oso, ez baitute nahi euren seme-alaben heziketa prozesu hau hesien salto karrera bat izatea. Ez baitute nahi ebaluazioek sortzen duten etengabeko presioaren baitan ikas-irakas prozesu hau eraikitzea. Egoera hau izanik eta bereziki, aurreko ikasturtean ebaluazioaren gainean sortutako mugimendua baretzeko asmoz bota du titularra: ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ebaluazioa ez da egingo, hurrengo urtean bai, baina bai Lehen Hezkuntako 3. mailakoa. Eta gainera, hauek LOMCErekin zerikusia ez dutela eta gure hezkuntza sistema babesteko eta hobetzeko tresna gisa kokatu ditu. Jada ez gaituzu engainatzen.

Atzera begiratzen badugu, hemeroteketara jotzen badugu, argi ikusiko dugu Hezkuntza Sailak egin duen ibilbidea. Orain dela pare bat urte “LOMCE ez da gure ikasgeletara sartuko“ edota “LOMCEa oharkabean pasako da” edo “LOMCEren aurrean euskal hezkuntza blindatzeko berezko heziketa plana osatuko dugu”, gisako titular ponpoxoak erabili zituen jendartean zegoen kezka baretzeko asmoz. Bada, denborarekin ikusi dugu hau ez dela horrela izan. Aurreko ikasturte amaieran modu oso itsusian eta ezkutuan saiatu zen LOMCEk agindutako Lehen Hezkuntzako 3. mailako froga burutzen. Modu itsusi eta ezkutuan diogu, ez baitzuen argi esan zein heziguneetan egingo zuen froga eta aukeratutako heziguneek pare bat egun lehenago jakin zuten. Zorionez, hezkuntza komunitateak modu eredugarrian erantzun genion azterketa hauei eta plantoen bidez hauek gelditzeko gai izan ginen.

Inposatutako legeari aurre egiteko gai izan ginen, baina neurri batean. Inposizioa, gure heziguneetan atzeko atetik sartu baitzaigu eta jadanik ari gara egoera hori pairatzen.

Ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 3. mailako ebaluazioa, LOMCEtik eratorria, berriz ere egiteko asmoa du Hezkuntza Sailak. Arestian aipatu gisa Lehen Hezkuntzako 6. mailakoa aurten ez, baina hurrengo ikasturtean gauzatzekotan da. LOMCEk proposatutako Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloa indarrean da eta gainera urtarrilaren 18ko berri batek zioen (Noticias de Gipuzkoa): EAEko heziguneetan matrikulatutako ikasleen %20k utzi egiten zutela zikloa eta legeari egozten zion errua. Azkenik, eta biziki kezkatzen gaitu, orain dela aste gutxi EHAO argitaratutako curriculum dekretuak. Bere garaian salatu genuen gisa, LOMCEren itzalean garatutako dekretuak dira (ebaluazio eredua dagokionez, akten ereduari dagokionez, arloen sailkapenari dagokionez…) eta noski, ez diote inolako ekarpenik egiten herri honek behar duen hezkuntza ereduari. Hezkuntza Saila hezkuntza komunitateari bizkarra eman eta norabide okerra hartu du. Noiz eta aukera paregabea dagoenean bizi dugun ziurgabetasuna eta Madrilen dagoen Gobernu-hutsunea probestu eta Heziberri dekretuak Hezkuntza Sistema Propioaren bidean kokatzeko.

Beste zerbait ere esan zuen: “LOMCE legea piskat airean dago”. Edo airean dago, edota lurrean dago. Eta airean badago, eta halaxe da, egoera probestu eta airetik bota behar dugu. Eta horretarako modu eraginkorrena gure bide propioa egitea da. Horrela, aurreko ikasturtean hezkuntza komunitateak hasitako bidean aurre egin behar dela deritzogu. Plantoak modu masiboan artikulatu baina ez soilik fokoa azterketei ipinita, baizik eta modu integralean dekretuei begira, hauek baitira LOMCE euskal lurraldeekin lotzen duten soka.

Putz eta putz egiten jarraitu beharko dugu, airean dagoen globoak airean eta urrutiago jarrai dezan. Baina lan honetan ezin gara hustu, soka moztu ezean jai baitago. Arazoa, ez baita gurea ez den globoa soilik, soka ere bada. Gakoa beraz, globo berriei putz egin eta soka berriak iruten hastean datza. Bide horretan, LAB modu eraikitzailean aritu da eta arituko da lanean. Hezkuntza Sailarekin ere harremanak izan ditugu eta gure proposamenak aurkeztu dizkiogu. Gure eskua luzatu diogu eredu berri horren eraikuntzan elkarrekin lan egiteko, beste eragileei luzatu diegun moduan. Alta, ez dugu erantzun positiborik jaso, alderantziz, hezkuntza komunitateari bizkarra eman eta gure bide propioa egin beharrean LOMCE aplikatzeko apustua egin du. Sailburu anderea, hezkuntza komunitateak ez du nahi hartu duzun bidea, gainera sinesgarritasun guztia galdu duzu, hortaz, etxerako bidea hartu behar duzula pentsatzen dugu.

Hezkuntzarekiko ditugun beharrak, nahiak, ametsak… egingarriak diren heinean, ez dugu uste modurik aproposena Hezkuntza Sailen zain geratzea denik; eurak zer esango zain, zer egingo zain. Gu guztiok, ahoz-aho, putz eta putz mila koloretako globoak puztu behar ditugu, denon airea behar baitugu. Eta globo horiek, tokian-toki, batera- eta bestera, eskuz-esku, ibil daitezen hasiko da LAB sokak iruten. Euskal Herriak behar duen eskola ereduaren gaineko adostasunak landuz eta bilduz. Txikitasunetik abiatuta, bakoitzak bere hariak elkarlotzeko tresna praktiko eta eraginkorrak sortuz. Hezkuntzaren baitan biltzen garenon arteko esperientziak ezagutuz eta elkar-trukatuz…

Guk geuk, herritarrok, hezkuntza eragileok, hezkuntza komunitatea osatzen duen orok osatu eta gauzatu behar baitugu Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua. Denon artean putz eta putz eta iruten!

 

 

 

Napartheid linguistikoaren kontra

0


Atzo “LEP IRIZURRA, ALDAKETARI BAI” lelopean gaur eta biharko ere deituak ditugun mobilizazioen lehena burutu genuen Iruñean NApartheid linguistikoaren kontra. Irakaskuntzako gehiengo sindikalak Geroa Bairen Gobernuak hezkuntzan hartutako bidea oso arriskutsua dela deritzogu.

Geroa Bairen Gobernuak hezkuntzan hartutako bidea oso arriskutsua dela deritzogu. Mahai Sektorialeko eta Mahai Orokorreko gehiengo sindikala aurka izanik mutilatutako LEP bat onartzera ausartuko da.

LEP prozesu hau irailean hasi zen, erabaki teknikoetan oinarrituta omen zegoen. Ondoren tempus politikoak sartu ziren. Irakasleek eta irakaskuntzak ez du tempus politikoetatik ulertzen, bai ordea hezkuntza kalitateaz. Irakasleak haserre gaude, prozesu honen kudeaketa oso eskasa izen delako eta denboran gehiegi luzatu delako, emaitza hau izateko: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako euskarazko 120 plaza gutxiago.

Bihar berriro kontzentran parte hartzera gonbidatzen dugu Nafar jendartea, ordu berdinean leku berdinean.

LABek berriz dio, LEP honi ez eta Napartheid lingusitikoari ez!
 

 

 

Sabadelleko zuzendaritzak ez du hitzarmena betetzen eta kaleratzeekin mehatxu egiten du

0
Azken honetan, Banco de Sabadelleko Gipuzkoako langile gehienok aldi latza bizitzen ari gara. Bankuaren Zuzendaritzak langile askori agertzen dien harrokeria, mehatxua eta xantaia egiaztatzen eta jasaten ari gara, lantokiz aldatu eta hitzarmenaren arabera eraman ditzaketena baino urrutirago eramaten dituzte.

