2026-04-22
Blog Page 101

Lan-istripuen kontrako mobilizazioa Atarrabiako Solidus San Andres enpresan

Atarrabiako Solidus San Andres enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten urtarrilaren 31an hiru egun lehenago gertatu zen lan istripua salatzeko.

LANGILEEN JAKINARAZPENA

Urtarrilaren 27an, astelehena, Atarrabiako Solidus San Andrés lantegian hiru lankide azido sulfhidrikoz intoxikatu ziren lan-istripuaren baten ondorioz, lantegia honetako langileok, lehenik eta behin, gure hiru lankideei gure babes osoa adierazi nahi diegu eta bigarrenik, istripu horren aurrean gure gaitzespen sutsuena adierazi nahi dugu.

Azido sulfhidrikoa arnastuta, gure hiru lagunak Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zituzten. Horietako bat erori egin zen intoxikazioaren ondorioz eta traumatismo kraneoentzefalikoa eragin zion erorketaren ondorioz. Zorionez, gure hiru lankideei alta eman zaie eta ez dugu kalte pertsonal handiagorik izan. Baina, era berean, ezin dugu ahantzi egoera askoz ere larriago baten aurrean egon gintezkeela. Giza galerez ere ari gara; izan ere, hidrogeno sulfuroa arras gas arriskutsua da eta gainera, sukoia eta lehergarria da airean.

Lantegi honen Zuzendaritzari eskatzen diogu bete ditzala laneko gure segurtasuna eta osasuna bermatuko duten segurtasun eta higiene-araudi guztiak, baita ere, Atarrabiako bizilagunendako, aspaldidanik lantegi honen industria-jardueraren “albo-kalte” bihurtu baitira.

Horregatik guztiagatik, gure indar eta ahalegin guztia jarriko dugu istripu honen ikerketaren jarraipena egiteko, istripua eragin duten arrazoi eta inguruabar guztiak argitu daitezen eta berriro gerta ez dadin; horrez gain, egon daitezkeen erantzukizun guztiak argitzeko eskatuko dugu.

Gertatutakoaren aurrean erabateko haserrea adieraztea erabaki dugu kontzentrazio honen bidez eta ez dugu baztertzen beste neurri batzuk hartzea gure segurtasuna eta osasuna oraindik ere jokoan daudela ikusten baldin badugu.

LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ!! ¡¡NO MÁS ACCIDENTES LABORALES!!

LABek Nafarroako maisu-maistrak zoriondu ditu greban erakutsitako mobilizazio gaitasunagatik eta Polizia salatu du bere erakustaldi errepresiboan irakasle bati sudurra apurtzeagatik

Nafarroako Irakaskuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleek ikasturte honetako hirugarren greba eguna izan zuten atzo, hezkuntza publikoaren alde eta lan baldintza duinagoen alde, eta LAB sindikatuak grebalari guztiak zoriondu nahi ditu atzokoan erakutsi zuten indarragatik eta mobilizazio gaitasunagatik. Era berean, LABek Espainiako Poliziaren jokabide ankerra salatu nahi du, protesta ekintza baketsu batean LABeko afiliatua den irakasle bati sudurra apurtu eta gainera atxilotu zuelako.

Hirugarren aldiz ikasturte honetan maisu-maistrek Iruñeko karrikak berriz astindu zituzten atzo, hezkuntza publikoaren alde, eta horregatik zoriondu nahi ditu LABek irakasleak eta irakasleen greba lagundu zuten hezkuntza komunitateko kide guztiak. Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak entzungor jarraitzen du Irakaskuntzako gehiengo sindikalaren aldarrikapenen aurrean. Baina ezin du horrela segitu. Bada garaia berriz benetako negoziazio bat abia dezan, hezkuntza sistema publikoak dituen beharrei aurre egiteko neurriak hartzea premiazkoa delako. Etapa guztietan ratioak jaitsi behar dira, irakasleen egonkortasuna bermatu behar da, lan gainzama arindu behar da eta eros ahalmena berreskuratu behar da.

