2025-12-25
Blog Page 1035

Pineko zuzendaritzak hartu nahi dituen neurrien aurrean langileek mobilizatzen jarraituko dute

0



INGETEAM taldekoa den Pine Instalaciones y Montajes S.A,ko enpresa batzordeak, Zuzendaritzak erabakitako neurri traumatikoen aurrean mobilizazioekin jarraitzea erabaki du. Egun,150 langile ditu Pinek bere Bizkaiko lantegian. Bi kontu inposatu nahi ditu enpresak. Batetik, 10 langileren kaleratzea. Bestetik, beste 30 langile Bretainiara lekualdatzea. Gainera, Bizkaiko Metalgintzako Herrialdeko Hitzarmenaren azpitik dauden lan-baldintzak ezarriz.

Enpresa-batzordeak bigarren paroa egin du gaur, 12:30etik 14:30era eta kontzentrazioa 13:30etik 14:30era, INGETEAM Taldeak Zamudioko parke teknologikoan dituen bulegoen aurrean, 106 eraikinean.

Langileak Zuzendaritzaren neurrien kontra daude eta bi gauza exijitzen dizkiote. Batetik, INGETEAM taldearen inplikazioa eta bigarrenik, etorkizuneko plan industrial bat taldearen barruan Pine baliozko enpresa moduan kokatuko duena.

Momentu hauetan, ez dago benetako eskaintzarik Zuzendaritzaren aldetik, prekarietatea eta enplegu suntsiketa ezartzeaz aparte.

Langileok etorkizunaz hitz egin nahi dugu baina gardentasun eta benetako negoziazio terminoetan, akordioetara heltzeko prest gaude baina akordio horiek bermatuko dituen etorkizuneko plan industrialaren negoziazioaren baitan.

Enpresa-komiteak atxikimendua ematen dio bihar, apirilaren 23an, Bilbon “Gure industriaren defentsan. Por una política industrial real” lemapean egingo den manifestazioari. Bertan egongo gara, konponbideak exijituz.
 

 

 

Ez dugu Bizkaiko Foru Aldundiako Gizarte Ekintza Sailean zerbitzu publikoaren pribatizaziorik onartuko

LABek salatzen du EAJk zuzentzen duen Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila zerbitzu publikoa kanpoko enpresen esku uzten ari dela. Gero eta gehiago pribatizatzen ari da, bai hirugarren sektoreko egoitzen arloko politikari dagokionez, baita barruko administrazio-kudeaketari dagokionez ere.

2015eko hauteskundeek Aldundiko gobernuan eragindako aldaketaren ondorioz, eta bizkaitarrek zerbitzu hauek gero eta gehiago erabiltzeak sortutako testuinguruaren ondorioz, administrazio-kudeaketan ezin dira eginkizunak bete, gainezka daudelako, eta zerbitzu publikoa kanpoko enpresen esku uzteko joera areagotu egin da. Aldundiak eta Lantik eta Zugaztel enpresa publikoek emandako zerbitzu publikoa enpresa pribatuen eskuetan uzten ari dira: Médicos de Bizkaia, SDEC, Intra eta beste batzuk.

Joera horren adibide nabarmena da Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzua. Mendetasunaren Ebaluaziorako eta Orientaziorako Atala eta Desgaitasuna Ebaluatzeko Atala daude haren barruan. Azken hirurtekoan, nabarmen gehitu da zerbitzu horrek izapidetutako espedienteen kopurua (mendetasunaren inguruko eskaerak, plaza sozio-sanitarioak, kasu urgenteak…), eta egoera horrek gainkarga bat ekarri die administrariei, teknikariei eta medikuei.

Kudeaketa zuzeneko lanpostuak finkatu eta sortu beharko lirateke, deialdi publikoa eginez, eta, bitartean, dauden lan-poltsak erabilita. Baina, horren ordez, EAJren bidea da zerbitzua kanpoko enpresen esku uztea eta pribatizatzea, Médicos de Bizkaia SL enpresaren esku, hain zuzen. Bizkaiko Medikuen Elkargoaren mendeko enpresa bat da, mendetasunaren eta desgaitasunaren ebaluazioak egiteaz eta haien jarraipena egiteaz arduratzen dena. Gero eta indar handiagoa du sektorean eta, Zerbitzuarekin duen lehentasunezko kontratuari esker, gero eta instalazio, langile eta baliabide gehiago ditu. Prestatutako profesionalekin eratutako lan-poltsa bat du eta Zerbitzu honetan enplegu publiko gehiago sortzeko edozein aukera ahultzen ari da. Profesionalak aukeratzeko modua eta haien gaineko kontrola kontrol publikoaren eremutik kanpo dago.

