2020 urtea amaitzeko berri ederra honakoa: esku hartzeko sozialeko Nafarroako lehen hitzarmenaren sorrera. Sektorearen ikuspegitik, estatuko hitzarmenarekiko lortutako aurrerapausoa ikusgarria da: lanaldia 130 ordutan murriztuko da (135 lanpostu berri sortzeko aukera emanez), oinarrizko soldata 2021eko uztailetik aurrera nabarmen igo eta 2024rako %13an haziko da, orain arte aitortu gabeko hainbat osagarri ezarriko da (gaueko lana, txandakakoa, jai egunetakoa, antzinatasuna, eta abar), oporrak 32 lan egunetara igoko dira, laneko bajak %100era arte osatuko dira eta langile guztien subrogazioa bermatuko da. Gainera, hitzarmen berria 2012ko erreformarekiko blindatuta dago. Labur bilduz, lan prekarietatearen aurkako garaipen handi bat da, nafar langile guztiontzako gutxienez hiru ondorio positibo dituena.

Lehenik eta behin, antolakuntza eta borroka kolektiboaren eraginkortasuna frogatzen du berriz ere, baita esku hartze sozialekoa bezalako ibilbide sindikal gutxiko eremuetan ere, feminizatutako, ikusezin bilakatutako eta arautu gabeko lanean oinarritutakoa. Duela urte batzuk eremu hau erregularizatu eta duintzeko LABek egindako apustuak bere fruituak eman ditu: Nafarroakoarekin, Hego Euskal Herriko lau herrialdeek badute sektoreko hitzarmen propioa. Huerta de Peraltan duela bi urte egindako borroka eredugarriak edota Kontratazio Publikoko Legean klausula sozialak txertatzeko egindako ahaleginak erakutsi bezala, antolatu eta ahaldundutako langile batzuk helburu txiki eta handiak lor ditzaketela agerian geratu da berriz ere. Hiru kasuetan, LABen ekarpena funtsezkoa izan da: esku hartze sozialeko eremuaren kasuan, ordezkaritzaren %70 LABena da. Bost urtez egindako lan sindikalak eragin du Gobernua, Parlamentua eta, azkenik, sektoreko Patronala mugitu izana. Aipatutako borroka prozesuen irakaspena argia da: ez gara maila instituzionalean egon litezkeen aldaketen zain egon behar, aldaketak kalean eta lantokietan irabazi behar ditugu, eta maila instituzionalean gauzatu.

Bigarrenik, aurrerapen bikoitza da lortutakoa, 1.600 nafar langileren lan baldintzak hobetzearekin batera, Nafarroak negoziazio kolektiboko eremu berri bat eskuratu baitu. Gertakari historikoa da honako hau, azken hogei urteetan beste bi kasu besterik ez dira eman eta. Hemendik aurrera, esku hartze sozialeko lan baldintzak ez dira Madrilen erabakiko, langileekiko lotura zuzenik ez duten eragileen aldetik, baizik eta Nafarroan, inplikatutakoen parte hartze zuzenarekin. Aipatutako bi aurrerapen horiek eskutik doaz, joan ere: negoziazio kolektiboaren zentralizazio edo estatalizazioak lan baldintzen prekarizazioa eragiten duen bezala, negoziazio kolektiboko esparru propioak eskuratzeak borrokatzen duten horien lan baldintzak nabarmen hobetzeko aukera ematen du. Esku hartze sozialeko hitzarmenaren sorreraren eta desgaitasunak dituzten pertsonen arretaz arduratzen diren zentroen hitzarmenaren berrikuntzaren ondotik, hirugarren adineko egoitzetako Nafarroako hitzarmena sortzeko borrokari ekiteko unea da. Urtarrilaren 8ko mani-jaian irudikatu bezala, borrokarako lekukoa esku hartze sozialeko langileengandik egoitzetako langileengana igaro da. Eremu hau estrategikoa izanagatik ere, pribatizatua, prekarizatua eta estatuko hitzarmen baten menpe dago. Langile gehienak izatea ez da kasualitatea: euren lana, bizitza sostengatzeko ezinbestekoa dena, gutxietsia eta gutxi ordaindua da. Hortik jaiotzen da, besteak beste, soldata arrakala.

Hirugarrenik, esku hartze sozialeko lan baldintzen hobekuntzak nafar herritarrok jasotzen dugun zerbitzuaren hobekuntza eragingo du. Izan ere, azpikontratazioa eta lan baldintzen prekarizazioa Nafarroako erregimenak ezarritako gizarte zerbitzuen ereduaren osagaiak dira.  Zaintza esparruaren azpigarapenak eta pribatizazioak gainditu beharreko logika neoliberal eta patriarkalaren ondorio da. Ildo honetan, eta mugimendu feministaren ekarpena aintzat hartuta, inplikatutako eragile guztion artean (langileak, erabiltzaileak, senideak, mugimendu feminista‚Ķ) Nafarroako zaintza sistema publiko komunitarioa sortzeko akordio soziala eratzea desiragarria litzateke, honako hiru oinarri hauen gainean: kudeaketa publikoa, parte hartze komunitarioa eta lan baldintza duinak.   

Honela bada, ospatu dezagun izandako lorpen sindikala eta, batez ere, ekin diezaiogun erronka berriei: Nafarroako hirugarren adineko egoitzen hitzarmena eta zaintza sistema publiko komunitarioaren sorrera. Ezina ekinez egin dezagun!