2026-04-22
Blog Page 103

Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian

Langile klase osoaren urgentzia da Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa.

Hego Euskal Herriko langabezia tasa %7,8ra igo da. Nafarroan langabezia jaitsi arren, EAEn langabeziak izaniko igoera narbarmenak Hego Euskal Herriko tasaren gorakadan eragina izan du. Guztira, 109.700 herritar daude langabezian. Azken hiruhilekoari dagozkion datuak aztertuta, langabezia ere igo dela azpimarratu behar dugu, %11,94 igo baita.

Langabezia tasaren bilakaeran, biztanleriaren gorakadak ere eragina izan du, 82.400 herritar gehiago bizi baita Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian. 16.700 langile gehiago daude aktibo moduan, aktiboen tasa %56,28an kokatu delarik.

Sexu-generoari dagokionean, gizon eta emakumeen* artean kontrako joerak jazo dira pasa den urtearekiko. Izan ere, 7.300 emakume* gehiago lanean eta 1.200 emakume* gutxiago langabezian dauden bitartean, 13.000 gizon gehiago daude langabezian, lanean 2.300 gutxiago daudelarik. Modu honetan, gizonen langabezia tasa (%8) emakumeena* (%7,6) baino altuagoa da.

Adinari erreparatzen badiogu, langabezia tasarik altuena 16 eta 24 adin tartean egon arren, pasa den urtetik 25 eta 54 urte arteko adin tartean igo da gehien langabezia tasa, %5,9 izatetik %7,1a izatera igaroz.

Langabeziak sektore bakoitzean izaniko bilakaerari dagokionean, azken urtean gora egin du zerbitzuetan (8.600 langabe gehiago), eraikuntzan (2.700 langabe gehiago) eta epe luzez lan bila dabiltzanen artean. Azken hauek langabetuen %47,49a izatera iritsiz. Langabezian urte bat edo gehiago daudenak (lan bila edo bilatu gabe) ere ugaritu egin dira %17,4ra iritsiz.

Emakume* gehiago lan merkatuan lanean egon arren, lan baldintza prekarioagoetan lan egiten dute.

• Oro har, 7.200 kontratu gehiago egon arren, emakumeen* artean behin behinekoek izan dute igoerarik handiena. Izan ere, gizonen artean 20.000 kontratu mugagabe gehiago egon diren bitartean, emakumeen* artean 6.200 gutxiago egon dira. Behin behineko kontratuen kasuan, alderantzizko joera nagusitu da eta gizonen artean 6.800 behin behineko kontratu gutxiago dauden bitartean, emakumeen* artan 16.900 kontratu gehiago dira behin behinekoak. Beraz, emakumeen* artean behin behieneko tasa %24,8a da eta gizonezkoena %14. Kontratu mugagabeen proportzio igoera orokorra emakumeen* prekaritatearen bizkar erortzen ari da.

• Lan jardunaldiari dagokionean, joera berdina nagusitzen da. Jardunaldi partzialean lan egiten dutenen proportzioa handitzen ari da %17,4ean kokatuz (duela urte bete baino 1,2 puntu handituz). Gizonezkoen artean, aldiz, jardunaldi partziala %7,4koa den bitartean, emakumezkoen* artean %28,1ekoa da.

Nafarroa Garaia eta Araba, Gipuzkoa zein Bizkaiaren artean, joera ezberdinak nagusitu dira langabezia tasari dagokionean.

• Langabezia tasa %6,6ra jaitsi da Nafarroan, EAEn %8,2ra igo den bitartean.

• Pasa den urtetik, sektore guztietan behera egin du langabeziak. Epe luzez lan bila dabiltzanen tasa %50etik %42ra jaitsi da, 5.700 herritar direlarik. Gogora dezagun, EAEn %47,49a dela.

Lan baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusitzen ari diren lan merkatu baten aurrean gaudela ohartarazi dugu behin eta berriz, langabezia datuek baieztatzen duten bezala. Errealitate horri langabeziaren gorakada gehitu behar zaio, joera bilakatzen den ikusteke dagoena. LAB sindikatua 2 herritarretik bat prekaritate egoeran bizi dela salatzen ari da azkenaldian, enplegua eduki arren, bizitza duina bermatzeko nahiko diru-sarrerarik gabe. Egoera horren aurrean, langile guztientzat 1.600 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata aldarrikatu dugu, Akordio Interprofesional bidez gauzagarria dena. Bide honetan ez gaude bakarrik; gehiengo sindikal zabalarekin elkarlanean Gutxieneko Soldata Propio baten aldeko bidea ireki baitugu, langile klase osoaren bizi baldintzak hobetuko dituen bidea.

