Bereziki larritzekoak dira kide guztiak langabezian dituzten 50.000 etxeetan bizi duten egoera. Batez ere, langabeziagatiko babesa etengabe behera egiten ari dela hartzen badugu kontutan.
Lanbidek emandako informazioaren arabera, enplegu zerbitzu publikoan langabetu bezala erregistratutako hiru pertsonetatik batek soilik jasotzen du langabeziagatiko prestazioren bat.
Bestalde, 205.000 soldatapekok aldi baterako kontratua dute edo kontraturik gabe ari dira lanean, Beraz, ondorioztatzen dugu 334.000 pertsona baino gehiago daudela prekarietatea eta langabeziaren artean bizitzera behartuta. Egoera larritu egiten da gero eta gehiago baitira epe luzeko langabezian daudenak.
Azken finean, prekarietate krisiak eta desberdintasunen areagotzeak baieztatzen dute susperraldi ekonomikoaren onurak ez zaizkiola gehiengo sozialari iristen modu justu eta ekitatiboan.
Ardura daukaten beste bi instituzioei, Hezkuntza Saila eta Barakaldoko Udalari, negoziazio prozesuan bitartekari izatea ere eskatzen diegu, akordioa posiblea izateko. Aldi berean, negoziazioak apurtuko balira, La Milagrosa ez ixteko egon daitezkeen aukerak guztiak aztertzea eskatzen diegu.
Horretaz gain, LABek bat egiten du langileek eta familiek antolatutako mobilizazioekin:
• 21, larunbata eta 22, igandean, manifestazioa 12:00etan Ikastetxetik abiatuta, Barakaldoko udaletxeraino.
• 23, astelehenean, 8:45ean eta 17:00etan, elkarretaratzeak ikastetxean.
Bide horretan, Barakaldoko herriari, Hezkuntza komunitate osoari eta sindikatuei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu.
"Langileentzat gauzak aldatuko dira, patronalaren jarrera aldatuarazteko gai garen neurrian eta instituzioei langileen aldarrikapenei erantzun positiboak ematera behartzen baditugu". LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzak dira hauek, Bilbon gaur egindako agerraldian adierazitakoak.
Hain zuzen ere, asteartean sinatutako Akordio Interprofesionalaren ostean emango dituzten urratsen berri eman du, ELAko ordezkariekin batera, LABeko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Garbiñe Aranburu alboan izan duela. Etxaidek nabarmendu du "borrokaren emaitza" izango dela edozein lorpen: "Hitzarmenen aldeko ekintza sindikala indartzen badugu lortuko dugu. Ekintza sindikala negoziazioak dauden lekuetan, ekintza sindikalak negoziazio prozesuak irekitzeko. Guk berebiziko garrantzia ematen diogu ELA eta LABek akordio hau eta ondorengo egoera antzera ikustea eta ulertzea. Estatalizazioaren eta blokeoaren aurrean erabaki bateratuak hartzea da benetako edukiak izango dituzten hitzarmen aldeko borrokan bat egiteko abiapuntua. Beraz, tresna bat gehiago dugu, baita borrokan elkar ulertzeko eta bategiko borondatea ere".
Hurrengo urratsak zeintzuk izango diren zehaztu du: "Lan harremanetarako euskal esparrua eraikitzea da gure helburua. Akordio hau babesteko eta negoziazio kolektiborako euskal esparrua blindatzeko urrats instituzionalak eskatuko ditugu". Era berean, akordioa Nafarroan ere egiteko bidea arakatuko dugula jakinarazi du, eta hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokan tematuko garela berretsi, "batera ahal dugun neurrian, prekarietateari aurre egiteko bidea hor dagoelako".
