2025-12-25
Blog Page 1037

Maiatzaren Lehena – Martxan gara

0

Maiatzaren Lehenean “Langileok Martxan eskuBIDEAK aktiBATUZ! Euskal Herria contra la precariedad” lemapean aterako gara kalera. LABen ustez prekarietatea eta pobreziarekin amaitzeko bide bat eta bakarra dago: lan mundua aldatzea eta aldaketa soziala bultzatzea. Eta langileok badugu indar nahikorik horretarako. Bideak batuz eta norabide berean indar eginez lortuko dugu behar dugun jendartea eraikitzea. Hiriburuetan eta zenbait eskualdetan mobilizatuko gara. Zatoz!

Espainiar zein frantziar Estatuetatik eta bertoko Gobernuetatik datozen eraso eta murrizketen aurrean konfrontazioaren bidea aukeratu dugu, euskal esparru sozioekonomikoaren aldeko borrokan gabiltza eta lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarrituko den eredu berri baten alde ari gara. Bide hau langileen indar eta mobilizazioari esker ari gara jorratzen.

Udaberriko agenda betea datorkigu. Jauzi bat ematera goaz, eta hau irudikatzeko hitzorduak ez zaizkigu falta, hor ditugu, besteak beste, Apirilaren 28a, Maiatzaren 1a eta maiatzaren 28ko mobilizazio nazionala eta ondotik etorriko den Borroka Astea.

Maiatzaren Lehena – EskuBIDEAK aktiBATUZ

Maiatzaren Lehenean “Langileok Martxan esku BIDEAK aktiBATUZ! Euskal Herria contra la precariedad” lemapean aterako gara kalera. Sindikatua, langile klasearekin batera martxan da prekarietatearen kontra. Eguneroko arazo eta gatazkei erantzuten jarraitzen dugu, eta horrez gain, ekintza sindikala eraberritu eta indartu dugu. “Langileok Martxan eskuBIDEAK aktiBATUZ” ideiarekin eskubideen inguruan lantokietan garatzen ari garen lerroari isla eman nahi izan diogu, baita bideak batzeko beharrari ere, hau da, langileon fragmentazioa, indibidualizazioa gainditzeko beharrari.

Bizi dugun larrialdi egoera atzean uzteko beharra agendaren erdigunean kokatu dugu. LABen ustez prekarietatea eta pobreziarekin amaitzeko bide bat eta bakarra dago: lan mundua aldatzea eta aldaketa soziala bultzatzea. Eta langileok badugu indar nahikorik horretarako.

Aldaketa eragin nahi badugu, langileon borrokaren bidez, prekarietatea eta pobrezia gainditzea agenda politiko instituzionaleko lehen lerroan kokatzea lortu behar dugu. Azken batean lan munduaren egoera ez da arazo laboral bat, inposatu zaigun eredu sozioekonomiko jakin baten ondorioa baizik.

Arnas luzeko bidea da hau, baina urratsak ematen ari gara jada. Ekintza sindikalean LABek prekarietatearen kontrako lerro oso bat zabaldu du eta prekarietatea gogorki pairatzen duten langileei protagonismoa eman diegu. Sindikatutik kanpo zegoen jendearengana gerturatu gara eta alternatiba erreal bat eskeini diegu.

Mobilizazio soziala ere ardatz hartu dugu. Elkarlanaren bidetik egoera sozioekonomikoa aldatzeko behar ditugun tresna, dinamika eta lerroak garatu ditugu. Zentzu honetan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta aliantza marko gisa indartzen ari da eta dinamika altenatiboak sustatzeko tresna gisa gorpuzten ari da.

Aitzindariak izan gara, bestelako lan munduak bestelako eredu sindikala eskatzen duela ulertu eta esaten. Azterketa horretatik abiatuta eredu sindikala birpentsatzeko prozesuan murgildu da sindikatua.

