2026-03-19
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Politika berdinekin jarraituz gero, prekarizazioa eta pobretzea izugarri hedatuko da"

Garbiñe Aranburu: “Politika berdinekin jarraituz gero, prekarizazioa eta pobretzea izugarri hedatuko da”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan izan da, aktualitateari buruz hitz egiteko. Beasteak beste, EAEko aurrekontuei buruz aritu da: “Aurtengo aurrekontuak egoera berezi batean datoz; pandemia baten erdian, osasun krisia oraindik gainditu gabe eta aurretik pairatzen genuen krisi ekonomiko eta soziala guztiz areagotu den momentuan. Horregatik, aurtengo aurrekontuek garrantzia berezia dute, eta guk esaten duguna da orain arteko politika publikoetan norabide aldaketa bat beharrezkoa dela; bestela, politika berdinekin jarraituz gero, prekarizazioa eta pobretzea izugarri hedatuko da”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “ez dugu ikusten momentuak eskatzen duen aurrekontu proiektua denik. Guretzat lehentasunezkoa da inbertsio publikoa berrantolatzea, eta, zentzu horretan, lehentasun horietan, oraindik ere, diru gutxiegi bideratzen da osasungintzara, hezkuntzara, gizarte zerbitzuetara edo enpleguari bultzada ematera. Osasungintzan eta hezkuntzan, esaterako, Europako Barne Produktu Gordinaren zein portzentaia bideratzen den ikusita, batez bestekoaren azpitik gabiltza, eta hor ez dugu ikusten aurreko urteetatik hona aldaketa nabarmenik egon denik”.

LABeko idazkari nagusiaren iritziz, “uste dugu begirada ere epe ertainean jarri behar dela. Zorpetzeko bideari ekin zaio, baina hemen, zerga erreforma bati ekin ezean, diru gehiago ez baldin bada biltzen, errenta altuenak eta irabazi enpresarialak ez badira gehiago zergapetzen, dagoeneko hainbat eremutan ematen diren murrizketak areagotuko dira”.

Bestalde, azpiegitura handienetara diru gehiegi bideratzen dela adierazi du, eta, horren harira, ekonomiaren gaineko kontrol publikoa berrantolatzea beharrezkoa dela aldarrikatu du: “Enpresa handienen esku diru publiko asko uzten da, eta diru publiko horrekin behar sozialetara dirua bideratzeko tarte asko egongo litzateke. Gainera, diru publiko hori inolako konpromisorik gabe bideratzen da, inolako konpromiso sozialik eta enpleguarekiko konpromisorik gabe. Diru publikoa esku pribatuen esku inolako baldintzarik gabe uztearekin batera, enpresen irabaziak finantzatzen dira diru publikoarekin, herriaren eta langileen kalterako”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.