Hauxe da ELA eta LABek gaurko osatu duten adierazpen bateratua, Akordio Interprofesionalaren harira:
ELAk eta LABek balorazio baikorra egiten dugu egiturazko Akordio Interprofesionalari dagokionez, euskal hitzarmenei lehentasuna ematen dielako Estatutik datozen hitzarmenen aurrean:
. Sinatutako akordioak Zapateroren lan erreformaren eragina mugatzen du, euskal hitzarmenek Estatutik datozen hitzarmenen aldetik jaso ohi duten inbasioari dagokionez. ELA eta LABetik gogoratu eta salatu nahi dugu Espainiako patronala –Confebask bertako partaide da– eta CCOO eta UGT sindikatuak aipatutako erreforma baliatzen ari direla negoziazio kolektiboa estatalizatzeko eta euskal esparruan dauden lan baldintzak okertzeko.
. Gainera, akordioak ez die baldintzarik ezartzen sindikatuei. Egiturazko akordio bat da negoziazio kolektiborako.
. ELAk eta LABek ondo hartu dugu Confebasken iritzi aldaketa. Uste dugu Confebasken jarrera aldaketaren atzean beldurra dagoela, beste patronal batzuek bere ordezkaritza monopolioa zalantzan jar dezaketelakoan, administrazio desberdinetatik jasotzen duen finantzazio publikoan izango lukeen eraginarekin. Izan ere, egoera pribilegiatua du, gobernuek ordezkaritza egiaztatzera behartzen ez duten bitartean.
Hala ere, aipatutakoa aipatuta, akats larria litzateke akordioarekin negoziazio kolektiboaren arazoa bideratuta dagoela pentsatzea. Ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Sinatutakoa egiturazko akordio bat da; ez du edukietaz hitz egiten, eta ELAk eta LABek gatazka handi bat dugu patronalarekin, edukien arloan.
. Hain zuzen ere, hitzarmenen edukiei dagokienez, Confebaskek bere neurrira egindako bi lan erreformei esker abantaila ateratzen jarraitu nahi du, lan baldintzak prekarizatzeko helburuarekin.
. Akordioak ez du lehentasunezko aplikazioa bermatzen hitzarmenaren iraunaldia amaituta duten arlotan –hau nabarmentzea garrantzitsua iruditzen zaigu–. Estatalizazioa xantai gisa erabiltzeari ez dio uko egin Confebaskek. Hitzarmenen negoziazioetan erakutsitako blokeo jarrera eta pasibotasunarekin, Confebaskek ondo baino hobeto daki dena duela irabazteko, hitzarmenei iraunaldia bukatzen zaielako, Estatutik datozen hitzarmenen mesederako –ultraktiboak ez badira–.
ELA eta LAB
. Erreformak –amaitu ez direnak–, patronalaren blokeo jarrera eta gobernuen aldetik patronalak berak duen babesa.
. Borrokari uko egin gabe, gaurtik aurrera tresna gehiago ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko negoziazio kolektiboa Euskal Autonomia Erkidegoan bertan erabakitzeko.
EDUKIA KONPONDU BEHAR DUGU, ETA EDUKIA POLITIKOA DA
. Urtarrilaren 17an sinatutako akordio beraren eraginkortasuna zalantzan jar daiteke. Legeak estatalizazioari eman zion lehentasuna, eta gaur egun zenbait hitzarmen daude auzibidean, patronalaren ekimenez, Estatuko hitzarmenak aplika daitezen helburuarekin. Zentzu honetan, argi eta garbi esan daiteke Estatuak zenbait eskubide zalantzan jartzen dituela, bere joko arauen bitartez; askatasun sindikala eta euskal esparruan negoziazio kolektiboa gauzatzeko eskubideak, kasu.
. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua defendatzen dugun neurrian, ELAk eta LABek nahi dugu euskal langileei eragiten dieten erabakiak hemen hartzea, Hego Euskal Herrian; eta, noski, gauza bera eskatzen dugu eragiten gaituzten hitzarmen kolektiboekin, euskal gehiengoei zor zaien errespetuagatik. Gehiengo sindikal zabal bat dago hala izatea eskatzen duena, bi sindikatuon ordezkaritzatik harago. Errespetu kontua da.
. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu joan den uztailaren 22an, Elkarrizketa Sozialaren mahaian –oker izendatutako mahaian–, hartutako akordioak bertan behera utz ditzala.
