2025-12-19
Blog Page 101

Osasun sistema publiko eta kalitatezkoaren defentsan berresten gara

Eusko Jaurlaritzak partekatutako hasierako diagnostikoak hutsune nabarmenak dituela, eta, besteak beste, pribatizazioen aurka egiteko, lehen arretaren kalitatea bermatzeko, hizkuntza eskubideak babesteko edota herritarren beharren araberako pertsonal politikak egiteko egiturazko neurrien beharra azpimarratu du LABek.

Sindikatuak gaur eginiko agerraldian Osakidetzako sail sindikaleko kide Jessica Gondrak azaldu duen moduan, Eusko Jaurlaritzak Osasun Ituna delakoa erdiesteko mahai bat martxan jarri izana Osakidetzako langileek eta, oro har, herritarrek eginiko borrokaren fruitua da.

“Azken urteetan Osakidetzak ematen duen zerbitzuak okerrera egin du ez delako osasun sistema Publiko sendo batek eskatzen duen politika publikorik egin. Kontzertu ekonomikoak ematen dituen aukerak ez dira baliatu herritarren mesedetan”, salatu du Gondrak. Izan ere, sistema publikoa ahulduz joan da eta pribatua, ostera, indartuz. Osakidetzako langileek egin ditzaketen eta egin beharko lituzketen hainbat zerbitzu pribatizatu egin dira eta kontzertaziorako joera gero eta hedatuagoa da. Bada, horrek guztiak langileengan eragin nabarmena izan du: “Langile kopurua ez da nahikoa, ez da egonkorra eta hainbat eremutan lan egitea ez da batere erakargarria. Horrek, lehen arreta, sistemaren oinarria dena, kolapso egoerara eraman du”.

Horren guztiaren aurrean, Osakidetzan eraldaketa sakona eskatu du LABek, eta osasun mahai hori aldaketaren alde borroka egiteko baliatuko du. Hala, kalean eta mahai sektorialetan bezala, mahai horretan ere leihatuko ditu sindikatuak bere eskakizun eta aldarrikapenak.

Gondrarekin batera, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradun Xabier Ugartemendiak hartu du hitza gaurko agerraldian. Bada, lehenik eta behin adierazi du LABen helburua osasun sistema publiko indartsu bat lortzea dela, eta norabide horretan doazela, hain zuzen ere, aurkeztu dituen ekarpenak.

Abiapuntu gisa, itunaren beraren izenburuari erreparatu dio: “Gobernuak Osasun Ituna planteatzen du, berau publikoa izan behar dela argitu gabe. LABen iritziz, Osasun Zerbitzu Publiko Indartsu baten aldeko Ituna izan beharko litzateke. Horrekin lotuta, itunak izan beharreko helburuak ere osatu ditu LABek, eta proposatu du honako hauek txertatzea: osasun sistema unibertsala izatea, kalitatea hobetzea, publikoa indartzea, publifikazioa bultzatzea, herritarren partaidetza bermatzea, osasunaren promozioa eta prebentzioa egitea, zerbitzua euskalduntzea eta langileen lan baldintzak hobetzea.

Mahai gainean jartzen diren gaiak jorratzeko prozesuari buruzko ekarpenak ere egin ditu LABek, Ugartemendiak azaldu duenez: “Erabakiak langileen partaidetzarekin hartu behar dira, eremuko gehiengoak errespetatuz. Horretarako, sindikatuen blokeari dagokionez, mahai horretan hartu beharreko erabakiak mahai sektorialean lantzea eta bertako gehiengoen arabaera izatea planteatu dugu”.

Pribatizazioari galga

Azpimarratzekoa da Jaurlaritzak prestaturiko diagnostikoan ez dela pribatizazio politikari lotutako inolako datu eta baloraziorik aipatzen. Ez aipatzeak, LABen ustez, erakusten du egoera hori zuzentzeko borondaterik ez dagoela. Bada, sindikatuarentzat premiaz jorratu beharreko gaia da, eta lehenik eta behin orain arteko praktikei buruzko datuak (zer pribatizatu den, noiz, nola, kostuak…) bildu eta ezagutarazi beharko liratekeela uste du. Ildo beretik, jakinarazi beharko litzateke osasun kostuetatik zeintzuk dagozkion zerbitzu publikoari bere horretan, eta zenbat bideratu diren sektore pribatura. “Azken urteetan publikoa ahuldu egin da pribatua indartzeko, eta garrantzitsua da jakitea eremu biei bideratu zaien diru kopurua”, azaldu du Ugartemendiak.

