2026-07-31
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaGreba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da egunaren lehen orduetan

Greba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da egunaren lehen orduetan

Urtarrilaren 30eko greba orokorra hasi da Hego Euskal Herri osoan. Grebaren atariko, pentsiodunen deiari erantzunez ehunka burrunba egin dira herri eta auzoetan. Ordu hauetan esan daiteke ohiko asteguneko aktibitatea baino askoz baxuagoa dela, eta trafikoaren dentsitatean ere nabaritzen dela. Lantoki askotan langileek erabaki dute gaur lanera ez joatea eta piketeak euren lana egiten ari dira poligono eta hiri guztietan.

Greba jarraipen oso zabala izaten ari da industrian, ekoizpena geldirik dago enpresa handi askotan. Gipuzkoan ia erabatekoa da (Irun eta Beasaingo CAF, Jaso, Irizar, ABB Niessen, JMA, Elay, Indar, Bellota, GKN Legazpi, Sapa, Murias, Olaberria eta Bergarako Arcelor Mittal), baita Bizkaiko eskualde batzuetan (Lucart, Ormazabal, Onduline, Tecnichapa, Cementos Lemona, Eika, Zikautxo, Gestamp, Cie Automotive, Aludium) nahiz Nafarroako ipar-ekialdean (Magotteaux, Aceros Moldeados, Guerra Hermanos, Sarriopapel, Cementos Portland, Arcelor Lesaka, Funvera, Savera).

Greba jarraipen zabala izaten ari da beste eskualdeetako enpresa garrantzitsuetan: Bilbo Handian (Eldu, Construcciones Olabarri, Lucart, Tecnia, Navacel, Lamincer, Arisawa, Mesa, Arteche), Araban (Condesa, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Envases Metalúrgicos, Jez, Auria, SDA, Laminaciones Arregui, Guardian, Sidenor Legutio, Arcelor Agurain, Froneri) nahiz Iruñerrian (Lácteos, Perfil en Frío, Uscal, Argal, Kybse, VW Navarra, Faurecia Orkoien, Tecnoconfort, Videcart).

Zerbitzu pribatuetan ere jarraipen zabala aurreikusten da. Herri askotako merkataritza txikia ixtekotan da, baita eskoletako eta enpresetako jangela ugari ere, Hego Euskal Herri osoan, adibidez, Gurutzetako ospitaleko kafetegia gaur itxita izango dena. Merkataritza-gune handi batzuk ez dira gaur irekiko (adibidez, Donostiako Garberako Eroskik bere historian bigarrenez grebarekin bat egin duena).

Garraio publikoko linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira eskaintzen ari, erabat gehiegizkoak, orain baino lehen ere salatu izan dugunez.

Osasun publikoan ere salaketa bera egin beharrean gaude.

Zerbitzu publikoekin jarraituz, administrazio publikoan, esaterako Gipuzkoan, hamarnaka udaletxe itxita izango dira, batez ere Gipuzkoako udal handi batzuk (Beasain, Tolosa, Andoain, Lasarte, Arrasate, Bergara) eta oso jarraipen handia espero da Bilbon, Getxon, Agurain eta Laudion, besteak beste.

Eskola publikoan zabala izango da jarraipena (Nafarroaren kasuan gehiegizko zerbitzu minimoek greba eskubidea urratu dute); %80ko jarraipena Haurreskolak Partzuergoan eta %90etik gorakoa Hego Euskal Herriko Ikastoletan. EHUko zein Nafarroako Unibertsitate Publikoko jarduera gehienak bertan behera geratu dira eta Mondragon Unibertsitatean Enpresaritza eta Giza Zientzien fakultateak itxita egongo dira egun osoan.

EITBn, telebista zein irratian grebak ageriko eragina izango du, albistegiak soilik eta grabatutako programak emitituko dira.

Ordu honetan milaka lagun dabiltza piketeetan Hego Euskal Herri osoko poligonoetan, eta hemendik aurrera herri eta auzoetako dinamikak ere martxan hasiko dira.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.