LABek borondatea eta konpromisoa eskatzen dizkie patronalei Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko

Abenduaren 3an LAB sindikatuak Enplegu Zentro Berezien EAE mailako lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaira deitu zuen Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluan. Sektoreko hiru patronal eta hainbat sindikatu daude bertan parte hartzera deituak.

LABek konpromiso argia erakutsi du, behin baino gehiagotan, aniztasun funtzionala duten langileen lan baldintzak hobetzeko. Hitzarmen honen bidez, estatalizazioari aurre egitea eta Euskal Herrian langile hauen lan baldintzak arautzea du helburu, eta baita sektorearen prekarizazioaren aurka egitea ere. Halaber, sektoreko enpresek aniztasun funtzionala duten langileak lan esku merke bezala erabiltzen dituztela salatu nahi du.

Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek ere asko dute aldatzeko. Izan ere, instituzioek bultzatutako legeek, lizitazioek zein dekretuek, prekarizazio egoera hau mantentzea bermatzen dute. Sektoreko enpresek, instituzioekin batera, negozioa egiten dute aniztasun funtzionaleko langileen lan indarrarekin.

Horren aurrean, negoziazio kolektiboaren bitartez egoera eraldatzea bilatzen dugu, langile hauek lehen lerroan jarriz eta lanean dituzten lan-baldintza penagarrien inguruan eztabaida irekiz.

Hilaren 29an sektore honetako EAEko lehen hitzarmen kolektiboaren mahaia eratzea espero du LABek. Sektoreko patronalei hitzarmen hau gauzatzeko borondatea eta konpromisoa exijitzen dizkie, eta gainerako sindikatuei gauza bera egiteko eskatzen die. Negoziazio mahaia eratzen ez bada, eta oztopoak oztopo, LAB sindikatuak dinamika sindikal bat abiaraziko du, eta ez da geldituko hitzarmen hau gauzatu arte.

Haurreskolak Partzuergoko grebak %85etik gorako jarraipena izan du

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du. 1.500 haur hezitzaile eta kudeaketa alorreko langile daude gaurko grebara deituak. Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzu direla eta hamarnaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela, batez ere Haurreskola txikietako haur hezitzaileei, eta ondorioz, greba bera baldintzatua geratzen dela.

Bestalde, aipatu behar dugu atzo arratsaldean greba zikloa bertan behera uzteko saiakera egin zuela Hezkuntza Sailak, orain arte mahai gainean egon diren edukiak txertatuta zituen aurreakordio proposamena ekarriaz bat batean deitutako mahai negoziatzaile batera.

Aipagarria da hainbat eta hainbat haurreskolek %100ean greba babestu izana, esaterako:

Araban: Gurutzmendi, Landaberde, Mariturri, Katagorri eta Bernedo.

Bizkaian: Mungia, Portugalete, Zaldibar, Bilboko Deustu eta Sanchez Marcos.

Gipuzkoan: Urretxu-Zumarraga, Hernani, Lasarte, Deba eta Donostiako Bidebieta eta Ategorritxo.

Grebaren arrakastaren adibide garbia da Eibarren “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako manifestazioan ehundaka langile elkartu izana.

Hezkuntza Sail berria dugu, eta honekin batera, Zuzendaritza Batzorde berritua. Azken urteetako jokamolde berbera dute, Haurreskolak Partzuergoaren langileon lan baldintzak arautzen dituen 2009ko lan hitzarmena berritzeko eduki nahikorik gabeko mahaiak deitu eta etengabe luzatzen dituztelarik.

Greba hauetako aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak mahai gaineratzeko eskatu diegu gaur sindikatuek, besteak beste; lan zamak arindu, gazteberritze plana negoziatu eta adostea, erosahalmena berreskuratu, enplegua egonkortu eta bermatzea,, ordezkoen lan baldintzak eta langile guztion lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasuna, berdintasun eta euskara planak garatzea.

Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna dugu Haurreskolak Partzuergoan eta kontzentrazioak burutuko ditugu EAEko hiru hiriburuetako Hezkuntza ordezkaritzetan, goizeko 11:30ean.