Osasun mentalaren arloari dagokionez ere, atal propio eta berezitua izan dezan eskatu du LABek. Hala, kasu honetan ere datu propioak eta balorazioa eskatu ditu.

Lehen Arretari buruz Gobernuak egiten duen diagnostikoarekin ez dator bat LAB: “2000. urtetik gaur egunera arteko datuak txertatzea eskatu dugu, eta ez soilik 2019tik aurrerakoak”. Horrekin batera, hitzordua lortzeko arazoak, kubritzen ez diren absentziak nahiz medikurik gabe dauden kupoen datuak ere eskatu ditu sindikatuak.

Era berean, giza-baliabideen arloan erronkak datozela aurreikusi du LABek, aintzat hartuta datozen 15 urteetan plantillaren %40 erretiratuko dela eta, gaur-gaurkoz behin-behinekotasuna %50ekoa dela, lanpostuen zerrendako koderik gabeko lanpostuak daudela ahaztu gabe. Hala, giza-baliabideen arloko diagnostikoan sakontzea ezinbestekoa da LABen ustez, eraginkortasunez jorratzeko plantillaren antolaketara bideratutako lan-ildoak.

Euskararen gaia ere badago LABen eskakizunen artean, eta zerbitzua euskaraz ematea nahiz langileek hizkuntza horretan lan egin ahal izatea berma dadin, hainbat datu falta direla uste du: “Euskara ikasteko liberazio kopurua, erabiltzaileen historialetako hizkuntza, euskeraz artatuak izatea eskatu dutenen kopurua, egondako salaketa kopurua…”.

Mobilizazioa hilaren 14an

Osasun mahaia ireki izana borrokaren ondorio dela errepikatuta, mahaitik harago ere osasun sistema publikoa onbideratzeko borrokan segitzeko asmo irmoa dauka LABek. Horren adibide, urriaren 14an Bilboko Indautxu auzoko Areilza Doktorea kaleko osasun zentroaren aurrean mobilizazioa deitu du sindikatuak.

Mobilizazio horren aurretik, dena den, beste bi hitzordu ere badaude egutegian. Alde batetik, mahaiaren hurrengo bileraren egunean bertan, hau da, asteazken honetan, hilak 9, Osasungintza Publikoaren aldeko Plataformek mobilizazioa deitu dute Donostian, osasun sistema publikoa indartu dadila eskatzeko asmoz. Bestalde, urriaren 10ean Osakidetzako intersindikala osatzen duten gainerako sindikatuekin batera mobilizatuko da LAB, biltegien pribatizazioa salatzeko. Gasteizen deitu dute elkarretaratzea, Osakidetzaren zerbitzu zentraletan, 10:00etan.

Fekoorreko beharginek hitzarmen propioa behar dutela aldarrikatu dute

Azken egunotako mobilizazio zikloa itxita, aurrerapen esanguratsurik ez da egon aniztasun funtzionalaren arloko enpresaren partetik. LABek langileak zoriondu ditu egunotan erakutsitako borrokarako grinagatik, eta hurrengo urratsak prestatzeko lanean jarraitzeko asmoa adierazi du.

Gaur goizean Fekoorrek Bilbon dituen bi instalazioren aurrean elkarretaratze bana egin dute LABek ordezkatzen dituen Fekoorreko langileek, lehenik Txurdinagako Etxegokin eta jarraian Deustuko Arbolarten. Horren ostean, manifestazioan joan dira Ugasko Bidean kokatutako Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailaren egoitzaraino. Hala, gogorarazi dute elkarte horretako langileek ematen dutena zerbitzu publikoa dela, eta aldundiari exijitu diote lan-baldintza duinak eta bertako errealitateari lotutakoak bermatzeko esku har dezala, onartezina baita erakunde publikoek azpikontratatutako zerbitzu hauetan enpresek ezartzen duten prekarizazioa ahalbidetzea. LABek azpimarratu du baldintza kaskar horiek, langileei ez ezik, erabiltzaileei ere eragiten dietela, zerbitzu egokia eta kalitatezkoa eman ahal izateko oztopo baitira.

