2026-07-04
Blog Page 1023

Hitzarmen guztien defentsa eta negoziazio kolektiboaren desblokeoa eskatuko ditu LABek Akordio Interprofesionalaren mahaian

EAEn Akordio Interprofesionalaren mahaian negoziazio kolektiboa egituratzeko akordioaren negoziazioari ekin diogu, bertoko hitzarmenak estatu mailakoengandik –CCOO, UGT eta CEOEren eskutik– jasotzen ari diren erasoetatik babesteko asmoz. Azaroaren 30eko bileran ezagutu genuen Confebasken proposamena, eta abenduaren 16a bitarteko epea zabaldu zen sindikatuok geure proposamenak egiteko.

Confebasken proposamena abiapuntu egokia izan daiteke bertoko hitzarmenak estatu mailako hitzarmenetatik babesteko, baina, LABen iritziz, mugapen argi bat du: indarrean edo ultraktibitatean dauden hitzarmenei soilik aplikatuko zaiela. Beraz, bi galdera garrantzitsu erantzun gabe uzten ditu: zer gertatuko da jada indarraldia amaituta duten hitzarmenekin? Nola geratuko dira ultraktibitatea amaitzen zaienean?

LABek EAEko hitzarmenen egoeraren azterketa egin du, eta argazkia oso kezkagarria da: hitzarmenen %60k indarraldia amaituta dute, hitzarmenen %16 indarrean daude eta hitzarmenen %24ri ultraktibitatea aplikatzen zaie (batzuei mugatua eta beste batzuei mugagabea). Bada, Confebasken proposamenarekin hitzarmenen %22 bakarrik geratuko lirateke babestuta, alegia, indarrean daudenak eta ultraktibititate mugagabea dutenak soilik. Akordioak, beraz, eraginkortasun mugatua izango luke negoziazio kolektiboa desblokeatzen ez den heinean.

LABen eskakizunak Akordio Interprofesionalaren mahaiari

LABen iritziz, hitzarmenak babestearekin batera, negoziazio kolektiboaren desblokeoaz ere hitz egin behar da Akordio Interprofesionalean, eta, horretarako, bi eskakizun egingo ditugu:

-Akordio interprofesionala sinatzen denetik hurrengo bi hilabetean indarraldia amaituta edo ultraktibitate mugatuan dauden hitzarmenen mahaiak deitzea eta negoziazioak abiatzea.

-Mahai negoziatzaile horietan hitzarmen bakoitzari ultraktibitate epe berria ematea, negoziazioa era normalizatuan eman ahal izateko eta denbora tarte horretan estatu mailako hitzarmenak aplikatzea ezinezkoa egiteko, indarraldia amaitu zaien eremuetan.

Bi eskakizun hauek Akordio Interprofesionalaren mahaira bidaliko ditugu, eta bilerak egiteko eskaera egingo diegu Confebask eta Garen patronal elkarteei, gure proposamena aurkeztu eta azaltzeko.

Patronalak zapuztutako saiakerak

Negoziazio kolektiboa blokeatua dago gurean, eta blokeo horrek arduradun nagusi bat du: Confebask. Patronalak hitzarmenak blokeatu ohi ditu, aurrera eraman nahi duen prekarizazio eta pobretze prozesuarekin jarraitu ezin duenean. Orain baino lehen ere egin izan dira saiakerak hemengo hitzarmenak Estatuko erasoetatik babesteko; 2011 eta 2013 urteetakoak, kasu. Confebasken jarreragatik ezerezean geratu ziren guztiak. LABek saiakera guztietan parte hartu du, baita orain ere, negoziazio kolektiboaren egoera inoiz baino larriagoa denean.

Negoziazio kolektibo osoa estatu mailatik datozen erasoetatik babestea eta blokeo egoerari irtenbide orokor bat bilatzea ez da arazo legala, borondate kontua besterik ez da. Beraz, LABen iritziz, gure hitzarmenak aurrera ateratzeko borondatea behar da; urtarrilaren 10ean egingo den bilerara alde guztiak langile guztien egoerari irtenbidea emateko borondatearekin etortzea espero dugu, ez soilik hitzarmen gutxi batzuk babestera.
 

