2024-04-26
HomeIdazkaritzakIdazkaritza Feminista"Borrokan jarraituko dugu langileen lan baldintzak eta emakumeen eskubideak errespeta ditzatela aldarrikatzen"

“Borrokan jarraituko dugu langileen lan baldintzak eta emakumeen eskubideak errespeta ditzatela aldarrikatzen”

Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean izan ziren, joan den astean, LABeko kide Loreto Cabo, Begoña Gartzia eta Leila Martin. Hauetako lehenarekin hitz egin dugu, Gasteizera eramandako aldarrikapenei buruz, LABek emakumeen kontrako indarkeria arloko epaitegien inguruan egindako azterketaren harira.

-Nola joan zen agerraldia? Zer nolako jarrera aurkitu duzue? Nola hartu dituzte sindikatuaren proposamenak?

Talde parlamentario guztietako ordezkariek bazeukaten guk planteatutako kontuei buruzko informazioa, jadanik 2017an Legebiltzarrak Bilboko indarkeria epaitegietako egoera aztertu zuen batzordeko kideak dira denak eta batzuek gure txostena aldez aurretik ezagutzen zutelako. Hitz politak gora behera, esan gabe doa taldeen artean ezberdintasun nabariak daudela.
Ruiz de Arbuluk (PP) adierazi zuen frogatua dutela Jaurlaritzak Justizia Batzordeari ere ez diola jaramonik egiten, baina uste du, esaterako, epaileak -eta oro har indarkeria auzietan parte hartzen dutenak- ez dutela behar bestelako prestakuntzarik.

PSEko Alexia Castelo parlamentariari ez zitzaion gustatu, 2017an indarkeria epaitegietara egindako bisitan, langileek euren lan-baldintzei buruz besterik ez hitz egitea. Egun hartan Sailak sindikatuok Lakuan bilera batera deitu gintuen, biolentzia epaitegian gu ez egotearren. Hau salatu eta gero, argi utzi genion parlamentariari lan baldintza duinak ezinbestekoak direla kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaini ahal izateko. Honetaz aparte, gure txostenean lan balditzak ez dira salatutako puntu bakarra. Hala ere, gure txostenean indarkeria epaitegietan publikoari emandako zerbitzuaren kalitateari ere sakon aztertzen dugu. Guk proposatutako zenbait neurrirekin ez zegoen konforme eta beste batzuk bere erara formulatu zituen. Nabarmen geratu zen Justizia Saila bere alderdiaren ardurapean dagoela eta hura defendatzen ahalegindu zela.

EAJko ordezkari Joseba Zorrillak esan zuen ikuspuntu desberdinak daudela gai honen inguruan, eta, 2017ko bisitaldiaren harira, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitego Nagusiko presidenteak garrantzia kendu ziela kexei. Lur eta zur geratu ginen Ibarrak guri bestelako jarrera erakutsi digulako beti. Gobernatzen duen alderdia izanik, beharrezkoa den dirua eta kontu batzuk euren eskumena ez dela aipatzen babestu zen.

Azpimarratzekoa da bai PPren bai PSEren ordezkariek esan zutena gure txostenari buruz: orduantxe ezagutu zuela, lehenak; interneten bilatuta ere ez zuela topatu, besteak. Horrek frogatzen digu zer nolako interesa duten.

EH Bildun (Jone Goirizelaia) zein Ahal Dugun (Eukene Arana), aldiz, oso jokabide positiboa ikusi genuen gure proposamenekiko; txostenean esaten ditugunekin ados daude erabat eta kritika ugari egin zioten Justizia Sailari. EH Bilduk gurekin lanean jarraitzeko aukera ere luzatu zigun. Guk, jakina, baietz esan genion, ez bakarrik EH Bildurekin lan egitekoari baizik, eta alderdi guztiekin ere. Edonola ere, argi geratu zen garrantzitsuena dela Justizia Sailaren negoziatzeko eta adosteko nahia; gaur egun arte, behintzat, erakutsi ez digun jarrera, hain justu.

-Urte batzuk dira emakumeen kontrako indarkeria arloko epaitegiak sortu zituztela, eta funtzionamendua jasanezina eta zeharo ez eraginkorra dela agerian utzi duzue gaiari buruz egindako txostenean. Zer nolako gabezia daude? Zeintzuk dira zuzendu beharreko urritasun eta hutsuneak?

Langileen lan-baldintzak: ordutegi-malgutasuna errespetatzea; lana eta bizitza pertsonala bateratzea ahalbidetzea; nekagarritasun osagarria ezartzea, inon arautzen eta inolaz ordaintzen ez den ezkutuko guardia egitera behartuta baitaude; ez dagozkion zereginak egitea (ume zaintzaile esaterako).