Irakasle bat Poliziak zauritua

Hezkuntza Departamentuak jartzen dituen traba guztiez aparte, LAB sindikatuak irmoki salatu nahi du atzokoan irakasleek pairatu behar izan zuten errepresio poliziala. Iruñeko Labrit aldapan izan zen protesta ekintza baketsu batean, foruzainek eta Espainiako poliziek langileak bultzatu, jo, eta identifikatu zituzten eta horietako bat atxilotu zuten.

Atxilotutako irakasleari dagokionez, LABeko afiliatua bera, aipatu beharra dago sudurra hautsita duela Espainiako polizia batek eman zion ukabilkadagatik. Zaurituta zegoen arren, zenbait poliziaren artean indarrez hartu, lurrera bota eta atxiloturik eraman zuten. Polizia etxean ordu batzuk eman ondoren, aske utzi zuten instrukzio epailearen aitzinetik pasatu eta gero. Erresistentzia eta desobedientzia leporatzen diote.

LABen ustez irakasleek eskubide osoa dute beren haserrea modu baketsuan adierazteko. Hartara, LABek ez du onartuko irakasleen kontrako erasorik eta horien aurrean indar handiagoz mobilizatzen jarraitzeko deia egiten du. Horregatik guztiagatik, LABek bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi dio bortizki zauritua eta atxilotua izan zen irakasleari, baita identifikatu eta jo izan zituzten guztiei ere. Heldu den otsailaren 4an, asteartearekin, elkarretaratzea eginen dute irakasle horren lantokian, Iruñeko Mariana Sanz ikastetxean, elkartasuna adierazteko; 10:55ean izanen da eta LABek bertara joateko deia egiten du.

Fekoor-eko langileek 24 orduko baraualdia egingo dute hitzarmen eta tratu duinaren alde

Fekoor-eko langileek, urtebete baino gehiago hitzarmen propio baten aldeko borrokan aritu ondoren, euren aldarrikapenekin jarraitzen dute eta horretarako, 24 orduko baraualdia egingo dute otsailaren 3tik 4ra. Berau hasteko, prentsaurreko bat egingo dute astelehenean, hilaren 3an, 11:00etan, Aldundian (Kale Nagusia, 25) eta egun osoko kontzentrazioa egingo dute.

Beren eskubideak bermatuko eta egonkortuko dituen hitzarmen propio baten alde ari dira borrokan, egindako lana behar bezala aitortu, arautu eta konpentsatuko dituena.

Javier Gil elkarteko gerenteak uko egiten dio langileen lan baldintzen inguruan duen erantzukizunari, eta Bizkaiko langileak eta ordezkatzen dituen sindikatuek parte hartzen ez duten hitzarmen baten esku uzten ditu,. Gainera, bertan negoziatzen diren edukiak ez datoz bat herrialde honetako bizi-mailarekin.

Fekoor, Bizkaiko aniztasun funtzionaleko beste elkarteak bezala, diru publikoaz finantzatzen da baina gainontzeko gehienek enpresa-hitzarmenak dituzte eta honek hobekuntza nabarmenak dakarzkie langileei. Fekoor-eko langileek sektoreko beste enpresa batzuetakoek baino 100 ordu gehiagoko lanaldia dute, % 16tik baino gehiagoko erosteko ahalmenaren galera, ez dute antzinatasunik, eta kontziliazio neurriak ez dira existitzen.

ADEMBIko zuzendaritzarekin izandako bilera baten ondoren (Fekoor-eko elkarteen parte den elkarte nagusiena), azken honek langileei jakinarazi die negoziazio mahaiko kide dela hitz ezta bozkarik gabe. Gerentziak zuzendaritza batzordeari prozesuaren eboluzioaren berri ematen diola ere esan langileei, baina euren iritzia emateko aukerarik ez daukatela, beraz, eztabaidaezina da nork erabakitzen eta gidatzen duen Fekoor-eko hitzarmenaren negoziazioa.