 

 

Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen aldeko ekitaldia Labriten



Euskal Herriko eskubide sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak deituta datorren abenduaren 16an aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen aldeko ekitaldia eta manifestazioa izango da Iruñean. "+Cambio +Social" lemapean burutuko da ekimena Iruñeako Labriten eta LAB, ELA, STEILAS, CGT, ESK, Attac, Bilgune Feminista, Nafarroako Osasun Plataforma eta Martes al Soleko kideek osaturiko ordezkaritza batek aurkeztu du medioen aurrean.

Aste honetan aurrekontuak eztabaidatzen ari dira Nafarroako Parlamentuan eta aipatutako eragileek eztabaida horretan parte hartu nahi dute era honetan. Izan ere, "aurrekontuak dira politika publikoak gauzatzeko tresnarik nagusiena. Hortaz, aurrekontuen eztabaida aldaketa sozialaren alde gaudenoi ere badagokigu".

Karta eta Parlamentua kritikoak dira, bai formari dagokionez (inongo parte hartze sozialik ez) nola edukiei dagokionez: zenbait arlotan aurrerapausoak eman dituzten arren, aurrekontu hauek ez dute eredu aldaketa ahalbidetzen. Diru bilketa ez da nahikoa, ezta justua ere, enpresek eta kapital errentek beharko luketeena baino askoz gutxiago ordaintzen dutelako, Europako Batasunaren batez besteko presio fiskaletik urrun. Bestalde, ez dira beharrezkoak diren inbertsioak egiten sektore publikoa garatu, enplegua sortu eta behar sozialei erantzuteko".

Bi plataforma hauek bat egin dute aurrekontuei begirako sei aldarrikapenetan: politika publikoen egiturazko aldaketa; erreforma fiskal sakona: genero ikuspegia txertatzea; zorraren auditoria; parte hartze soziala; eta Nafarroan bertan eredu sozial eta ekonomikoaz erabakitzeko eskubidea
 


 
 

Saharako errefuxiatu eremuetan egon gara UGT SARIO sindikatuari babesa ematen

0


LAB sindikatuko ordezkaritza bat Tindouf Argelian dauden Saharar herriaren errefuxiatu eremuetan egon da Saharako UGT SARIO sindikatuaren 8. kongresuan, bertako sindikatuari eta oro har Saharar herri guztiari bere elkartasuna adierazten. Egun guzti hauetan, bertako errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan dugu eta harrituta itzuli gara, nola hain baliabide guttirekin hainbertze gauza egin ditzazketen.

Saharar herria egoera larria pairatzen ari da. 1975. Marokok okupatu zuen eta gaur egun 3 eremuetan banatuta dago Saharar herria: alde batetik Marokok okupaturiko lurraldea, bertze aldetik askatuta eremua eta azkenik Argeliako errefuxiatu eremua.

1991ean bakea sinatu zen, erreferendum bat egiteko konpromisoarekin baino Marokoko gobernuak ez du bere hitza bete eta Europak ere deus gutti egiten du egoera hau blokeotik ateratzeko. Bitartean Saharar herria okupatuta eta errepresio gordina pairatzen bizi da.

Egon garen eremu guztietan LAB sindikatuaren konpromisoa Saharar herriaren askatasunarekin helarazi diegu bertakoei. Haien aldetik gurekiko harrera ezin hobea izan da. Egun guzti hauetan herrixka ezberdinak ikusi ahal izan ditugu eta beraien antolaketa eredua ere gertutik ezagutzeko aukera izan dugu.

Eskolak, liburutegiak, ospitaleak, ezgaituentzako zentroak, emakume eta gazte antolakundeen taldeak eta abar luze bat ezagutu ahal izan ditugu bertakoen aldetik ongi etorri beroa jaso dugun bitartean.

UGT SARIOren 8. kongresua ere bertatik ezagutzeko aukera izan genun eta bertan ere Saharako sindikatuarekiko eta Saharar herriarekiko gure elkartasun osoa helarazi genien. Idazkari nagusi bezala hautatua izan zen Salama Brahim Bashir Eri-ri eta bere ekipoari zorterik onena opa diogu etorkizunerako, Saharar herriaren askatasunean egin beharreko bide honetan.