Bide horretatik jarraituz lortuko dugu behar dugun jendartea eraikitzea, bideak batuz eta norabide berean indar eginez. Horretarako hitzorduak ez dira faltako Maiatzaren Lehenean.

 

 

Benetako negoziazioa eskatu du LABek Osakidetzan, oraingo presak kritikatuz

0


LABek gaur Gasteizen burutu den Osakidetzako Mahai Sektorialeko bileran parte hartu du, deialdi honetan behintzat, gai-orden zehatzagoa eta aurretiaz dokumentazio idatzia bidali digutelako. Hala ere, deialdiaren epe laburra salatu behar dugu.

Azpimarratu nahi duguna zera da:

• Osakidetzak osagai eta ñabardura berriak sartzen ditu bilera bakoitzean, baina beti ere oinarrizko eta sakoneko gaiei heldu gabe, hala nola langile kopurua, lapurtutako eskubideen berreskuratzea, pribatizazioak edota prekarietatea. Honek guztiak modu zuzenean eragiten dio sistemaren kalitateari.

• LABek negoziazio metodologia gardena exijitzen du, egutegi eta gai zerrenda zehatzekin, eta datu objektibotan oinarritutako proposamen serioekin (oraindik Osakidetzak helarazi ez digun plantilla estrukturala, hain zuzen ere).

• Sasi negoziazio hau hauteskundeen aurre kanpainaren testuinguruan ulertu behar dugu, erritmo zein edukien aldetik. EAJk ez du legegintzaldi osoan mugimendu txikienik ere egin, eta orain presaka dabil, sakoneko arazoei heltzen ez dieten akordio partzialak lortu nahian eta hobekuntza puntualak eskaintzen. Bestelako gaietan, EPEa, Kontratazio Akordioa eta Garapen Profesionala kasu, denbora irabazteko estrategia erabiltzen ari dira, gauzak gehiegi zehaztu gabe.

Laburbilduz, negoziazio errealik gabe jarraitzen dugu Osakidetzan. Bere aldetik, LABek negoziazio kolektibo serioa exijitzen jarraituko du, egutegi finko, metodologia, datu objektiboetan oinarritutako proposamen, gardentasun eta honako puntuak jasotzen dituena: Lan Baldintzen Akordio berria; Enplegua sortzeko eta egonkortzeko Plana; Kontrataziorako Plana; Hizkuntza Eskubideak; eta Pribatizazioaren kontrako Plana.
 

 

 

Kutxabankeko akzioen gaineko kontrol osoa berreskuratzea exijitzen dugu


Euskal Sistema Finantziero Publikoaren aldeko eta Kutxen-Kutxabanken Pribatizazioaren kontrako Plataformako eragile sozial eta sindikalok, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalei Kutxabanken akzioen kontrol osoa berreskuratzeko exijituko diegu, beraiek utzi baituzte fundazio bankarioen esku.

Gure ustez, Kutxabankera bideraturiko aurrezkiak izaera publikotik eta sozialetik kudeatuak izaten jarraitu beharko lukete, Kutxek aurretik zuten izaera berdinetik, erreformen eta EAJ, PP eta PSOEren erabakien aurretik. Baliabide finantziero hauek, derrigorrekoakk ditugu Euskal Herriko garapen sozial eta ekonomikorako.

Oraindik denboraz gabiltza akzio hauek akziodun pribatuen esku bukatu ez dezaten, eta erakunde hauek lehenbailehen bankarizazio eta pribatizazio prozesuetan atzera egin dezaten exijitzen dugu, era berean, euskal sistema finantziero propioa bermatu dezatela, eta Kutxak funtsezko osagaia izan daitezela Euuropako lurralde gehienetan gertatzen den bezala.

