Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Parlamentuan eskaera bana erregistratu dugu, Covid-19aren ondorioz beharrezkoak diren zaintza baimenei bide eman diezaieten eskatzeko, adin txikikoak eta menpekotasuna duten pertsonak zaindu ahal izateko konfinamenduan. Eskaera egitea ez ezik, elkarretaratzea ere egin dugu aipatutako erakundeen egoitzen aurrean, “Gu noren kargu” lelopean.

LABeko Ekintza Sozialeko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak adierazpenak egin ditu Bilbon; Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak, Iruñean.

Ia bi urte egingo ditugu COVID-19ak eragin digun pandemiarekin. Jakin badakigu askotariko egoera konplexuak eragin dituela, osasungintzari, egoera sozioekonomikoari, enpleguari zein zaintza esparruei atxikiak esaterako. Bilbon eta Iruñean egindako elkarretaratzeekin eta erregistroekin, zaintzaren arloan ematen ari diren egoeren aurrean erakundeek neurriak har ditzatela eskatu dugu. Hau da, zaintza erdigunean jarri eta berau bermatua izan dadin neurriak har ditzatela, ezinbestean eta urgentziaz. Izan ere, LAB sindikatuaren iritziz, agintariei dagokie erabaki eta neurriok hartzea, ez baita beste alde batera begiratzeko unea. 

Urte eta erdi geroago, egoera berean

LABek 2020ko udan, hortaz, pandemiaren lehen fasean, proposatu zuen jada zaintza arazoak zituztenentzat baimen bereziak sortzea. Eskaera hori Hego Euskal Herriko patronalei zein Gobernuei zuzendu genien modu espresuan, idatziz. Urte eta erdi geroago, ordea, orduan ginen puntu berean gaude tamalez. Kezka handiz heltzen diogu gai honi eta baita sindikatu bezala dagokigun arduratik ere. Orain urte eta erdi horrela egin genuen, eta oraingoan ere horrela dihardugu. 

Eskola-jarduera berreskuratu da, baina ezin esan dezakegu “egoera normala” bizi dugunik. Jakin badakigu COVID-19 birusak gure herri eta etxeetako gazte eta haurrak gogor jo dituela azken hilabeteetan. Horrek, ondorio garbia izan du: haur eta gazte asko eta asko gutxienez 10 egunez etxeratuak izan dira (ehunka izan dira azken hilabete gutxian itxi diren gelak eta milaka etxean egoteko beharrean gertatu diren gazte eta haurrak). “Baina, nor egin da, gehienetan, bakarrik utzi ezin diren haur horien kargu?”, galdetu dugu Jaurlaritza eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Galdera horrek erantzunik ez duela izan nabarmendu dugu. Hain zuzen ere, haur eta gazteen etxeratzea erabakitzen duten administrazioak berak ez du erantzunik eman pertsona horien zaintza bermatzeko.

Auzi edo arazo erabat indibidual bilakatu da, hau da, zure haurren bat konfinatu badute, zuk jakingo duzu zer egiten duzun, zein aukera dituzun. Eta aukera horiek Euskal Herriko herritar gehienontzat oso mugatuak dira: inguruko zaintza-sareetako kideren batekin utzi, maiz aiton-amonak, horiek kutsatzeko arriskuarekin; edota gurasoek hartu zaintza bere gain. Bigarren kasu horretan, ordea, ez dago berme-juridikorik; izan ere, egun aplikagarri dugun markoak ez du aurreikusten zaintzarako baimenik. 

Sektore publiko zein pribaturako

Ezohiko egoerek ezohiko neurriak eskatzen dituzte. Hortaz, ezinbestean eta urgentziaz neurri horiek ahalbidetuko dituzten markoak sortu behar dira. Hain zuzen, horretan Gasteizko eta Iruñeko gobernuek badute marko horiek bultzatzeko eginbeharra, ondoren, COVID-19ak eragindako zaintza baimenei bide emango diena. 

Finean, zaintza beharrak dituzten pertsonen konfinamendua tarteko, kutsatuak izan direlako zein kontaktu izan diren kasuetarako, horien ardura hartuko duten pertsonentzat zaintzarako baimenak eratzea exijitzen dugu, sektore publiko zein pribaturako. Horretarako beharrezkoak diren erabaki eta neurriak hartzea eskatu dugu, hori ahalbidetuko duen mahaia eratzea gobernuari dagokion lidergoarekin. 

Horrekin batera, LABen ustez, baimen horiek erantzunkidetasun neurriekin batera arautuak izan behar dira; zeren eta jakin badakigu hori horrela izango ez bada emakumeak hartuko dutela zaintza ardura beregain. Batu behar dugu ere, telelana edo lan ez presentziala ezin direla kontziliazio neurri gisa ulertu, horretarako joera garbia izan den arren azken urteotan; izan ere, horrek enpleguko lanak eta zaintza lanak aldi berean gauzatzea dakar eta ez dira bateragarriak, biak lanak baitira eta dagokien aitortza, denbora zein dedikazioa eskatzen dute. 

Ondorioz, Bilbon eta Iruñean erregistratutako idazkien, berriro ere eskatu diegu agintariei egun bizi dugun egoera aintzat hartu, herritarron arazoak erdigunean jarri eta dagokien arduraz joka dezaten. Kasu honetan, zaintza baimenak sortzeko beharrezkoak diren baliabideak errazteko eskatu dugu zehazki.