2026-10-16
HomeEkintza SindikalaEnplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe...

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.

Sindikatuok urteak daramatzagu lanean hitzarmen berri bat lortzeko. Hitzarmen osoa artikuluz artikulu jorratu dugu, eta gure aldarrikapenak ildo nagusi hauetan egituratu ditugu:

  • Lizentziak, baimenak eta kontziliazioa
  • Ordutegia eta lanaldiak
  • Soldatak eta eros-ahalmena
  • Adinagatiko neurriak: erretiroa eta aurre-erretiroa
  • Diskriminazioari aurre egiteko neurriak, bereziki emakumeen aurkako diskriminazioari aurre egitekoak
  • Euskara
  • Lan osasuna

Laburbilduz, langileengan eragina duten neurri guztien inguruko proposamenak helarazi dizkiogu Administrazioari. Aldiz, zuzendaritzak behin eta berriz bere hitza bete gabe utzi du: berak adierazitako epe guztiak urratu ditu, eta negoziaziorako dokumentazioa ez da sortu. Dokumentazio hori abuzturako zegoen iragarrita.

Egoera are larriagoa da orain: zuzendaritza berriak ez du negoziaziorako inolako egutegirik iragarri, eta ez da aurreikusten negoziazioari bide emateko aukerarik. Kontuan izan behar da beharginek 16 urte daramatzatela hitzarmenik gabe. Orduz geroztik, langileen lan-baldintzak eguneratu gabe daude, eta Administrazioak izandako jarrera ez dator bat negoziazio kolektiboaren eta fede onaren printzipioekin.

Gogorarazi behar da, gainera, uda aurretik LABek eta ELAk elkarrekin lanuztea deitu genuela, hain zuzen ere zuzendaritzaren jarrera hori salatzeko eta negoziazioari bultzada emateko. Zuzendaritza berriak, ordea, atzera egin du, eta ez du negoziaziorako aukerarik ere aurreikusten. Hori onartezina da.

Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta Administrazioak negoziatzeko betebeharra du. LABen ez dugu onartuko prozesua alferrikako luzamenduekin blokeatzea, ezta urteetako lana alde batera uztea ere. Eskatzen dugu negoziazio-egutegi bat berehala finkatzeko eta behar den dokumentazioa mahaigaineratzeko.

Egoera jada jasanezina da. Horregatik, zuzendaritzari dei egiten diogu jarrera hori zuzentzera eta benetako negoziazioari berehala ekitera. Era berean, langile guztien arteko elkarlana bilatuko dugu LABetik, hitzarmenak guztiei eragiten dielako, eta langileen haserrea adierazteko bideak jorratuko ditugu. Ikasturte hau ezin da berriz emaitzarik gabe geratu.

LABeko kideok mobilizazioan jarraituko dugu, eta langileen eskubideak defendatzeko beharrezko ekintza guztiak (sindikalak eta, behar izanez gero, juridikoak) baliatuko ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo...

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.