Aurretik aipatu ditugun erakundeetara sarrera emateko bidali dugun mozio-testua atxikitzen dugu:

Behean sinatzen dugunok, zuek parte hartzen duzuen erakundeei beharrezkoak diren erabakiak hartzeko eskatzen dizuegu Euskal Aurrezki Kutxak likidatuak izan ez daitezen

Kutxabank Publikoa plataforma osatzen dugun erakunde sindikal eta sozialok, sarritan esan dugu euskal kutxak likidatzea eta bere akzioak akziodun pribatuen eskuetan bukatuko duten bankua sortzea iruzurra dela euskal gizartearentzat.

Bideragarriak diren proposamen alternatiboak egin ditugu, eta ordezkatzen dugun gehiengo sozial eta sindikala kontuan hartzea behin eta berriz exijitu dugu atzeraezinak diren erabakiak hartu aurretik. Horrela izanda, gure herria kontrol publiko eta sozialetik kanpo geratuko litzateke, enpresa ertain eta txikiak behar dituen kredituak eskuratzeko beharrezkoa den tresna gabe geratuko litzateke, berdin norbanakoen kasuan. Horrela gertatzen da dagoeneko Europako beste herrialde batzuetan.

Horregatik, eta orain Fundazio Bankarioen esku dauden Kutxabanken akzioak saltzea ekiditzeko, eta euskal sistema finantzieroa edukitzeko, non euskal kutxek bere izate arrazoia bete ahal dezaten, bere izaera publiko eta soziala mantentzeko, erakunde honi, beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen diogu helburu horren mesedetan.

– EAEko Jaurlaritzari Kutxen Legearen proiektua baztertzeko eskatzen diogu. EAEko legerian, Euskal Kutxak likidatzeko zertifikatua baino ez da aipatu legea.

– Beharrezkoak diren neurriak hartzea Kutxabanken akzioen jabetza berreskuratzeko. Akzio hauek, Fundazio Bankarioei entregatu zaizkie.

– Euskal Kutxen- Kutxabanken pribatizazio eta pribatizazio prozesuan atzera egitea.

– Euskal Kutxen legea negoziatzea izaera publiko eta sozialean sakontzeko gizartearen eta erakundeen erabakiak baino muga gehiago izan gabe.

– Beharrezkoak diren ekimen politiko eta instituzionalak hartzea euskal sistema finantzieroa eraikitzeko, pertsonen eta enpresa txiki eta ertainen beharrizanak asetzeko.

Eragile sozialak: AHT Gelditu! Elkarlana, Berri-Otxoak, Bilboko auzo elkarteen Federazioa, Denok Lan, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak, Ezker Gogoa, IRPH Stop, Kontsumitzaileen elkarteak (EKA, UCE, EHKB, OCUV), Ekoneus, M15, REAS, (Red de Economía Alternativa y Solidaria) PAH Kaleratzerik ez!, STOP Deshaucios Gasteiz, STOP Deshaucios Gipuzkoa.

Sindikatuak:
EHNE-HIRU- ELA-LAB-ESK-STEILAS-CNT

 

 

 

LABek Pasaiako portuan gertatu den heriotz istripua salatzen du

0


Gaur, hilak 19, lan istripu berri bat gauzatu da. Itsas-gizon bat hil egin da pasaiako portuan, itsasoan lanean ari zela. Lehenik eta behin LAB sindikatutik elkartasuna eta doluminak eskaini nahi dizkiogu haren sendi eta lankideei. Bestalde sindikatuak mobilizatzen jarraituko du horrelakorik berriro gertatu ez dadin.

Istripuen atzean lan eta bizi baldintza kaskarrak aurkitzen dira. Baldintza hauek, gure osasunean zuzenean eragiten dute. Zentzu honetan arrantza sektorean ematen diren baldintza gogorrak, eta prekarietatea azpimarratu nahi ditugu bereziki.

LABen iritziz istripu hauek eta sektore hontan ematen diren bihotzeko eta gaixotasun kardiobaskular kopuru haundia —gehienak onera egiten dute— ez dira zorigaizto edo kasualitatea. Lan baldintzak oso gogorrak, lan ordu luzeak eta ia deskantsurik gabeko jardunaldiak aurkitzen dira istripu hauen iturburuan.

