2025-12-26
Blog Page 1020

Eusko Jaurlaritzak berriro lehenetsi ditu interes partikularrak energiaren kudeaketan

0


Repsoli dagoeneko ez zaio interesatzen Kantauri itsasoan hidrokarburoak bilatzeko “Fulmar” plana. Bere garaian, LAB eta ELA sindikatuok alegazioak aurkeztu genizkion prospekzioak egin nahi zituzten proiektuei eta kontra geundela adierazten genuen aldaketa klimatikoan eragin zuzena duelako hidrokarburoen erabilera eta ateratzeak eta politika estraktibo horrek enpresa handi transnazionalei bakarrik dakarzkielako onurak.

Repsoli dagoeneko ez zaio interesatzen Kantauri itsasoan hidrokarburoak bilatzeko “Fulmar” plana. Bederatzi urte pasatu eta hiru milioi euro xahutu eta gero, energia berriztagarri eta ordezkagarrien produkzioen aurrean erabakirik ez hartzeko baino ez dio balio izan Eusko Jaurlaritzari; proiektu txikitzaile, herritarrontzat ekonomikoki hondatzaile eta ingurumenari dagokionez kaltegarriak direnen alternatiba bezala. Gure kostaldetik kilometro gutxitara martxan dauden “Fulmar” eta “Mesana” bezalako proiektuen aurrean gaude.

Bere garaian, ELA eta LAB sindikatuok alegazioak aurkeztu genizkion prospekzioak egin nahi zituzten proiektuei eta kontra geundela adierazten genuen, arrazoi hauengatik:

• Aldaketa klimatikoan eragin zuzena du hidrokarburoen erabilera eta ateratzeak, eta planetar berotzea eragiten dute, Parisen 2015eko abenduan izandako klimaren inguruan izandako Goi Bileran argi geratu zen bezala.

• Politika estraktibo horrek enpresa handi transnazionalei bakarrik dakarzkie onurak, beste behin ere, energia produkzioa espekulazio finantzierorako tresna bihurtu nahi izan dute.

• Diru publikoa horrelako proiektuetan inbertitzeak, diru kopuru horrek energia berriztagarri eta ordezkagarrietan ikertzeko eta garatzeko ezintasuna dakar, denbora guzrti honetan zehar argi eta garbi ikusi ahal izan dugun bezala.

• Proiektuok ez daukate oinarrian arrazoi ekonomiko argirik, inbertsioaren eraginkortasun soziala, eta atzeraezinak izango diren kalteak eragingo dituzte gure kostaldean eta itsasoan.

Ez da onargarria Capbreton inguruko itsaso fosa zabalaren ekosistema arriskuan jartzea. Bertan, zetazeo handien eta espezie demersal eta pelagikoen bizigua dago. Hauek berebiziko garrantzia dute euskal arrantza sektorearen kudeaketan, antxoa, berdela, txitxarroa, sardina, hegalabur, hegaluze, legatza edo itsas-zapoak bezala.

Arrazoi hauengatik, honakoa exijitzen dugu:

• Proiektua berehala baztertzea.
• Eusko Jaurlaritzak proiektuak behar dituen baimenak ez onartzea.
• Produkzio energetiko berriztagarri eta ordezkagarrien plan alternatiboa osatzea.
• Euskal jendartearen beharrak beteko dituzten neurri politiko eta instituzionalak hartzea gure lehengaiak antolatzeko.
• Gure itsaso eta kostaldearen etorkizunarentzako horren garrantzitsuak diren erabakiez ari garenez, euskal herritarroi galde diezagutela gai honetaz.

Momentu honetan Eusko Jaurlaritzari azalpenak eskatzen dizkogu, “Fulmar” proiektuan hiru milioi euro zertarako xahutu dituen azaldu diezagun, horrelako politika estraktiboak nolako ondorioak dakartzan jakinda. Erabaki horiek hartu dituzten arduradunek zaborretara bota dute diru publikoa zuzenean. Diru partida horiek guztiz beharrezko ditu euskal jendarteak, adibidez, ekoizpen energetikoaren eredu-aldaketa sustatzeko.

 

 

 

Lanuzteak Arcelor Mittal Olaberrian enpresa-itunaren alde

0

Olaberriako Arcelor Mittaleko langileek lanuzteak hasi dituzte gaur enpresa ituna dela eta. Enpresa zuzendaritzari eskatzen diote itunaren negoziaketen serio hastea eta enpresa-batzordearen plataformara gerturatzea. Gaurtik hasita, eta ekainaren 29ra arte lanuzteak egingo dituzte astelehen, asteazken eta ostiraletan, ordubete txanda bakoitzean.

Atzo egindako asanbladan baiezko zabala jaso zuen itunaren aldeko lanuzteen egutegiak. 351 botoemailetatik, 285ek baiezkoa eman zuten, 50ek ezezkoa eta 16 boto zuriz.