Gainera, langileek hainbat alditan eskatu dizkiote bilerak Gizarte Ekintzako diputatu den Amaia Antxustegiri, erantzunik jaso gabe, baina aldi berean gerentziarekin elkartzea onartzen du honek. Bizkaiko aniztasun funtzionalaren sektoreko arduradun nagusia den aldetik, gatazka honetako bi aldeekin premiazko inplikazioa eskatzen diote langileek.

Aldi berean, alderdi politikoekin harremanetan jartzen hasi dira langileak, beren errealitatea eta egoera azaldu eta ikusarazteko.

11 lanuzte eta greba egun baten ostean, Fekoor-ek akordioa lortzeko borondatea erakutsi gabe jarraitzen du baina langileek argi dute borrokan jarraituko dutela beren beharrei erantzungo dien hitzarmen bat lortu arte, eta administrazio publikoak salatzen jarraituko dute kudeaketa publikoko zerbitzuak pribatizatzeagatik.

Aberastu ondoren, SDA Factory-k eta B&B Trends-ek langile guztiak kaleratu nahi dituzte

Salerosketa iluna izateko zantzuak dituen operazio batean, BSH-BOSCH multinazional alemaniarrak milioika euro ordaindu ditu B&B Trends-SDA Factory erosleak, Alemaniako enpresarekin ados jarrita, Europako puntako lantoki bat suntsitu dezan.

2019an, BSH multinazional alemaniarrak Kataluniako B&B Trends taldeari saldu zion lantokia, eta talde honek orain SDA Factory izenez ezagutzen duguna sortu zuen. Garai hartan, 250 langile inguru zituen enpresak, eta Europa mailan erreferentea zen ekoizpen-zentroa zen. Orain, ia 50 urteko historiarekin, putre batzuek beren onura propioa bakarrik bilatu dute, eta industria-proiektu honi amaiera eman nahi diote. Horrela, abenduan Hartzekodunen Borondatezko Konkurtsoan sartu ondoren, ostiral honetan Epaitegitik jakinarazi digute enpresak eskatu duela langile guztiak kaleratzeko EEE baten kontsulta-aldia hasteko.

Enpresa bideragarria zen eta bada, esku egokietan egonez gero. Baina SDAk eta B& B Trendsek ez dute hau inoiz bilatu. Hasieratik bidea zehaztuta zuten: fabrika ahalik eta gehien zukutu eta gero desegin. Enpresa honetan egin diren inbertsio bakarrak kaleratzeengatiko kalte-ordainak izan dira. Proiektuak eta materialak kanpora eraman dituzte, Gasteizen eraiki behar ziren ekipoak Bartzelonara edo Europako beste toki batzuetara eraman dituzte, I+G atal osoa kaleratu dute Bartzelonako pabiloi berrian ingeniariak kontratatzen zituzten bitartean , azken belaunaldiko injektoreak izan arren zerbitzu horiek kanpoan kontratatu dituzte, etab. Hasieran ia 250 pertsonak osatzen zuten plantillari dagokionez, 5 Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente eta 4 urteko luzapenaren ondoren soilik produktiboa zen ustezko justifikazio batengatik, orain 55 pertsona baino ez dira geratzen, eta enpresak gaizki tratatu ditu azkenera arte. Ia langabezia-prestaziorik gabe, batez besteko adin altuarekin (30 pertsona 52 urtetik gorakoak), abenduko nomina, Gabonetako ordainsaria eta urtarrileko nomina kobratu gabe. Enpresak ez du batzordearekin lortutako akordio bat bera ere bete, eta gaur gaurkoz ez da betetzen ari.

LAB sindikatutik azken asteetan aurkeztu den dokumentazio guztia ikertzeko lan sakona egin dugu, eta orain gizarte osoarekin partekatu nahi ditugu horren ondorioak:

• BSHk B&B Trends enpresari ekoizpen-unitatea, pabiloia eta hura kokatuta dagoen lursailak euro baten truke saldu zizkion.

• Salerosketaren egun berean (2019ko urtarrilaren 30ean), BSHk 300.000 € baino gehiago ordaindu zizkion SDAri “lan-kostuen” kontzeptuan.