LAB sindikatutik oinarrizko arrazoiei aurre egin eta sektorea behar bezala erregulatzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea esijitzen dugu. Zentzu honetan LAB sindikatutik eredu propio eta berriaren alde egitera dei egiten dugu langileen osasuna eta bizitzeko eskubidea berma daitezen.

LABek mobilizazioaren bidetik jarraituko du eta datozen orduetan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatzen du.
 

 

 

LABek Venezuelarekin bat egingo du

0

28 kolektibo, sindikatu eta alderdi politiko euskaldunek —horien artean LAB— osatzen duten Venezuela Aurrera plataformak kontzentrazioa egingo du, gaur, hilak 19, arratsaldeko 19etan Bilboko plaza biribilean “Venezuelarekin bat: Espainiar injerentziari Ez. No a la Ley de Impunidad!” lemapean, espainiar gobernuak eta hainbat indar politikok herri horretan eginiko esku-sartze neokolonialaren aurka.
 

 

 

TTIP, la gran estafa para la clase trabajadora

0

Bihar, hilak 20, Mikel Otero, LAB sindikatuko eta Fracking ez plataformako kidea, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean izango da TTIParen inguruan solasean. "TTIP, la gran estafa para la clase trabajadora" izenburupean TTIPak izango dituen eraginak aztertuko ditu LABen Asteazken Gorrietan.
 

 

 


Mikrobiolentzia egoerak identifikatzeko eta gainditzeko tailerra

0

LAB Helduak eta Pentsiodunak eta GITE-IPESen eskutik datorren apirilaren 20, 27 eta maiatzaren 4an "Mikrobiolentzia egoerak identifikatzeko eta gainditzeko tailerra" burutuko da sindikatuaren Bilboko egoitzan. LABeko afiliatu heldu eta pentsiodunek inkesta bidez interes berezia eragiten dien gaien zerrenda eratu dute eta lehen tailer honek bertan jasotako lehenari (sexu-genero biolentzia) erantzutera dator. Tailer honen ostean beste bi jaurdunaldi aurreikusten dira.

Mikrobiolentzia egoerak identifikatzeko eta gainditzeko tailerrak

Begirune eta elkartasunezko harreman parekideak sortzeko bideak zahartzaroan

SEXU-GENERO BIOLENTZIARI BURUZKO TAILERRAK

1. BIOLENTZIAREN GAINEKO GOGOETA

-Zer da andreen aurkako biolentzia? Eta mikrobiolentzia?
– Jendearen eta gure jarrera indarkeri mota horiek desagerrarazteko
-Zelan eragin gure ingurune hurbilean. Zelan landu begiruneko harremanak

2. XEDEAK

– Mikrobiolentzia identifikatzea
– Norberaren zein taldearen kontzientziazio kolektiboa lantzea
– Irtenbideak lantzea: begirune eta elkartasunezko harreman parekideak lantzea
– Ondorioak atera eta balorazioa egitea

3. METODOLOGIA

Metodologia parte hartzailea
– Gaien gaineko kokapen teorikoa
– Lanketa talde txikietan (hizkuntza eta sexua aldagaiak kontuan izanda)
– Talde dinamikan oinarritutako lanketa
– Taldean guztion iritziak elkartu 
– Ondorioak atera eta balorazioa egin

4. ZEHAZTASUN TEKNIKOAK

4.1. Saioak
– Bi orduko eta erdiko hiru saio
– Hiru saiotan egin arren, tailer bakarra da. 
– Hiruren arteko batasuna zatiezina da: diagnostikoa, kontzientziazioa, eragitea.
– Apirilaren, 20an, 27an eta maiatzaren 4an. 
– Goizeko 10:00etan hasita
– Bilboko LABeko egoitzan egingo ditugu saioak.

