2026-10-01
HomeEkintza SozialaPrekarietatea eta pobreziaGuneak pobreziaren eta prekarietatearen kontrako mobilizazioak iragarri ditu

Guneak pobreziaren eta prekarietatearen kontrako mobilizazioak iragarri ditu

Euskal Herriko eragile sozial eta sindikatuak biltzen dituen Gune Plataformak mobilizaziak iragarri ditu gero eta zabalagoa den probrezia eta prekarietatea salatzeko. Ostegunean, urriak 17, Probreziaren Aurkako Nazioarteko egunean, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea burutuko du eta azaroaren 7an Legebiltzarraren atarian.

Mobilizazio kanpainaren aurkezpenean Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia, izan da. Adierazi du, urtero gertatzen den moduan, aurtengoan ere tamalez, erakunde eta organismo ofizialek neurri bat bera ere ez dutela iragarriko pobreziari aurre egiteko. Pobreziaren kontrako nazioarteko egunean diskurtso ofizialak faltako ez badira ere, hurrengo egunean "gauzak berdin" jarraituko dutela gaineratu du Etxaidek.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan pobreziaren arazoa ez da ekonomikoa, "politika eredu baten emaitza besterik ez da". Honi aurre egiteko eredua aldatu behar dela aldarrikatu du eta bide horretan kokatu du Guneak martxan jarritako probrezia eta prekarietatearen aurkako kanpaina.

Gune plataformaren irakurketa
POBREZIARA ETA PREKARIETATERA BEHARTZEN GAITUZTE. EUSKAL HERRIAK BERE BIDEA

«Gune plataforma osatzen dugun sindikatu eta erakunde sozialok joan den otsaila eta martxoan Pobreziaren eta Prekarietatearen aurkako Kanpaina bat egin genuen. Orduan salatu genuenez, aplikatzen ari diren politika antisozialak herritar gehienak pobretzea eragiten dute, eta gutxiengo bat aberastea dakarte. Egoera honek okerrera egingo luke Europar Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) sekretupean negoziatzen ari diren Merkataritza Libreko Hitzarmenarekin, merkatuek pertsonen eta herrien bizimodua areago hondatuko baitute.

Prekarietatea, pobrezia, babes gabezia, zalantza, eskubide murriztuak, aldi baterako enplegua, migrazio derrigortuak… Osagai hauek taxutzen dute esplotazioaren gainean eraikitako sistema ekonomiko bidegabe bat, eta desberdintasuna gero eta handiagoko sistema soziala. Esplotazioa eta desberdintasunaren biktima nagusia emakumea da.

Hego Euskal Herriko langabezia tasak %16a gainditzen du, hots, EBko batez besteko maila baino 6 puntu handiagoa da. Enplegurik gabe dagoen jendearen erdiak baino gehiagok ez du langabezia-prestaziorik jasotzen. Prestaziorik gabeko langabe portzentajea etengabe ari da hazten. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak prestazio sozialak moztu egin dituzte, zenbatekoari nahiz bera jasotzeko epeari dagokionez, eta hainbat kolektibo inolako babesik gabe utzi dituzte. Pobrezia maila azken 25 urteotako handienetakoa da. Emakumeek latzago jasaten dute pobretze dinamika hori. Beraz, agerian geratzen da sistema sozial honek herritarren erdia desberdintasun handiagoa pairatzera derrigortzen duela.

Horrenbestez, Pobreziaren eta Prekarietatearen aurkako Kanpainari berriz heldu behar diogu, batik bat orain, zenbaitek zalantzan jartzen baitu babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina izateko aukera bera ere. Hauek dira gure eskariak:

Gutxieneko soldata zeharo hobetzea, ekiditeko lanean dagoen edonor pobrea izan dadin.

Langabezia-prestazio duina, enplegurik aurkitzen ez den bitartean.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE edo RGI) eta Gizarteratzeko Errentaren (Oinarrizko Errentaren) zenbatekoa gehitzea, egungo LAGSEren (SMI) gainetik. Horrekin batera, kide bat baino gehiagoko bizikidetza-unitateei aplikatzen zaien eskalak gehitzea. Egun indarrean dagoen sistemaren ordez diru-sarrerak bermatzeko sistema berri bat ezartzea, eskubide soziala izango dena. Bizimodu duina izateko eskubidea bermatu beharra dago. BDE eta Gizarteratze Errenta mantenduko direla bermatzea, baliabide ekonomikorik ez dagoen bitartean. Gizarte-Larrialdietarako laguntzak jasotzeko eskubide subjektiboa aitortzea; laguntza horiek benetako beharrizanak osatu behar dituzte.

Prestazio sozialak jasotzeko aukera aitortzea murrizketen ondorioz baztertuta geratu diren kolektibo guztiei.

Prestazio sozialak kudeatzerakoan aplikatzen ari diren irizpide murriztaileak alde batera uztea.

Aurrekontuak gehitzea, ahalbidetzeko zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak (osasungintza, hezkuntza, enplegua, arreta soziala) izango direla.

Pertsona guztiei osasun eta osasun-arreta eskubidea, hezkuntza eskubidea eta etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzea. Halaber, bermatzea baliabide ekonomiko nahikorik ez duelako inor ez dela argindar, gas edo urik gabe geratuko.

Erakundeen konpromisoa, babes sozialeko sistema oso bat ezartzea ahalbidetuko duten tresna propioak ezartzeko; sistema horri esker Euskal Herrian guztiek bizimodu duin, autonomo eta egokia garatzeko bitarteko eta baliabide nahikoak izango lituzkete.

Helburuok Hego Euskal Herriko erakundeak aplikatzen ari diren aurrekontu- eta zerga-politiken goitik beherako aldaketaren baitan leudeke.

Horregatik, dei egiten dugu ondorengo mobilizazioetan parte hartzera: urriaren 17an, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunez, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza aurrean, eta azaroaren 7an, Gasteizko Legebiltzar aurrean.»

  

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.