2025-03-18
HomeEkintza SindikalaLABek bere desadostasuna adierazten dio Osasun Mahaiaren bigarren fasearen itxierari eta iragartzen...

LABek bere desadostasuna adierazten dio Osasun Mahaiaren bigarren fasearen itxierari eta iragartzen du ez duela 29ko bileran parte hartuko

Elkarretaratzea egingo du bihar Irungo Ficoban, 9:30ean, osasun sistema publiko indartsua eskatzeko. Era berean, osasun sistema publikoaren alde otsailaren 1eko mobilizazioetan kaleak hartzera deitu ditu langileak.

Bihar bilduko da berriz Osasun Mahaia, eta bertan, bigarren faseari -Ikuspegi, Balio eta Printzipioen inguruko faseari- bukaera emango zaio. LABek adierazten du bigarren fase honetan bidali dioten behin-betiko dokumentuarekin ez dagoela ados, izan ere, osasun sistemaren printzipioen artean ez dira jaso sindikatuarentzat ezinbestekoak diren gaiak.

Esan beharra dago behin-betiko dokumentuan hobekuntzak txertatzea lortu badu ere, LABek argi utzi nahi izan du osotasunarekiko desadostasuna duela, izan ere, dokumentuak ez dio heldu nahi esklusibotasunari, sistema indartzeko ezinbesteko neurria sindikatuaren ustez, ezta osasun zerbitzua titularitate publikotik baliabide publiko eta propioekin eskaintzeari, kanporatze-pribatizazio politikak izan direnean Osakidetza gainbeherara eraman duen arrazoi nagusietako bat. Gerora finkatu behar diren estrategia egokiak erabakitzeko funtsezko elementuak direla uste du LABek.

Aurreko fasean, diagnostikoaren ingurukoan, Mahaian egon diren ahots kritikoak isilarazi eta ezkutatu nahi izan dituzte Osasun Mahaiak eta Jaurlaritzak. Lehen fase horren itxieran adostasun osoa eta zabala egon zela adierazi zuten. Bada, ez zen horrelakorik izan; diagnostikoaren faseari LABek boto partikularra aurkeztu baitzion. Jaurlaritzak boto partikular hori ezkutatu egin zuen adostasun osoa irudikatu asmoz, adostasunak eraiki beharrean. Aldebakarrez hartu dituzten metodologiaren inguruko erabakiek eta haien adierazpenek agerian utzi dute prozesuaren atzean adostasunen irudikatzea lehenesten dela.

Oraingo honetan, Ikuspegi, Balio eta Printzipioen fasearekin desados egonik, Osasun Mahaian bere iritzia inork deliberatuki ezkutatu ez dezan, LAB sindikatuak erabaki du boto partikularra aurkeztu beharrean, 29ko mahaiko bilera horretan parte ez hartzea.

Bide beretik, LABek adierazi nahi du, antzerkien eta interes alderdikoien gainetik garrantzitsuena Osasun Sistema Publikoak eta Osakidetzak behar dituzten eraldaketak lortzeko neurriak erabakitzea dela; edukien eztabaidari helduz estrategia eta neurri egokiak erabakitzea, alegia. Hori dela eta, sindikatuak adierazten du Osasun Mahaiaren prozesuan erabakigarria den eta berebiziko garrantzia duen hirugarren eta azken fasean, Estrategien fasean, parte hartzen jarraituko duela, Osakidetza Osasun Sistema Publiko moduan indartzeko eta hobetzeko proposamen eta ekarpenak aurkeztuz, beste faseetan egin duen moduan.

Bestetik, LABek dei egiten die euskal langileei Osasun Sistema Publikoaren aldeko defentsan OPA Herri Plataformek antolatu dituzten otsailaren 1eko Bilboko, Gasteizko eta Donostiako mobilizazioetan parte hartzera. Osasun Mahaia eta Jaurlaritza presionatzeko une erabakigarria da, pribatizazioa alboratzen duten politika publikoen alde presionatzeko ordua da. Euskal langileok hartu ditzagun kaleak eta ozen adierazi Osakidetzaren pribatizazioa eta gainbehera ez ditugula inondik inora ere onartuko. Forma aldaketa baina politika neoliberal berdinekin jarraitu nahi duen Gobernuaren aurrean, antolatu eta mobilizatu gaitezen!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi langile hil dira aurten luma garabiak erabiltzen ari zirela

S.F.P. 62 urteko langilea hil da gaur goizean, eraikuntza lanetan ari zela, Arratzun, Bizkaian. Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones, SL enpresako langilea, luma garabi batekin baserri batetako teilatura materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da eta deskarga bat jaso du.

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Marinaledan egindako SAT sindikatuaren IV. Kongresuan parte hartu du LABek

Sindikatua eraiki, herria eraiki lelopean egin du bere IV. Kongresua Andaluziako SAT sindikatuak; ekintza sindikalean jauzia emateko eta kapitalismoa gainditzeko Andaluzia burujabearen norabidean aurrera egiteko bokazioarekin.