Gogorarazi behar da Fekoor elkarteko langileak 2023ko abenduaz geroztik ari direla hitzarmen propioaren aldeko borrokan. Sektore bereko Bizkaiko beste enpresetan, hala nola Gorabiden, Apnabin edota Gauden enpresa hitzarmenen bitartez beren lan baldintzak hobetu dituzten bitartean, Fekoorreko langileen lan baldintzak oraindik estatu espainoleko hitzarmenaren menpe daude.

Hala, irailaren 26an abiatutako borroka ziklo hau amaitutzat emanda, sindikatuak langileek erakutsitako indarra azpimarratu du eta kotxe karabanen, elkarretaratzeen zein manifestazioen bitartez beren aldarrikapenak kalera atera izanaren balioa aitortu du. Dena den, borroka amaitu ez dela eta hitzarmen propioaren alde ekimen gehiago etorriko direla aurreratu du.

LABek etsipenez ikusi du nola gurpil-aulkia darabilen garbitzailearen enpresak ez duen batere enpatiarik erakutsi eta ez duen egoera bideratzeko aukerarik eman

Espainiako Gizarte Segurantzak garbitzaile nafar batekin sorturiko muturreko egoera -gurpil-aulkia erabili arren ezintasun iraunkorra ukatu dio eta lan egitera bueltatzeko behartu- ez da gaurkoan konpondu, Zaintzen garbiketa enpresak ez baitu aukerarik eman modu egoki batean bideratzeko. Enpresak gaur goizean erran dio langileari lanera joateko, eta arratsaldean joan denean, enpresako arduraduradunarekin eta lan prebentzioko teknikariarekin eztabaida gogorra izan da. Enpresak ez du batere enpatiarik erakutsi eta, laneko material estandarra eman eta gero, langileak normal-normal lan egin dezan saiatu da.

Elena Escudero –56 urtekoa, % 49ko ezintasun aitortuarekin, eta Osasunbideak eginiko txosten baten arabera, gurpil-aulkia behar duena 10-15 minutu baino gehiagoko joan-etorrietarako– gaur arratsaldean itzuli behar zen ikastetxe bateko garbitzaile lanpostura, Zaintzen enpresak gaur goizean bidalitako mezu baten aginduari kasu eginez. LAB sindikatuko hainbat kidek eta herritarrek lagundu dute Escudero. Ikastetxearen barnean, Escuderok eta LABeko aholkulariek eztabaida gogorra izan dute Zaintzen enpresako arduradunekin, berehalakoan erakutsi baitute ez zutela batere borondaterik lan osasunaren ikuspegitik langilearen egoera modu praktikoan eta egokian bideratzeko. Enpresako arduradunek adierazi diote berak bakarrik gelditu behar zuela lantokian, ezin zela bertze inor bere ondoan egon. Eta, gauzak horrela, kontuan izanik, aulkia mugitzeko bertze pertsona baten laguntza behar duela, lantokitik alde egitea erabaki du.

Gaur berean Espainiako Gizarte Segurantzako ministro Enma Saizek iragarri du Gobernuak lan osasuneko bajak “malgutzeko” erreforma bat egin nahi dutela. Horri erantzunez, Elena Escudero lantokiraino laguntzeko agerraldian, LAB sindikatuko bozeramaile Imanol Karrerak adierazi du gaur Mendillorriko ikastetxearen sarreran ikusi den irudia dela ministroaren bajak malgutzeko asmoaren itzulpen praktikoa. “Badirudi hemendik aurrera langileok bajan egon arren onartu beharko dugula taka-taka batean edo gurpil-aulki batean lanera joatea”, gaineratu du.

Escuderoren kasuaz gain, gogoratzekoa da badirela egun batzuk Iruñeko bertze ikastetxe batean taka-taka bat behar duen garbitzaile bat lanean hasi zela. LAB sindikatuak borrokan -sindikalki, sozialki eta juridikoki- jarraituko du kasu hauek, eta egon daitezkeen bertze batzuk, modu egoki eta duinean konpontzeko, betiere langileen lan osasuna erdigunean jarriz.

