2026-06-21
HomeEkintza SozialaEAEko Justiziako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio LAB sindikatuari Rufino Eizagirreri espedientea...

EAEko Justiziako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio LAB sindikatuari Rufino Eizagirreri espedientea irekitzeko demandan

LAB sindikatuak behin eta berriz eskatu zion EAJ buru zen Gipuzkoako Foru Aldundiari ezen Gipuzkoako Ogasuneko iruzurrarekin artez edo moldez zerikusirik zuten pertsonen bateraezintasunei buruzko informea eman ziezaiola LABi eta gainerako ordezkaritza sindikalari. Horrez gain, pertsona horiei informazio espedientea irekitzeko eskatu zion berariaz. Aldundiak ez zituen eskaera horiek onartu eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri behar izan zuen LAB sindikatuak.
Gipuzkoako administrazioarekiko auzien 2. epaitegiak, Foru Aldundiaren alegazioak ontzat emanda, adierazi zuen LAB sindikatuak ez zuela legitimaziorik demanda hori egiteko. Izan ere, Foru Aldundiak bere alegazioetan zioen LAB sindikatuak ezin zuela Gipuzkoako Ogasuneko inplikatuen aurka espedientea irekitzea eskatzeko errekurtsorik jarri, ez zuenez hori egiteko legitimaziorik.

Alabaina, EAEko Justiziako Auzitegi Nagusiak LAB sindikatuari arrazoia eman eta gure errekurtsoa baietsi du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari agindu dio ezen ikuskatze jarduketak ireki ditzan eta, hala badagokio, zehapen espedienteari hasiera eman diezaion.

LAB sindikatuaren ustez ulertezina da Olano jauna buru zen Gipuzkoako Foru Aldundia gai ez izatea gutxienez ikerketa prozedura hasi eta espedientea irekitzeko Tolosa hiribideko 11n kokatutako enpresekin harremanak zituzten Ogasuneko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen aurka, nahiz eta Gipuzkoako Ogasunean gertaturiko iruzur handia begien aurrean izan. Izan ere, iruzur horren ardura politikoa egotzi zitzaien Gonzalez de Txabarri diputatu nagusiari, Victor Bravo senatari ohiari eta Antton Marketi, besteak beste.

Ezin onartuzkoa da, bestalde, iruzurraren arduradun politikoek ahaleginak eta bi egin izana zigor ikerketa bururaino ez eramateko, Gipuzkoako Ogasuneko diru publikoa lapurtzearren antolatu zen sarea Txema Bravo paga-buruari egozteko eta EAJ alderdiaren eta, besteak beste, Ogasuneko aholkulari ohi Eneko Goiaren inplikazio politikoak ezkutatzeko.

Horregatik bada, berriro eskatzen dugu zehapen espedientea irekitzea bai Rufino Eizagirreri eta Tolosa hiribideko sarean enpresa erantzukizunak zituztenei, eta dagozkien ardurak eskatzea gertaera haiekin zerikusirik duten kargu politikoei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalegintzen bada gertaera horiek argitzen, bateraezintasunei buruzko informeetan gardentasunez jokatzen eta Foru Aldundiko aurreko arduradunen ilun-aldea ez gerizatzen, aukera bat egon daiteke ez dadin berriro gertatu Gipuzkoako Ogasunean EAJren eskutik gertatutakoa.

Testuinguru horretan, LAB sindikatuak eskatuko du zor zaion informazioa eskuratu ahal izatea eta, gorabehera horiek guztiak behin betiko argitu daitezen eta arduradunek dagokien ordaina izan dezaten, ireki beharreko espedienteak irekitzea.

Donostian, 2012ko uztailaren 2an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.