Enpresa-batzordearen plataforman jasotzen diren kontu aipagarrienen artean soldatarena dago. Egun, soldaten %12a kentzen diete hilero langileei, eta honen zati bat enpresaren emaitzen arabera berreskura dezakete, baina kopuru hau soldataren %2koa izaten da gutxi gora-behera.

Urtarriletik hona langileei soldata jaisten jarraitzen dute. Epai bat dago 2016ko urtarriletik aurrera ez jaisteko esaten diena, baina enpresak errekurtsoa jarri du.

Honetaz gain, KPI + %2ko soldata igoera eskatzen du enpresa-batzordeak kontzeptu guztientzat eta indarraldiko urte bakoitzerako.

Enpleguarena de beste aldarrikapen nagusia. Aparteko ordu pila egiten dute lan-taldea mugatua delako. Hortaz, kontratazio berrien plana egitea planteatzen du batzordeak, beti ere kontratetako langileak kontuan izanda, urtetako esperientzia eta lantegiaren ezagutza dutenak.

 

 

 

Pentsio duinak bermatzeko sinadura bilketa Nafarroan


Nafarroako Pentsionistak Martxan plataformak pentsio duinak bermatzeko Herri Ekimen Legegile bat nafar Parlamentuan tramitatzeko sinadura bilketari ekin dio. 7.000 sinadura behar dituzte eta sei hilabete dituzte guztiak jasotzeko. Herri Ekimen Legegile honekin pentsio baxuenak 1.080€taraino osatu daitezen lortu nahi dute.

Nafarroako pentsiodunek bizi duten egoera kezkagarriari buelta emateko pentsio eta babes sozialerako sistema propioa aldarrikatzen du Pentsionistak Martxan plataformak. Bide honetan, nafar guztiei eta pentsiodunei bereziki, sinadura bilketa honetan parte hartzeko deia luzatu die.
 

 

 

ACBren etorkizunari baiezkoa ematea eskatzen dugu

0


LABek Arcelor Mittaleko zuzendaritzak Sestaoko lantokirako egindako proposamena baztertu du, proposamena onartzeak lantokiaren itxiera definitiboa suposatzen duelako. Zuzendaritzak azken orduko aldaketa txikiak sartu dituen arren, proposamenaren ardatz nagusiak berberak dira: plan sozial prekario bat (12 orduko lanaldia barne) eta plan industrial prekario bat, ekoizpen maila barregarriekin. 

Ez dugu ulertzen nola aurkeztu dezaketen instalazioak kaltetuko dituen plan bat, galera handiak ekarriko dituena plantaren erabilera baxuagatik. Zentzuzko azalpen bakarra, trantsizio epe bat proposatzen ari direla da, ekoizpenaren deslokalizazio definitiboa egin arte.

Aurkeztu genuen bideragarritasun planak enplegu zuzen zein azpikontratatua bermatuko dituen proiektu industrial batetarako oinarria izan daitekela uste dugu. Produktuak, langileen gaitasunak eta merkatuak horretarako aukera ematen dute.

Horixe defendatzen jarraituko dugu, horregatik jarraitu behar dugu borrokan. Eta datorren astean Arcelor Mittalen plana onartu eta itxieraren oinarriak jarri edo borrokan jarraitzeko hautua egin behar badugu, LABek bigarrenaren alde egingo du.

Instituzioei ACBren itxiera eragotzi eta alternatiba ezberdinen alde lan egiteko eskatzen diegu, beharrezkoa balitz Sestaoko Altzairutegia berriz jabetza publikokoa izateraino.
 

 

 

Museoko langileek greba mugagabeari ekin diote

0

Bilboko arte ederretako museoko txarteldegi, geletako laguntza, denda, harrera eta hezkuntzako zerbitzua ematen duten langileek, Manpower Group Solutions S.L.U.koak diren langile azpikontratatuek, greba egin zuten joan den maiatzaren 16an, lan-baldintza duinak exijituz. Orduztik ez da posible izan izan lan baldintzak hobetzeari begira inolako konpromisorik lortzerrik langileentzako hobekuntzen inguruan. Horrela, gaur, ekainaren 7tik aurrera, Manpowerreko azpikontratatutako langileek greba mugagabea abiatu dute.

Euren lanpostuek ez dute inolako jarraikortasun bermerik subrogaziorik ez dagoelako, lanaldi partzialak dituzte eta soldatak 880 eurotakoak dira (hilero prorrateatua eta jardunaldi osoz), hauek prekariotzat jo behar dira eta bizi duten egoera jasanezina laburtzen dute.

Ez Manpower Group Solutions enpresarekin izandako bilerek ezta pasa den martxoan Bilboko Udalaren osoko-bilkuran egindako agerraldiak ez ziren nahikoa izan gatazka hau konpontzeko.