Lizarrako Tenerias Omegako langileek manifestazioa egin dute lanpostuen defentsan eta enpresaren itxieraren kontra

Tenerías Omega 79 langile dituen eta behi-larrua ekoizten dituen Lizarrako enpresa bat da. Duela bi aste baino gehiago, enpresako zuzendaritzak, bere abokatuarekin eta konkurtso Administrazioarekin batera, premiazko bilera batera deitu zuen enpresa-batzordea, eta bertan adierazi zien lantoki horretarako irtenbide bakarra likidatzea zela, eta, ondorioz, langile guztiak kaleratzea.

Bilera horretan, alde sozialari jakinarazi zioten zein garrantzitsua zen legezko epe guztiak bizkortzea eta ahalik eta gehien laburtzea, lehenbailehen enpresak dirua galtzeari utz ziezaion langileen kotizazioak ordaintzeagatik, irailaren 2tik aldi baterako enplegu-erregulazioan baitaude. Horretarako, zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientearen akordio proposamen bat aipatu zuen, eta adierazi zuen ahalik eta lasterren bidaliko ziola batzordeari, hark azter zezan.

Bi astez zain egon ondoren, joan den asteartean, urriaren 1ean, zuzendaritzak bilera egin zuen berriro batzordearekin, proposamen hori eskura emateko, eta, aldi berean, langileentzat EEEa adostasunez sinatzea zein garrantzitsua zen adierazten saiatu ziren.

Enplegu-erregulazioko espedientearen akordiorako proposamenean, enpresako zuzendaritzak ez die plantillaren ordezkariei legez bermatuta duten guztia besterik eskaintzen, hau da, “beren lanpostuak azkentzea, zerbitzu-urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordain ekonomikoa ezartzea adostuta, urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuta, eta gehienez ere 365 eguneko soldatarekin”.

Halaber, adierazi zieten enpresak ez zuela inolaz ere bere gain hartuko kaleratzeengatiko kalte-ordainen ordainketa, eta betebehar hori, hasiera batean enpresarena dena, FOGASAk hartu beharko lukeela bere gain. Horrela, langile batzuek ez dute dagokien guztia kobratuko, FOGASAk mugak aplikatzen baitizkie bai soldatei bai kalte-ordainei.

Hala ere, behin eta berriz esan zioten batzordeari kaleratzeekin ados zegoela sinatzeko, eta txintik atera gabe onar zezala plantillaren zati handi batek bizitza osoan lan egin duen enpresaren itxiera. Batzordeak salatu duenez, “gure duintasuna saltzearen truke, FOGASAtik kalte-ordaina lehenbailehen kobratuko dugula agintzen digute”, eta “gure irteera adostasunez sinatzen ez badugu, iradoki digute ez dutela hainbesteko presarik izango gestioak lehenbailehen egiteko… Kaleratzeaz gain, xantaia egiten saiatzen dira, kaleratzeekin ados egon gaitezen”.

Batzordeak, gehiengoz, erabaki hori baztertzea erabaki du. Gainera, konkurtso-administrazioaren jarrera salatu du, zuzendaritzaren aliatu gisa jarduten ari baita, negoziatzen ere uzten ez dion akordio bat sinatu behar dela azpimarratuz, langileentzako inolako onurarik ez dakarrena, baina bai enpresarentzat.

Urte honen hasieratik zuzendaritzak egindako kudeaketa ere salatu du. “Ez dakigu ondo bere asmoa amaiera hori behartzea zen ala, besterik gabe, gidari lanak egiten ari zen pertsona botoi guztiak batera sakatzen ari zen… Galdera hau da: eman den edo sortu den egoera baten aurrean gaude…? Argi daukagu zuzendaritzak ez duela inolako zintzotasunik erakutsi”, adierazi du enpresa-batzordeak.

Batzordeak gogorarazi du ekainean hasi zirela tramitatzen 13 langilerentzako aldi baterako enplegu-erregulazio bat. ABEEE bat, negoziazio-epeak luzatzea erabaki zuten arren, azkenean zuzendaritzak atzera bota zuena. Horren ordez, zuzendaritzak, enpresa-batzordeari horren berri eman gabe, hartzekodunen konkurtsoa eskatu zion merkataritza-epaitegiari. Ondoren, ABEEE berri baten tramitazioaren hasiera aurkeztu zion batzordeari, oraingoan plantillaren % 100arentzat. Eta geroago, zuzendaritzak ABEEE hau negoziatzea proposatu zuen langileak oporretan zeuden bitartean.

