2026-09-16
HomeEkintza SindikalaLABek Nafarroako maisu-maistrak zoriondu ditu greban erakutsitako mobilizazio gaitasunagatik eta Polizia salatu...

LABek Nafarroako maisu-maistrak zoriondu ditu greban erakutsitako mobilizazio gaitasunagatik eta Polizia salatu du bere erakustaldi errepresiboan irakasle bati sudurra apurtzeagatik

Nafarroako Irakaskuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleek ikasturte honetako hirugarren greba eguna izan zuten atzo, hezkuntza publikoaren alde eta lan baldintza duinagoen alde, eta LAB sindikatuak grebalari guztiak zoriondu nahi ditu atzokoan erakutsi zuten indarragatik eta mobilizazio gaitasunagatik. Era berean, LABek Espainiako Poliziaren jokabide ankerra salatu nahi du, protesta ekintza baketsu batean LABeko afiliatua den irakasle bati sudurra apurtu eta gainera atxilotu zuelako.

Hirugarren aldiz ikasturte honetan maisu-maistrek Iruñeko karrikak berriz astindu zituzten atzo, hezkuntza publikoaren alde, eta horregatik zoriondu nahi ditu LABek irakasleak eta irakasleen greba lagundu zuten hezkuntza komunitateko kide guztiak. Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak entzungor jarraitzen du Irakaskuntzako gehiengo sindikalaren aldarrikapenen aurrean. Baina ezin du horrela segitu. Bada garaia berriz benetako negoziazio bat abia dezan, hezkuntza sistema publikoak dituen beharrei aurre egiteko neurriak hartzea premiazkoa delako. Etapa guztietan ratioak jaitsi behar dira, irakasleen egonkortasuna bermatu behar da, lan gainzama arindu behar da eta eros ahalmena berreskuratu behar da.

Irakasle bat Poliziak zauritua

Hezkuntza Departamentuak jartzen dituen traba guztiez aparte, LAB sindikatuak irmoki salatu nahi du atzokoan irakasleek pairatu behar izan zuten errepresio poliziala. Iruñeko Labrit aldapan izan zen protesta ekintza baketsu batean, foruzainek eta Espainiako poliziek langileak bultzatu, jo, eta identifikatu zituzten eta horietako bat atxilotu zuten.

Atxilotutako irakasleari dagokionez, LABeko afiliatua bera, aipatu beharra dago sudurra hautsita duela Espainiako polizia batek eman zion ukabilkadagatik. Zaurituta zegoen arren, zenbait poliziaren artean indarrez hartu, lurrera bota eta atxiloturik eraman zuten. Polizia etxean ordu batzuk eman ondoren, aske utzi zuten instrukzio epailearen aitzinetik pasatu eta gero. Erresistentzia eta desobedientzia leporatzen diote.

LABen ustez irakasleek eskubide osoa dute beren haserrea modu baketsuan adierazteko. Hartara, LABek ez du onartuko irakasleen kontrako erasorik eta horien aurrean indar handiagoz mobilizatzen jarraitzeko deia egiten du. Horregatik guztiagatik, LABek bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi dio bortizki zauritua eta atxilotua izan zen irakasleari, baita identifikatu eta jo izan zituzten guztiei ere. Heldu den otsailaren 4an, asteartearekin, elkarretaratzea eginen dute irakasle horren lantokian, Iruñeko Mariana Sanz ikastetxean, elkartasuna adierazteko; 10:55ean izanen da eta LABek bertara joateko deia egiten du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskararen desofizializazio prozesuan urratsak ematen jarraitzen dute auzitegiek

Sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua baliogabetu izanak agerian uzten du euskara eta gaztelania maila berean jarriko dituen arkitektura juridikoaren beharra. LABetik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu auzitegien mehatxuei aurre egin diezaiela eta euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berria osatzeko prozesua has dezala.

Desgaitasunaren sektorea Administrazioarekin parekatzea eskatu dugu, zaintza-sistema publiko baterantz aurrera egiteko

LABetik proposamen formal bat helaraziko diogu mahaiari, bi urte baino gehiagoko geldialdi sektorialaren ondoren, eta ANADPen pribatizatutako langileen subrogazioa eskatzen dugu.

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek...

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egi