Aldi berean, Zugaztel SA eta Lantik SA foru-enpresa publikoek gero eta aurrekontu handiagoa dute orain arte Foru Administrazioak berak, baliabide ekonomiko eta material gutxiagorekin, egindako lanak egiteko.

– Zugaztel S.A.: Foru-enpresa publiko hau eskaerak grabatzeaz eta eskaneatzeaz arduratzen da, baita telefono bidezko zerbitzua emateaz ere., eta beste enpresa batzuk azpikontratatzen ditu horretarako: SDEC (Servicio Especial de Codificación) edo Indra Sistemas S.A., besteak beste. Batek daki zer baldintzatan, konfidentzialtasun handiko datuak grabatzeko: osasun-datuak, datu pertsonalak…! Non dago isilpeko informazio berezi horren gaineko kontrol publikoa?

-Lantik S.A.: Enpresa publiko hau Gizarte Ekintza Saileko eta Aldundiko beste sailetako aplikazio informatikoak garatzeaz eta mantentzeaz arduratzen da, eta iaz aurrekontu ikaragarria izan zuen: 6 milioi euro.

Hala ere, gure ekipo informatikoak mantentzeko lanak, egitura-lanak direnez, bertako langileek egin beharko lituzkete ere, Lantikek azpikontratatutako enpresa pribatuetako langileek egiten dituzte, baldintza ezegonkorretan: soldata eta lan-baldintza txarragoak, ez dago subrogaziorik…

Azterketa soziologikoen arabera, Bizkaiko gizartea zahartzen ari da, eta gero eta gehiago beharko du sektore publiko indartsu bat. Behar besteko giza baliabideak eta baliabide materialak dituen sektore publiko bat, areagotzen ari diren deserrotze, babesgabetasun, esklusio eta bazterkeria egoerei aurre egin ahal izateko

LABek uste du akats larria dela zerbitzu publikoei goian aipatutako bitartekoak ez ematea eta zerbitzu horien etorkizuna xede bakartzat etekin propioak lortzea duten enpresen eskuetan uztea.
 

 

 

SATen errepresioaren kontrako jardunaldietan parte hartuko dugu asteburu honetan Sevillan

0

LABek Andaluziako SAT sindikatuak antolatu dituen Errepresioaren kontrako jardunaldietan parte hartuko du. Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitatean egingo dira, bihar eta etzi. Lehen egunean Saul Arangibel, LABeko ordezkariak hartuko du hitza eta igandean Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, hartuko du parte.

Oscar Reinak emango die Jardunaldiei hasiera. Ondoren andaluziar herriko sindikatua babesten duten zenbait sindikatuen txanda izango da. Atal horretan, Saul Arangibel LABeko ordezkariak izango du hitza. Jarraian mahai inguru desberdinak izango dira, hala nola, errepresioa, jendarte mugimenduak eta politikoak, errepresioaren aurkako tresna juridikoak edo jendarte eta langile mugimenduaren aurkako jarrerak.

Bigarren eguneko saioan Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak hartuko du hitza. Goizez izango den saio honetan, berriki kartzelaratu duten Andres Bodalo SATeko kidearen sendia, CSIko Candidó Gonzalez, eta SATeko Mari Garcia eta Diego Cañamero izango dira.
 

 

 

Gure industriaren defentsan Bilbora

0

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, bihar hilak 23, eguerdiko 12.00etan, manifestazioa izango da Bilbon, "Gure industriaren defentsan. Industria politika erreal baten alde" lelopean. Multinazionalei tresna guztiak ematen dizkien lan legeriaren baitan, eta hauei aurre egiten ez dieten menpeko instituzioekin, langileoi gelditzen zaiguna borroka da. Eta bide horretan bihar Bilboko kaleak beteko ditugu. Gaurko borroka, biharko enplegua izango delako.

 


 

 

EU-Turkia akordioari ez! Ongi etorri errefuxiatuak!

Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia Plataformak deituta bihar, hilak 23, "SOS Errefuxiatuak, no al acuerdo UE-Turquía" lelopean ekimenez beteriko eguna antolatu dute Bilbon errefuxiatuei babesa eman eta Europar Batasunak eta Turkiak sinatu duten akordioari ezetza emateko. Aldarrikapenekin bat eginez, LABek euskal langileei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizue. 

EGITARAUA
10:30 – Konzentrazioa Bilboko Udaletxean
11:00 – Giza katea Plaza Eliptikorarte
11:45 – Tailera: "Egungo errefuxiatuen egoera" (Plaza Eliptikoan)
14:30 – Tailerren bukaera
16:30 – ASANBLADA OROKORRA Plaza Eliptikoan
18:30 – Giza katea Bilbotik
20:00 – Konzentrazioa Arriagan
 

 

 

Asteleheneko heriotzaren atzean arrantzaleen lan baldintza kaskarrak daude

0

Prekarietateak hiltzen duela salatzeko elkarretaratzea burutu du gehiengo sindikalak gaur goizean Pasaian. Prekarietateak hiltzailea lemapean, lehengo astelehenean itsasoan zela ondoezik sentitu eta hil zen arrantzalearen heriotza salatzeko.
Arrantzaren sektorean gaixotasun kardiobaskular asko izaten dira. Hau ez da kasualitatea arrantzaleek dituzten lan baldintza kaskarren ondorioa baizik. Egoera hau aldatzeko neurriak har daitezela exijitu dute.

 

 

 

Prekarietateari aurre egiteko galdetegiak martxan dira



Lan munduan ematen diren prekarietate kasuak antzemateko eta hauei irtenbide bat emateko, online galdetegi ezberdinak jarri ditugu martxan "Zure Eskubideak. Actívate por tus derechos" dinamikaren baitan. Zerbitzu publikoetara eta zerbitzu sektora zuzendurikoak dira berriki aurkeztu ditugunak. Inkestak anonimoak dira erabat eta langileen partehartzea ezinbestekoa izango da prekarietateari aurre egiteko borrokan.

BA AL DAGO PREKARIETATERIK ZERBITZU PUBLIKOETAN?
JENDE ASKOK USTE DUENAREN KONTRA Zerbitzu Publikoetan prekarietatea egon badago: oposaketetara inoiz ateratzen ez diren lanpostuen behin-behinekotasun egoera ez da inoiz konpontzen; lanaldi partzialak, ordezkapen gutxi… eta langile askoren lan-baldintzak prekarioak dira; batez ere, pribatizatu diren zerbitzuetan aritzen diren langileenak.

ERABAT ANONIMOA DEN INKESTARI erantzuten badiozu prekarietate egoerak topatzen lagunduko diguzu eta iradokizun batzuk emanen dizkiguzu prekarietateari aurre egiteko. Benetan eskertuko dizugu lantxo hau hartzen baduzu, baliagarria izango baitzaigu prekarietatea borrokatzeko.

INKESTA

ZERBITZU SEKTOREAN EMATEN DEN PREKARIETATEAREKIN AMAITZEKO INKESTA 
Prekarietatearen aurkako "Zure Eskubideak" dinamikan aurrera eginez eta bereziki zerbitzu sektorean (garbiketa, kolektibitateak, merkataritza, ostalaritza, telemarketing…) ematen den prekarietatea aztertzeko nahiarekin, sektoreko langileen egoeraren berri izateko galdetegia prestatu berri dugu. Zerbitzu sektorean orokorrean bizi den egoera ez da normala eta lanketa honekin prekarietatearekin amaitzeko borrokan pausu berri bat eman nahi dugu. Langileek bizi duten errealitatearen argazkiak egin beharreko bidea erakutsiko digulakoan gaude. 

INKESTA

  

 

 

Apirilak 22, prekarietatearen aurkako borroka eguna Gasteizen

PREKARIETATEA BORROKATZEA ESKUBIDEAK DEFENDATZEA DA 

LAB sindikatutik Martxoaren 22an hasiera eman genion prekarietatean kontrako kanpainari Araban. Horrela, enpresen markoan hainbat dinamika martxan jarri ditugu, milaka langile arabarren egoera gero eta kezkagarriagoa salatzeko eta Araban enplegu duina aldarrikatzeko helburuarekin. Hurrengo hitzordua, bihar hilak 22, dugu Gasteizen, BORROKA EGUNA deitzen baitugu. 