Bukatzeko, konpromiso hauek hartu ditugu ELAk eta LABek:
. Modu aktiboan lan egingo dugu, lan erreformen ondorio kaltegarriak saihesteko.
. Negoziazio kolektiboa bultzatuko dugu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore eta lantokietan, prekarietateari aurre egiteko eduki aldarrikatzaileen bitartez.
. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua defendatuko dugu.
EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera atzo egin zen. LABek hiru ondorio nabarmendu nahi ditu: murrizketak mantendu egiten dira, enpleguaren arazo larriari ez zaio heltzen, eta negoziazio kolektiboari eta eremu sindikali begirunerik ez dago.
MURRIZKETAK MANTENDU EGITEN DIRA
Hona hemen Administrazioak ezarritako gai zerrendak emandakoa:
2017rako soldata igoera «gutxienez» %1a:
Bestalde, sozietate merkantiletako langileei 2010etik kentzen ari zaien %5a itzultzeko, epaitegiak agintzen ari zaienera mugatzeko asmoa azaldu dute, hau da, atzera-eragina 2015eko uztailera.
Kontutan edukita urteko KPIaren bilakaera EAEn %1’5 eta Estatuan %1’6a igo dela, 2010ean ezarritako %5aren murrizketa eta gainontzeko urteetan izandako murrizketak eta igoera txikitxo bat, erosahalmena berreskuratzetik oso urrun gelditzen da proposamena. Sozietate merkantiletako langileei 2010etik kendutako guztia itzultzeko ere, ez dago legezko trabarik.
2012ko aparteko pagaren itzulera, ekainean falta den erdiaren erdia, eta datorren urteko urtarrilean faltako zen azken laurdena:
LABen iritziz ez dago inolako legezko trabarik langileoi zor zaigun pagaren zati osoa dagoeneko ordaintzeko. Arazoa erabat politikoa da, eta gure soldatekin jolasten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak.
Aldi Baterako Ezintasun Osagarriak lehen egunetik %100era igotzeko salbuespenak:
Murrizketa soilik azken 24 hilabeteetan bajarik hartu ez duenari, eta urtean behin, 60 urtetik gorakoentzat kenduko zen. Bestelako aukerak aztertzeko prestutasuna eta genero bortizkeriaren kasuei ere zabaltzea.
Kasu honetan ere ez dago arrazoirik Jaurlaritzak langile guztiei lehen egunetik %100a ez itzultzeko. Langilearen eskubideen ikuspegitik zein administrazioen erabiltzaileenetik (eskoletan, arreta sozial eta sanitarioetan, publikoarekin harremanetan… langilea lanera gaixorik joateagatik kutsatuak ez izateko).
Lanaldia bere horretan mantentzeko konpromisoa: Administrazioak 35 orduko lan-astea juridikoki zein politikoki defendatzeko konpromisoa hartu du.
Ez da gutxi, baina Jaurlaritzak urratu duen akordio bakarra da (langileon borrokak behartuta) eusteko konpromisoa hartu duena.
Lan sindikalerako diru-laguntzak, 2013 urteari dagozkionak:
Sindikatuok geure gutxieneko lana aurrera eraman ahal izateko zor zaiguna, oraindik ere lau urteko atzerapenarekin jasotzea ez da onargarria.
ENPLEGUAREN ARAZO LARRIARI EZ ZAIO HELTZEN
Horren arazo larriaren aurrean, are gehiago Europako sententzia famatuek derrigortzen duten kontratazioen erregulazioen eta egonkortasunaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak ez du gai zerrendan sartu ere egin. Sindikatuon kritiken aurrean jarritako aitzakiak sinesgaitzak izan dira: «epaitegiek ez dutela behartzen, eta sententzia ezberdinak daudela; mahai sektorialetan lantzeko kontuak direla; EPEak egiten ari garela…»
LABek, negoziaziorako gai zentraltzat hartzen duelarik, hurrengo bilerarako lehen gai bezala lantzea exijitu du, eta proposamen bat aurkeztuko du gaiari lehenbailehen heldu behar zaiolako. Jaurlaritzak aurreikusten dituen erretiroez gain, kontuan hartu behar dira ere ratioak, behin-behinekotasuna, azpikontratazioa, ordezkapenak lehen egunetik… lanpostu gehiago behar dira, eta daudenak egonkortu. Hala ere ziur gaude sindikatu guztiok eskatu badugu ere, hurrengo bilerako gai zerrendan ere ez dela jasota egongo.