• Ez hori bakarrik, BSHk 4.800.000 € baino gehiago ordaindu zizkion SDAri.

• Gainera, hornidura-kontratu bat sinatu zuten, zeinaren bidez BSHk lan-karga emango zion SDA Factoryri 2 urte eta erdiz. Horrekin, fabrikazio-kostua bere gain hartzeaz gain, BSHk beste 16 milioi € jarri zituen marjina gisa.

• 2019 eta 2021 urteen artean, SDA eta B&B Trends artean banatutako dibidenduak 14,5 milioi eurotik gorakoak izan ziren.

Hau da, enpresa saltzaileak gutxienez 20 milioi euro ordaindu zizkion erosleari.

Horren ondoren, SDA enpresak 10.000.000 euroko mailegu-kontratua sinatzen zuen B&B Trends taldearekin. Hau da, fabrika kudeatzeko sortutako enpresak bere jabe eta administratzaile bakarrari, B&B Trends enpresari, fabrika sortu zuen enpresa berari, zenbateko bat mailegatuko zion, aipatutako kontzeptu guztiengatik BSHtik jasoko zuenaren erdia, alegia. Era berean, SDAk diru horren zati bat hilero itzuliko zion B & B Trends-i, “zerbitzu orokorrengatiko” faktura gisa.

Laburbilduz, BSHk bere irudia babestu eta lasai-lasai alde egiteko asmoa zuen, eta horretarako, enpresa talde bati saldu zion berau desegiteko, gutxienez 20 milioi euro ordainduta. Denbora horretan, SDA ekonomikoki hustu dute, hartzekodunen konkurtsora eraman arte. Zirkulu makabro hori itxiz, konkurtso honetan, enpresaren hartzekodun handiena B&B Trends da, eta SDAk milioi 1 euro zor izango lizkioke. Hau da, diruz hustu duten enpresa likidatu egingo da taldeko enpresa nagusi berarekin (B&B Trends) duen zorra arrazoitzat hartuta, milioika euro eman dizkionean, eta hori eskandalua da.

Gainera, argi utzi nahi dugu lantoki horren egoeraren erantzule bakarrak SDA eta B&B Trends direla, lan-zamarekin etengabe jolasean aritu direlako, Gasteizen aldeko apustua inoiz egin gabe. Denbora besterik ez zuten bilatzen enpresa hustutzeko.

Hori gutxi balitz, 2023an, enpresak Next Generation funtsekin finantzatutako panel fotovoltaikoak instalatu zituen, 50.000 € baino gehiagoko diru laguntzak jasoz. Plakak instalatzen dituen enpresa, nola ez, B&B Trends-en jabe diren pertsona berena da. Hau da, berriz ere beren buruari ordaintzen diote, oraingoan dirulaguntza publikoen kontura.

Informazio hori erakundeei helarazi diegu, zehazki, Lan eta Industria Sailei. Dei egiten diegu aktiboki inplika daitezen deslokalizazioaren adibide argi hau saihesteko, industria-ehuna eta hainbat hamarkadetan zehar lanean pilatutako ezagutza galduz, enplegua suntsituz.

Iruzurra hirukoitza izan da:

• Plantillaren etorkizunarekin jolastu da, zilegitasunaren inguruko zalantzak sortzen dituen salerosketa-operazioekin.

• Aberasteko funts publikoak baliatu dituzte.

• Plantilla osoaren langabezia-prestazioekin finantzatu dira, eta ehunka mila euro publiko aurreztu dituzte Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteen bidez, enpresa husten ari ziren bitartean.

Eta orain, zorraren zati bat funts publikoek FOGASAren bitartez ordain dezaten nahi dute, B&B Trends-ek poltsikoak beteta alde egiten duen bitartean.

