2026-11-06
HomeEkintza SozialaEtxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.

Azaroaren 11ko greba orokorrak etxebizitza eskubidea bermatzeko norabidean urrats sendoak eta egiturazkoak emateko balio behar du, eta neurri horiek aletu ditugu gaur Donostian eginiko agerraldian.

Hiru eraldaketa nagusi mahaigaineratu ditugu: batetik, irabazi pribatuek eta higiezin patronalaren interesak etxebizitza politikaren erdigunetik ateratzea eta etxebizitza langileon eta herritarron beharren arabera antolatzea, parke publikoa ardatz duen planifikazioa eginez; bestetik, etxebizitza politiketan egin beharreko eraldaketak kapitalak ordaindu behar izatea, eta irabazi espekulatiboen kontura egitea, urte luzez negozio pribatuan oinarriturako etxebizitza politikek ekarri gaituztelako egungo egoerara; azkenik, jarduera espekulatiboak debekatzea eta espekulatzeko erabiltzen diren milaka etxebizitza berreskuratzea, behar kolektiboen mesedera jartzeko.

Hiru eraldaketa horien bidean, honako neurri hauek proposatzen ditu sindikatuak:

1. Espekulazioa eteteko neurriak. Etxebizitzen erabilera espekulatiboak ezabatzeko neurriak proposatu ditugu LABetik, eta espekulazioa eteteko politika fiskalaz baliatzea horretarako; hala nola jabe handiei, multi-errentariei eta espekulatzaileei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga igota, pizgarri fiskalak soilik sare publikoen bidez eta prezio mugatuan alokatzen dutenei emanda; ondare eta aberastasunaren gaineko zerga indartuta; eta etxebizitza hutsei errekargoa aplikatuta. Era berean, aldi baterako jardunerako erabiltzen diren eta negozio turistikorako bahituta dauden etxebizitzak berreskuratzeko neurriak galdegin ditugu.

      2. Etxebizitza parke publikoa zabaldu eta indartu. Putre funtsak desjabetu eta Euskal Herritik kanporatu. Alokairu publikora bideratzeko lurzoru erreserbak handitzea eta proiektu horiek garatzeko finantzazio nahikoa bermatzea proposatu dugu, eta, horrez gain, EAEn etxebizitza publiko babestuak %60 murrizteko erabakia atzera botatzeko eskatu du. Horrez gain, EAEn zein Nafarroan putre funtsen esku dauden etxebizitzak desjabetzeko plangintza ekonomiko zehatza egitea planteatzen dugu LABetik. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuei eskatzen die etxebizitzak lehentasunez erosteko ahalmena, eta baita legez gauzatu dezaketen espropiazioa erabiltzeko ere, etxejabe handien etxebizitzak berreskuratu eta parke publikoa handitzeko.

      3. Prezioak jaisteko neurriak, etxebizitzara sarbidea errazteko. Alokairu prezioak jaisteko, proposatzen dugu Hego Euskal Herriko lurralde osoa eremu tentsionatu izendatzea, alokairu prezio guztiak egungo erreferentziazko indizera egokitzea (etxebizitzek funtzio soziala bete dezaten) eta alokairuen igoerak izoztea. Erreferentziazko indize berri bat garatzea ere eskatzen dugu, egun jada altuegiak diren alokairu prezioak oinarri hartu ordez langileen soldatei lotua egongo dena. Lehen etxebizitza erosteko diru laguntza publikoak ematen diren kasuetan, etxebizitza horren etorkizuneko salerosketaren prezioa mugatzea ere proposatu dugu. Gogorarazi behar da Etxebiden izena emanda dauden guztien %80ek alokairuan alde egiten dtuela, eta 36 urtetik beherakoetan %100ek. Horrek erakusten du jaurlaritzak abian jarritako abalen diru lerroak beharrizan orokorretatik aldenduta daudela.

      4. Alokairu kontratu mugagabeak. Iraupen mugagabeko alokairu kontratuak ezartzea planteatu dugu LABetik, eta jabeek etxebizitza erabilera propiorako berreskuratzeko beharra dutenean arau, prozedura eta berme argiak ezartzea, etxebizitzarako eskubidea bermatzea izanik lehentasun nagusia. Egun aukera hori EAJren esku dagoela gogorarazi behar da, Madrilgo bozkarekin milaka maizterren egonkortasuna bermatu dezakeelako. Norabide horretan, Aitor Estebanen alderdiari bere ezezkoa aldatzeko eskatu diogu beste behin ere.

      5. Etxegabetze guztiak gelditu. Bizitoki alternatiba egokirik gabeko etxegabetzeak epemugarik gabe etetea planteatu dugu, eta bizitoki alternatiba bermatzeko etxejabe handien etxebizitzak desjabetu eta alokairu sozialerako erabiltzea. Gainerako kasuetan, bizitoki alternatiba eskaintzeko gai izango den parke publiko sendoa eratzea beharrezkoa ikusten dugu; baita ere, EAEko eta Nafarroako etxebizitza legeek etxebizitza eskubide subjektiboa aitortzen duten heinean, bizitoki alternatiba eskaintzeko prozedurak egokitzea, argiak eta eraginkorrak izan daitezen. Era berean, zaurgarritasun egoera zehazteko aldagaietan azterketa sakona egin behar dela defendatu dugu.

