2026-10-27
HomeEkintza SindikalaLABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Berriki hedabideetan publiko egin da EHUko zuzendaritzak CAF enpresarekin duen hitzarmena ez berritzeko erabakia hartu duela, urriaren 8ko gobernu kontseiluan jakinarazi zena. LABek bat egiten du Joxerra Bengoetxeak gidatzen duen taldeak hartutako erabakiarekin.

Israelgo Estatuak palestinar herriaren aurka daraman genozidio politika komunikabideen lehen orrietatik desagertu den garai hauetan, LAB pozten da unibertsitate publikoak eman duen pausoaren ausardiaz. Zinez, Palestinarekiko elkartasunaren garaipena da.

CAF enpresak urteak daramatza estatu sionistaren mesedetan den azpiegitura lanetan. Horrela salatu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak 2025eko irailean, eta aurtengo irailean berretsi du, Israelgo Estatuaren kolaboratzaileen zerrendan mantenduz.

Gainera, CAF enpresaren zuzendaritzak behin eta berriz uko egin dio bertako enpresa batzordeak eta langileek lanuzteen eta mobilizazioen bidez exijitutakoari; estatu sionistarekin harremanak puskatzeari, alegia.

Ikuspegi merkantilisten gainetik, EHUko komunitatearen gehiengo zabal batek partekatzen dituen gizalegezko baloreak lehenetsi dira. 2024ko otsailean, gobernu kontseiluak, aldeko 40 botorekin eta 2 abstentziorekin, adierazpen bat onartu zuen Palestinako egoeraren harira. Nazioarteko zuzenbidea, giza eskubideak eta NBEren ebazpenak errespetatzen ez dituztenekin harremanak apurtzean datza adierazpena.

Horrez gain, unibertsitateak gerra ekimenak ez garatzeko eta ez bultzatzeko konpromisoa dauka jasota, bai bere kode etikoan, bai 2026an onartutao EHUren estatu berrietan ere, zeinak klaustroaren botoen % 74rekin onartu baitziren. EHUko komunitatearen borondatea argi dago gai honen inguruan, unibertsitate barruko sektore zehatz batzuen interesen eta EHUtik kanpoko esku hartzearen gainetik.

Ustez mundu mailan unibertsitateen bikaintasuna neurtzen duten sailkapenetatik harago, koherentzia eta erantzukizun sozialaren rankingean jauzi handi bat eman du EHU osatzen duen komunitateak. Arlo akademikotik, munduaren aurrean harro aurkezteko modukoa dela uste du LABek.

Halaber, LABek salatu egiten ditu Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburuk eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egindako adierazpenak. Perez-Iglesias Unibertsitate Sailburuak, erabateko arinkeriaz, zalantzan jarri du genozidioa CAFekin kontratu bat ez berritzeko arrazoi eta muga nahikoa denik. Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak ez betetzeaz, ordea, ez dio ezer.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak CAFen erabakiak zuritu nahi izan dituzte beste behin ere. EAJko ordezkari instituzionalentzat genozidioaren aurrean zein da muga, orduan? Gogoratu dezagun lehendakariak berak aurreko urtean, Euskal Herrian Palestinaren kontrako genozioaren kontra egin zen lanuzte eta mobilizazio erraldoien testuinguruan, CAF enpresari hausnarketa etiko bat egiteko eskatu ziola. Bada, agerian utzi dute hausnarketa etiko hori EAJk ere egiteko daukala.

Aurrerantzean, hartutako norabideak sakontzera animatzen ditu LABek Joxerra Bengoetxea errektorea, EHUko zuzendaritza eta unibertsitateko komunitate osoa. LAB bidelagun izango dute. Konpromiso hori berresteko aukerak izango dira, eta LABek lanean jarraituko du EHU publiko, kritiko eta sozialki arduratsu baten alde, Palestinako herriaren eskubideen defentsa eta elkartasun internazionalista oinarri hartuta.

Sionismoaren aurka, Palestinako herriaren eskubideen alde eta herrien askapenaren alde, jarrai dezagun lanean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak" izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.

Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren egoera prekarioaz ohartarazten dugu

LAB sindikatutik berriz ere salatzen dugu Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren narriadura. Lan publikoaren eskaintza batzuetako hautaketa-prozesuak amaitu ondoren, berriz agertzen hasi dira premiak, zailtasunak eta aspalditik datozen arazoak. Egoera ez da berria, eta errepikakorra izateaz gain, eskualdeko beste eremu eta ospitale batzuei ere eragiten die, Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleari, adibidez. Osasun arreta Iruñean zentralizatzeak, pizgarririk ezak eta plantillaren atxikimenduaren aldeko apusturik ez egiteak eragin kezkagarria dute eskualdeko ospitaleetan eta landa-inguruneko zerbitzuan.