Maiatzaren 16an egindako greba-egunaren aurrean eta ekainerako egin zen greba orokorraren iragarpenaren aurrean soilik erreakzinoatu dute langileen LAB eta ELAren ordezkarien eseritzeko.

Museoaren Patronatoak (Jaurlaritza, Bizkaiako Foru Aldundia eta Bilboko Udala) eta beronen zuzendaritza eta azpi-zuzendaritzak bilera batera gehitu gintuzten. Bertan, eta gure harridurarako, lehen eskuko informazioa baino ez zuten nahi gatazkari buruz eta langileen egoerari buruz. Museoko zuzendaritzak berak museoan bertan euren lana egiten dutenen laneko egoera bera ezagutzen ez duela aitortzen badu, zer espero genezake bestengandik, bertan ere ez egonik.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Sailaren bitartekaritzarekin bilera gehiago egin dira, fruiturik eman gabe. Inork ez du bere pastelaren zatia banatu nahi, elkarri erantzukizuna botaz dabiltza eta betiko antzean, langileak dira postrerik gabe geratzen direnak.

Ez da posible izan lan baldintzak hobetzeari begira Museo/Patronatoarekin edo Manpowerrekin inolako konpromisorik lortzerrik langileentzako hobekuntzen inguruan. Horrela, gaur, ekainaren 7tik aurrera, Manpowerreko azpikontratatutako langileek greba mugagabea abiatu dute euren laneko eskubideen eta soldata bidezkoaren alde.

 

 

 

EAJk eta PSEk soldata murrizketei eusten diete EITBn

0

Atzo Gasteizko Parlamentuko EITBren Kontrolerako Batzordean EH Bilduk aurkeztutako Legez Besteko Proposamena eztabaidatu zen. Epaitegiek Euskal Telebistako langileei soldata murriztea legez kontrakotzat jo zuten, eta neurria EITB Taldeko langile guztiei zabaltzea eskatzen zuen proposamenak. Proposamena ez da aurrera atera, eta EAJk eta PSEk euren botoak berriro ere batu egin dituzte justiziaren eta epaitegien kontra, soldata murrizketei eutsiz.

2010ean PSEk EAJrekin aurrera atera zuen Estatuko Administrazioetako langileei soldata %5a murrizteko dekretua; PSEk murrizketa EAEko enpresa publikoetako langileei hedatu zien. Langile publikoen soldatekin bankuen zorra ordaintzea zuten helburu. Oraingoan berriro ere, politikariek (eta hau ez da "Madrildik eratorritako murrizketa" izan) legea egin ondoren, epaileen gonaren azpian ezkutatu dira erantzukizuna gainetik kendu nahian, "sententziak bete daitezela" besterik gabe eskatuz. Atzoko eztabaidan askotan errepikatu zen aitzakia izan zen hori, eta aurrera atera zen testuak, justiziaren gizalegearen gainetik jarri nahi zituen berbakeria juridikoak: "sententziak dioena bete dadila eta hura nola gauzatu, langileekin negozia dadila".

EH Bilduk azaldu bezala, eskakizun hauxe bera epaiak ezagutu aurretik defendatu zuen koalizioak parlamentuan, 2014ko abenduan, eta denborak arrazoia eman dio (langileoi ere bai, noski). Soldata murrizketa legez kontra hartu zela eta denbora pasatzen uzteak kalte besterik ez zuela ekarriko. Bereizkeria dakarrela EITBko langileen artean, eta oraindik ez dugula entzun EITBko Zuzendaritzaren aldetik zein Eusko Jaurlaritzaren aldetik zentzuzko argudiorik. Eskertzekoa da EITBko langileon eskubideen alde EH Bilduk egin duen defentsa, baita proposamena EAEko enpresa publiko guztietako langileei zabaltzea ere.

EAJk zein PSEk behin eta berriro errepikatu duten beste aitzakia "segurtasun juridikoarena" izan da. Hain zuzen ere murrizketak egiteko garaian kontutan inoiz hartu ez dutena. Lotsagarria.
LAB mobilizatu egin zen atzo ere. Gainontzeko sindikatuekin adosten saiatu bagara ere, azkenean bakarrik egin behar izan genuen elkarretaratzea Parlamentuaren aurrean. Apirilean eta maiatzean, Administrazio Kontseiluaren bilerak zirela eta mobilizatu ginen. Maiatzean zehar ere, hiru lantokien aurrean egindako elkarretaratzeetan. Gaur eta 16an epaitegietara ere joko dugu; eta berriro deitzen dugu ostiral honetan 10ean, Eusko Irratian, EITBNETen eta EITBn deitutako lanuzteetan parte hartzera.