Arabako langile klasearen aurkako bidegabekeria baten aurrean gaude. Ezin da zigorrik gabe geratu, eta zerbait esan edota egin dezaketen aktore guztiei eskatzen diegu egin dezatela. Bestalde, eta beti egin dugun bezala, LABek plantillaren eta bere lanpostuen interesak defendatzeko borrokan jarraituko du. Borrokaren adibide garbia izan dira eta dira, harro gaude bide honetan guztian eta aurretik geratzen den horretan bidelagun izatearena. Enpresa bideragarria da esku egokietan izanez gero, eta gaur egun SDA Factory-n jarraitzen duten pertsona guztien esperientziaren balioa kalkulaezina da. Ez dugu egoerarik baztertzen, eta amaieraraino joango gara, beti ere langileen eskutik.

Bilboko Itxaropen kaleko udal eraikineko zerbitzuen pribatizazioaren aurka eta zerbitzu publikoen alde mobilizatu dira LAB, ELA eta CCOO

LAB, ELA eta CCOOeko ordezkari sindikalek gaur Bilboko Udalbatzan aurkeztu den mozioaren alde egiten dute, Itxaropen kaleko eraikinaren kudeaketa publikoa izan dadin eta espazio hori esku pribatuek erabiltzeko lizitazioa ez berritzeko eskatuz.

Alkateak, alde bakarretik eta langileen ordezkariei jakinarazi gabe, duela urtebete erabaki zuen Itxaropen kaleko udal eraikinean eskaintzen ari diren zerbitzu guztien kudeaketa pribatizatzea, interes ekonomiko pribatuak Bilboko herritarren interesei lehenetsiz. Lizitazioa amaituta, Itxaropen kaleko eraikinaren kudeaketa publikoa eta Udalak zuzenean kudeatzekoa izatea eskatzen dute LAB, ELA eta CCOOek.

LAB, ELA eta CCOOeko ordezkari sindikalek Bilboko Udaleko alderdi politikoei eskatzen diete babestu dezatela Itxaropen kaleko eraikinaren lizitazioa ez berritzeko eskatzen duen mozioa.

Gaur egun, Udalean indarrean dagoen eta alderdi politiko guztiek onartu duten Enplegu Planak honako hau dio:

“30. puntua. Pribatizazioak. Zerbitzu publikoen, zuzeneko kudeaketaren eta horien kalitatea hobetzearen aldeko apustu garbia egitea. Azpikontratatutako zerbitzuak aztertuko dira, egungo egoeran jarraitzea komeni den zehazteko. Era berean, beste edozein kudeaketa mota pribatizatu edo aldatu aurretik, planaren jarraipen-batzordeak zehatz-mehatz aztertuko du egokia den ala ez “.

Bilboko alkateak (EAJ-PNV) eta bere gobernukideak (PSE) zerbitzu publikoen prestazioa azpikontratatzen dute lan-prekaritatea erraztuz, enpresa kudeatzaileek etekin handiagoak atera ditzaten, zerbitzuen kalitatea eta zerbitzu publiko horiek emateko baldintzak kontuan hartu gabe.

Greba eguna Nafarroako irakaskuntza publikoan

Hezkuntza publikoaren alde, greba egin dute gaur Nafarroako sektore publikoko irakasleek. Jarraian irakur dezakezue Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren aitzinean egindako manifestazioan irakurri duten oharra.

Carlos Gimenok -Hezkuntza Departamentuko Kontseilariak- esaten duenaren kontra, badira urteak Hezkuntza Publikoaren baldintzak gainbehera doazela. Hemen gauden sindikatuok eta irakasleok oso garbi dugu zein diren Nafarroako Hezkuntzak dituen beharrak eta zein izan behar diren lehentasunak. Eta horiek helarazitako aldarrikapenetan islatzen dira. Soilik inbertsioa eta negoziatzeko borondatea behar da aldarrikapen horiek hurrengo ikasturteetan aplikatzeko, eta ez Departamentuan topatu dugun jarrera itxia eta oldarkorra. Izan ere, negoziatu beharrean aitzakiak, inposizioa eta txantaia izan da haien erantzuna.

Irailean elkarrekin hasi genuen bideak, bi mobilizazio indartsuekin, Departamentua negoziatzen esertzera behartu zuen, baina irakaslegoaren eskaerei muzin eginez eta estrategia oztopatzailea erabiliz Kontseilariak bide hori moztu zuen azaroan eta erabaki zuen aurrera egitea gutxiengo sindikalak sinatutako akordio arriskutsu batekin. Ez da, beraz, benetako negoziariorik egon.