Dirudienez, Bankuaren Zuzendaritzaren iritziz, hitzarmena langileok bakarrik bete behar dugu. Haiek nahieran egin eta desegin dezakete. Nahi duten guztia egin dezaketela uste dute. Euren asmoak onartu ezean, mugikortasuna ezartzen dute, eta 25 baino urrunagoran eraman diezagukete lanpostua, noiznahi eman diezagukete kaleratze gutuna. Honi gehitu diezaiokegu, 40 bat langile enpresaz aldatu nahi dituztela, horietako batzuen antzinatasuna 40 urte baino handiagoa denean, Banco Sabadell taldean sortu berri den enpresa batean lan egin dezaten.

Bai, gure eskubideak urratzen ari dira, eta hori salatu behar da. Gure bizitzekin jolas dezaten aspertuak gaude, nazkatuak gaude gure buruak arriskuan jarri beharraz, gure bizilekutik kilometro askotara dagoen lanlekura egunero joan beharraz. Ederki dakite hori, lan istripuak izateko arriskua areagotzen duelako.

Ezer gutxi axola die gure bizitza pribatuak, etxeko bizitza eta lana uztartzeko beharrak, gure seme-alabak behar bezala zaintzeak edo haiek zaintzen eman dezakegun denbora urriagoa izateak,… Gai hauei eta beste askori uko egin diezaiegun nahi dute, horrela gure lanpostua “salba dezagun”, gaur egun bizi dugun une latzean. Horrela, haien mehatxua onartuko ez bagenu, eta “nahita” joango ez bagina, lanetik bidaltzearekin mehatxu egiten digute.

Nahikoa da! Bankuaren Zuzendaritzak jakin beza ez garela txotxongiloak, eskubideak ditugula eta bete behar dituela.
Honengatik, lehenengo eta behin langileak deitzen ditugu kikildu ez daitezen, euren eskubideen alde egin dezaten eta mehatxuak, presioak eta xantaiak bere horretan iraunez gero, sindikatuen ordezkariengana jo dezaten, eta horrela, elkar hartuz, egokia dena egin dezagun eta egoera maila guztietan sala dezagun, auzibidez zein jendartean.

Bigarrenez, gainontzeko sindikatuak deitzen ditugu ezin larriagoa den egoera honi aurre egin diezaioten, sindikatuek dauzkaten bitarteko guztiak jar ditzaten, mobiliza daitezen eta horrela, halakorik berriro jazo ez dadin. Denok dakigu hamaika direla bulegoz aldatu dituzten pertsonak eta horietako asko presionatzen ari direla.

Banco Sabadellek langileon eskubideak urra ditzan eragotz dezakegu eta eragotzi behar dugu. Eskubideak bete ditzala eskatu behar zaio, eta atzerapausurik ez onartu.
 

 

 

Nafarrroako Irakaskuntzako LEP iruzurra, aldaketari bai

0


Nafarroako irakaskuntzako gehiengo sindikala LEParen aurka izanda ere, Geroa Bairen Gobernuak proposamenarekin aurrera jarraitzeko erabakia hanka sartze bat da. Erabakia salatzeko eta aldaketa bidean gaur, bihar eta etzi "LEP iruzurra, aldaketari bai" lelopean mobilizatuko gara Iruñean.

Pasadan ostiralean Nafarroako Irakaskuntzako LEPa tratatzeko Mahai Orokorra burutu zen. LEP honen prozesua luzea eta korapilatsua izan da eta mahai gainean jarri duten proposamena lotsagarritzat jotzen dugu. Geroa Bairen Gobernuak irakaskuntzako gehiengo sindikala LEP honen aurka izanda, proposamen honekin aurrera egiteko sinesgarritasun osoa galdu du.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako euskarazko 120 plaza kendu dituzte ikasturte honetarako. Mahai Orokorrean gehiengo sindikalak (LAB eta ELA) ezetz esan dio LEP honi.

Ostiral arratsaldean, Mahai Sektoriala egin zen eta LABetik adierazi genuen LEP prozesu hau arduragabekeriaz betetakoa izan dela, ondorioz ez dagoela inongo bermerik negoziaketak aurrera egiteko eta ez dugula lan egiteko modurik ikusten. Mahai Sektorialeko gehiengo sindikalak ere, (LAB, Steilas, ELA) ezezkoa eman dio eta AFAPNAk ere bai.