LABek bere desadostasuna adierazten dio Osasun Mahaiaren bigarren fasearen itxierari eta iragartzen du ez duela 29ko bileran parte hartuko

Elkarretaratzea egingo du bihar Irungo Ficoban, 9:30ean, osasun sistema publiko indartsua eskatzeko. Era berean, osasun sistema publikoaren alde otsailaren 1eko mobilizazioetan kaleak hartzera deitu ditu langileak.

Bihar bilduko da berriz Osasun Mahaia, eta bertan, bigarren faseari -Ikuspegi, Balio eta Printzipioen inguruko faseari- bukaera emango zaio. LABek adierazten du bigarren fase honetan bidali dioten behin-betiko dokumentuarekin ez dagoela ados, izan ere, osasun sistemaren printzipioen artean ez dira jaso sindikatuarentzat ezinbestekoak diren gaiak.

Esan beharra dago behin-betiko dokumentuan hobekuntzak txertatzea lortu badu ere, LABek argi utzi nahi izan du osotasunarekiko desadostasuna duela, izan ere, dokumentuak ez dio heldu nahi esklusibotasunari, sistema indartzeko ezinbesteko neurria sindikatuaren ustez, ezta osasun zerbitzua titularitate publikotik baliabide publiko eta propioekin eskaintzeari, kanporatze-pribatizazio politikak izan direnean Osakidetza gainbeherara eraman duen arrazoi nagusietako bat. Gerora finkatu behar diren estrategia egokiak erabakitzeko funtsezko elementuak direla uste du LABek.

Aurreko fasean, diagnostikoaren ingurukoan, Mahaian egon diren ahots kritikoak isilarazi eta ezkutatu nahi izan dituzte Osasun Mahaiak eta Jaurlaritzak. Lehen fase horren itxieran adostasun osoa eta zabala egon zela adierazi zuten. Bada, ez zen horrelakorik izan; diagnostikoaren faseari LABek boto partikularra aurkeztu baitzion. Jaurlaritzak boto partikular hori ezkutatu egin zuen adostasun osoa irudikatu asmoz, adostasunak eraiki beharrean. Aldebakarrez hartu dituzten metodologiaren inguruko erabakiek eta haien adierazpenek agerian utzi dute prozesuaren atzean adostasunen irudikatzea lehenesten dela.

Oraingo honetan, Ikuspegi, Balio eta Printzipioen fasearekin desados egonik, Osasun Mahaian bere iritzia inork deliberatuki ezkutatu ez dezan, LAB sindikatuak erabaki du boto partikularra aurkeztu beharrean, 29ko mahaiko bilera horretan parte ez hartzea.

Bide beretik, LABek adierazi nahi du, antzerkien eta interes alderdikoien gainetik garrantzitsuena Osasun Sistema Publikoak eta Osakidetzak behar dituzten eraldaketak lortzeko neurriak erabakitzea dela; edukien eztabaidari helduz estrategia eta neurri egokiak erabakitzea, alegia. Hori dela eta, sindikatuak adierazten du Osasun Mahaiaren prozesuan erabakigarria den eta berebiziko garrantzia duen hirugarren eta azken fasean, Estrategien fasean, parte hartzen jarraituko duela, Osakidetza Osasun Sistema Publiko moduan indartzeko eta hobetzeko proposamen eta ekarpenak aurkeztuz, beste faseetan egin duen moduan.

Bestetik, LABek dei egiten die euskal langileei Osasun Sistema Publikoaren aldeko defentsan OPA Herri Plataformek antolatu dituzten otsailaren 1eko Bilboko, Gasteizko eta Donostiako mobilizazioetan parte hartzera. Osasun Mahaia eta Jaurlaritza presionatzeko une erabakigarria da, pribatizazioa alboratzen duten politika publikoen alde presionatzeko ordua da. Euskal langileok hartu ditzagun kaleak eta ozen adierazi Osakidetzaren pribatizazioa eta gainbehera ez ditugula inondik inora ere onartuko. Forma aldaketa baina politika neoliberal berdinekin jarraitu nahi duen Gobernuaren aurrean, antolatu eta mobilizatu gaitezen!

LABek lanuzteak deitu ditu Dbizin langileen lan baldintza kaskarren aurrean

Langileek dituzten lan baldintza kaskarrak direla eta, antolatu eta borrokan hasteko hautua egin dute. Horrela egunean bi ordutako lanuzteak egingo dituzte otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 27an.