Departamentuak orain Hezkuntzarako Itun berria nahi du, baina beraiek epea, gaiak eta egutegia markatu dituzte, horrela joko arauak guztiz baldintzaturik. Eta partida horrela jokatzea oso zaila da.

Zein da Itun berriaren helburua? Murrizketak egitea? Hezkuntza publikoa gehiago kaltetu? Gure lan baldintzak gehiago okertu? Zalantza handiak ditugu aurreko Itunean jasota dauden hainbat neurri ez baitituzte bete. Zertarako Itun berri bat aurrekoa oraindik betegabe dagoenean?

Argi utzi nahi dugu irakasleok ez dugula atzerapausorik onartuko eta tinko jarraituko dugula borrokan Nafarroako Hezkuntza Publikoaren alde.

LABek Munduko Federazio Sindikalaren Europako idazkaritzako kide izaten jarraituko du

Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Europako Idazkaritzak, Frantziako Creteil-Val-de-Marne-n antolatutako konferentzian parte hartu du LABek. Koordinatzaile orokor eta MFSko Kontseilu Presidentzialeko kide den Igor Arroyok eta Nazioarteko Harremanetarako Idazkaritzako kide den Amanda Verronek osatu dute LABen ordezkaritza, eta haiekin batera, Herrien Koordinadorako kide diren Intersindical Valenciana, Kataluniako IAC, Galiziako CUT eta Aragoiko CUT-ek ere parte hartu dute.

Europa osotik etorritako 100 bat sindikalistek parte hartu dute, “Workers of Europe, Rise up! Against the EU of monopolies, wars, poverty and unemployment, with organization, solidarity, live, militant, class oriented unions! For a world without exploitation!” leloarekin, antolatu den konferentzian.

Atzo Igor Arroyok hitz egin zuen LABen izenean, globalizazio neoliberalaren eta faxismoaren aurrean, klase borroka, autodeterminazio eskubidea eta emantzipazio mugimenduen arteko artikulazioa aldarrikatuz. Herrien autodeterminazio eskubidea justizia sozial kontua dela ere adierazi zuen, bai Euskal Herrian baita munduko gainontzeko herrietan ere.

Konferentziaren azken egunean Munduko Federazio Sindikalaren Europako idazkaritza berriaren hautagaitza bozkatu eta onartu egin da. LABeko Nazioarteko Harremanetarako idazkaria den Koldo Saenzek, orain arte bezala, Idazkaritzako kide izaten jarraituko du eta gazte sindikalisten arloaren ardura hartu du. Gure arduratik, umiltasunez, baino aldi berean harrotasunez, Europan klase sindikalismoa indartzen jarraituko dugu, geroz eta indartsuagoa den eskuin muturraren aurrean herrien sindikalismo antirrazista eta feminista garatuz.

Hirugarren hildakoa hilabete berean Nafarroan

2025a hasi besterik egin ez denean lanak, patronalak eragindako prebentzio faltak, beste hildako bat utzi du. Etxe baten eraberritze lanetan ziharduen 52 urteko langile altsasuarra, luma garabi batetako karga gainera erorita hil da Arbizun, Nafarroan.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Patronalak absentismoaren inguruko diskurtso faltsu bat agenda politikoan kokatu duen bitartean, joan zen urtean 24.000 lan istripu izan ziren aitortuak Nafarroan eta 26 hildako eragin zituzten lan istripuek. Istripu hauek guztiak prebentzio araudia ez betetzeak eragin zituen, enpresen arau hausteek hain zuzen. Gaurko istripuari dagokionez, gogoratu behar da eskegitako kargen azpian inor ez ibiltzea behartzen du araudiak, edozein baldintzetan.

