2026-08-22
InicioSecretaría de Salud LaboralMobilizazioakLangile batek bizitza galdu du Abadiñoko Talleres Unamunzaga enpresan

Langile batek bizitza galdu du Abadiñoko Talleres Unamunzaga enpresan

2012an dagoeneko Euskal Herrian gutxienez 53 langile hil dira. LAB sindikatuak Abadiñon izandako heriotz istripua salatu eta herrian deitutako mobilizazioekin bat egiten du.

Gaur, azaroak 13, langile bat hil da Abadiñon, Talleres Unamunzaga enpresan. Estanpagailu batek buruan eta bularraldean jo du, eta kolpearen ondorioz hil da.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, hildako langilearen familia, lagun eta lankideei dolumina eta elkartasuna adierazi nahi diegu.

2012an dagoeneko Euskal Herrian gutxienez 53 langile hil dira euren lanpostuetan: 23 langile Bizkaian, 13 langile Gipuzkoan, 9 Araban, 7 Nafarroan eta langile bat Ipar Euskal Herrian.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan hiltzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Azken heriotz istripua gertatu den enpresako bertako lankideek salatutakoaren arabera, badirudi segurtasun neurriak ez zirela behar adinakoak. Zentzu horretan, langilearen heriotza eragin duten arrazoiak aztertu eta erantzukizunak argitzeko exijitzen dugu.

Azken urteetan lan ezbeharren eta heriotz istripuen kopuruak behera egin badu, hori ez da lan osasun eta segurtasunean hobera egin denaren seinale. Beherakada hori krisiaren ondorio da, enplegu galeraren ondorio.

Horregatik guztiagatik, langileok laneko gaixotasunekiko, eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz.

Aldaketa hori ez da etorriko Gasteiz, Iruñea edo Baionatik; patronalak eta legeek ez digute ezer oparituko. Aldaketa langileok ekarriko dugu, lantoki, herri eta auzo bakoitzean hartutako gure konpromisoen ondorioz, hori baita gure osasuna eta bizia defendatzeko modu bakarra.

Abadiñoko heriotz istripua salatzeko herrian deitutako mobilizazioekin bat egiten du LAB sindikatuak. Era berean, LAB eta ELA sindikatuok antolatuta datorren ostegunean eguerdiko 12.30etan Matiena-Berriz errepidean, Iketz enpresaren aurrean, egingo dugun ELKARRETARATZEAn parte hartzeko deia egiten dugu.

Abadiñon, 2012ko azaroaren 13an

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Las y los trabajadores de las gasolineras Moeve de Gipuzkoa iniciarán el tercer ciclo de huelga en defensa de la mejora de las condiciones...

Las y los 150 trabajadores de las 16 gasolineras que Moeve tiene en Gipuzkoa realizarán una nueva fase de huelgas desde las 22:00 horas...

LAB y ELA denunciamos el traslado de menores de Bilbo a Güeñes sin valoración psicosocial

Los sindicatos criticamos que la Diputación Foral de Bizkaia y la Fundación Eudes han decidido el cambio de centro con menos de un mes...

Trabajadoras y trabajadores de Euskotren denuncian la colocación de publicidad de corridas de toros en el tranvía de Bilbo

Se han movilizado en la plaza Arriaga. El comité de empresa de Euskotren muestra su preocupación y su rechazo a la instalación de publicidad relacionada...