Izan ere, Dbizi sortu zenetik, zerbitzua ematen duten langileek ez dute inolako hobekuntzarik izan. Zerbitzua sortu zenean langileak 8 ziren eta erabiltzaileak 1.000 inguru. Egun, asko hazi da erabiltzaile kopurua, 10.000tik gora dira (2023ko datuak) eta 12 langile dira egunerokotasunari aurre egin behar izaten dietenak. Baja bat izanez gero, langile hori ez da ordezkatua izaten, eta horrek gainontzekoen lan karga handitu egiten du. Jai egun eta igandetan lan egiteagatik ez dute inolako gehigarririk, 40 orduko lan astea dute eta apenas iristen dira 1.200 eurotako nomina bat jasotzera.

Gainera, ez dagozkien lanak egin behar izaten dituzte eta beren lanarekin zerikusirik ez duen estatu mailako hitzarmen bat aplikatzen diete; ingeniaritza enpresak, ikerketa teknikoen bulegoak eta ikuskaritza, gainbegiratzea eta kontrol tekniko eta kalitatezkoarena.

2020an Donostiako Udalak ateratako esleipen-lehiaketa DBUSek irabazi zuen eta honek Valentziako Aldi Baterako Enpresa Elkarte bat kontratatu zuen, DBIZISS (Valentziako bi Aldi Baterako Enpresa Elkartek sortu zutena), Dbiziren kudeaketa lanak egiteko.

Donostiako Udalak eta DBUSek Hiri jasangarri baten eslogana lau haizetara zabaltzen dute, kontuan hartu gabe Dbiziko langileek zein lan baldintzetan egiten duten hori posible izan dadin.

Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalari, DBUSi eta UTE DBIZISSi, arduraz jokatu dezaten exijitzen diete LABek eta Dbiziko langileek:

Enpresaren erantzun ezaren aurrean, ondorengo lanuzteak eta elkarrateratzeak egingo dituzte:

> Otsailaren 5ean, 9:00etatik 11:00etara, San Martin azoka parean.

> Otsailaren 12an, 9:00etatik 11:00etara, Unibertsitateetako liburutegi parean.

> Otsailaren 19an, 9:00etatik 11:00etara, Bretxako azoka parean.

> Otsailaren 27an, 10:00etatik 12:00etara, Donostiako Udaletxe parean.

Dbiziren erabiltzaile eta herritarrei elkarrateratzeetan parte hartzeko eta langileak babesteko deia egiten diete LABek eta Dbiziko langileek.

Herri subiranotasuna eta bizitza duina gerra eta kapitalismoaren aurka!

Larunbatean 300 emakume* elkartu ginen “INDARKERIA MATXISTAK JAKEAN. Nondik, nola eta norekin erresistentzia borrokak” Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak antolatutako Jardunaldi feministetan, Atarrabiako kultur etxean.

Indarkeria matxistaren inguruan elkarrekin hausnartzeko eta gogoetatzeko espazio kolektibo honetan herri eta auzoetako, sindikatuetako eta hainbat eragiletako kide feministek parte hartu genuen. Egun ederra eta mamitsua izan zen.

Goizeko lehenengo mahai inguruan justizia feministaren eta autodefentsa feministaren bueltan aritu ziren Begoña Zabala, Maider Barañano eta Laura Elezkano. Jarraian, Euskal Herriko hainbat esperientzia partekatu zizkiguten Hernaniko bi kidek (Kulturarteko Plaza Feministako proiektua, batetik, eta Hernaniko Koordinadora Feministatik, osatze komunitarioaren inguruko prozesua), Bizkaiko SOS Arrazakeriako beste bik (Silviaren kasuaren inguruan) eta Deustuko Módulo Psikosozialeko beste bik. Ekarpen asko egon ziren, eta galdera berri asko zabaldu zitzaizkigun.

Arratsaldean, Euskal Herriko Mundu Martxaren protokoloaren inguruan aritu ginen lantaldeka: zein funtzio betetzen dituen, zein muga aurkitzen dizkiogun, zeintzuk izan daitezkeen inpaktuan, interpelazioan eta antolaketan aurrera urratsak egiteko estrategiak… Galdera horiei erantzunez, salto bat ematera goaz protokoloaren aktibazioan.