NEGOZIAZIOARI ETA EREMU SINDIKALARI BEGIRUNE EZA
Urtero salatzen dugun arazoa da, Eusko Jaurlaritzarentzat Mahai Orokorraren bilerak aurrekontuen testuinguruan gainditu beharreko tramite hutsa dela. Bereziki adierazgarria eta salagarria da bileraren aurretik dagoeneko prentsaurrekoa eman izana, eta bileraren bitartean medio batek Administrazioak aurreikusitako hainbat ondorio argitaratu izana.
Administrazioak sindikatuekin erdietsitako akordioak urratu egiten ditu, eta gainera lasai asko halaxe onartu du gaurko bileran, azpikontratazioak gelditzeko gaia eztabaidatzerakoan.
Jaurlaritzak egindako murrizketa guztiak aldez aurretik Mahai Orokorrean sinatutako akordioen urraketak izan dira.
Akordioak betetzea Madrilgo eta Gasteizko legeek eta parlamentuek mugatu egiten dituela errepikatu du behin eta berriz Jaurlaritzako ordezkariak.
Arestian aipatutako murrizketa guztiak itzultzeko ez dago traba legal edo juridiko bat ere, ez dago zertan tribunalen zain egon beharrik.
Maila berean, balizko akordioak ere Madrilgo eta Gasteizko parlamentuek onartu beharreko aurrekontuen menpe daudela ohartarazi du Jaurlaritzak.
LABek beti aldarrikatu izan du hain zuzen ere negoziazioak aurrekontuak prestatzen ari direnean egin behar direla, parlamentura bidali beharreko egitasmoan akordioak jasota egotearren: soldata igoerak, murrizketen itzulera, lanpostuen horniketak… Aurten ere tramite huts bezala hartu du Jaurlaritzak. Aurrekontuak berak prestatzen ditu, baina baloiak beste teilatuetara bota nahi ditu.
Ildo beretik ere, murrizketak itzultzeko asmoa epaitegiek derrigortzen dutenera mugatzen da Administrazioa.
Bat ez bagatoz ere, uler genezake Jaurlaritzak epaitegien aginduak ez betetzeari uko egitea. Kontrakoa da arazoa, epaitegiek jada ez dute debekatzen murrizketak itzultzea. Nafarroan murrizketak atzera bueltatzen ari dira, eta EAEn ere posible da, borondate politiko kontua da.
Akordio honek 2.300 langile baino gehiagori eragiten dio. LABek akordioa oso positibotzat ematen du arrazoi hauengatik:
• Lehenik eta behin, lan erreformatik blindatzeko klausulak sinatu ditugu: Hitzarmenaren ultraktibitatea bermatzen da,malgutasunikez, derrigorrezko arbitrajea baztertzen da eta herrialdeko esparrua finkatzen da.
• Beste alde batetik, mutualitateak kentzea gaixotasun arruntetan eta absentismoaren jarraipenean, ultraktibitatea, 82,3. artikuloaren ez aplikatzea, mugikortasun geografikoa ez aplikatzea, etab.
• Horiez gainera, ordainsarien igoera, lanorduen jatsiera asteko 35 orduak lortu arte, oporren egunak gehitzea; aitatasun, amatasun, kontziliaketa eta berdintasunean hobekuntzak, subrogazioan berme gehiago, etab…
Patronalren aldetik Hedatzen izan dugu eta, ikus daitekeenez, borondatea badago herrialdeko hitzarmenak sinatu daitezke eta eduki garrantzitsuekin. Honek sektoreko langile guztien lan baldintzak duinak izatea bermatzen du, baita gatazkarik ez egotea enpresetan.