Irakasle lanpostuen zerrenda kudeaketa arautzen duen 60/2009 Agindu Foralaren aldaketa ezinbesteko baldintza izan zen sindikatu guztientzako. Ondorioz koherentziaz ezetz esan beharko liokete sindikatu guztiek LEP honi.

Geroa Bairen Gobernuak irakaskuntzako gehiengo sindikala LEP honen aurka izanda, proposamen honekin aurrera egiteko sinesgarritasun osoa galdu du.

Hortaz LABek, prozesu hau kudeatu duen Hezkuntza Departamentuko lantaldearen dimisioa eskatzen du, baita Mendoza Kontseilariarena ere, prozesu hau bideratzeko ahalmena ez duelako erakutsi, negoziazio faltsuetan aritu delako eta kudeaketa traketsa lideratu duelako.

Datorren astean mobilizazioak egingo ditugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok. Otsailak 8, 9 eta 10. Nafarroako Jauregiaren aurrean (Carlos III z/g). Eguerdiko 12:00tan izango dira. Kontzentraren leloa “LEP IRUZURRA, ALDAKETARI BAI”.Sindikatu hauek Nafar jendartea mobilizaio hauetan partehartzera gonbidatu nahi dute eta bereziki prozesu honetan kaltetuak izan diren irakasleak.
 

 

 

Lanuzteak Zalain Transformados enpresan zor zaien lansaria eskatuz

0

Ordain-sariak eta nominak ordaintzeko orduan egondako atzerapenak salatzeko Zalain Transformadoseko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Urtarrilaren 25ean hasitako mobilizazio dinamikak atzo jarraipena izan zuen 4 orduko lanuzteekin. 

Lesakako Zalain Transformadosen gertatzen ari denaren inguruko Lantegi Batzordearen irakurketa

Lesakan kokaturik dagoen Zalain Transformados lantegian gertatzen ari denaren inguruan aipamen bat egitea komeni da, bertan lan gatazka batek bizirik dirau eta gaur egun.

Lan gatazka ez da berria 2014ko Martxoan kokatu baititeke bere hasiera. Zalain Transformados lantegia eta bere 350 langileak Condesa taldearen barruan daude kokatuak daude oraingoz Euskal Herriko bertze 3 plantekin eta Nazioartean dituzten bertze 5 lantegirekin batera.

2014ko Martxoan taldeak zeukan finantza arazoak zirela medio Condesa taldea eta ondorioz Zalain Transformados hornidurarik gabe gelditu zen eta lan zama izanik ere lana behar bezala ezin atereaz egon ziren. Taldea aurre konkurtso egoeran sartu zen, eta Konkurtsoan sartzeko epea bukatzeko egun bat falta zenean ArcelorMittalek eta banku kontsortzio batek akordio bat lortu zuten taldeko lantegi batzuen kontrola hartzeko tartean Zalain Transformados. Gelditzen zen azken tramitea Europako konpetentzia batzordearen oniritzia zen eta pasa den Urtarrilaren 29an gauzatu zen.

Tarte honetan eguberri hauetan Condesa Taldeak bere langile guztiei eta noski Zalain Transformadoseko langileei ere eguberrietako eta urtarrileko 2 aparteko soldatak ordainduko ez zizkiela jakin arazi zien eta hori dela eta langileek mobilizazioei ekin diete bere soldata ordaindua izan dadin exijitzeko.

Konkretuki lehenengo mobilizazioa urtarrilaren 18an egin zuten 4 orduko lan uzte batekin txanda bakoitzean, Ondotik ikusita enpresak paga bakoitzaren %25a bakarrik ordainduta zuela Otsailaren 2 eta 4rako txanda bakoitzean bertze lau ordutako lan uzteak egin dituzte. Langileen ordezkariek eta langileek batzarretan argi utzi dutenez soldataren osotasuna kobratu arte ez dituzte mobilizazioak utziko eta beraz ordaindu ezean mobilizazio gehiago aurre ikusten dira.

