2025-05-21
HomeEkintza SindikalaLan Ikuskaritzak zigortu egin du El Cenojal enpresa, langile migratzaile baten lan-istripu...

Lan Ikuskaritzak zigortu egin du El Cenojal enpresa, langile migratzaile baten lan-istripu hilgarria ez jakinarazteagatik

Iazko irailaren 23an, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, Zarrakaztelun 62 urteko langile migratzaile bat hil zela salatzeko. Era berean, hurrengo egunean, salaketa jarri zuen, istripuaren lan-izaera ikertzeko eskatuz. Azkenik, Ikuskaritzak berretsi egin du lan-istripu gisa, eta arau-haustearen akta egin dio enpresari, istripua garaiz eta behar bezala ez jakinarazteagatik.

Ez zen trafiko istripu hutsa izan, lan istripu “in itinere” bat baizik. Arturo Rojas Castaños langilearen heriotza ez zen zorte txarraren ondorio izan, pairatzen zuen esplotazio eta prekarietate egoeraren ondorioa baizik.

Lehenik eta behin, erabat higuingarria da enpresaren eta mutuaren jarduna. Horrela, Lan Ikuskaritzak berak egiaztatu duenez, istripu hori ez zen lanekotzat kalifikatu, ezta lan-agintaritzari jakinarazi ere. Azkenik, istripu-partea Ikuskaritzaren bulegoetan sartu zen 2022ko otsailaren 4an, hiru egun lehenago enpresako bazkide eta administratzailea agertzera zitatu ondoren. Hau da, arau-hauste bat egin zuten ezer gertatu ez balitz bezala jokatu zutelako, langileen bizitzak ezer axola ez balu bezala. Eta ez zuten ezer esango LABek salaketarik jarri izan ez balu.

Bigarrenik, prekarietatearen inguruabarrak ere berretsi ditu Ikuskaritzak. “Langilea Figarolen bizi zen, Zarrakaztelutik bederatzi bat kilometrora dagoen herrian, eta, handik, Zarrakaztelura joaten zen bizikletaz. Handik, Erriberrira joaten zen autoz, han baitago tomatea jasotzen zuen finka”.

Hori da Nafarroako landa eremuko lanak ezkutatzen duen benetako errealitatea. Bizitza eta lan baldintza prekarioak, askotan esplotazioan edo heriotzan amaitzen dutenak. Azken hori Arturo Rojasi gertatu zitzaion.

Lan Ikuskaritzak begibistakoena baieztatu du, baina argitu gabe utzi ditu istripuaren inguruko inguruabarrak, laneko arriskuen ebaluazioa bete den ala ez eta horren ondoriozko enpresa-erantzukizunak. Nafarroako Gobernuarekin batera, egoera horiei amaiera emateko neurri egokiak hartu gabe jarraitzen dute.

LABek bere ekintza sindikala egiten jarraituko du, langileen eskubideak defendatzeko modurik onena dela sinetsita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen

LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko 9 garraiolariak.

Pribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.