4.3. Taldeak
– Sexua eta hizkuntza aldagaiak osatuko dira lan taldeak
– Hamasei pertsonako taldea aurreikusten da
– Zortzi pertsonako talde txikiak (lauko bi izan daitekeenak)


GITE-IPER eta LAB Helduak eta Pentsiodunak

 

 

 


Berritik gutxi eta zaharretik asko Confebasken aldetik


CONFEBASKek enpresariekin antolatu duen topaketan “Lan harreman eredu berriaz” hitz egin du. Gaurko honen aurrekaria dugu, Elkarrizketa Sozialeko mahaian aurkeztu zuten dokumentua. Egin genuen bere momentuan gure balorazio kritikoa. Gaur, autopropaganda ekitaldi izugarria antolatu dute. CONFEBASKen ereduak, gutxi du berritik eta asko zaharretik.

Berri izena eman nahi diote, orain arte egin duten bidea egonkortu eta sakontzeari. Egungo lan harreman ereduan, patronalaren nagusikeria erabatekoa da eta hori da CONFEBASKek nahi duen eredua. Orain arteko ereduarekin jarraitu nahi dute, inposaketa eta aldebakartasunaren bidetik jarraitu nahi dute. Horrela irabaziak mantentzen jarraitzeko.

Balioa erantsian lehiatzea eta CONFEBASKek proposatzen duen eredua bateraezinak dira. Eredu “berri – zahar” honekin, prekaritatea hedatu besterik ez da egingo. Soldata eta lan baldintzak kaskartuz mantendu nahi dituzte irabaziak. Lan kostuen etengabeko murrizketaren bidetik jarraitzea beste asmorik ez dute.

Erreformaz erreforma, patronalaren mesedetan diren neurri berriak inposatu izan zaizkigu. Egungo lan harreman eredu antidemokratikoa inposatu arte, egun erabatekoa da desoreka beraien alde. Ze kolaborazioz hitz egin dezake, inoiz neurtu gabeko ordezkaritza, negoziazio kolektiboa blokeatzeko erabiltzen duen CONFEBASKek? Ze kolaboraziori buruz hitz egin dezake, gehiengo sindikala lan harremanetatik kanpo utzi nahi duen patronalak?

CONFEBASKek ez du lan harreman eredu berririk behar, beraien estrategiari men egingo dion sindikalgintza behar du. Legeek behar duten guztia eman diete, Jaurlaritzaren babes osoa dute, komunikabide nagusiena ere bai. Beraien zoritxarrerako, guztia zoragarria izango zatekeen, baldin eta sindikatu batzuk estrategia horri aurre egitea erabaki ez bagenu.

Langileen egoerak eskatzen duelako, ez dugu amore eman eta ez dugu emango. LAB izan da “lan harreman eredu berri bat” behar dela aldarrikatzen lehena. Jarraituko dugu, horren alde mobilizatzen eta eremu instituzionala interpelatzen. Langiloek enplegu duina eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermatuko dituen eredua behar dugu. CONFEBASKen ereduak, kontrakoa proposatzen du, antagonikoak dira.
 

 

 

Bankako hitzarmen estatalak sektoreko langileen eskubideak murriztu nahi ditu

0


Amaiatzear dago Bankako 23. Hitzarmenaren azken luzapena, eta bihar, apirilaren 19an, ikusi ahal izango dugu nola gelditzen diren gauzak, baina ez dugu ezer onik espero horretarako deitutako bileran aurkeztuko den proposamenetik. Hitzarmen Kolektibo honen negoziazioan bankak egungo langileen eskubideak murriztu nahi ditu eta sektoreko etorkizuneko langileek suntsitu.