Epaitegietako espazioak egokitzea honako hauetarako: emakumeei segurtasuna bermatzea (biktima eta ustezko erasotzailea batera egoten dira hainbatetan); pribatutasuna errespetatzea (esaterako abokatuarekin hitz egiteko, epaitegian dauden beste pertsonen aurrean egin behar ez izateko); gela egokiak atondu adin gabeko seme-alabak egon daitezen; haien ardura hartuko duen langile edo erakunde espezializatua…

Itxaronaldi amaigabeak. Bai biktimek eta bai ustezko erasotzaileek orduak eman behar izaten dituzte artatuak izan arte edota epaileak erabaki bat eman arte. Askotan abokatua agertu arte ere denbora luze zain egon behar dute.

Itzultzaile profesionalak. Batzuetan interpreteek itzuli beharreko hizkuntza edota gaztelania ez dute ondo ezagutzen horrek dakarren biktimarekiko babesgabetasuna.

Ofiziozko txandako abokatu gutxi daude. Abokatuen elkargoekin sinatutako hitzarmenak eguneratu behar dira. Honen harira, PSEko parlamentariak esan zuen urtarrilean hitzarmen berria sinatu zutela abokatuen elkargoekin, gure eskaera isildu nahian edo. Baina urtarrilean onartu dena da doako juztiziako txandan dabiltzan abokatuek kobratzen duten diru kopurua handitzea; ez ordea, txanda bakoitzeko abokatu kopurua; are gutxiago emakumeek doako justizia izateko eskubidea gehienezko diru-sarrera apaltzea: bi seme-alaba dituen emakume batek hilean 1.152,52 eutotik gora (14 ordainketa) kobratzen badu ez du eskubiderik doako justizia izateko.

Auzitegi medikuek euren zeregina (biktimei egindako kalteak ebaluatzea eta indarkeriazko jokabideak ez errepikatzea, esaterako) egoki bete dezaten baliabide gehiago behar dira.

Biktima artatzeko zerbitzua hobetu eta epaitegietara hurbildu aholkularitza, informazioa eta laguntza emozional egokiak eman ditzan.

-Eusko Jaurlaritza zerbait egiten ari al da gabeziei konponbidea emateko?

Ezer gutxi. Adibide bat jartzearren, 2017an Legebiltzarreko Justizia Batzordekideek Bilboko indarkeria epaitegietara egindako bisitaldiaren ondorioz Jaurlaritzari egindako eskabideetatik bat besterik ez du bete: vending makina batzuk epaitegian jarri. Izan ere, batzordearen beste eskaerak sakonagoak ziren eta LABek gure txostenean esandako batzuekin bat datozenak.

EH Bilduk, Jone Goirizelaiaren hitzetan, onartu zuen Parlamentuaren erantzukizuna, 2017an jorratutako legez besteko proposamenean jasotzen ziren neurrien jarraitzearen gainean egon ez izana.

Bestalde, Jaurlaritzak eskumena duen gauzak ez ditu konpontzen eta besteetan ahalmenik ez duelako argudioarekin lasai asko geratzen da. Baliabide materialak (eraikinak, segurtasuna, informatika sistemak, bulegoko materialak…) eta, epaileak, letraduak eta fiskalak izan ezik, langileak bertoko gobernuaren ardurak dira eta hor badago zereginik, nahi izanez gero, hala nola: nekagarritasun osagarria ezarri; gaixotasun bajak lehenengo egunetik ordezkatu; errefortzuzko langileak izendatu; epaitegietako espazio fisikoa handitu eta beharrizanetara egokitu; emakumeen aurkako indarkeria duintasunez artatzeko langileak ondo prestatu; ganorazko itzulpen zerbitzua kontratatu; Balorazio Forentse Integralerako Unitatea behar bezala hornitzea; Biktimaren Arretara Zerbitzua ere Jaurlaritzaren menpe dago goitik behera, beraz, indartu dezake nahi izatekotan.

-Txostena osatuta, epaitegien aurrean azaroan mobilizatu ostean, eta orain Legebiltzarrean agerraldia eginda, zeintzuk dira sindikatuak egingo dituen hurrengo urratsak?
Bada, segurua da borrokan jarraituko dugula langileen lan baldintzak eta emakumeen eskubideak errespeta ditzatela aldarrikatzen. Hortaz, aztertzen ari gara hurrengo urratsak zertan gauzatu sailari presiopean jartzeko asmoz: hedabideetara jo, mobilizazioak… eta salaketak ere ez ditugu baztertzen.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.