 

 

 

LABek Eneko Goiari Udaltzaingoa herritarrak jazartzeko ez baliatzea eskatzen dio

0

Aurreko astean LAB sindikatutik salatu genuen bezala Eneko Goiak zuzentzen duen Udal Gobernua Udaltzaingoaren erabilera alderdikoia egiten ari da errausgailuaren kontra eta bestelako jendarte eredu baten alde akanpatuak dauden herritarren kontra. Protesta ekimen hauek baketsuak eta errepetezku jarrera erakusteaz gain, Donostiako zein Gipuzkoako jendartearengan babes zabala dute asteburu honetan egindako manifestazioak erakutsi bezala.

Gaur beste behin ere, PNVk zuzentzen duen Udal Gobernuak udaltzainak bidali ditu hasieran Gipuzkoa Plazara eta ondoren Boulevarrera akanpatuak zeuden herritarren aurka, Ertzantzak bertara hurbiltzea eragozten zuen bitartean. Gaurkoan, aldiz, jarrera oldarkorragoa erakutsi dute era baketsuan eserialdia burutu duten lagunen aurka. Aurreko astean aipatu genuen bezala, udaltzaingoaren eginkizuna herritarrei laguntza eta babesa eskaintzea da, ez herritarren aldarrikapenak isilaraztea. Zentzu honetan, alkateak herritarren aurkako eskaera legitimoak erreprimitzeko Udaltzaingoa lehen lerroan jartzeko hartutako erabakia erabat salatzen dugu. Herritarren zerbitzura jardutea dagokien langile hauek horrelako ekimen errepresiboen aitzindaritzan kokatzea ez dugu onartuko; UPNk Iruñeako Udalean urteetan saiatu den bezala, esaterako. Honekin batera, udaltzain zehatz batzuek erakutsitako jarrera basatia ere salatu nahi dugu; herriatarren mesedetan jarduteko aukeratuak izan ziren, ez horrelakoetarako.

Azkenik, Udalean dauden langile eta eragileekin egoteko gure konpromisoa azaldu nahi dugu, guztion artean horrelakoak berriro errepika ez daitezen ahalegintzeko.
 

 

 

Mozioak aurkeztu ditugu Arratia eta Hego Uribeko Udaletan, azpikontratetan klausula sozialak bermatu daitezen

Maiatzean zehar, Igorre, Lemoa eta Dimako Udaletako pleguetan klausula sozialak txertatzeko eskaera egin dugu mozioen bitartez. Galdakaon eta Arrigorriagan ere tramiteak hasi ditugu horretarako. Horrekin eta Basauriko udaletxeko batzordera bidalitako ekarpenekin, ekimen hau eskualdeko herri handi eta azpikontratazio gehien daukaten herrietan zabaltzea lortu dugu. Gure helburua, urtea amaitu aurretik gaiontzeko herrietara zabaltzea da.

Euskal Herriko erakundeetan lanak edo zerbitzuak azpikontratatzea agintean egon diren alderdi politikoen erabakia izan da. EAJren, UPNren eta PSEren erabaki politikoa izan da, bai langileei bai zerbitzu publikoari ondorio larriak ekarri dizkiena, hain zuzen.

LABen argi daukagu herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoetako lanak langile publikoek bete behar dituztela, baina iparra galdu gabe. Egoera ikusita premiazko neurriak hartu behar direla uste dugu, eta azpikontratazio hauetan ematen den prekarizazioarekin amaitu behar dela.

Klausula sozialak bide horretatik doaz eta bertan agertzen da, esaterako, herrialdeko hitzarmena aplikatu behar dela (momenturen batean hitzarmen herrialdekoa badago hori aplikatu, estatu mailakoaren aplikazioa ukatuz). Klausula sozialetan debekatzen dira hitzarmenak ez apliklatzea pliegotan jasoko litzateke zerbitzua burutzeko zen bat langile behar diren eta kopuruari eutsiko zaio uneoro. Klausula horietan jasotzen da langileen subrogazioa, genero berdintasuna, euskara erabileraren bermea….

LABen uste dugu neurri horiek azpikontratetan aplikatzea instituzioen betebeharra dela. Horregatik argi diogu sektore honetan prekarietaterari aurre egin beharrean beste alde batera begiratzen bada, erabaki politikoa izango dela.

 

 

 

LAB Asturiaseko CSIaren VII. Biltzar Nagusian izan da

0


34 urteko ibilbidearen ostean, ekainak 4 eta 5ean, Asturiaseko CSIak (Corriente Sindical d´izquierda) VII. Biltzar nagusia ospatu dute. Kongresu honetan Nacho Fuster izendatu dute hurrengo urtetarako Idazkari Nagusi bertan ziren 200 ordezkariren sostenguarekin. LABeko zuzendaritzako Bea Martxueta eta Edurne Larrañaga ere bertan izan ziren.