2025-03-28
HomeEkintza SindikalaLan istripuan zendu den garraiolari nafarraren kasuaren aurrean, sektorean prebentzio neurriak ezartzea...

Lan istripuan zendu den garraiolari nafarraren kasuaren aurrean, sektorean prebentzio neurriak ezartzea premiazkoa dela azpimarratu dugu

Atzo, maiatzak 13, 51 urteko Lizarrako garraiolari bat hil zen lan-istripuan Valareñan (Zaragoza), gidatzen ari zen kamioia iraulita. Cerio Ensilados enpresako behargina zen. Heriotza honekin 23 dira jada aurten lan-istripuz hil diren langileak, eta horietatik 8 garraiolariak. Datu honek esan nahi du aurten Euskal Herrian lan-istripuak eragindako heriotzen %35 garraioaren sektorean gertatu direla.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen senideei eta lagunei. Denbora asko daramatzagu garraio sektoreko lan istripu-tasa altuaz ohartarazten, urtero garraiolari ugari hiltzen baitira horrela. Hainbat faktore daude ezbehar-tasa altu horren atzean, baina bat nabarmentzen da besteen gainetik: sektorean gero eta prekaritate handiagoa dago. Garraio-sektoreko lan baldintzak oso eskasak dira, eta salgaien garraiorako Nafarroako azken hitzarmena 2008koa dela salatu du LABek.

Lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan-baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak… Horrek guztiak lan istripuak izateko aukerak areagotzen ditu, eta, zehazki, arazo kardiobaskularrak izateko aukerak.

Garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak saihets daitezke, baina neurriak hartu behar dira sektoreko prekaritatearekin amaitzeko, bai patronalaren aldetik, bai Nafarroako Gobernuaren aldetik. Hala, hildako garraiolarien kopuru onartezinak premiazko neurriak exijitu ditu LABek, eta azpimarratu du premiazkoa dela lan baldintza duinak izango dituen sektoreko hitzarmen berria negoziatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza publikoa indartzeko baliabideetan inbertitzea ezinbestekoa da

Begoña Pedrosa Sailburuak martxoaren 28an emandako prentsa-agerraldiari LABen erantzuna.

LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du

Gaur, 2025eko martxoaren 28an, ia bi urte eta erdi luzatu den negoziaketa-prozesu baten ostean, LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.-ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du. Hitzarmen kolektibo honi esker, fundazio osoko 63 langileren lan-baldintzak modu esanguratsuan hobetuko dira.

LABek ez du behartutako kaleratzerik onartuko Ekide enpresan

Martxoaren 27an egin zen kontsulta epeko bigarren bilera enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkaritzaren artean.