      6. Arrakala matxistak eta arrazistak ezabatzeko neurriak hartu. Etxebizitza izateko eskubidea pertsona eskubideei bermatu beharreko eskubidea da. Horregatik, egun agentziek eta etxejabeek ezartzen dituzten sarbideko baldintza diskriminatzaileak eta generoagatik edo arrazagatik egiten diren abusuzko praktikak zigortzeko mekanismo zorrotzagoak ezarri behar direla uste dugu LABen, eta joera horiek kontrolatzeko neurriak hartu behar direla.

      Etxebizitza eskubidearen aldeko neurriak bultzatzeko greba orokor moduan ulertzen dugu LABen azaroaren 11koa, eta, horregatik, patronalak eta instituzioak interpelatuko ditugu, soldaten eta etxebizitzaren eremuan langileen aldeko politikak egin ditzaten. Alde batetik, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskatuko dugu, bertako errealitate sozioekonomikoa aintzat hartuko duena. Bestetik, etxebizitzari dagokionez, egoera errotik aldatzeko neurriak eskatuko ditugu. Nagusiki Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egingo die LABek interpelazioa, etxebizitzaren eremuan eskumen zabalak dituzten heinean. Eskatuko diegu higiezinen patronalaren neurrira eraikitako ereduarekin amaitzeko eta autogobernua langileen interesekoak diren politikak egiteko baliatzeko.

      Baina ez hori bakarrik. Egungo autogobernu maila zabaltzeko ere exijituko diegu, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratuz joan dadin eta etxebizitza politika garatzeko eskumen berriak eskuratu ditzaten, hemengo errealitatearen eta indar harremanen araberako neurriak har daitezen. Izan ere, bada garaia Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko.

      Hain justu, gaur aletu ditugun proposamenak Euskal Herriko arduradun instituzionalekin eta alderdi politikoekin partekatuko ditu LABek, eta, asmo horrekin, bilera eskaerak egin dizkiegu Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari eta Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politika kontseilariari. Halaber, bilerak eskatuko ditugu Hego Euskal Herrian ardura instituzionalak dituzten alderdiekin: EAJrekin eta PSErekin, Nafarroako eta EAEko gobernuetako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako gobernuak osatzen dituzten alderdi nagusiak diren heinean; eta EH Bildurekin, Euskal Herriko lehen indar munizipalista den heinean.

      Asko dira sindikatuak etxebizitzaren eremuan irekita dituen gatazka sindikalak, eta antolatutako ehunka maizterrek, aldaketa orokorrekin batera, egoera zehatzen soluzioak ere behar dituzte. Horregatik ere egingo ditu LABek bilera hauek, eta horregatik jotzen dugu garrantzitsutzat azaroaren 11an lantokiak hustu eta kaleak betetzea.

      Negozioa iraunarazteko neurriak

      Gure proposamenen berri emateko ez ezik, etxebizitzaren eremuan azken asteetan hartutako neurrien gaineko balorazioa egiteko ere baliatu dugu gaurko agerraldia.

      Egunotan EAEn eta Nafarroan eztabaidagai dauden aurrekontu proiektuei eta EAJk eta PSEk EAEko hiru foru ogasunetarako egindako akordio fiskalei erreparatu diegu lehenik. Aurrekontu proiektuei dagokienez, erroko aldaketarik ez badago, espekulazioa elikatu dezaketela ohartarazi dugu, eta antzerakoa gertatzen dela egun indarrean dagoen eta EAJren eta PSEren akordioak berretsitako eredu fiskalarekin: etxebizitza negozio eta inbertsio gisa tratatzen jarraitzen du, oinarrizko eskubide gisa bermatu beharrean. Izan ere, akordioak alokairutik errentak jasotzen dituztenentzat bonifikazioak ditu ardatz, alokairu errenta edozein dela ere %30 edo %35ekoak gutxienez, noiz eta milaka herritar alokairuen prezio altuei aurre egin ezinda aurkitzen direnean.

      Putre funtsen menpeko etxebizitzak erosteari dagokionez, berriki jakin da Donostiako Benta Berri auzoko 510 etxebizitzek ez dutela babes ofizialeko kalifikazioa galduko. LABentzat albiste ona da hasieratik publikoak izan behar zuten etxebizitzek babes ofiziala ez galtzea, baina kritiko gara Eusko Jaurlaritzak horretarako erabili duen moduarekin. Izan ere, diru publikoarekin bi aldiz ordaindu dira aipatutako etxeak. Salagarria da bere jabetzakoak behar luketen etxebizitzak erostera diru kantitate izugarria bideratzea. Nafarroako Gobernuak Building Center putre funtsari 1,9 milioi euroren truke 27 etxebizitza erosi izana ere kritikatu dugu. Izan ere, LABen uste dugu putre funtsen esku geratutako babesturiko etxebizitzak eskuratzeko gobernuak ez lituzketela etxe horiek bi aldiz ordaindu behar, eta desjabetu egin behar lituzketela: titulartasuna eta kudeaketa beren gain hartu, kontratuak eta prezioak egungo errealitate ekonomikora egokituta.

      Bestalde, Espainiako Kongresuan eztabaidagai dauden dekretuak ere hizpide izan ditugu. Pedro Sanchezen gobernuak aurkeztutako neurriak adabakiak dira, baina, hala ere, beharrezkoak dira maizterren egonkortasuna eta bizi baldintzak hobetzeko. Horregatik, EAJri eskatu diogu bere hasierako jarrera zuzentzeko eta Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean alokairu kontratu mugagabeen alde bozkatzeko. Izan ere, ez dago erdibiderik: eredu errentistaren alde edo langileen gehiengoaren alde.

      AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

      Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

      LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

      Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

      Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

      Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

      Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.