LAB sindikatuaren interbentzioa UGT SARIOren 8. kongresuan, Saharar errefuxiatu eremuetan, Abenduak 3, 4 eta 5ean 

"Kaixo eta arratsalde on guztioi! Gure herriko hizkuntza nazionala den Euskaraz agurtzen zituztedan,

Salam alekun sukran ale stigbel

Lehenik eta behin UGT SARIO sindikatuari bere kongresura gonbidatu izana eskertu nahi genieke. Espero dugu kongresu honek Euskal Herria eta Saharar herria batzen dituen harremanak estutzeko balio izatea oraindik eta gehiago. Bertze alde batetik Kongresu hau UGT SARIOrentzat eta orokorrean Saharar herriarentzat aurrerapauso handia suposatzea espero dugu beraien askatasuna lortzeko bidean.

Euskal Herria ere estaturik gabeko herri bat da. Izana, existentzia eta libre eta demokratikoki etorkizuna erabakitzea ukatu egiten zaiona. Gure antolakundea den LAB Euskal Herriko langile klasearen zerbitzurako egoteko borondatearekin sortu zen, euskal errepublika independiente bat eraikitzeko borrokan, justizia sozialean eta gizon eta emakumeen arteko parekidetasunean oinarrituko zena.

Estaturik gabeko herrietara benetako demokrazia bat iristea nahi badugu, herrietako prozesu soberanistetan pausuak eman behar ditugu; hau da, 1978ko erregimena atzean utzi behar dugu, herrien askatasun aldarriak itotzeko sorturiko erregimena hain zuzen ere.

Saharar herriaren askatasunaren alde bere bizitza eman duten guztiak gogoratuz jarraitu nahiko nuke, eta bereziki Brahim Saika burkide sindikalista.

Ezin ditugu ere ahaztu Marokoko kartzeletan bahituta dauden preso politiko Sahararrak. Euskal Herrian oso ongi dakigu hori zer den, gaur egun oraindik 350 Euskal Preso politiko baino gehiago baitaude beraien etxetik ehunka kilometrotara. Horietako bat gure Idazkari nagusi ohi Rafa Diez da, orain dela 6 urtetatik espetxean Euskal Herriarentzako bake, demokrazia eta askatasun eszenatoki baten alde lan egiteagatik.

Ez nuke bukatu nahi Saharar herriarekiko gure herriaren konpromiso osoa berretsi gabe beraien lurra eta askatasuna berreskuratzeko borroka legitimo honetan. LABen eta Euskal Herrian lagun bat daukazue.

Gora Sahara askea!
Yahia Sahara horra!
"
 

 

 

CCOOek Mercedesen hitzarmen prekarioagoa ahalbidetzen du

0

CCOOek Mercedes lantokian hitzarmen atzerakoiagoa ezartzeko bere laguntza eman duela salatzen dugu. Hitzarmen honek prekarietatea handitzen du kontratazio berrientzat, aurretik zegoen erabateko malgutasunean sakontzen du eta erridikuluzko soldata igoerak jasotzen ditu, aurreko urteetan jasotakoak baino apalagoak.

Asteetako indefinizio susmagarriaren ondoren, atzoko Mahai Negoziatzailearen bileran CCOOek erabaki zuen UGT, EKINTZA eta PIMekin bat egitea langileen gehiengoak babestu ez duen eta Mercedeseko Zuzendaritzari nahi zuen guztia eskaintzen dion hitzarmena babestuz. Jarrera honekin, CCOOek eragotzi egiten du hitzarmenaren edukiak hobetzeko negoziazioa berrartzea, LABek proposatu zuen bezala, eta uko egiten dio berriro langileak aktibatzeari lan-baldintza hobeak lortzeko.

Bere atxikimendua azaltzeko hobekuntzarik ez dago idatzizko testuan. Hortaz, beldur gara publiko ez diren sindikatuko honentzako prebenden truke izan dela atxikimendua. Horregatik, eta gardentasuna eta diskriminazio eza bermatzearen begira, LABetik berriro exijitzen ditugu irizpide objektibo eta gardenak aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzeko eta ardi egongo gara edozein irregulartasunen aurrean, dagokion esparruan salatuz.

Era berean, LABek Mercedeseko prekarietatea eta ebentualitatearen kontra jarraituko du borrokan, kontratazioan egiten diren iruzurrak salatuz.