Azkenik, herrietan indarkeria matxistaren lanketa egiteko hausnarketa prozesu bat zabaldu dugu hurrengo hilabeteetarako. Hemen duzue eskuragai:

Herri eta auzoetan indarkeriaren erresistentzia borroken inguruko hausnarketa proposamena (PDF)

Euskal Herriko Mugimendu Feministak erakutsi du, beste behin ere, lanean jarraituko duela indarkeria matxistak jakean jarriz. Denak aske izan arte martxan izango gara!

Hurrengo erronka: VI. Nazioparteko Ekintzara EHtik Marseillara joango gara ekainaren 13, 14 eta 15ean. Laister albiste gehiago.

Gora borroka feminista! Gora Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxa!

LABentzat ezinbestekoa da Gipuzkoako eraikuntzan lan baldintzak hobetzea eta langileen lan osasuna bermatzea

Gaur, urtarrilaren 27an, Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena berritzeko mahaia osatu da. Mahai honetara sektoreko langileekin lanketa bat egin eta helburu argiekin etorri da LAB. Langileen lan baldintzak hobetzea eta langileen lan osasuna bermatzea ezinbestekoa da.

Bide horretan LABek proposamen zehatzak egingo ditu:

  • 2 urteko indarraldia.
  • KPI+%1,5eko soldata igoera urte bakoitzerako.
  • Lanaldi murrizketa.

Ez da berria Gipuzkoako Eraikuntzako hitzarmena sektorean lan egiten duten langile askori ez zaiela aplikatzen eta enpresa handiek azpikontratazioaren bidez gastuak murriztu eta lan baldintza oso prekarioetara eraman dutela sektorea urteetan zehar. Hau horrela, beharrezkoa da azpikontratazioaren kontrol bat ezarri eta lan hitzarmenaren aplikazioaren inguruko bermeak ezartzea.

2024a urte beltza izan zen sektorearentzat, datu ofizialen arabera 161 istripu izan ziren eta 9 langile hil ziren Hego Euskal Herrian. Ezin ditugu ahaztu, hala ere, enpresek ezkutatutako beste ehundaka istripu. Heriotza gehienak altueratik gertatutako erorketen ondorioz izan ziren eta noski, hau prebentzio neurririk ez hartzeagatik gertatu da. Gainera, aurreko urteekin alderaturik, heriotza eta istripu tasak bikoiztu egin ziren 2024ean.

Onartezina da istripu eta heriotza tasa ikusirik hitzarmenak lan osasuna bermatzeko inongo neurririk ez jasotzea. Bide horretan proposamen zehatzak egingo ditugu:

  • Langileen osasuna bermatzeko eta prebentzio neurriak hartzeko lan osasuneko batzordeak osatzea.
  • Hitzarmena langile guztiei aplikatzen zaiela bermatzea.
  • Azpikontratazioari mugak jartzea.

Hurrengo bilera otsailaren 10ean izango da, bertan plataformak aurkeztuko ditugu negoziaketari ekiteko.

LABek hitzarmen duina aldarrikatzen du Gipuzkoako eraikuntzan.

LABek Radisson hotelaren praktika arrazistak salatu ditu

LABek elkarretaratzea egin du Bilboko Radisson hotelean, bertan identifikatu dituen langileen aurkako lan-arrazakeriako egoerak salatzeko.

Hilabete baino gehiago da LABek egoera horien berri eman diela enpresako arduradunei, eta ez diete jaramonik egin. Uko egin diote laneko arrazakeria-egoera horiek aitortzeari eta zigortzeari. Zoritxarrez, hau ez da gertakari isolatua. Laneko arrazakeria oso ohikoa da Euskal Herrian.

Joan den urtarrilaren 23an, LABek arrazakeriaren “izurritea” desinfektatzeko ekintza sinbolikoa egin zuen Bilboko Radisson hoteleko atean, eta gaur elkarretaratzea egin du sarreran, hori salatzeko.

Langile guztiek, beren azalaren kolorea, jatorri geografikoa edo administrazio-egoera edozein dela ere, tratu duina merezi dute, eskubideak dituzte eta errespetatu egin behar dira.

Laneko arrazakeriaren aurrean, arrazakeriaren aurkako ekintza sindikala aldarrikatzen du LABek.

