2024-04-26
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzako laborategietako plan zuzentzaileak ikuspegi soziala baztertu eta lanpostuen galera ekarriko duela...

Osakidetzako laborategietako plan zuzentzaileak ikuspegi soziala baztertu eta lanpostuen galera ekarriko duela salatu du LABek

LABeko Osakidetzako delegatuek laborategietako plan zuzentzaileak ikuspegi soziala baztertu egiten duela salatu dute gaur Donostian. LABeko kideek Osakidetzari Ikuspegi ekonomizistak alboratuz zerbitzuaren kalitatea, lanpostuen mantentzea eta herritarrenganako gertutasuna lehenestea eskatu diote.

OSAKIDETZAKO LABORATEGIETAKO PLAN ZUZENTZAILEAK IKUSPEGI SOZIALA BAZTERTU EGITEN DU: ESKUALDE OSPITALETAKO LABORATEGIAK DESEGIN ETA SEKULAKO LANPOSTU GALERA ERAGINGO DU

Laborategietako Plan Zuzentzailea 2011ko ekainean onartu zen, osasun kontseilaria Rafael Bengoa zelarik, eta gaur egungo Osakidetzaren kudeatzaileek gida-plan hori sendotu eta garatzen jarraitzen dute. Laborategietako Plan Zuzentzailearen helburu nagusia gaur egungo eskaintza optimizatu eta arrazionalizatzea omen da, lurraldearen araberako banaketa hobetuz eta zentroen arteko osagarritasuna eta elkarlana sustatuz. Gaur egun Osakidetza hainbat alor lantzen ari da, ez soilik asistentzia eremuan, baita ekonomi arloan, pertsonen kudeaketan… Osasun Sistema hobetu asmoz baliabideak optimizatuz aurreztea lortu eta gastuak gutxitzea helburu omen duten estrategiak erabiliz. Plan Zuzentzaile hau neurri sorta horien artean kokatzen da eta politika ekonomizista horren baitan aztertu behar da.

Laborategietako Plan Zuzentzaileak zera dakar: gaur egungo laborategin berrantolaketa, laborategi-lanaren zentralizazioa, eskualde-ospitaleek eskaintzen duten zerbitzuen gutxitzea eta lan publikoaren deuseztea. Laborategietako Plan Zuzentzaile hau Gipuzkoan hasi eta pixkanaka EAE osoan ezarriko da.

Berrantolaketa honen ondorioz erreferentziazko MAKROLABORATEGIAK sortzen dira, eta hauetara igorriko dira beren eragin eremuko anbulatorio eta ospitaleetako analitikak. Eskualde ospitaleetako laborategiak (ospitale zerbitzurako laborategiak) eta hauen jarduera erabat murrizten dira. Orain arte eskualde ospitaleetako laborategietan ospitale bertako eta bere eragin eremuko anbulatorioetako analitikak egiten ziren. Plan Zuzentzailearen arabera Gipuzkoan Makrolaborategia Donostia Ospitalean kokatuko da eta bertan zentralizatuko da Gipuzkoako laborategi lanaren gehiengoa. Ondorioz, eskualde ospitaleetako laborategiek beren zerbitzua gehienbat larrialdietara mugatua izango dute. Langilegoari dagokionez, neurri hauen ondorioz 40 lanpostu publiko inguru deuseztuko dira. Horretaz gain, laborategietako langileen lan baldintzetan ere eragin zuzena izango du, nahitaezko lekualdaketak eraginez, etabar.

Darpon jauna buru duen Osasun Sailak, “baliabideen optimizazio eta arrazionalizazioa” helburu omen duen Plan Zuzentzailearen bidez, ikuspegi ekonomizista lehenesten du beste edozein alderdi (soziala, zerbitzu kalitatea edota herritarrekiko hurbiltasuna) alboratuz.

Ikuspegi ekonomizista hori, “baliabide urriak, gero eta premiazkoagoak direnak”, eremu eta alor guztietara zabaltzen da, azken helmuga GESTIO KLINIKOKO UNITATEAK sortu eta garatzea dutelarik helburu. Gestio eredu hau, Estatuko beste osasun sistema batzuetan garatuago dagoena, enpresa kudeaketa hutsean oinarritzen da, produktibitatea, sustapena eta gastuaren murrizketa lehenetsiz herritarren osasunaren aurretik, izan ere espresuki aipatzen da “eskariaren optimizazioa eta modulazioa”.

Lanpostu suntsiketa bi arrazoi direla medio ematen da eta emango da laster batean ere:
1. Laborategietako Plan Zuzentzailearen arabera orain arte eskualde ospitaletan ematen ziren zerbitzu batzuk eskaintzeari utzi eta zentralizatu egingo dira.
2. Zerbitzuaren automatizazioaren eraginez eta “erreferentziazko laborategietan” biltzearen ondorioz, eredu ekonomizista horrek enplegu suntsiketa nabarmena eragingo du.

Kontuan hartzekoa da baita azterketen kalitatearen gaia: bizitzako beste alorretan gertatzen den moduan, azterketen gaian ere, aurrezpena, kontzentrazioa eta masifikazioaren aldeko hautua egiten denean kalitatea kaltetua izaten da.

Osakidetzaren kudeatzaileek, inposizioan oinarritutako erabakiak tarteko, Estatu Espainoleko beste osasun zerbitzu batzuetako kudeatzaileekin desberdintasun gutxi dutela frogatzen digute egunero. Batzuetan murrizketak ezartzeko PPk inposaturiko legeak aipatzen dituzte aitzaki gisa. Beste batzuetan, aldiz, inolako aitzakiarik gabe beraien baliabide guztiak erabiltzen dituzte pixkanaka baino geldiunerik gabe zerbitzu publikoak suntsitu asmoz, adibidez GESTIO KLINIKOKO UNITATEAK ezarriz.

LAB sindikatuaren ustez nabarmena da Laborategietako Plan Zuzentzaile honek ikuspegi soziala eta herritarrenganako gertutasuna baztertu egiten dituela. Izan ere, Plan honen eraginez eskualde ospitaletako laborategiak desegin, laborategi-zerbitzuak zentralizatu eta sekulako lanpostu galera gertatuko da.

Guzti honengatik LABek ESKATZEN du zerbitzuaren kalitatea, lanpostuen mantentzea eta herritarrenganako gertutasuna lehenestea. Ikuspegi ekonomizistak alboratuz. Izan ere, zerbitzu publikoaz ari gara mintzatzen, herritarren osasunaz, zehazki.

 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.