 

 

 

TPE Hauteskundeetan izango gara

Pariseko Kasazio Gorteak berriro eman digu arrazoia

"CGTk galdu duela onartzeko garaia da". LABeko ordezkarien hitzak dira hauek, Pariseko Kasazio Gorteak sindikatuari berriro arrazoia eman diola jakinarazi ondoren egindakoak. Hain zuzen ere, enpresa txikietako hauteskundeetan LABen hautagaitza eragozteko helburuarekin epaitegietara jo du CGTk, baina emaitzarik gabe.

LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Baionan, Pariseko Kasazio Gortearen epaiaren berri emateko. Hain zuzen ere, CGTren helegitea baztertu eta arrazoia eman dio berriro sindikatuari. Horrenbestez, CGTk enpresa txikietako hauteskundeetan LABen hautagaitzarik ez egoteko egindako saiakera bertan behera utzi du Pariseko auzitegiak, irailean egin zuen bezala

Dena dela, gaurko helegitea ere atzera bota zuen Bordeleko auzitegiak, urrian. Parisekoak erabaki hori berretsi du orain.
 

 

 

Ordubeteko lanuztea egin dugu Edesa Industrialeko Arrasate, Eskoriatza eta Basauriko zentroetan

0


Gaur, abenduak 12, Geyser eta Edesako langile komiteek deituta ordu beteko lan uzteak egin dituzte Edesa Industrialek Arrasate, Eskoriatza eta Basauriko lan zentrutan enpresak egin nahi dituen kaleratzeak salatzeko. LABen iritziz, kaleratze hauek ez dira onargarriak, benetako arazoa enpresak urteetan hartu duen norabidean eta proiektu industrial faltan dago.

Enpresako zuzendaritzak gaur komunikatu behar zituen kaleratzeak, baina komitearekin zeukan bilera atzeratzea erabaki du, agenda arazoak argudiatuta, printzipioz bihar arte. Kontzentrazioak iraun duen bitartean langile asanblada bat burutu da, datozen mobilizazioak adosteko, baina enpresarekin izango den bilera egin arte ez da erabakiko zer motako mobilizazioak burutu.

LABentzat, kaleratze hauek ez dira batere onargarriak. Benetako arazoa enpresak urtean zehar daraman norabidea da (kaleratzeak, EREak, ekoizpen etenaldiak…) eta hau proiektu industrial ezaren ondorioa besterik ez da.

Instituzioek ere ardura zuzena dute eta beraz Eusko Jaurlaritzari, eta baita inplikatuta dauden betse eragileei (Mondragon, Fagor, S. Coop.) arazo larri honen aurrean engaiatu daitezen eskatzen diegu.
 

 

 

Hirugarren greba egun arrakastatsua Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenaren alde

0

Gaur, abenduak 12, Gipuzkoako Grafikagintza sektoreak hitzarmenaren aldeko hirugarren greba eguna egin du. Orain arte bezala grebak jarraipen zabala izan du, eta berriro ere agerian geratu da sektore ia guztia hitzarmena defendatzeko prest dagoela. Grebaz gain langileek manifestazioa egin dute Tolosako kaleetatik.

Grebak jarraipen haundia izan du orain artean bezala, lantokien %75ak jarraitu du. Sektoreko ia enpresa guztiak enpresa txikiak edota oso txikiak izanda, datu esanguratsua da guretzat, eta sektoreko langileak hitzarmena defendatzeko prest daudela erakusten du.

ADEGIk erabaki bat hartu behar du: bere jarrera itxi eta arduragabearekin jarraituko duen, ala hitzarmen justu eta duin bati ateak ireki. Orain arteko bidetik jarraitzen badu langileok hitzarmen duin baten aldeko borrokan urrats berriak emango ditugu.

 

 

 

UGT, CCOO eta USOk Sidenorreko zuzendaritzari eskatzen zuen guztia eman diote

0

Atzoko bileraren ostean, Sidenorreko zuzendaritza berriak badu hasieratik nahi zuen guztia, alegia, langileen lan baldintzak nabarmen kaltetuko dituen akordioa eta aldi baterako EEEa. Enpresarentzat negozio borobila, langileentzat desastre hutsa. Eta atzokoarena baditu erantzule zehatzak: UGT, CCOO eta USO sindikatuak . Sindikatu hauek Sidenorrek nahi zuen guztia oparitu diote, aldiz, langileek ez dute trukean ezer lortu: ez enplegu bermerik, ez industria planik, ezta inbertsioak egiteko konpromisorik ere. Hori guztia, gainera, ezer borrokatu gabe eta langileen iritzia ere kontuan hartu gabe. Baina akordioaren edukia onartezina eta larria bada ere, are larriagoa da enpresak eta sindikatu hauek egiten diguten xantaia: adostutako neurriak onartu ezean, EEEaren baldintzak are okerragoak izango dira. Beraz, xantai honen helburua argia da: langileak beldurtu eta desaktibatu eta adostutakoari men egin. Sindikatu batzuk hau onartu izana benetan onartezina iruditzen zaigu!

