Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak” izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.
Olaberriako zuzendaritzak, bere aldetik, modurik okerrenean erantzun du: bere proposamena erretiratu eta mahaitik bueltako datarik gabe altxatu dira.
LAB bere afiliazioarekin bildu da egoera aztertzeko eta zer egin erabakitzeko:
* Langileei azaldu behar zaie zer gertatu den, eta bakoitzak har ditzala bere erantzukizunak.
*Olaberriako negoziazio mahaia oso gertu dago akordiorako.
* Gure akordioa negoziatzea eta 63an jaiotakoak etxera bidaltzea lortzeko ahalegin handia egin behar izan dugu (lanuzteak, batzarrak, presioak…). Ez dugu onartuko lortutakoa kentzea.
* Akordio markorik egon ezean, estatuko enpresa bakoitza bere enpresa-ituna negoziatzeko libre.
* Zuzendaritzari emandako erantzunak irmoa eta aho batekoa izan behar du lantegiko langile eta sindikatu guztien aldetik.
* Horregatik guztiagatik, presio-neurriak hartu behar dira berriro, egoera zuzendu arte.
Gaur lanuztea eta elkarretaratzea egin ondoren, datorren asteazkenean enpresa-batzordea bilduko da
aurrerantzean eman beharreko urratsak erabakitzeko.
LABek argi dauka parte-hartze ildo berari eutsi behar diola, baita honaino ekarri dituen langileen batasuna ere; beraz, erabakiak hartzeko batzarrak sustatzen jarraituko du.