Batzordearen ustez, proposamen hori inposizioa da; izan ere, negoziazio-datak aldatzeko eskatu arren, enpresak “negoziazioa” eragin zuen, eta enpresako zuzendaritzak baino ez zuen parte hartu honetan.

Zuzendaritzak irailaren 2tik aurrera aplikatu zuen ABEEEa. Eta hartzekodunen konkurtsoa hasteko eskaerari dagokionez, eskatu eta hilabetera arte ez zion zuzendaritzak enpresa-batzordeari jakinarazi egoera horretan zeudela “eta gure gain hartu behar genuela eta geure kaleratzea sinatu behar genuela, azkar eta txintik atera gabe…”, gaineratu du batzordeak.

Egoera horren aurrean, enpresa batzordeak honakoa adierazi du: “ez dugu amore emango, ezta gutxiago ere. Borrokan ari gara Tenerias Omegaren itxieraren aurka eta gure lanpostuen defentsaren alde”.

Topaketa Sindikal arrakastatsuak Arrasaten, kontrabotere sindikalismoa ardatz hartuta

LABeko liberatu eta ordezkariei zuzendutako Topaketa Sindikalak egin genituen gaur Arrasaten, sindikatuko 200 liberatu eta delegaturen parte-hartzearekin. Honela, 2022an Baionan eta Miarritzen egin genuen 10. Biltzar Nagusiko erabaki berritzaileenak prestakuntzatik aberasteko bildu gara aurten ere.

Ipar Hegoako arduradun Jagoba Zuluetaren aurkezpenaren ondotik, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren hitzartzeak eman zien hasiera topaketei, eta hark kontrabotere sindikalismoaren klabeetan laburbildu du aurten 50 urte bete dituen LABen historia. Langileen aldeko neurriak lantokietan, kalean eta instituzioetan ere borrokatu behar direla nabarmendu zuen, eta sindikatuaren lorpenen artean, honakoa adierazi zuen: “Euskal Herrian dagoen dinamika sindikal eta sozial aberatsa ez du LABek bakarrik eragin noski, baina ezin da ulertu LABen ekarpen garrantzitsurik gabe eta honek ere eragiten du Ezker Independentismoaren indartzea”.

“Botere sindikalaren azterketa” izan zen goizeko lehen blokearen izenburua. Hemen, Julen Aperribairen galderei erantzun zieten Edurne Larrañaga Ipar Hegoa Fundazioko Azterketa arduradunak eta Asier Etxenike, Aztiker Soziologia Ikerguneko Ikerketa saileko berrikuntza arduradunak.

Jendarte, lan merkatu, lan-harreman eta botere sindikalaren azterketa ardatz hartuta, hainbat gairen inguruko datuak eman zituzten; hala nola, Hego Euskal Herriko biztanleriaren ezaugarriak eta bilakaera demografikoa, biztanleriaren ezaugarriak lan merkatuarekiko, enpresa demografia, lan gatazkak eta akordioak, hauteskun­de sindikalak eta afiliazioa.

Edurne Larrañagak, datuetan oinarrituta, nabarmendu du borrokak beti merezi duela, gatazken areagotzeak hitzarmenen estaldura lortzen duten langileen kopurua igotzen duelako.

Atsedenaldiaren ondoren etorri zen goizeko bigarren blokea, “Sindikalizazio estrategia”, Izaskun Garcia Antolaketa arduraduna eta Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko arduradunaren hitzartzeekin.

Bi hankako kontrabotere eredua

Garciak zehaztu zuen LABen kontrabotere ereduak buru bat duela (ekintza sindikala) eta bi hanka: lehenik, ekintza soziosindikala; hau da, langileon lan eta bizi balintza duinen alde borrokatzea; eta, bigarrenik, sindikalizazio estrategia, hau da, langileak ahaldundu, politizatu eta antolatzea.

Kontrabotere sindikalismoa eguneratzeko gogoeta ere aipatu zuen Garciak, 2015ean LABek martxan jarritako sindikalismoa birpentsatzeko prozesua eta honen inguruko praktika etengabea aipatuz.

Klase subjektua berrosatzeko helburuaren baitan, langileriaren definizioa eta iruditegia zabaltzearen garrantzia ere aipatu zuen, LABek langile sektore guztien etxea izateko bokazioa baitu. Honekin lotuta Mariana Urcuyo Etxeko langileen atal sindikalaren arduradunaren lekukotza entzun ahal izan genuen.

Oihana Lopetegik, bere aldetik, aipatu zuen borroka eskaintza zabaldu duela LABek, eremu bakoitzaren ezaugarrietara egokituz eta horrela, eremu sindikalizatuak eta sindikalizatu gabeak erantzun. Honekin lotuta, Fernando Ortega Trapagarango Amazoneko delegatuak bere esperientziaren berri eman zuen.

Ondoren, langile borroka herriratzeko era berriak aipatu zituen Garciak, lan borroketan ere herri mugimenduekin elkarlana eta borrokak herritarrekin konektatzeko saiakeretan sakonduz. Honekin lotuta, Ixone Retes Tubacexeko delegatuek Aiaraldeko enpresan egin zuten borroka luzearen berri eman zuen.

Jarraian, Lopetegik hartu zuen berriro hitza, ekintza sindikala eta hedapena uztartzea elkar elikatzen duten eta osagarritzen diren eginkizunak direla zehaztuz. Horrela, oinarria zabaltzearen beharra aipatu zuen, borroketan eraginkortasuna irabazi eta lorpenak eskuratzeko eta bestetik borroketan gauzatutako ahalduntze prozesuak organizatiboki kontsolidatzeko. Honekin lotuta, hiru esperientziaren berri izan genuen: EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeak (Eneko Garmendiaren eskutik), Gipuzkoako kiroldegiak (Ainara Etxabideren eskutik) eta Nafarroako esku hartze soziala (Joseba Pagolaren eskutik).

Bere azken hitzartzean, enplegu duinaren borroka bizi baldintza duinen borrokarekin uztartu beharra aipatu du Izaskun Garciak, eta, horrekin lotuta, Ekintza Sozialeko Jaimek Iribarrenek Iruñerriko etxebizitza asanbladaren esperientziren berri eman du eta Eñaut Aramendik, Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren inguruan egindako lanaz informatu du.

Arratsaldean, 6 tailer izan ziren gogoeta eta prestakuntza espazio bezala, LABek irekita dituen lan ildo ezberdinetaz aritzeko.

Talde argazki batekin eman genien amaiera topaketei, eta Munduko Sindikatuen Federazioaren urtemugaren bueltan, elkartasun internazionalista ardatz hartuta, Palestinaren aldeko irakurketa bat egin genuen.

Euskotreneko hizkuntza-eskakizunen epaia irabazita, euskararen normalizazioaren alde eta oldarraldiari aurre egiten segiko dugu

Poztekoa da hizkuntza eskakizunak baliogabetzeko UGTren asmoek aurrera egin ez izana eta LABen arlo juridikotik eginiko lanari esker euskararen aldeko epaia erdietsi izana.

Izan ere, enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan UGT sindikatuak euskarazko hizkuntza eskakizuna inpugnatu zuen, hainbat urtetan euskararen normalizazioa bultzatzeko eginiko aurrerapenak deuseztatu nahi dituen oldarraldi judizialaren olatura igota, CCOO bezalako sindikatuak egiten dabiltzan moduan.

Bada, LABen hasieratik adierazi genuen Euskotrenen euskaraz lan egin nahi duten langileen eta euskaraz artatuak izan nahi duten erabiltzaileen hikuntza-eskubideak urratzeko ateak parez pare zabalduko liratekeela eskakizunok baliogabetuz gero. Horrenbestez, oraingo epaia pozez hartu dugu; ordea, ez dugu uste ezerren amaiera denik, eta ezinbestekoa da azkenaldian ateratzen ari diren hizkuntza-eskakizunen aurkako epaiek urratu nahi duten bideari galga jartzea eta, hortik harago, normalizaziora bideratutako neurri eta ekimenak areagotzea.

Euskotreneko kasu honetan, esan bezala, epaiak ezarri du hizkuntza eskakizunak bere horretan mantenduko direla; izan ere, Euskotreneko hitzarmen kolektiboak (UGTk berak ere sinatu zuenak) jasotzen ditu eskakizunok, eta Euskara Planari jarraikiz ezarri dira. Dena den, LABen uste dugu hizkuntza-eskakizunen zilegitasuna ez dela horretara mugatzen. Aldiz, oinarrian izan behar duena euskararen normalizaziora bideratutako helburu komuna da, eta euskal hiztunon eskubideak errespetatzearen bermea.