Horregatik gaur Otsailak 4 eguerdiko 11etan 150 langile Zalain transformadoseko ataritik atera eta Berako herrira joan gara eta bertako Banco Santander parean kontzentratu gara gure egoerari soluzio bat eskatzeko. Egoera konpondu ezean mobilizatzen jarraituko dugu, zor zaiguna ordaindu arte.

 

 

 

Altxa gaitezen Lanbide Heziketan esplotazioarekin amaitzeko

0


Gaur egungo sistemak gazteak prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi ditu, beraien etorkizunaz erabakitzeko aukera lapurtuz, edota enplegua lortzeko emigratzera behartuz. Egoera hau errotik aldatzeko elkarlana eta indarrak batzea ezinbestekoa dira. Helburu honekin langile, gazte zein ikasleen arteko aliantzak eraikitzen ari gara eta honen adierazle da gaur LAB, Ernai eta Ikasle Abertzaleak-ek Lanbide Heziketako praktiketan gazteen eskubideak bermatzeko martxan jarritako kanpaina. 

Krisiaren aitzakiarekin patronalari eskubide guztiak oparitu izanaren ondorioz gazteak inolako eskubiderik gabe sartzen ari dira lan munduan, Patronala bere abantailazko posiziotik, esplotazio eredu gupidagabea inposatzen ari da. Hain zuzen ere gazteei eskaintzen zaien enplegua aldibaterakoa eta prekarioa da, askotan lan kontraturik gabe, segurtasuna neurririk gabe eta soldata miserableekin lan egitera behartuak daude, eta gainera langabeziak bortizki kolpatzen ditu —25urtetik beherakoen artean langabezi tasa %6,3 igo da—.

Egoera larria da eta aldaketak bultzatzeko elkarleanean aritu behar dugu. Aliantza hauen emaitza izan zen Ernairekin batera kaleratu genuen “gazte prekarietatea brrokatzeko aldarrikapen taula”. Bertan jasotzen zen puntuetariko batek “praktikak ikasteko direla eta ez esplotatzeko” zioen. Beraz orain, lanbide heziketako ikastetxeetan praktikaldiak egiteko garai izanki, dinamika bateratu bat martxan jartzeko beharra ikusi dugu. Hala, LAB, Ernai eta ikasle Abertzaleek hainbat neurri har daitezela aldarrikatuko dugu, praktikak duindu eta hezkuntza patronalaren eta esku pribatuen logikaren arabera baino gazte eta langileon mesedetara jar dadin. LABek bere aldetik ikasle horiei harrera egiteko protokolo bat martxan jarriko du, delegatuek ikasle harremanetan jarri eta praktikak ikasleak formatzeko eta esperientzia jasotzeko helburuarekin bat datozela zainduko dute.

Zehatz mehatz, praktikak hezkuntza prozesuaren parte diren heinean lanpostu ezberdinetan formazio integrala jasotzea eskatzen dugu. Hain zuzen ere, praktikaldiak ezin dira izan enpresek egin beharreko kontratazio berriak aurreztu eta gazteekin betetzeko. Bestalde praktikak ezin dira koste bilakatu, beraz bidaia eta dieten ordainketa ezin da ikasleen gain geratu. Eta amaitzeko, beste langile bat bezala produzitzen duten heinean, soldatarik ez izan arren, lan orduek segurtasun sozialean kotizatu behar dute.

Aldarrikapen hauek errealitate egitea borondate kontu bat besterik ez da. Beraz enplegu eta hezkuntza sailei, patronalei mesede egin baino ikasleen eta oro har langileen aldeko politikak sustatzeko eskatzen diegu. Aldarrikapen hauetaz gain ikasleei, formulario baten bidez, praktiketako enpresak ebaluatzeko aukera emango zaie. Bertan ikasleek formazio helburuak bete diren, segurtasun neurriak bermatu diren, praktikak euskaraz garatzeko eskubidea izan duten,… baloratuko da. Balorazio honetatik enpresa beltzen zerrenda osatuko da.