2026-10-01
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaLangileok atez-atekoaren alde

Langileok atez-atekoaren alde

Hondakinen kudeaketaren inguruan sortu den eztabaidaren aurrean LAB sindikatuak argi utzi du gaur prentsaurrean irtenbidea birziklatzetik datorrela eta hau honela izanda, egun hondakinen kudeaketa sistemen artean atez atekoa dela egokiena.

HONDAKINEN KUDEAKETA
LANGILEOK ATEZ-ATEKOAREN ALDE

LAB sindikatuak garbi dauka ahalik eta gehien birziklatzea dela irtenbidea. Horregatik errauskailuaren aurka eta hondakinen atez ateko bilketa sistemaren alde gaude, birziklatze maila altuenak lortzen dituen sistema delako, merkeagoa delako eta enplegu berriak sortzeko aukera ematen duelako bizi dugun krisi testuinguruan.

Gehiengo sozial eta politikoak politika berriak eskatzen ditu, eta nahiz eta PNV, PSE eta PPk aldaketekiko erresistentzia gogorra erakutsi, guk uste dugu hondakinen alorrean ere orain arteko kudeaketarekiko aldaketa ezinbestekoa dela.

Langileok instalazio kutsakorrak eraikitzea galarazi behar dugu. LABek urteak daramatza erraustegien aurkako borrokan beste eragile batzuekin batera.

Jendarteak sortutako hondakinen kudeaketa arazo handia ari da sortzen. Erraustea da konponbidea? Argi baino argiago dugu ezetz eta horretarako hamaika argudio eta arrazoi dugu:

– Hondakinak erretzeak ez ditu hondakinak desagerrarazten, egoeraz aldatzen dituen arren. Errausketa prozesuak eguratsera ingurumenerako eta osasunerako toxikoak diren substantziak isurtzen ditu. Zaborra hondakin arriskutsu bihurtzen du. Isurpenak hiru eratan egiten dira:
a. tximiniatik kanporatzen dira, inguruko herritarrentzako “opari” gisa (partikula toxikoak, metal astunak, dioxinak, furanoak…).
b. Era likidoan, Zabalgarbin ikusi den bezala. 
c. Modu solidoan: eskoriak eta errautsak.

– Errausketak energia eta baliabideak xahutzen ditu. Izan ere, aprobetxa daitezkeen hondakinak berreskuratzea eragozten du. Gainera, produktu berriak sortzeko, 
a. baliabide berriak erabilarazten ditu 
b. energia kontsumitzera behartzen du.

− Inguruko ekonomia kaltetzen du. Izan ere, erraustegiak birziklajeak eta konpostajeak baino enplegu gutxiago sortzen du. Horrez gain, inguruko jarduera ekonomikoei – nekazaritza, turismoa…- kalte egiten die.

− Aukera ekologikoagoak garatzea oztopatzen du. Errauskailuek, eraiki ostean, gutxieneko bideragarritasun ekonomikoa izateko hondakin kopuru handia behar dute. Ondorioz, errausketak hondakinen murrizketarako planak galgatzen ditu, baita birziklajea zein berreskuratzea ere.

Gipuzkoan, gainontzeko herrialdeetan bezala, azken hamarkedatako kudeaketak ekarri gaitu gaur egungo egoerara, biztanle bakoitzak eguneko 1,3 kilo hondakin sortzen ditu, honek urtean 350.000 tona hondakin suposatzen du. Kontsumo ohiturek, eta produkzio ereduak lehengaiak erabili eta jarraian botatzera eraman gaitu eta hori da lehenengo aldatu beharrekoa, LABek argi dauka joera hori aldatzea lehentasunezkoa dela. Dena erabili eta momentuan bota egiten dugu, zabor bihurtzen dugu, eta ez da zaborra, lehengaiak dira, eta berrerabili eta birziklatu egin behar ditugu.

Irabazi asmoko eta interes pribatuen errauzkailuen aurrean, jendarteak, beste hautu bat burutu du, osasunaren eta ingurumenaren aldeko apostu garbia eginaz, izan ere, nork nahi du errauztegi edo zabortegia bere herrian? Inork ere ez. Jendartea prest dago, orden honetan, kontsumoa jaisteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko, honetarako sistema egokiena martxan jarriz. Emaitzak ikusten hasi gara, agerikoak dira, atez ateko sistemarekin, lehen ezinezkoak ziren zifrak lortu dira, honetarako, ezinbestekoa izan da herritarren parte hartzea, eta parte hartze horrek arazoaren aurreko irtenbideari eta alternatiba egokienari erantzuten dio, horrela izan ez balitz, saiakera porrota litzateke. Atez-ateko sistemak, hondakinak modu selektiboan biltzen ditu, honela, birziklapen maila handiagoa eta errazagoa izan dadin, honela oso emaitza onak lortzen dira.

Kontsumo ohiturak aldatzeaz gain, bizitza eredua ere aldatu behar dugu. Honen jakitun, herritarrei gaiarekiko politika praktiko arduratsuak jarri behar zaizkie eskuragai, administrazioek, tokiko kontsumitzaileen eta produkzio katearen arduradunen artean eragin dezakete eta eragin behar dute, bai legalki, zein ekonomikoki. 

Era berean, kulturalki, behar bezalako eraldaketa eman behar da, aldaketa hori jendartean ematen hasia dela esan dezakegu, biztanleak baikara dagoeneko erraustegien sistemari alternatiba egingarriaren bultzatzaile nagusiak. Hondakinak gutxitu eta berrerabiltzeko politikari lehentasuna eman behar zaio. LABek langileei eta orohar herritarrei dei egiten diegu erantzunkizunez jokatzera, errauskailuen proiektuari aurre egitera eta galaraztera.

Donostian, 2012ko uztailaren 2an


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...