2024-10-11
InicioEducaciónHezkuntza ErreformaArkatzak zorrozteko garaia da

Arkatzak zorrozteko garaia da

Garai korapilatsuak bizi ditu hezkuntzak. Korapilotsuak diogu gure herriaren asimilaziorako eta egungo jendarte kapitalista eta patriarkalaren mantenurako urrats erabakiorrak egin nahi dituztelako. Inposizioz beteriko garaia dugu eta hezkuntzan ere Euskal Herriaren eta euskal herritarron kontra oldartzen ari zaizkigu. Koadrodun koaderno amaigabeetan «ez dut berriz egingo» idazteko nahi dituzte gure arkatzak.

Frantziar Estatuan aspaldikoa da Gobernuak hartutako erabakia. Fillon legea hor dugu. Euskararen kontrako legeek itota eta inongo baliabide gabe uzten ari dira Ipar Euskal Herriko ikastolak. Onargaitza da, adibidez, Kaskarotenea ikastolaren kontra Ziburuko auzapezak hartutako neurri bidegabeak. Herritarron erantzun eta babesa, ordea, ikaragarri sendoa izan da. Diruz ez besterik, konpromiso irmoak hartu dira Ziburun ere euskalduntzeak posible izaten jarrai dezan. Denon laguntza izaten jarraitzen dute, dena den.

Espainiar Estatuan egoera ez da bestelakoa. Jakin badakigu Estatua egiturazko krisi batean sartuta dagoela. Egiturazkoa diogu ez duelako arazo ekonomiko hutsa, integrala du. Ez da ekonomiak okerrera egin eta lanpostu batzuk galdu direla, ez. Harago doan arazoa du Estatuak. Gobernuko eta oposizioko alderdi nagusiaren baitako ustelkeria, estatu buruzagitzaren familia epaitegietan, giza eskubideak urratzeagatik Europatik datozkion zigorrak, autonomien Estatua bera kolokan jartzen duten gero eta ahots gehiago, ditxosozko konstituzioaren birmoldaketa eskaerak…

Hau guztia konpontzeko nahiarekin, gainera, ustezko ongizate estatuarekin bukatzeko hautua egin eta erreforma sakonei ekin zieten aspaldi. Batetik, zerbitzu publiko gisa definitutakoen pribatizazio eta zentralizazioari ekin zioten, horra hor lan erreforma, osasungintza pribatizatzeko neurriak eta Lomce legea bera, adibidez. Azken hau, neoliberalismo basatia helburu, ikasleak nahi duten sistema horretako robot alienatu izatea du xede. Ez lirateke, beraz, erreforma estrukturalak bururaino gauzatuko, hezkuntzan ere horrelako legea onartuko ez balute. Izan ere, jakin badakite hezkuntza herri eta jendarte baten eraikuntzan zutabe nagusia dela. Horra hor urteetan eman dioten erabilera alderdikoi eta doktrinatzailea. Ez da kasualitatea. Nolako hezkuntza, halako herria. Nolako hezkuntza, halako jendartea.

Eta Hego Euskal Herrira etorrita, aitortua ez izateaz gain, zapaldua den herri batean aurkitzen ditugu inposaketa guzti horiek. Ezberdinak badirudite ere, finean, helburu berdintsuak dituzte Nafarroan zein EAEn gobernuek darabiltzaten hezkuntza politikek.

Nafarroari dagokionez, harro dabiltza Iribas eta konpainia. Urteetan zehar erregimenak izandako boterea baliatuz, ondotxo daki hori Barcinak, hezkuntza nahieran erabili dute ikasle nafar-espainolak hezteko. Orain, «Lomce a la Navarra» aplikatzeko. Botereak ematen dizkien tresna faxista guztiak baliatu eta «euskal» ororen kontrako gurutzada muturreraino eraman dute. Euskara itotze nahitik, D ereduko irakasleen kontra oldartu edota dozenaka ikasle erreprimitzen ahalegindu arte. Baina aldaketa nahia dagoela argia da. Nafarroan haize freskoa dator. Eta hori hezkuntza komunitateak egindako lan amaigabeari esker etorriko da.

EAEra etorrita, Nafarroan deabrututa dagoen «euskal» hori konplexu barik erabiltzen bada ere, gauzak ez dira bestelakoak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere Lomce aplikatzeko hautua egin du Cristina Uriarteren sailak. Gainera, hezkuntza komunitateak 2013ko urriaren 12an Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioa aldarrikatzeko deitutako nazio manifestazioaren bezperetan, Jaurlaritzak hezkuntza plan berri bat jarri zuen mahai gainean: Heziberri 2020. Lidergoa hartu eta bertoko hezkuntzaren defentsarako bandera hartu nahi izan bazuen, bidean, uste baino arazo gehiago topatu ditu Uriartek.

Heziberri ez da Lomce ekiditeko plana. Ez da, beraz, egungo hezkuntza defendatzeko ere; izan ere, Lomce ekiditen ez badu, nekez defendatuko du egungoa. Horrela balitz ere, ez litzateke nahiko izango, inondik inora. Egungoa mantentzeak sistema kapitalista eta patriarkalari zein estatuei lotuta segitzea suposatzen baitu. Hezkuntzan aurrera urratsak egin behar ditugu, tinkoak.

Ezker abertzaletik proposamen honen hasieratik zuhur jokatu dugu. Lehenengo atala parte hartze zabalik gabe gauzatu bazen ere, «ez nahikoa» izanik ere, aukera bat eman genion. Beharrezko irakurketa kritikoa egin, eta aurrerantzean proiektuaren bigarren eta hirugarren faseetan zer nolako urratsak egingo ziren zain gelditu ginen.