Hauek dira akordioaren nondik norako nagusiak:

Suspentsioko EEE:
2 urteko iraupena, luzatzeko aukerarekin.
Suspentzioko EEEari osagarriak. Modu orokorrean aplikatzeko: aparteko pagak kontutan hartu gabeko soldataren %75 arteko osagarria gehi aparteko pagen %75 arteko osagarria.
Modu berezian, Egokitzapen Laboralaren Plana (ELP) onartuko luketen lantegietan, soldataren %90a eta oporren eta aparteko pagen %100ª.

Egokitzapen Laboralaren Plana (ELP):
Lan egutegiak: aldaketak egiteko, aurreabisuko epea 10 egunetik 7 egunetara murrizten da. Lan egutegien gitxiengo iraupena 2 hilabeteetatik hilabete batera murrizten da.

Oporrak: orain arte 30 egun jarraian hartzeko akordioa aldatzen da oporraldia 2 zatitan banatuz. 20 egun jarraian uztaila, abuztua eta iraileko epean eta beste 10 egun, enpresak erabakita, urtarrilean, abenduan edota Aste Santuko garaian. Oporraldia aldatzeko aurreabisua 90 egunetatik 60 egunetara murrizten da

Formakuntza: langile bakoitzak 8 ordu urteka, beharrezkoak eta eguneko lanaldiaren osagarriak, ordu arrunta bezala pagatuko direlarik eta disponibilitateko kopurutik (malgutasuna) 16 ordu ere. Honek lanaldiaren handitzea Dakar.

Mugikortasun funtzionala: aurreko akordioa aldatzen da eta, hemendik aurrera, Langileen Estatutuaren 39. artikulua aplikatuko da. (erregulazio desberdina)

LABek hurrengo astelehenean lantoki guztietako ordezkariekin bilera egingo du akordioa sakonki aztertzeko eta, honen aurrean, proposatuko ditugun neurriak zehazteko eta erabakitzeko.

 

 

 

PISAko emaitzen aurrean, hezkuntza eta ebaluazio eredu berri batean sinesten dugu

0

Egun hauetan izan dugu 2016ko PISA txostearen emaitzen berri. Berriz ere, agintariak autokonplazentzian edota zurikerian ikusiko ditugu emaitzen araberako diskurtsoa fintzen. LABek bere aldetik, beste hezkuntza eta ebaluazio eredu batean sinisten dugun heinean, garbi dugu txosten honek merkatuaren eta kapitalaren interesei erantzuten diola. Ordua da, beraz, gure bide propioa eraikitzen hasteko, baita ebaluazioaren inguruan ere.

Hezkuntza, eskubidea izatetik, errentagarritasun eta produktibitate parametroen arabera neurtu beharreko ekoizkin izatera degradatzen du ELGAk (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) eta etorkizunean haien enpresetako lan-indarra izanen direnentzako entrenamendu zelaian bilakatu nahi du eskola. Behar beharrezkoa dugu bestelako ebaluazio sistema bat eraikitzea. Ikaslea ez ezik, irakasle taldea, eskola, familiak, berritzeguneak eta irakasleen laguntza zentroak, administrazioa, hezkuntza zerbitzuak….eta finean sistema guztia baloratuko duena. Beti ere hobekuntzan, ekitatean, aukera berdintasunean oinarrituko dena eta hobekuntza horretan egiteko plan, neurri zehatzak eskainiko dituena.

Ordua da beraz, paradigma errotik aldatu eta gure bide propioa eraikitzen hasteko, baita ebaluazioaren inguruan ere. Horra erronka: euskal hezkuntza komunitateak pentsatu eta adostutako, irundu eta ehundutako, ebaluazio eredu berri bat sortzea. LABen prest gaude, horretara goaz.