Azkenik, eskerrak eman bai gure delegatu baita afiliatuei ere, egindako mobilizazio, batzar eta abarretan parte hartu eta hau posible egiteagatik.
Hau da Usurbilgo Ingemar lantegiko enpresa batzordeak gaur kaleratu duen agiria:
INGEMAR-Usurbilgo lantegia hartzekodunen konkurtsoan sartu da, talde bereko beste bi lantegiekin batera (INGEMARGA, S.A. eta CORPORACION INGEMAR). Horren zergatia zera da: akziodunek kapital-gehikuntza onetsi zuten, baina azkenean ez da gauzatu. Hasieran milioi bat euroko kapital-gehikuntza egin behar zen, bideragarritasun-plana abiarazteko, eta gero beste hiru milioi euroko ekarpen bat plana gauzatzeko. Borondatezko konkurtso horretarako eskaria Lugon aurkeztu da, 26/2017 Ohiko Konkurtso Prozeduraren bidez, zeren INGEMARGA, S.A.ren egoitza Lugon dago, eta enpresa filial hori da pasiborik handiena duena.
Ingemar, S.A.ko langileen ustez, egoera horren errudunak dira, batetik, INGEMAR TALDEKO administratzaile bakarra, Jose Longarela, kudeaketa txarra egin duelako, eta ekarpena bermatu ez duelako; eta bestetik, akziodunak, kapital-gehikuntza onetsi arren gauzatu ez dutelako.
Bideragarritasun Planaren arabera, kapital-gehikuntza ezinbesteko baldintza zen, hala adostu baitzuten Taldeko Zuzendaritzak eta langileek, Usurbilgo Udalaren, euskal erakundeen eta bankuen laguntzaz (Sabadell eta Kutxabank).
2017ko urtarrilaren 16an, astelehena, lehen bilera egin zen konkurtso-administratzailearekin, eta Enpresa Batzordeak azaldu zion, lehenik eta behin langileen kezka geroaz, eta bigarren, konkurtsoa jardunean jarraitzeko modukoa izateko eskaria; hau da, ea taldeko Zuzendaritzak hitzarmen bat aurkezten duen, inbertsiogile bati sarbidea emateko, eta ea konpromisoa hartzen duen, lantegia jardunean iraunarazteko, azaroan Zuzendaritzarekin lorturiko akordioak betez.
Bestalde, Enpresa Batzordeak dei egiten die herri-erakundeei (Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Usurbilgo Udalari), orain arte jokatu duten bezala jokatzen jarraitzeko, eta hortaz inbertsiogile bat erakartzen laguntzeko, INGEMAR, S.A. lantegiaren bideragarritasuna ziurtatze aldera; hala jaso baitzen Taldeko Zuzendaritzaren eta langile-ordezkarien arteko akordioan. Horren menpean daude 51 langileren lana eta 26 langileren aurre-erretiroak.
INGEMAR, S.A. TALDEAk Usurbilgo lantegian du egoitza soziala, baita Usurbilen ekoitzi ere hainbat urtetatik hona balio erantsi handieneko produktua. Lantegi hori errentagarria da argi eta garbi, falta den gauza bakarra horretan sinestea da, eta abiarazteko adinako kapitala ekartzea. 75 familiaren geroa horren menpean dago, eta langileok azken mugaraino eramango dugu gure borroka helburu hori lortu arte.
Kategoria igoerak arautzen dituen akordio kolektiboko atal garrantzitsu batzuk ez betetzea erabaki du AZTI Fundazioko Zuzendaritzak. Milagarren gatazka kolektiboa da hau Fundazioan, 2005ean zuzendari nagusia aldatu zenetik.
Horrenbeste gatazka 2015 urtean AZTI Fundazioari eman zitzaion Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariaren aurka egon litekeen arren, kontutan izan behar da Confebask dagoela Euskalit-en presidenteordetzan eta, hain zuzen ere, lan-eskubideen babesa ezin dela haren ezaugarri nagusitzat hartu.