2026-09-18
HomeIndustriaBeiraLABek Aiala Vidrioren inposaketa salatu nahi du negoziazio prozesuan

LABek Aiala Vidrioren inposaketa salatu nahi du negoziazio prozesuan

Aiala Vidrioko zuzendaritza lan hitzarmen berria negoziatzeko prozesuaren hasieran erakusten ari den jarrera erabat onartezina dela uste du.

Enpresak guztiz baldintzatuta dagoen negoziazio bat planteatu du, aurretik inposatuz emateko prest dagoenaren baldintzak, eta edozein hobekuntza etorkizuneko inbertsioekin lotuz. Horiek, euren esanetan, negoziazioaren emaitzaren araberakoak izango dira. Honek erabateko urraketa dakar, negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea erabat baztertuz.

Aiala Vidriok bere inbertsio gaitasuna presio eta xantaia tresna gisa erabili nahi du, bere baldintzak onartzera behartzeko. Enpresak ez du benetako negoziazio mahai bat ireki, aurrez itxitako eta baldintzatutako puntu batzuk aurkeztu ditu (horien artean, 8 urteetarako hitzarmena, lanaldiaren igoera…), non ez den aurreikusten alde sozialak bere ordezkaritza funtzioa betetzeko ezta langileen lan eskubideak defendatzeko aukerarik.

Gainera, zuzendaritzak adierazi du egungo Alde Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea luzatzeko asmoa duela, salmentekin lotutako ekoizpen arrazoiak argudiatuz. LABek uste du neurri hau, egungo testuinguruan, presio estrategia baten parte dela. Ezin du onartu berriro ere enpresak bakarrik kontrolatzen dituen eta egiaztatzeko modurik ez dituen ustezko arrazoi ekonomikoak erabiltzea murrizketak edo neurri murriztaileak justifikatzeko.

Sindikatuak gogorarazi nahi du Aiala Vidrio berreskuratuko ez den enplegua suntsitzea ekarri duten neurriak hartzen egon dela, baina aldiz, urteetan zehar, milioika euroko irabaziengatik izan da albiste. Orain, hobekuntza oro enpresaren inbertsio erabakien mende uzten saiatzen ari dira.

LABek argi du: ez du xantaia hau onartuko. Benetako negoziazio kolektiboa eskatzen du: gardena, bermeekin, elkarrekiko errespetuan eta langileek euren lan baldintzak defendatzeko duten eskubide legitimoan oinarritua. Ez du mehatxuen jokoan parte hartuko.

Langileei dei egiten die tinko, bateratuta eta antolatuta mantentzera. Azken aldian erakutsi du bere burua defendatzeko gaitasuna duela, eta oso garrantzitsua da zuzendaritzaren jarrera agerian uztea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Erandioko ‘Los Ochos’ eraikinetako bizilagunek eta LAB sindikatuak manifestazioa deitu dute irailaren 24an eta adierazi dute beren etxeak defendatzeko prest daudela

Alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude Mosaic putre funtsak erosi dituenetik eta urte luzez haien bizitzak hantxe eraiki...

Euskararen desofizializazio prozesuan urratsak ematen jarraitzen dute auzitegiek

Sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua baliogabetu izanak agerian uzten du euskara eta gaztelania maila berean jarriko dituen arkitektura juridikoaren beharra. LABetik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu auzitegien mehatxuei aurre egin diezaiela eta euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berria osatzeko prozesua has dezala.

Desgaitasunaren sektorea Administrazioarekin parekatzea eskatu dugu, zaintza-sistema publiko baterantz aurrera egiteko

LABetik proposamen formal bat helaraziko diogu mahaiari, bi urte baino gehiagoko geldialdi sektorialaren ondoren, eta ANADPen pribatizatutako langileen subrogazioa eskatzen dugu.