LABetik uste dugu merezi duela gauzak argitzea, eta batez ere, etor daitekeenaren kontziente izatea. Horregatik uste dugu iritzi publikoak ere jakin behar duela Espainiako Bankaren Elkarteak sektorean egin nahi duena. Bien bitartean, bere enpresa bazkideek, bankuek, ez dute zalantzarik enplegua murrizten jarraitzearekin, bezeroei gero eta arreta kaxkarragoa eskainiz eta gainera, langileek eskubideak ere murriztu nahi dituzte orain, atzerakoia den Hitzarmen Kolektiboaren bidez, eurek urterik urtera gero eta diru gehiago irabazten dutenean.

Hitzarmen Kolektibo honen negoziazioan bankak egungo langileen eskubideak murriztu nahi ditu eta sektoreko etorkizuneko langileek suntsitu.

Sindikatuok antzinatasuna ezabatzea onar dezagun nahi dute. Hemendik aurrera, gure hileroko soldataren zati den hiru-urtekoa, bankuan hiru urte gehiago betetzen ditugunean berriro ez kobratzea nahi dute. Askatasunez bulegoz alda gaitzaten ahalbidetzea ere nahi dute, inolako kosterik gabe, 25 kilometrotako erradioan. Eta ez digute horren truke ezer ematen.

Eta hau guztia gutxi balitz, are gehiago nahi du Bankak, eta kategoria berria sortu nahi dute, egungoak baino apalagoa eta soldata baxuarekin. Etorkizuneko langileek egun kobratzen dugun irabazien saririk ez kobratzea nahi dute. “Sistema aldaketa” eta “modernizazioa” deitzen diote etorkizuneko langileei egun kobratzen diren pagak kentzeari. Zoritxarrez, Bankako Patronalaren asmoak ez dira berriak, egungo langileen zati handi batek 80a baino lehenago sartutakoek baino lan-baldintza txarragoak ditu.

1980ko hitzarmen hartan Bankak pentsioen osagarriak lapurtu zizkigun langile berrioi, hitzarmenak “erantzukizunagatik” sinatzen dituzten sindikatuen lankidetza paregabearekin. Mugarri garrantzitsua izan zen aipatu sinadura, eta larriagoa dena, langile “zaharren” eta “berrien” arteko arrakala zabaldu zuen bakoitzak lan-baldintza desberdinak izan zitzaten. Antzerako zerbait gerta daiteke orain. Bankak eskubideak murriztu nahi dizkie egungo langileei, eta ia batere gabe utzi bankako etorkizuneko langileek.

LABen, jokaldia errepika daitekeela uste dugu. Ematen duen bezala, sindikatu batzuk guztien, egungo eta etorkizuneko langileen eskubideak defendatzeari uko egiten badiote, amore emate berriaren eta eskubide galera berriaren aurrean aurki gaitezke. Horixe da patronalak bilatzen duena.

Erratzea gustatuko litzaiguke, baina CCOO eta UGT estatu mailako sindikatuek honezkero bidaltzen dituzten mezuen arabera, badirudi etorkizuneko lankideak “saltzeko” prest daudela, egungoek gehiago ez galtzearen truke. Ezaguna egiten zaigu hau 80tik hona Bankan hasi garen langileoi, geure azaletan bizi izan baitugu.

Guzti honengatik, Patronalak sektoreko eskubideak murrizteko duen asmoaren aurrean, LABetik dei egiten dizuegu horrelakorik ez ahalbidetzeko, lapurreta honen konplize ez izateko.

Konbentzituta gaude sektoreko langile guztien eskubideen defentsa, egungo zein etorkizuneko langileenak, eta antolaketa direla duintasuna ere kendu nahi digutenen aurrean dugun arma bakarra.

Honekin batera, ez dugu ahaztu behar Euskal Herria, Galiza eta Catalunyako langileok Lan Harremanetarako Esparru Propioak nahi ditugula gure esparru nazionaletan, gure Hitzarmenak negoziatu ahal izateko, euren artean Bankako Hitzarmena, negoziazio mahaian planteatu dugun bezala.