2026-08-29
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaErregimenaren murrizketak lehengoratuko dituen Nafarroako hezkuntza itunari baiezko baldintzatua emango diogu

Erregimenaren murrizketak lehengoratuko dituen Nafarroako hezkuntza itunari baiezko baldintzatua emango diogu

LABek baiezko baldintzatua emango dio Nafarroako Irakaskuntza publikoko itunari, akordio horrek erregimenaren murrizketak geldiarazi eta etorkizuneko hezkuntza sistema eraikitzeko lehen urratsak ezartzen dituela iritzita.

Itun horrek aintzat hartzen ditu azken hilabeteotan LABek defendatu dituen puntu nagusiak eta gure oinarriekin kontsultak egin eta gero sinaduraren aldeko iritzia ia ahobatekoa izan da. Hauexek baitziren gure eskaeren plataforman bideratu nahi genituen arlorik garrantzitsuenak:

  • Irakastorduak bi ordutan jaistea, Lehen zein Bigarren Hezkuntzan.
  • Ordezkapenen bat dagoenean lehen egunetik bideratzen hastea.
  • Gelako ikasleen ratioak murrizketen aurreko egoerara jaistea.
  • Euskarazko Lanbide Heziketaren funtzionamendu egokia bermatzea eta ziklo gehiago zabaltzea.
  • Landa eremuko eskolen oinarrizko beharrei behingoz erantzutea, ratio berriak ezarriaz eta zuzendaritza ordu gehiago onartuaz, besteak beste.
  • Berrikuntza pedagogikoan sakontzeko neurriak hartzea.
  • 55 urtetik gorakoei irakastorduak gradualki gutxitzea.
  • PAI gainditzera datorren eleaniztasun eredu inklusibo berriaren ezarpenari bide ematea.

Puntu horiek guztiak onartuak izan dira itunaren zirriborroan eta oinarri egokia iruditzen zaigu aurrera begirako hezkuntza sistema hezitzaileagoa eraikitzeko bidean. 

LABek iritzi hau ez du bero-beroan hartu. Urtebete baino gehiago negoziatzen jardun eta gero, afiliazioarekin egindako barne galdeketan nabarmen izan da gure oinarriek itun honi agertu dioten babesa. Beraz, bai gure oinarrien iritziari baita mobilizazioei esker itun hau bideratzen lagundu digun hezkuntza komunitateari zor diogun begirunea dela-eta, LABek konpromiso bikoitza plazaratu nahi du itun horren inguruan.

Ituna behin abian jarrita, bertan adostutakoa betearazteko eta jukutriak saihesteko begirale-lan zorrotza egitea da gure lehen konpromisoa. Hala nola, Hezkuntza kalitatearen bermea izatea bultzatuko dugu. Administrazioak bere konpromisoak betetzea izango da gure lehentasuna.

Bigarren konpromisoa itun hau babestea izango da, batez ere interes politiko zehatz batzuei erantzunez hainbatek egingo dion erasoa aintzat hartuta. Itun horrek aldaketaren aldeko lau alderdi politikoek sinatu zuten akordio programatikoaren puntu nagusiak errespetatzeaz gain, etorkizunean bide arin eta luzeagoa egiteko lehen urratsak egitea ahalbidetuko digu. Beraz, adi egongo gara kanpotik etortzen diren eraso guztiei, une honetan erregimenaren fronte politiko eta sindikala hasi baita bere logika politikoarekin lan eremuari dagokien aferak kutsatzen eta horretatik onura politiko-elektoralak bilatzen. Horren adibidea da ikastordu murrizketak eta aniztasunaren trataera nahasteko eta gai horren inguruan anabasa eragiteko egunotan egon den saiakera. Irakasleentzat onuragarriak diren neurriak murrizketen garaian sortutako baldintzen logikarekin oztopatzea zarpaila iruditzen zaigu eta inolako soluziorik mahai gainean jarri gabe neurri horiek kritikatzea, arduragabekeria galanta. Horrez gain, kontuan dugu hitzarmen kolektiboen estatalizazio prozesua hortxe dugula eta horrek gure lan baldintzen hobetzea arriskuan jartzen duela nabarmen. Marko estatalaren egungo gehiegizko menpekotasunak nabarmen baldintzatu du itun honen negoziazio prozesua.

Horren aurrean, eta itunaren aplikazioak eragin ditzakeen balizko disfuntzioak (murrizketen ondorioz sortu zirenak, ez ahaztu) bideratzeko lau mahai tekniko sortzea proposatu du LABek, honoko gaiak landuko dituztenak: aniztasunaren trataera, ebaluazio eredua, ordezkapenak eta programa eleanitzaren garapena. 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Irunen izandako sexu erasoaren aurrean, sexu langileen eskubideak aldarrikatu ditu LABek

Era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileei bere baliabideak eskaini dizkiegu LABen, erakundeei indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzearekin batera. Sexu lana indarkeriarekin parekatzeak sexu langileei ahotsa eta agentzia kentzea eragin dezakeela ohartarazten dugu.

Navarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak, LABeko bederatzi ordezkarik osatua, elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean. Ekimenak helburu bikoitza izan du: herritarrei argi erakustea Navarrabiomeden egiten duten lanaren garrantzia eta langile guztientzako lan-baldintza duinak aldarrikatzea. Horrela, ikerketa biomediko publikoaren errealitatea hurbildu nahi izan zaio gizarteari.

Arabako metaleko intersindikala deitu dugu

Negoziazioa erabateko blokeoan dagoenean, sektore osoaren indarra beharrezkoa da.