2026-03-19
HomeEkintza PolitikoaLAB: «Barcinaren amore ematea herri garaipena da»

LAB: «Barcinaren amore ematea herri garaipena da»

Azken urteetan zehar, nafar langileria hamaika aldiz eta hamaika moldetan mobilizatu egin da. Milaka lagun atera dira kalera Nafarroaren konkista gogoan hartu, murrizketak nahiz ustelkeria salatu eta aldaketa politiko eta soziala aldarrikatzeko. Nafarroa nahierara erabili duen elite ekonomiko eta politikoari aurre egin dion herri hegemonia berria eratzen ari da.

Elite horrek sakrifikatu du hain zuzen ere Barcina (xakearen hizkeran peoia baino gehiago badena; erregina dela esan liteke, partida arriskuan dagoenean sakrifikatzen dena), Erregimen ustelaren fatxada berritzen saiatzeko. Barcinaren porrota beraz herri garaipena da, herri mobilizazioak deslegitimatu baititu bere politika antisozial eta ustelak. Orain ahaleginak biderkatu egin behar dira Erregimenaren zernahi berrikuntzari aurre egin eta behingoz aldaketa politiko eta sozialaren prozesua martxan jartzeko Nafarroan.

LABen iritziz, prozesu horrek hiru erronka nagusi ditu: lehenik eta behin, politika ekonomiko eta soziala errotik aldatu langileriaren mesedetan (enplegua, etxebizitza, osasungintza, hezkuntza, babes soziala); bigarrenik, Erregimenak sustatutako kortijo, pribilejio eta ustelkeria ororen eraispena (administrazioko burokrazia, Elkarrizketa Sozialaren Holdinga, Opus Deiren aldeko politika); eta hirugarrenik, demokratizazio osoa, nafar herritargoak bere eskubideak gauzatu ahal izan ditzan (abortorako eskubidea, euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea, geure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea).

Argi eta garbi dago Nafarroa ustiatu duen elite ekonomiko eta politikoak, UGT eta CCOOen laguntzarekin, bereak eta bi egingo dituela aldaketa prozesua eragozteko. Horregatik beharrezkoa da langileria bere indar guztiekin mobilizatu dadin, aldaketa prozesu hori ahalbidetzeko. LAB eskuz esku arituko da aldaketaren alde apustu egiten duen ororekin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.