Orain bigarren fasea bukatzear dago. Dekretu curricularrak onartuko ditu Hezkuntza Sailak. Orain arte mahai gaineratu dutenaren iritzia argia da: Jaurlaritzak Lomceren euskal aplikazioa egin nahi du dekretuokin. Eragile gehienek ezezkoa adierazi diete dekretu horiei. PNV bakarrik gelditu da PPrekin. Hizkuntz ereduekin akordioa lortu zuen Wert-ekin, eta orain dekretu curricularretan PP alde du. Honek asko esaten digu.

Dena den, ez da arinkeriaz aritzeko garaia. Guk Hezkuntza Sistema Propio bati ekiteko inoizko aukerarik egokienaren aurrean gaudela uste dugu. Horregatik, Heziberri bera ere bide horretan aukera gisa kokatzen dugu. Ezker abertzaletik Heziberri baldintzatu eta Hezkuntza Sistema Propio baten bidean kokatzeko ahaleginak egingo ditugu, hainbat hezkuntza eragilek adierazitakoaren bidetik. Bi aukera ditugu mahai gainean, beraz: Bat, Heziberriren kontra agertu eta berriz ere dugun ereduarekin talka etengabearekin jarraitzea; edo, bi, Heziberriri beharrezko kritika guztiak egin, gure bidean norabidetzeko bitarteko guztiak jarri, eta nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioaren bidean lerrokatuz urrats erabakiorrak egitea. Ezker abertzaletik bigarrenaren alde egingo dugu. Eta herritar, hezkuntza eragile zein alderdiei norabide horren alde egin dezaten deia luzatu nahi diegu. Bestelako eredu baten alde egin nahi badugu, denok gara beharrezkoak. Herri gisa pentsatuz Euskal Herriarentzat eraikitako sistemaren alde, guztiekin adostasunetara heltzeko konpromisoa berretsi nahi dugu gaurkoan ere. Bururaino gauzatuz gero, gainera, Heziberrik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege bat ekarriko du azken faseko proiektu gisa. Bertan gure oinarriak diren Euskal Curriculuma, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen murgiltze eredua eta publikotasun eredu berri baterako urratsak bildu beharko dira. Gainera, Euskal Herri osorako hezkuntza lege propio bati heltzeko aukera irekia utzi beharko luke.

Konplexu gabe esan nahi dugu, gainera, badirela askatu beharko ditugun korapiloak. Asko dira, bai, baina heldutasunez eztabaida guztiei heldu eta elkarlanean irtenbidea topatu beharko diegu. Konplexu gabe diogu ere lan asko egin dela gaur arte, eta horren arabera definitzen dugu gure hezkuntza eredua: Udalbiltzak zehaztutako «Euskal Herritarron Hezkuntza Eskubideak», Nazio Eztabaida Guneak bere garaian bultzatutako «Oinarrizko Hezkuntza Akordioa», ezker abertzaleak zehaztutako «Hezkuntza Politika Berritua»… Dena den, gure baitan guzti honen inguruko eztabaida gauzatuko dugu, aurki. Eta konplexu gabe diogu ere gure sistema propioaren ezaugarri nagusiak zeintzuk diren: euskara ardatz duen eleaniztasunean oinarritutako sistema, Euskal Curriculuma oinarri izanik curriculum propioei ateak irekiko dizkiona, inklusiboa eta aukera berdintasuna bultzatuko duena, hezkidetzak sistema osoa bustiko duena… eta publikoa, publiko herritarra, «Euskal Publikotasuna» definizioaren baitan duen ulerkerarekin.

Hezkuntza sistema propioaren alde urrats tinkoak egiteko unea da, ezker abertzalean horren alde egingo dugu, ezinbestean. Guk eraiki nahi dugun Euskal Herri berriaren historia, kultura, hizkuntza, balioak, nahiak, ilusioak eta etorkizuna idazteko nahi ditugu gure arkatzak. Bazioen ikasle mugimenduaren kanpaina batek 2005ean: arkatzak zorrozteko garaia da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Intolerable imposición de la Guardia Civil en Iruñea

La Guardia Civil ha decidido trasladar sus actos de celebración del 12 de octubre en Iruñea al pabellón Larrabide ante la previsión de mal tiempo. Esta decisión, avalada por el Gobierno de Nafarroa, supondrá la suspensión de todas las actividades y competiciones deportivas previstas en dicha infraestructura.

La plantilla de Acciona Energía-EROM en Nafarroa vuelve a realizar un paro de 3 horas para denunciar la incesante destrucción de empleo en la...

Trabajadoras y trabajadores de EROM en Nafarroa han realizado hoy un paro de tres horas y una concentración ante la planta de Sarriguren en protesta por los despidos continuos y por el empeoramiento de las condiciones laborales.

Hemos reclamado regular en Nafarroa el salario mínimo y la jornada laboral

El sindicato LAB ha reunido hoy en una asamblea a más de 300 delegados y delegadas en la Casa de Cultura de Burlata (Nafarroa) en el marco de la campaña Langileen alde (por los trabajadores y las trabajadoras) que busca establecer un salario mínimo de 1.600 euros y una semana laboral de 30 horas y reforzar los servicios públicos. Al finalizar la asamblea, han marchado hasta la sede de la Agencia Integral de Empleo y Formación de Nafarroa, Iturrondo, donde el coordinador general de LAB, Igor Arroyo, ha pedido que se regule el salario mínimo y la jornada laboral en Nafarroa y ha criticado que diez años después del cambio institucional no haya una apuesta estratégica por reforzar los servicios públicos.