BORROKA EGUNA
Goizean hainbat ekimen landuko ditugu enpresetan eta arratsaldean 19:00etan SEA aurrean egingo dugun mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu. Laneko prekarietatearen kontra eta patronalak klase politikarekin duen adostasuna salatzeko, egoera hori ahalbideratu eta indartu egiten duena. 

  

 

 

Talde ekologista, sozial eta sindikalok, Ama Lurraren Egunean mobilizatzeko deia luzatu dugu

0



Parisko akordioaren irakurketarik anbiziotsuenaren alde egin behar du Europar Batasunak: sistema energetiko berriztagarri, efiziente eta azkarraren bitartez, 2050 baino lehen ekonomia erabat deskarbonizatzea. Tamalez, klima-aldaketari aurre egiteko orduan Eusko Jaurlaritza borondate-falta nabarmena erakusten ari da, hala nola jarrera guztiz kontraesankorra darabil fracking-ari dagokionez, energia berriztagarrien ezarpenerako ezarri dituen xedeak oso pobreak dira, eta apustu handia egiten ari da gas naturalaren alde.

350.0rg Nazioarteko Kanpaina
Maiatzean zehar, mundu mailako aktibistek ekintza zuzenak garatuko dituzte erregai fosiletako proiekturik arriskutsuenen aurka: ikatza, petrolioa eta gasa lur azpian utzi eta % 100 berriztagarriak diren energietan oinarrituriko mundu bidezkoago bat lortzeko trantsizioa sustatuz. Zentzu honetan, deialdia egiten duten taldeek jakitera eman dutenez, Euskal Herrian hainbat ekintza antolatu dira. Horien artean, Txirrinka nabarmendu dute, maiatzaren 20tik 22ra bitartean Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurka garatuko den bizikleta ibilaldia, guk sortzen dugun aztarna ekologikoa eta CO2 isurien murrizketaren aldeko borrokekin bat eginez.

Bestetik, hiri txirrindularien Biziz-Bizi taldeak Bizikleta Eguna antolatu du maiatzaren 8an. Helburua: kotxea protagonista ez duen bestelako hiri-eredua aldarrikatzea, mugikortasun jasangarri eta aktiboari lehentasuna emanez eta CO2 isuriak murriztuz. Era beran, erregai fosilen industriaren aurrean zenbait protesta ekintza egongo dira ere, talde ekologisten aldetik. Aipatu dutenez, Fracking Ez taldeak, Estatu Espainiarrak EAEko frackingaren inguruko legeari egindako helegiteari erantzuteko mobilizazioak egingo ditu ere.

Apirilak 22, Ama Lurraren Eguna

Gainera, azaldu dutenez, datozen egunotan hainbat jarduera gauzatuko dira, Amalurraren Nazioarteko Eguna dela-eta. Bihar, apirilak 22, Ekologistak Martxanek Hiri-Baratzeei buruzko Jardunaldia antolatu du Ekoetxean, 19:00etan. Bertan, hiriguneetatik oso gertu lanean ari diren bi proiektu agroekologikoren berri emango digute: Huertaka, Barakaldon, eta Auzoko Baratza Desazkundea Bilboko Uribarri auzoan.

Apirilaren 23an, Greenpeacek hitzaldia antolatu du, Txernobylgo istripu nuklearraren 30. urteurrena dela-eta. Horretarako, Svitlana Shmagailo ekintzaile ukrainarra eta Greenpeaceko energia nuklearraren kanpainaren arduradun Raquel Montón izango ditugu gure artean. Shmagailok istripuaren ondorio sozialak eta poluzio-eremuaren barruko bizitza azalduko dizkigu; Montónek, aldiz, Japoniako eskualde kutsatuetako eremuetan ikusi duen egoeraren berri emango digu.

Azkenik, apirilaren 26an, 13:00etan, Garoñaren Kontrako Foroak ekintza bat gauzatuko du Osakidetzak Bilbon duen egoitzan, istripu nuklearra gertatuz gero, administrazioak biztanleak babesteko dituen baliabide eskasak salatzeko.