Ikusi dugu azken 30 urteotan, eta datuek hala frogatzen dute, enpresek ez dutela lan osasunerako araudia betetzeko inongo asmorik. Araudia betearazteko eskumena duten instituzioek modu esplizituan kolaboratzen dute enpresekin horretan, izan ere, ez dute Osalan eta NOPLOI bidez enpresak isuntzeko gaitasunik. Formula horren bidez, patronalari araudia ez betetzea oso merke ateratzen zaio eta langileok gure osasunarekin, eta azkenik, geure bizitzarekin ordaintzen dugu.

Urteko laugarren istripu hilgarri hau eraikuntza sektorean gertatu da. Bertan azpikontratazioak eragin zuzena dauka langileon lan osasunean eta ohikoak dira prebentzio eza, neurri prebentibo eskasak eta errekurtso prebentibo eta koordinazio eza. Hori dela eta, intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok prestatzen ari garen mobilizaziora dei egiten dugu.

EAEko Hezkuntzako sukalde eta garbiketako grebak %70tik gorako jarraipena izan du

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak jarraipen zabala izan du. Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbiketako 1.000 langile daude gaurko grebara deituak. Salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela. Gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz, hauek ezartzen dituen aginduan egindako akatsak azken orduan zuzenduz eta zerbitzu minimoen aplikazioan interpretazio zorrotzegiak erabiliaz.

Hau horrela izan arren, greba egiteko aukera izan duten langileen artean, grebak %70etik gorako jarraipena izan du. Besteak beste, aipatzekoak dira, gutxieneko zerbitzuak kenduta langileen %100ak greba egin duen ondorengo eskoletako sukaldeak:

Gipuzkoan: Donostiako Ikasbiden, Hernaniko Meaben, Urretxuko Gain Zurin, CEIP Errekalde Oñatin, Hondarribiko Talaian Egape Urnietan eta Mutrikun.

Bizkaian: Bilboko San Inazio eta CEIP Pio Baroja, CEIP Mendia Balmasedan, CEIP Concha Karrantzan, eta CEIP Orozko.

Araban: Gasteizko Gamarran, Araiako herri eskolan, Dulantzin eta Langraitzen.

Garbiketan langile gehienek arratsaldez egiten dute lan, baina egun hauetan jasotako datuen arabera grebaren jarraipena oso zabala izango da esparru honetan ere. Jarraipena erabatekoa izango da besteak beste Bergarako Ipintza eskolan, Donostiko Zubiri Manteo, Zarautzeko eskolan, Elgoibarrekoan, Gasteizko Hizkuntza Eskolan eta Francisco de Vitorian.

Grebak izandako babesaren erakusle da Bilbon “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean izandako giza katean ehundaka langile elkartu izana.

Kolektibo hau da zalantzarik gabe feminizatuena den Hezkuntza saileko esparrua. Baita lan baldintza prekarioenak dituena ere eta pribatizazio prozesu handiena bizi duena. 2009 urtetik hitzarmena, eta ondorioz lan baldintzak, eguneratu gabe dituzte langileek.

Hitzarmena berritzeko grebetako aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan zamak arintzeko bazkaltiar eta garbiketa ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; erretiroa aurreratzeko gazteberritze planak adostea; galdutako eros-ahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua egonkortzea eta pribatizazio zein fusio edo itxieren bidez lanpostu suntsiketak eragozteko neurriak hartzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea, lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasuna,berdintasunaeta euskara planak garatzea.

Azkenengo negoziazio mahaia urtarrilaren 27an izan zen, sailak deituta. Halaber azken urteetan gertatu ohi den moduan, ez zen fundamentuzko edukirik mahai gaineratu eta gainera greba deialdia bertan behera uzteko aurreakordio proposamena egin zigun. Edukirik gabeko bilerak deitzeari uzteko eta aldarrikapen hauei erantzungo dion proposamena jorratzeko eskatu diote gaurkoan langileek Hezkuntza Sailari.

Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna da hezkuntza publikoko sukaldeetan eta
garbiketan. Kontzentrazioak burutuko ditugu EAEko hiru hiriburruetako Hezkuntza ordezkaritzetan,
goizeko 11.30ean.