Gauzak horrela, justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako hizkuntza-politikak aldarrikatzen jarraitzeko asmoa daukagu LABen, politika horiek izan direlako euskararen alde borrokan ibilbide luzea egin duen euskal komunitate sendo eta indartsu bat izatea ekarri dutenak.

Borroka sindikalari eta presio sozialari esker gurpil-aulkia darabilen garbitzailearen enpresak oraingoz lanera ez joateko erran izana ospatzen dugu

Borroka sindikalari esker eta hortik sorturiko presio sozialari esker, joan-etorrietan gurpil-aulki bat erabiltzen duen garbitzailearen enpresak gaur arratsaldean jakinarazi dio langileari ez duela bere lanpostura joan behar –Iruñeko Mendigoiti eskolan 17:00etan egin behar zuen–, bere osasun zaintzako zerbitzuak gaitasun-txostena eman arte. LAB sindikatuatik langile honen osasunaren eta osotasun fisikoaren aldeko borrokaren lehen bataila irabazi izana ospatzen dugu. Hala ere, gogorarazten dugu une honetan bertze garbitzaile bat lanean ari dela, nahiz eta ibiltzeko eskorga bat behar izaten duen.

Zaintzen izeneko garbiketa enpresak SMS bat bidali dio gaur arratsaldean Maria Elena Escudero bere enplegatuari, eta bertan jakinarazi dio bere osasun-zaintzako zerbitzuak ez diela oraindik “gaitasun-txostena” eman; beraz, haiek ezin dutela “lanpostua adierazitako mugetara egokitzeko dokumentua” idatzi eta, ondorioz, “bere lanpostura zerbitzu ematera joatetik salbuetsita” gelditzen dela. Mezuaren arabera, txosten hori jasotzen dutenean langilearekin harremanetan jarriko dira, lanpostua egokitzeko.

LAB sindikatutik atzo salatu genuen bezala, Escudero –56 urtekoa, % 49ko ezintasun aitortuarekin, eta Osasunbideak eginiko txosten baten arabera, gurpil-aulkia behar duena 10-15 minutu baino gehiagoko joan-etorrietarako– gaur itzuli behar zen ikastetxe bateko garbitzaile lanpostura, Gizarte Segurantzak ezintasun iraunkorra ukatu ziolako, baina gaitasun-txostena eta lanpostua egokitzeko agiria falta zituen arren. Antza denez, LABek eginiko ekintza sindikalak, eta hortik sortutako presio sozialak, hainbat paper falta zitzaizkiela gogorarazi die enpresako arduradunei.

Imanol Karrera LABeko bozeramaileak nabarmendu duenez, gaurkoak “lehen bataila irabazi izana” suposatzen du, garbiketako bi langileren osasuna eta osotasun fisikoa bermatzeko borrokan. “Uste dugu atzo sindikatuak eginiko salaketari eta salaketa horrek Nafarroako gizartean sortu duen elkartasun, babes eta presio sozialari esker lortutako garaipena dela. Gure ustez, argi dago Gizarte Segurantzaren eta enpresen jarrera horren atzean motibazio erabat ekonomizista dagoela, langileen osasunerako eskubideak urratu nahi dituena. Horrela bakarrik uler daiteke atzo enpresaren aldetik ezinezkoa zena gaur posible izatea”.

Sei orduren ostean, aske dira Dufau, Aramendi eta besteak

Gaur, elkarte, alderdi politiko eta sindikatuetako zazpi militante deituak ziren goizeko 9etan Hendaiako komisaldegian. Sei orduz zaintzapean egon ondoren, denek isilik egoteko eskubidea erabili ondoren, aske utzi dituzte. Denak dira 2025eko urtarrilaren 28an auzitegira deituak.

“Beste herrialde batzuen herritarrei zuzenean edo zeharka mugaz gaindiko lasterketa batean parte hartzen laguntzeagatik (Korrika), Frantzian 36 pertsona atzerritarri sarrera, zirkulazioa edo egonaldi irregularra errazteagatik” deitu dituzte militanteak, zeintzuen artean baitaude LABeko bi kide; zehazki, Ipar Euskal Herriko bozeramaile Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi.