50 eragile politiko, sozial eta sindikalek bat egin dugu “J’accuse” kanpainarekin eta igande honetan Irunen hasiko den mobilizaziorako deia luzatu dugu

Migrazio politika arrazista eta hiltzaileak salatu eta korrikaren egunean migrazio prozesuan ziren 36 lagunekin muga pasatzegatik epaituko dituzten ekintzaileen kargugabetzea aldarrikapena sostengatzen dugu eragileok. Kanpainaren finantziaziorako diru bilketa hasiko dugu, manifestazioan bertan eta baita crowfounding-aren bidez.

Urtarrilaren 28an Baionako epaitegian 7 herritarrek migrazio prozesuan ziren pertsona batzuk muga legez kanpo iraganaraztea eta talde antolatuko kide izateko akusazioari aurre egin beharko diote. Haien aurkako epaiketa, 2024ko Korrika egunean Irun eta Hendaia arteko zubia migrazio prozesuan ziren 36 pertsonekin batera igarotzeko ekintzan oinarritzen da.

Egoera hau salatzeko, igande honetan 11:30etan mobilizazioa deitu dute Iruneko Ficobatik hasita eta Pausuko zubiraino. Oraindik autoinkulpazio indibidualak zein kolektiboak jasotzeko aukera dagoela eta Euskal Herritik kanpo ere elkartasun keinuak jaso dituztela (hala nola, Italia edota Greziatik) adierazi dute.

Gogoratu dute, orduko ekintza hura hamarnaka eragile sindikal, sozial eta politikok bere egin zutela, “desobedientzia ariketa honekin Euskal Herria Harrera Herria izan nahi duela aldarrikatzeko”. Izan ere, gutxienez 9 dira haien migrazio prozesuan Bidasoako muga zeharkatzerakoan hil diren pertsonak. Europar migrazio politika arrazista eta hiltzaileak egin dituzte egoera honen erantzule J’accuse plataformaren baitan antolatu direnak. “Sei hilabetero aitzakia berri bat asmatzen du Frantziar Gobernuak muga ixteko. Horrela, kontrol arrazistak ezarri, eta migrazioan diren pertsonen ibilbidea jazartzen du, askotan hiltzera ere kondenatuz”.

Ezaguna da Irun eta Hendaia inguruetan ehunka direla elkartasuna antolatu eta migrazio politika ankerrei aurre egiten dieten boluntario konprometituak. Agintari politikoek eta haien legea betearazten duten polizien jazarpenaren aurrean, igarobide seguruen alde egin eta berauek eraikitzeko konpromisoa duten ekintzaileak dira. “Mugak apurtu eta zubiak eraikitzea aldarrikatzen dugu”.

Hauek dira kanpainarekin bat egiten duten eragileak:

A desalambrar – Ireki mundua
Alda
AMHER – SOS Arrazakeria
Artea
ASTI 14 – Association de solidaritĂ© avec tous les immigrĂ©s du Calvados
ASTI Bordeaux
ASTIR (ASTI ROMANS Drome)
BASOA (Basabide fundazioa)
Berdeak
Bidasoa Etorkinekin
Bilgune Feminista
Bizi
CCFD – Terre Solidaire
Collectif anti raciste de la région elbeuvienne
EELV Europe Ecologie les verts
EH BAI
EHNE Bizkaia
Emigrados sin Fronteras
Ernai
ESK sindikatua
Etorkinekin Diakité Federazioa
Etxalde
Euskal Herrian Euskaraz
Euskal Herriko Gune Ekosozialista
FASTI
Federazioa Etorkinekin Diakite
Feministalde
Freytter Elkartea
FSU / FSU-SNUipp 64
GES (Gauche Eco Socialiste)
IrĂ­dia, Centre per la Defensa dels Drets Humans
Irungo Harrera Sarea
La Cimade Pays Basque
LAB sindikatua
Le Gisti (Groupe d’information et de soutien des immigrĂ©s)
LFI Hendaye
Lokarria Lehuntze
Mbolo Bilboko manteroen sindikatua
Mugak Zabalduz
NPA Pays Basque
Olatukoop
OEE Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Euskal Herria
PACA de Médecins du Monde
Putxs en Lucha
Roya Citoyenne
Solidaires Pays Basque
Sortu
SOS arrazakeria Gipuzkoa
SOS Racismo Bizkaia
Steilas
Tous Migrants du côté de Briançon
Trabajadoras No Domesticadas