2025-12-16
HomeEkintza SindikalaHitzarmen guztien defentsa eta negoziazio kolektiboaren desblokeoa eskatuko ditu LABek Akordio Interprofesionalaren...

Hitzarmen guztien defentsa eta negoziazio kolektiboaren desblokeoa eskatuko ditu LABek Akordio Interprofesionalaren mahaian

EAEn Akordio Interprofesionalaren mahaian negoziazio kolektiboa egituratzeko akordioaren negoziazioari ekin diogu, bertoko hitzarmenak estatu mailakoengandik –CCOO, UGT eta CEOEren eskutik– jasotzen ari diren erasoetatik babesteko asmoz. Azaroaren 30eko bileran ezagutu genuen Confebasken proposamena, eta abenduaren 16a bitarteko epea zabaldu zen sindikatuok geure proposamenak egiteko.

Confebasken proposamena abiapuntu egokia izan daiteke bertoko hitzarmenak estatu mailako hitzarmenetatik babesteko, baina, LABen iritziz, mugapen argi bat du: indarrean edo ultraktibitatean dauden hitzarmenei soilik aplikatuko zaiela. Beraz, bi galdera garrantzitsu erantzun gabe uzten ditu: zer gertatuko da jada indarraldia amaituta duten hitzarmenekin? Nola geratuko dira ultraktibitatea amaitzen zaienean?

LABek EAEko hitzarmenen egoeraren azterketa egin du, eta argazkia oso kezkagarria da: hitzarmenen %60k indarraldia amaituta dute, hitzarmenen %16 indarrean daude eta hitzarmenen %24ri ultraktibitatea aplikatzen zaie (batzuei mugatua eta beste batzuei mugagabea). Bada, Confebasken proposamenarekin hitzarmenen %22 bakarrik geratuko lirateke babestuta, alegia, indarrean daudenak eta ultraktibititate mugagabea dutenak soilik. Akordioak, beraz, eraginkortasun mugatua izango luke negoziazio kolektiboa desblokeatzen ez den heinean.

LABen eskakizunak Akordio Interprofesionalaren mahaiari

LABen iritziz, hitzarmenak babestearekin batera, negoziazio kolektiboaren desblokeoaz ere hitz egin behar da Akordio Interprofesionalean, eta, horretarako, bi eskakizun egingo ditugu:

-Akordio interprofesionala sinatzen denetik hurrengo bi hilabetean indarraldia amaituta edo ultraktibitate mugatuan dauden hitzarmenen mahaiak deitzea eta negoziazioak abiatzea.

-Mahai negoziatzaile horietan hitzarmen bakoitzari ultraktibitate epe berria ematea, negoziazioa era normalizatuan eman ahal izateko eta denbora tarte horretan estatu mailako hitzarmenak aplikatzea ezinezkoa egiteko, indarraldia amaitu zaien eremuetan.

Bi eskakizun hauek Akordio Interprofesionalaren mahaira bidaliko ditugu, eta bilerak egiteko eskaera egingo diegu Confebask eta Garen patronal elkarteei, gure proposamena aurkeztu eta azaltzeko.

Patronalak zapuztutako saiakerak

Negoziazio kolektiboa blokeatua dago gurean, eta blokeo horrek arduradun nagusi bat du: Confebask. Patronalak hitzarmenak blokeatu ohi ditu, aurrera eraman nahi duen prekarizazio eta pobretze prozesuarekin jarraitu ezin duenean. Orain baino lehen ere egin izan dira saiakerak hemengo hitzarmenak Estatuko erasoetatik babesteko; 2011 eta 2013 urteetakoak, kasu. Confebasken jarreragatik ezerezean geratu ziren guztiak. LABek saiakera guztietan parte hartu du, baita orain ere, negoziazio kolektiboaren egoera inoiz baino larriagoa denean.

Negoziazio kolektibo osoa estatu mailatik datozen erasoetatik babestea eta blokeo egoerari irtenbide orokor bat bilatzea ez da arazo legala, borondate kontua besterik ez da. Beraz, LABen iritziz, gure hitzarmenak aurrera ateratzeko borondatea behar da; urtarrilaren 10ean egingo den bilerara alde guztiak langile guztien egoerari irtenbidea emateko borondatearekin etortzea espero dugu, ez soilik hitzarmen gutxi batzuk babestera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu,...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak...