2026-10-01
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaIñigo Bilbao: «Gure osasun sistema publikoa arriskuan den bitartartean kalean egongo gara,...

Iñigo Bilbao: «Gure osasun sistema publikoa arriskuan den bitartartean kalean egongo gara, lehendakari gris horiei aurre egiten»

Enplegua sortu eta egonkortuko duen Osasun Publiko, Kalitatezko eta Euskaldunaren aldeko ekimenak ugariak ari dira izaten azken asteotan. LAB sindikatuak eta Osakidetzako beste hainbat sindikatuk eginiko deialdiek pentsiodunen eta hainbat erabiltzaile elkarteren babesa jaso dute, eta deitutako mobilizazioak ordezkari sindikalen, langile finkoen, aldikako langileen, langabetuen, pentsionisten eta ehunka erabiltzaileren elkargune ari dira izaten.

Kalera atera gara guztiok aldarrikapen beraren bueltan. Eta kalean, protesta horietako batean, berak askorik uste izan gabe, egunkarietako azaletako protagonista bihurtu zen duela egun batzuk Iñigo Bilbao gure kideak. Osakidetzan LABeko ordezkari da bera, eta Urkullu lehendakariarekin aurrez aurrekoa izan zuen Bilbon eginiko protesta batean. 

Urriaren 1ean, Bilboko EHUren Bizkaia aretoko atarian zineten. Protestan zineten han. Zergatik protesta? 
Egun horretan Osakidetzak antolaturiko jardunaldi batean, Darpon kontseilariaren bisita aurreikusita zegoen. Bertan kontzentratu ginen osasun langileon lan-baldintzen eta osasun publikoaren defentsan eta jakina, Darpon kontseilariaren dimisioa ere eskatzeko, bera baita Osakidetzan burutzen ari den suntsiketaren eguneko arduradun politikoa. 

Urkullurekin aurrez aurrekoa izan zenuten. Aidanez lehendakari jaunak ez du argi sindikaliston lana zein den. 
Hala da. Egia esan, ez genuen espero eta Darponekin batera bertan agertzea kasualitate hutsa izan zen. Hala ere, aukera aprobetxatu genuen, ze azken finean, bera eta PNV alderdiak dira osasun publikoan egiten ari diren murrizketa, eraso eta pribatizazioaren bultzatzaileak. Darpon kontseilariaren dimisioaren aldeko oihuak hasi zirenean, Urkullu-k buelta eman eta niregana zuzen etorri zen. Bi aldiz jarraian egin zidan galderari erreparatuz, argi dago lehendakariak oraindik asignatura pendiente batzuk dauzkala: eskubide sindikalak, errespetua eta eztabaidarako oinarriak… Paperak erabat galduta eta bi aldiz galdera bera errepikatu eta gero, erantzuna entzuteko paradarik ez zuen eman eta alde egin zuen, segundo batzuk geroago berriro ere pankartara hurbiltzeko. Zer bilatzen zuen? Gu beldurtzea? Gu probokatzea? Ba ez bata ez bestea… beste maila batean gaude… “Baru”-k zioen moduan, “klaserik altuena gara, langile klasea!”

Zergatik zara zu LABeko militante? 
Ezker abertzalekoa naizelako eta independentzia eta sozialismo helburu estrategikoekin erabat lerrokatzen naizelako. Zentzu honetan, LAB sindikatuaren proiektua helburu horietarantz eraman gaitzakeen sindikatu bakarra delako. Hutsuneak hutsune eta gauza askotan hobetu beharra dagoela, LAB ez da edonolako borroka eta antolatzeko tresna langileontzat, Euskal Herrirako ezkerreko proiektu sozial eta politiko osoa daukan bakarra da, alegia.

Osakidetzan mobilizazio egutegi bat dago deitua. Azaroan eta abenduan zehar bost lanuzte egingo dira. Zein da Osakidetzaren osasuna gaur gaurkoz?
Egia esan, Osakidetza egoera penagarrian dago, UCI-n sartzeko moduan alegia. Pribatizazio eta suntsiketa prozesu luze baten ondorioak baino ez gara ikusten gaur egun: Azkuna jaunak hasitako bidea, geroago PSE-k aurrera eramandako politika berbera eta, azken urteotan, PNV berriro. Biak ala biak, Troika-k agindutako irizpide berak inposatzen, Madrilen, Grezian, Portugalen, Britania Handian eta hainbatetan egin bezala. Errezeta berdinak erritmo ezberdinean aplikaturik, jendartearen erantzuteko ahalmenaren arabera: aurrekontuak murriztu, kontratazio jaitsi eta osasun pribatua bultzatu.

Murrizketa ugari eta bortitzak ari dira izaten, zerbitzuetan nahiz lan eskubideetan. Lan eskubiderik gabe ba al dago kalitatezko zerbitzurik? 
Ez. Zerbitzu baten kalitateaz berba egiten dugunean, batez ere zerbitzu horretako langileek eskaintzen duten arretaz ari gara. Beraz, beharrezkoa den langile kopurua ez denean betetzen, berez penagarri den txandakako lanpostu batean lanaldiak luzatzen direnean, kontratazio prekarioak egiten direnean, gaixorik egonda lanera joan behar duzunean, ezin dugu kalitatezko osasun arretaz hitz egin. Baina zerbitzu publikoetako langileon aurkako ofentsiba hau ez da kasualitatea: kapitalaren erasoaldi honen aurrean langile publikoaren lan-eskubideen eta baldintzen bermea irudi kolektiboaren azken barrikada dugu; gaur egun horixe bera dugu bizitza osorako lanpostu egonkorraren azken heldulekua. Hori ez da egokitzen birsortu nahi duten gizarte kapitalistaren markora.

Osasungintzatik harago ere langileon eskubideon aurkako erasoaldi bete-betean jarraitzen dugu, lan eskubideen kontrako erabakiekin eta eskubide sozialen kontrako etengabeko neurriekin. LABeko kide zaren neurrian, sindikalgintzak gaur dituen erronka eta funtzioen inguruan zer diozu? 

Uste dut gure borroka funtsezkoa dela gaur bizi dugun fase historikoan. Sindikalgintzak borroka egiteko eta antolatzeko lekua izan behar du, norbanakoen mugak eta taldearen indarra bideratzen lagun dezakeena. Lehenengo eta behin, langile klasea berdefinitu behar dugu eta marxismoaren tresnak erabili gaur egungo fase historikoa zehaztasunez definitzeko. Eta hortik abiatuta, helburuak argi, kalean dagoen amorrua antolatu eta borrokatu. Historiak argi utzi digu goikoek ez dutela ezer emango guk kentzen ez badiegu. Eta langileok ez ditugu halako irakaspenak ahaztu behar, ezta gaur egungo Euskal Herrian ere… barrikadak ezin dira iraganeko kontua izan.

Beraz, nahitaez, kalea lantoki izaten jarraitu beharko dugu, erasoen aurka, murrizketen kontra….?
Jakina! Orain arte lortutako guztia kalean lortu da. Aldarrikatzen dugun euskal jendartea lortu bitartean, mundu justua eskuratu bitartean, gure osasun sistema publikoa arriskuan dagoen bitartean, kalean egongo gara, gure helburuen alde borrokan eta irteerarik gabeko bidera eraman nahi gaituzten lehendakari gris horiei guztiei aurre egiten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.