Gaurko aurreikusita zegoen elkarretaratzea bertan behera geratu da, baina adi egon datozen deialdi eta ekintzei. LAB guztiontzako eskubide eta aukerak bermatuko dituen harrera herriaren aldeko jarreran berresten da, eta azpimarratzen du elkartasuna ez dela delitua.

Gero eta gehiago dira enplegu bila dabiltzan herritarrak

Zerbitzuen sektoreak pisua hartzen jarraitzen du, eta horrek dakarren prekarizazioak emakumeei, gazteei eta pertsona migratuei eragiten die nagusiki.

Aurreko urtean baino 1.577 langabetu gehiago daude. Jada laugarren hilabetea jarraian da urte osoko langabetuen kopurua igotzen dela, eta bereziki eragin du gazteen artean, %5,33 igo delarik. Langabetuen %59,09 emakumeak dira. Beste behin ere, aurreko enplegurik gabekoen artean langabeziak gora egin du azken urtean, 652 langile gehiago (%3,95) direlarik, eta erregistratutako langabeziaren %12,48 dira egoera horretan daudenak. Azken urtean zerbitzuetan ere gora egin du langabeziak, 1.404 langabetu gehiago, beste sektoreetan behera egin duen arren. Horren arrazoia da lan merkatura batzen diren langileak zerbitzuetan ematen dutela izena.

Langabeziak gora egin du, halaber, pertsona migratuen artean. 1.304 langabetu gehiago dira azken urteaz geroztik, nagusiki eraikuntzan, zerbitzuetan (%5,44) eta aurreko enplegurik gabekoen artean (%8,50), azken bietan bereziki: 720 eta 622 langabetu, hurrenez hurren.

Azken hilabetearekin alderatuz gero, ordea, langabezia %2,25 jaitsi da, abuztuko datu kaskarren ondoren, eta orain 137.608 langabetu dira Hego EHn izena emanda. Azken hilabetean industrian, eraikuntzan eta zerbitzutan langabeziak behera egin du, kasurik nabarmenena azken sektore hori izanik, %2,87 jaitsi baita (2.853 langabetu gutxiago). Hala ere, migratuen artean langabeziak gora egin du (313 langile gehiago), zerbitzuetan eta aurreko enplegurik gabeko sektoretan gertatu delarik bereziki igoera hori.

Apurka-apurka garapen bat ikusten da, behin-behineko enpleguak pisua hartzen hasi direlarik; izan ere, joan den urtetik hona kontratu mugagabeen kopuruak %10,52 behera egin du, eta behin-behinekoak %6,08 areagotu dira.

Afiliazioak gora egin du Hego Euskal Herrian aurreko hilabetearekin alderatuta, eta 1.059.59 pertsona zeuden afiliatuta erregimen orokorrean iraileko azken egunean. Hala, 12.277afiliatu gehitu dira irailean.

Azken urtean afiliazioak gora egin du sektore guztietan, bereziki zerbitzuetan igo delarik, 9.148 lanpostu sortuta, industrian sorturikoak 1.596 izan diren bitartean. Azken urtean gehitutako afiliazioaren %77,94 zerbitzuetan izan da.

Afilizaioaren igoera adin tarte gehienetan gertatu da, eta joan den urtetik hona, bereziki 25 urtetik beherakoen artean: %5,1. Deigarria da afiliazioak behera egin duela 25-50 urte tartean azken urtean. Azken hilabeteari dagokionez, bereziki gazteei eragin die afiliazioaren jaitsierak, horien artean %7,1 jaitsi baita.

Gero eta pertsona gehiago ari da lanean, eta gero eta lan langile gehiago ari dira lan bila. Langabezia tasak behera egiten du, baina lan merkatuak ez du gaitasunik enplegu eskatzaile gisa izena emanez lan merkatura bueltatzen diren langileei lana emateko.

Beste behin ere, badira lan merkatuak ezberdin tratatzen dituen herritarrak; emakumeak, gazteak eta migratuak. LABek kalitatezko enplegu duina aldarrikatzen jarraitzen du, gero eta handiagoa den zerbitzu-sektorean nagusi diren lan-baldintza txarren ondorioz areagotzen den prekarizazioaren aurrean.